97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

61/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 13koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez Hezkuntzako kontseilariaren esku uzten baita gora jotzeko errekurtsoen ebazpena Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasleen langileria arloan.

Funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariari dagokio gora jotzeko errekurtsoak ebaztea, kontseilaria baino maila baxuagoko Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edozein organok arlo horren gainean emandako egintzei dagokienez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121.1 artikuluari buruz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat. Esleipen bera egiten du otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 2. artikuluko g) apartatuak. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehaztu ziren.

Hala ere, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretu horren 7.2.g) artikuluaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio, departamentu horri atxikiriko irakasleei dagokienez, langileria arloan jarritako gora jotzeko errekurtsoak tramitatzea.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak, apirilaren 19ko 81/2016 Foru Aginduaren bidez, eta orduan indarrean zen Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta haren erakunde autonomoei buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea garatuz, Hezkuntzako kontseilariaren esku utzi zuen gora jotzeko errekurtsoen eta aurretiazko administrazio erreklamazioen ebazpena, bere departamentuari atxikitako irakasleen langileria arloan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak indarrik gabe utzi zuen Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta haren erakunde autonomoei buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea. Hori dela eta, gomendagarria da foru agindu berri bat ematea apirilaren 19ko 81/2016 Foru Aginduaren ordez.

Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Lege horren 6.2.j) artikuluan xedaturikoaren arabera, administrazio prozeduren arrazionalizazioak eta arintasunak gidatuko dituzte Foru Administrazio Publikoaren jarduketa eta funtzionamendua. Eskuratutako esperientziaren arabera, artikulu hori betetzeko, lagungarria da Hezkuntzako kontseilariaren esku uztea gora jotzeko errekurtsoen ebazpena, Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasleen langileria arloan; izan ere, kontseilari horrek esleiturik du bere departamentuari lotutako gora jotzeko errekurtso guztien ebazpena (martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 artikulua).

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak xedatzen du kontseilariek beren eskudantzien erabilera beste baten esku uzten ahal dutela. Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.1 artikuluak ezartzen du organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahal direla. Errekurtsoak ebazteko eskudantziari dagokionez, artikulu horren 2. apartatuko f) letraren arabera, errekurritutako egintzen aurkako errekurtsoen ebazpena ezin da utzi egintzak eman zituzten organoen esku.

Azkenik, aipatu behar da eskuordetze honek ez duela galarazten Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik egin behar duen aginduzko txostena, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 4.o) artikuluan aurreikusia; izan ere, eskuordetze honen bidez ematen diren foru aginduak, ondorio guztietarako, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.6 artikuluari jarraikiz. Hori dela eta, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak txostena egin beharko du gora jotzeko errekurtso horien gainean, Hezkuntzako kontseilariari foru aginduaren proposamena igorri baino lehen.

Horrenbestez, aipatu araudiak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hezkuntzako kontseilariaren esku uztea indarreko araudiak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari esleitzen dizkion eskumenak gora jotzeko errekurtsoak ebazteko Hezkuntzako Departamentuari atxikitako irakasleen langileria arloan.

2. Eskuordetze honen bidez ematen diren foru aginduetan berariaz aipatuko da inguruabar hori, eta ondorio guztietarako, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira.

3. Foru agindu hau igortzea Hezkuntzako kontseilariari, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari.

4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 13an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1906617