1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
92/2019 EBAZPENA, apirilaren 10ekoa, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen zentsu ofiziala, 2019ko bainu denboraldia eta Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen laginak hartzeko tokien kontrolerako egutegia.
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko otsailaren 15ean onetsitako 2006/7/EE Zuzentarauak, bainurako eremuen kalitatea kudeatzeari buruzkoak, Europako aurreko araudia indargabetu zuen, eta gure barne zuzenbidean sartu da, Bainurako eremuetako uren kalitatea kudeatzeari buruzko urriaren 11ko 1341/2007 Errege Dekretuaren bidez.
Bainurako eremuak kudeatzeko oinarrizko arau esparrua den 1341/2007 Errege Dekretu horren xedeak dira bainurako uren osasun irizpideak ezartzea, ingurumenaren kontserbazioa, babesa eta hobekuntza, eta, arlo horretan, gutxieneko xedapenak ezartzea kontrolerako, sailkapenerako, kudeaketa neurriak hartzeko eta jendeari informazioa emateko.
Errege dekretu horren 3. artikuluan agintarien definizio batzuk sartu dira, besteak beste osasun agintariarena, hau da, autonomia erkidego bakoitzaren esparruan agindu horretan ezarritako osasun arloko baldintzak betearazteko ardura duenarena. Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 132/2015 Foru Dekretuaren 8. artikuluarekin bat, Osasun Zuzendaritza Nagusiari dagozkio osasun agintaritza betetzea eta esku-hartze publikoaren eginkizunak, banakakoen eta gizataldeen osasunaren arloan.
Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 13. artikuluak xedatzen du Foru Komunitateko osasun arloko administrazioek osasun publikoarekin lotura duten jarduketak garatuko dituztela, eta a) atalean, ingurumenaren gaineko ardura zehazten du, giza osasunean izan dezakeen eraginaren aldetik. Horren barrenean sartzen da uraren ziklo integrala kontrolatu eta hobetzea, baita aisiarako erabiltzen denean ere.
Aipatu xedapenekin bat, Osasun Departamentuarena da 1341/2007 Errege Dekretuan araututako zenbait alderdiren gaineko eskumena eta, zehazki, bainurako eremuak, laginketa-tokiak, kontrolerako egutegia eta bainu denboraldia ezartzea eta zentsu ofizialeko altak eta bajak proposatzea.
Errege dekretuaren 4.2 artikuluan ezartzen denez, urtero, martxoaren 20an beranduenez, agintari eskudunek Bainurako Eremuen Zentsuko gutxieneko informazioa erantsiko dute, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioak 14.1 artikuluan xedatutakoa bete dezan, eta 4.3 artikuluan ageri den gutxieneko informazioa emanen da.
1341/2007 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluak zehazten du zer maiztasunarekin egin behar diren kontrol analitikoak eta nola zehaztu begiz bainurako urak behar dituen kalitate parametroak. Bestalde, 4.3.b) artikuluak zehazten du urte bakoitzeko martxoaren 20a baino lehenago, agintaritza eskudunek kontrolerako egutegia zehaztuko dutela laginak hartzeko puntu bakoitzeko.
1341/2007 Errege Dekretuaren 4.4 artikuluak adierazten du hasierako zentsu ofiziala izanen dela errege dekretu hori argitaratu ondoko bainurako lehen denboraldiari dagokiona.
Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 29ko 1496/2012 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen eskumenak eskuordetzen dira. Horri jarraituz, organo horri dagokio bainurako ur naturalen eremuaren zentsu ofiziala, kontrolerako urteko egutegia, laginketa-guneak eta bainu denboraldia onestea, bai eta osasunerako arriskuengatik bainatzeko ezartzen diren debekuak ere.
Aktan ageri den bezala, Bainurako Eremuetako Batzordeak egindako bileran, Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuak kontrolatzeko programa ezarri zen 2019ko bainu denboraldirako. Erakunde hauen ordezkariak daude batzorde horretan: Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Uraren Zerbitzua, Ebroko Ur Konfederazioa, Kantauriko Ur Konfederazioa, NILSA, Foruzaingoko Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloko Ingurumena Babesteko Brigada eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzua. 2019ko kontrol programak honako alderdi hauek onesten ditu:
1. Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen zentsu ofiziala, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 20an emandako 69/2019 Ebazpenaren bidez onetsia. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen zentsu ofiziala aldatu zen, zeina Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 22ko 111/2018 Ebazpenaren bidez onetsi, eta 2018ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14koan, argitaratu baitzen, eta, halaber, baja eman zitzaion zentsu horretan Otsagabiko udal-mugartean dagoen bainurako ur naturalen eremuari.
2. Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioari 2019ko martxoaren 20a baino lehen jakinaraztea, Osasun eta Kontsumo Ministerioaren web atariaren bidez (NÁYADE sistema). Gainera, 2019ko bainu denboraldia eta laginketa-guneen kontrolerako egutegia ere sartzen dira.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluan eta Osasuneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 29ko 1496/2012 Ebazpenean (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen esku zenbait eskumenen erabilera utzi zuen) ematen zaizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitateko bainurako eremuen 2019ko zentsu ofiziala Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 20ko 69/2019 Ebazpenak onetsi duena da, eta ebazpen honen I. eranskinean adierazten da.
2. Foru Komunitateko baldintza meteorologiko bereziak direla-eta, 2019ko bainu denboraldia ondoko hau izanen da:
–2019ko maiatzaren 27tik irailaren 15era, bainurako eremu hauetan: Morea baltsa 1 (Beriain), Manantial agua salada 1 (Lizarra), Allozko urtegia 1 (Gesalatz, Lerate) eta Pulguer baltsa 1 (Tutera).
–2019ko uztailaren 15etik irailaren 1era, bainurako eremu hauetan: Urederra ibaia 2 (Artabia, Allin), Araxes ibaia 1 (Betelu), Ezka ibaia 1 (Burgi), Aragoi ibaia 1 (Zarrakaztelu), Urederra ibaia 1 (Zudairi, Ameskoabarrena), Benasako arroila 1 (Nabaskozeko mugapea) eta Uztarroze ibaia 1 (Uztarroze).
3. Onestea Foru Komunitateko zentsu ofizialeko bainurako eremuetan ur laginak hartzeko kontrolerako egutegia, 2019ko bainurako denboraldikoa. Hau da:
–Hasierako laginketa:
Ebazpen honen 2. puntuan ezartzen den bainu denboraldia hasi aurreko hamabostaldian bainurako uren lagin bat hartuko da, kontrolatzeko.
Hasierako laginketa honela eginen da:
–2019ko maiatzaren 21ean bainurako eremu hauetan: Morea baltsa 1 (Beriain), Manantial agua salada 1 (Lizarra), Allozko urtegia 1 (Gesalatz, Lerate) (bi laginketa-guneetan) eta Pulguer baltsa 1 (Tutera).
–2019ko uztailaren 1ean bainurako eremu hauetan: Araxes ibaia 1 (Betelu), Ezka ibaia 1 (Burgi), Benasako arroila 1 (Nabaskozeko mugapea) eta Uztarroze ibaia 1 (Uztarroze).
–2019ko uztailaren 2an bainurako eremu hauetan: Urederra ibaia 2 (Artabia, Allin), Aragoi ibaia 1 (Zarrakaztelu) eta Urederra ibaia 1 (Zudairi, Ameskoabarrena).
–Programatutako kontrola:
2019ko bainu denboraldian, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, bederatzi ur lagin hartuko dira gutxienez, egun hauetan:
–2019ko maiatzaren 28an, ekainaren 11n eta 25ean, uztailaren 2an, 16an eta 23an, abuztuaren 6an eta 20an eta irailaren 3an bainurako eremu hauetan: Manantial agua salada 1 (Lizarra), Allozko urtegia 1 (Gesalatz, Lerate) (bi laginketa-guneetan), Pulguer baltsa 1 (Tutera) eta Morea baltsa 1 (Beriain).
Gainerako bainurako eremuetan, 2019ko bainu denboraldian, uztailean eta abuztuan uraren lau lagin hartuko dira gutxienez, egun hauetan:
–2019ko uztailaren 15ean eta 22an, eta abuztuaren 5ean eta 19an bainurako eremu hauetan: Araxes ibaia 1 (Betelu), Ezka ibaia 1 (Burgi), Benasako arroila 1 (Nabaskozeko mugapea), Anduña ibaia 1 (Otsagabia) eta Uztarroze ibaia 1 (Uztarroze).
–2019ko uztailaren 16an eta 23an, eta abuztuaren 6an eta 20an bainurako eremu hauetan: Urederra ibaia 2 (Artabia, Allin), Aragoi ibaia 1 (Zarrakaztelu) eta Urederra ibaia 1 (Zudairi, Ameskoabarrena).
4. Informazio osoa honako hauen web-orrietan ikusten ahal da: Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioarenean (“Náyade” Bainuko Uren Informazio Sistema Nazionalaren bidez), Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuarenean (“Ura Nafarroan” bainuko urak kontrolatzeko sarearen bitartez) eta Nafarroako Gobernuko Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarenean.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Uraren Zerbitzura, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira, Ebroko Ur Konfederaziora, Kantauriko Ur Konfederaziora, Nafarroako Foruzaingora, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzura eta Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
7. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri (NILSA), Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari, Allingo, Ameskoabarrengo, Beteluko, Burgiko, Zarrakazteluko, Lizarrako, Beriaingo, Gesalazko, Nabaskozeko, Tuterako eta Uztarrozeko udalei, eta Artabiako, Lerateko, Nabaskozeko eta Zudairiko kontzejuei, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoari; halaber, aditzera ematea horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen jurisdikzio ordenari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Iruñean, 2019ko apirilaren 10ean.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, María José Pérez Jarauta.
I. ERANSKINA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO BAINURAKO EREMUEN ZENTSU OFIZIALA |
| KONTZEJUA | UDALERRIA | BAINURAKO EREMUAREN IZENA | LAGINKETA-GUNEA | x_UTM ETRS89 (30 N eremua) | y_UTM ETRS89 (30 N eremua) | PM KODEA (EUROSTAT) |
1 | Artabia | Allin | Urederra ibaia 2 | Ibaiko igerilekua | 575.187 | 4.731.752 | ES22000011C31011A1 |
2 | | Beriain | Morea baltsa 1 | Morea baltsa | 611.707 | 4.731.866 | ES22000109C31109A1 |
3 | | Betelu | Araxes ibaia 1 | Ibaiko igerilekua | 583.679 | 4.763.946 | ES22000055C31055A1 |
4 | | Burgi | Ezka ibaia 1 | Presa | 663.443 | 4.731.528 | ES22000059C31059A1 |
5 | | Zarrakaztelu | Aragoi ibaia 1 | Presa | 630.151 | 4.695.037 | ES22000067C31067A1 |
6 | | Lizarra | Manantial agua salada 1 | Aska | 578.844 | 4.724.503 | ES22000097C31097A1 |
7 | Lerate | Gesalatz | Allozko urtegia 1 | Pieza Redonda | 587.142 | 4.730.533 | ES22000120C31120A1 |
| | | | Hondartza | 586.989 | 4.730.458 | ES22000120C31120A2 |
8 | | Nabaskoze | Benasako arroila 1 | Ibaiko igerilekua | 653.819 | 4.729.984 | ES22000181C31181A1 |
9 | | Tutera | Pulguer baltsa 1 | Pulguer baltsa | 607.020 | 4.656.525 | ES22000232C31232A1 |
10 | | Uztarroze | Uztarroze ibaia 1 | Ibaiko igerilekua | 668.042 | 4.751.018 | ES22000247C31247A1 |
11 | Zudairi | Ameskoabarrena | Urederra ibaia 1 | Zentrala | 571.209 | 4.736.463 | ES22000013C31013A1 |
Iragarkiaren kodea: F1905560