97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 25ean hartua, Otsaportilloko leizea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratu, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzen duena.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legearen helburua da arautzea Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Foru lege horren 7. artikuluan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura, zeina burutuko baita foru legean eskatutako betebeharrak betetzen dituzten toki edo gune fisikoak Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko erabakiarekin.

Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeak berekin ekarriko du Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzea, prebentziozko eta behin betiko idatzoharrak eginda. Gainera, foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea ekarriko du, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak otsailaren 22an emandako 4/2019 Ebazpenaren bidez, abian jarri zen Otsaportilloko leizea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki gisa deklaratzeko eta inskribatzeko prozedura. Ebazpen hori 2019ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 1ekoan, eta hilabete batez egon zen jendaurrean. Epe hori iragan da, eta ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Aldi berean, Otsaportilloko leizearen prebentziozko idatzoharra egin zen Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, nomenklatura honekin: LM-2019-0005-Otsaportilloko leizea.

Jendaurrean egoteko eta entzunaldi publikorako tramiteak bukatu direlarik, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak inskripzioaren aldeko txostena egin du, eta, hala, irekita utzi du bidea Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, Otsaportilloko leizea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2019 Foru Legearen 7.f) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, alde ebaztea Otsaportilloko leizearen deklarazio eta inskripzio prozedura.

2. Otsaportilloko leizea Nafarroako Memoria Historikoaren Toki deklaratzea.

3. Toki hori Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzea, inskripzio zenbaki hau duela: LM-2019-0005-Otsaportilloko leizea.

4. Otsaportilloko leizeari aplikatzea Nafarroako memoria historikoaren tokiei dagokien babes, kontserbazio eta hedapenerako araubidea, hain zuzen, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2019 Foru Legean ezarritakoa, memoriaren transmisiorako gune izan dadin eta bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura hedatzen lagun dezan.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Erabaki hau Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira eta Nafarroako Memoriaren Institutura igortzea.

7. Erabaki honek bukaera ematen dio administrazio bideari, baina, nahi izanez gero, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salaren aurrean, bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko apirilaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1905650