97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 3an hartua, Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko 2030 agenda (NEZ 2030) onesten duena.

Ekonomia zirkularra garatzeko Nafarroako Gobernuaren politiken eta ekintzen dimentsioak eta aniztasunak plangintza- eta kudeaketa-esparru berri bat eskatzen du. Horren bidez, erakunde arduradunek ekonomia zirkularrerako trantsizioa bizkortzen ahalko dute, ekintzak garatzeko osotasunaren ikuspegia izaten ahalko dute, eta ekintza berriak identifikatzen ahalko dituzte, bai estatuko eta Europako instrumentuetatik eratorriak, baita Nafarroako ekonomiak eta gizarteak eskaintzen dituzten aukeretatik ere.

Hori dela eta, Nafarroan ekonomia zirkularra garatzeko agenda bat prestatu da, xede hauekin:

–Nafarroan ekonomia zirkularraren gidalerroak jasotzea eta etorkizuneko ikuspegi bateratu bat ezartzea ekonomia zirkularrerako trantsizioan ekintzak eta puntu fokalak garatzeko.

–Abian paratutako ekintzak egituratzea, biltzea eta lehenestea, aukerak atzematea eta esku-hartzeen arteko sinergiak sustatzea.

–Ikuspegi estrategikoaren, emaitzen eta ikaskuntzen jarraipena antolatzea.

–Pedagogia egitea eta ikusgarritasuna ematea ekintzei eta ekonomia zirkularrari bere osotasunean, eta xede taldeei jakinaraztea.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak prestatu du agiri honetan biltzen den agenda, Nafarroan ekonomia zirkularraren arloko politiketan duen lidergoa bere gain hartuz, eta Industria Zuzendaritza Nagusiarekin, Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin, Lanaren Zuzendaritza Nagusiarekin eta SODENArekin lankidetzan.

Agendan labur azaltzen da zertan datzan ekonomia zirkularraren kontzeptua. Komeni da kontzeptu hori erabiltzen hastea; izan ere, nahiz eta intuitiboa den, herritar gehienek ez dute ezagutzen oraindik, kontzeptu lausoa baita, joera ugari barnebiltzen dituelako eta zeharkakoa eta konplexua delako (askotan, hondakinen kudeaketarekin lotzen da soilik).

3. atalean (Ekonomia zirkularra garatzeko testuingurua) laburbiltzen da zein alderdi diren funtsezkoak testuinguru sozioekonomikoan eta arauemailean. Alderdi horiek kontuan hartu dira agendaren oinarri izan den aurretiazko diagnostikoan.

4. atalean, Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko agenda aurkezten da, eta hura prestatzeko jarraitu diren printzipioak, haren helburuak eta egitura deskribatzen dira.

Azkenik, 5. atalean (Gobernamendua eta jarraipena) jarraibide nagusi batzuk zehazten dira gobernamendurako eta jarraipena egiteko eta ebaluatzeko sistemarako.

Ekonomia zirkularrak hiru ekintza-printzipio ditu oinarri:

–1. printzipioa: kapital naturala babestea eta hobetzea.

–2. printzipioa: baliabideen erabilera optimizatzea.

–3. printzipioa: sistemaren eraginkortasuna sustatzea.

Printzipio horiekin, ekonomia hertsiki zirkular batek honako ezaugarri hauek ditu:

–Hondakinik gabeko diseinua.

–Ekonomia erresilientea, aniztasunari esker.

–Energia berriztagarriaren erabilera.

–Sistema ikuspegia duen ekonomia.

–Kate ikuspegia duen ekonomia.

Ekonomia zirkularra erakunde eta administrazioen agendan sartu da. Europako testuinguruan, Europako Batzordeak Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Plana onetsi zuen 2015ean, eta Europako zenbait herrialdek eta eskualdek hura bultzatzeko estrategiak eta planak garatu dituzte. Espainian, ekonomia zirkularrerako estrategia diseinatzeko azken fasean daude, eta zenbait autonomia erkidegok plangintzarako berariazko tresnak dituzte.

Nafarroan, ekonomia zirkularra sustatzeko aurrerapausoak egin dira. Zehazki:

–Ekonomia zirkularra Nafarroako Gobernuaren politika publikoetan sartu da.

–Badago hura bultzatzeko araudia.

–Badaude lidergorako gaitasuna eta baliabideak:

a) Nafarroako Berrikuntza Sistemari dagokionez.

b) Ekonomia zirkularrarekin lotutako prestakuntza eskaintza.

c) Nafarroako enpresek Europako eta nazioarteko programetarako sarbidea dute. Horien bitartez, berrikuntza eta lankidetza finantzatzen da ekonomia zirkularrarekin zerikusia duten erronka edo gaietan.

d) 2019an Nafarroan 50 milioiko balioa duten bonu berdeak eta sozialak jaulkitzea aurreikusi da, Bonu Jasangarrien Merkatuaren bitartez.

Nafarroako agenda prestatzerakoan, testuinguruaren analisitik eratorritako beharrak eta aukerak txertatu dira, eta honako printzipio hauek hartu dira kontuan:

–Garrantzizkoak eta estrategikoak diren arlo, jarduera eta produktuen gainean jardutea, Nafarroan ekonomia zirkularrak ematen dituen aukera ekonomiko eta sozialei erantzuteko.

–Trantsizioak balio-kate estrategikoen trakzio-indarraz baliatu behar du, eta ideia emergenteak erabili aldatzeko palanka gisa. Kate horiek eskualdearen garapenerako lehentasunezko arloak dira, eta aldeko aukera ekonomikoak dituzte; horregatik, arrisku ekologikoa eta ekonomikoa handiagoa da.

–Ekonomia zirkularraren printzipioak gure egitea, ingurunearen eta ekosistema naturalen gaitasuna indartzeko eta ingurumen zerbitzuak bermatzeko. Agendak ekonomia zirkularrean jartzen du fokua, eta bizi-zikloa kontuan hartzen du balio-kate osoan zehar, herritar kontsumitzaileak barne, hondakinak prebenitzeari eta kudeatzeari begira eta baliabideen erabilera eraginkorra eta zirkularra lortze aldera. Baina, horrez gain, “ekonomia berdearen” paradigma berrian barneratzea ere bilatzen du, ekosistema erresilienteak lortzeko, ongizatea helburu.

Ikusmolde horrek gidatzen ditu esku-hartzeak, eta honako printzipio hauek nabarmendu daitezke bere aterkipean:

–Hondakinak kudeatzeko hierarkia printzipioa.

–Ekoizlearen erantzukizun zabalduaren printzipioa eta eragile guztien erantzukidetasunaren printzipioa.

–Giza osasuna eta ingurumena babestearen printzipioa.

–Kudeaketa eraginkorraren printzipioa, eta administrazioak eredu izan behar duela dioen printzipioa.

Agendak lagundu behar du ekonomia zirkularraren arloan gaur egun egiten den esku-hartzea zabaltzen, hura zeharkako eta sektorekako politika guztietan era koordinatuan sartzen, lehendik dauden tresnek harekin bat egitea bultzatzen eta tresna berrietara hedatzen. Ekonomia zirkularraren printzipioak zeharkakotasunez aplikatu behar dira departamentu guztietan eta egungo araudian, eta agenda hau da horretarako politiketarako gida eta esparru integratua.

Sektore pribatuan eta herritarrenean, agendak ekonomia zirkularrarekin loturiko ekimenak elkartu eta bideratu behar ditu, hondakinen kudeaketatik harago, ekonomia zirkularraren kontzeptu hedatua sustatzeko.

Agendak gobernamendu inklusiboa kontuan hartu behar du, maila guztietan eta helburuen aniztasuna aintzat hartuta. Metodo parte-hartzaileak hartu behar ditu, lankidetzan oinarrituak, bai azterketari dagokionean, baita garapenean eta ezarpenean ere: enpresak, kontsumitzaileak eta horien elkarteak funtsezko agentetzat hartu behar dituzte ekonomia zirkularrerako trantsizioan, eta eskualdeko politika nagusien arduradunek nahiz tokiko eragileek parte har dezaten sustatu. Azkenik, kudeaketa eta kontrola egiteko, gobernamendu eta gardentasun printzipioei jarraitu behar zaie.

Hori lortzeko, erraztuko da teknologia digitala izatea baliabideen erabileraren jarraipena egiteko eta hura optimizatzeko tresna, baita balio-kateko aktoreen arteko harremanak sendotzekoa ere.

Aurreko puntuan aipatutako printzipioak kontuan hartu dira agenda prestatzeko orduan, eta sei helburu orokor proposatu dira, martxan diren plangintza-tresnekin eta agendaren printzipioekin bat datozenak:

–1. helburua: natura-baliabideen kudeaketa jasangarria eta eraginkorra.

–2. helburua: energia fosilak energia berriztagarriekin ordeztea.

–3. helburua: hondakinen sorrera murriztea eta balorizazioa handitzea.

–4. helburua: kontsumo arduratsua areagotzea sektore publikoan nahiz pribatuan.

–5. helburua: jasangarritasunaren kultura hedatzea.

–6. helburua: jasangarritasun ekonomikoa eta soziala, ingurumen jasangarritasuna eta lurralde kohesioa bultzatzea.

Agendaren kudeaketak bermatu behar du aurrera egiten dela eta helburuak betetzen direla, eta, horretarako, kudeaketarako, jarraipenerako eta ebaluaziorako sistema bat diseinatu da, honela:

–Gobernamendu eta gardentasun printzipioei jarraikiz, agente eta maila askotako parte-hartzearekin (tokikoa eta eskualdekoa), eta lankidetzan, konfiantzan eta kooperazioan oinarriturik.

–Sektore arteko eta sistemako ikuspegiarekin, zeinak lurraldean jartzen baitu arreta:

a) Sisteman berrikuntza sar dadin ahalbidetzeko.

b) Baliabideen balioa optimizatzeko.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiako 7. erronka (ekonomia zirkularra) garatzeko tresna bat da agenda, eta gobernamendu-organoek segida emanen diote erronka horren filosofiari eta egungo kudeaketa sistemari.

Aginte-koadro baten bidez eginen da jardueren eta emaitzen jarraipena. Hartan, adierazle kuantifikatuak bilduko dira, agenda onetsi ondoan zehaztuko direnak, Nafarroako ekonomia zirkularraren testuinguruari buruzko azterlan sakon bat oinarri hartuta. Xedeko balioak 2030era begira finkatuko dira, baina tarteko mugarriak ere zehaztuko dira.

Lan horrek kontuan hartuko ditu ekonomia zirkularrerako Europako jarraipen-esparrua (COM (2018)29 amaiera) eta Espainian izanen den estrategiako adierazleen esparrua.

Ebaluazio sistemak bi ebaluazio izanen ditu gutxienez: 2019-2023 artean gauzatzen diren jardueren tarteko ebaluazio bat eta amaierako ebaluazio bat.

Lan sistema gisa bi urteko lanerako planak eginen dira. Haietan zehaztuko dira ekintzak, egutegia eta aurrekontuko zuzkidura, eta horiek gauzatzeko ardura duten entitateak zein diren definituko da. Jarraipen txosten batean jasoko da lanerako plan bakoitza nola gauzatu den.

Estatistika Atala-Lurraldearen eta Jasangarritasunaren gaineko Datuen Ekosistemaren Behatokiak zuzenduko du Ekonomia Zirkularraren Behatokia (atal hori atxikita dago Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari), eta Nafarroako Gobernuaren sozietate instrumentaletan dauden tresnak izaten ahalko ditu oinarri, Nafarroako Estatistika Institutuarekin lankidetzan.

2018ko ekainetik irailera bitartean prestatu zen agenda, SCREEN (Synergic CirculaR Economy across European regioNs) izeneko eskualde arteko kooperazio proiektuaren jarraibideetan oinarrituriko metodologiari jarraikiz. Hiru fasetan garatu zen:

–Ekonomia zirkularrarekin loturiko politikei, araudiari, ikerketei eta esperientziei buruzko bibliografia berrikustea, hainbat esparrutakoa (Nafarroa, estatua eta Europar Batasuna).

–Parte-hartze fasea, Nafarroako Gobernuan ekonomia zirkularrarekin zerikusia duten politikak kudeatzen dituzten pertsonei aurrez aurre egindako elkarrizketen bitartez (7 elkarrizketa).

–Proposamena egitea eta langile tekniko eta politikoekin eztabaidatzea.

Agendaren agiriaren gaineko kontsulta eta parte-hartze prozesu bat egin da, bi fasetan:

–1. fasea. Partaidetzarako atarian jendaurrean jartzea.

–2. fasea. Partaidetza aktiboa, taldeko bi saiotan.

Azaldutako guztiaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko 2030 agenda (NEZ 2030) onestea. Erabaki honen eranskin gisa gehitu da.

2. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietara eta Nafarroako Parlamentura, haren berri izan dezaten eta behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Onetsitako eranskina Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea.

Iruñean, 2019ko apirilaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

ERANSKINA

Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko 2030 agenda (NEZ 2030)(PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1904916