96. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilaren 10ean hartua, “Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” izeneko fundazio publikoaren eraketa, hura arautzen duten estatutuak eta hura erakunde instrumentaltzat jotzea onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen xede nagusia da populazioaren gizarte ongizatea lortzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, gizarte zerbitzuez baliatzeko eskubide unibertsala bermatuz. Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuen sistema bateratu ere egiten du, berma dezan zerbitzuak pertsonen autonomia, duintasuna eta bizi kalitatea ziurtatuko dituzten baldintza onenetan ematea.

Gizarte Zerbitzuetan eskumena duen departamentuari esleitutako eskuduntzen artean daude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko gizarte zerbitzu espezializatuak sortzea, mantentzea eta kudeatzea, eta gizarte zerbitzuen zentroak sortzea, mantentzea eta kudeatzea, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak ezarritakoari jarraikiz.

Aipatutako legedian ezarritakoa betetzeko, departamentuak hainbat kudeaketa formula erabili ditu. Beraz, zenbait zerbitzu kudeaketa eta langile publikoekin ematen dira. bertze batzuk, ekimen sozialeko erakundeen, irabazi asmokoen eta irabazi asmorik gabekoen bitartez ematen dira, haiekin kontratuak eginez, eta bertze zerbitzu batzuk fundazio publikoen bidez ematen dira, konparaziorako, Helduek Tutoretzarako Nafarroako Fundazioak ematen duena. Fundazio hori interes sozialekoa da, eta bere helburua da adin nagusikoen tutoretzak, kuradoretzak eta defentsa juridikoak zaintzea, ondare autonomoarekin.

Eskubide Sozialetako Departamentuak fundazio bat sortu nahi du, gaur egun hainbat modutan ematen diren gizarte zerbitzu batzuk itzultzeko eta publiko egiteko. Asmoa da fundazioak kudeatzea eta ematea zenbait zerbitzu publiko, beren ezaugarriak direla-eta kudeaketa zaila dutenak, espezifikoak direlako, bertan lan egiten dutenen espezializazioa eta prestakuntza eskatzen dutelako, zerbitzuek egunak dituen ordu guztietan eta urteak dituen egun guztietan arreta behar dutelako, etab.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan politika sozialekin lotutako zerbitzuak kudeatzeko fundazio publiko bat hautatu da, eta ez antzeko bertze eredu batzuk, fundazioak duen helburua bat heldu delako bete-betean “ageriko interes sozial” kontzeptuarekin, Foru Berriaren 44. Legeak aipatutakoarekin, baita irabazi asmorik gabeko erakundea delako ere, hori baita eman nahi diren gizarte zerbitzuak emateko egokiena.

Horiek horrela, egokitzat jo da fundazio publikoa eratzea, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren edo Nafarroako Foru Berriaren 44. Legean eta hurrengoetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoaren babesean. Nafarroako Gobernua hura sortzeko organo eskuduna da, 15/2004 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Horrez gain, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak 8.2.d) artikuluan xedatzen du Administrazioaren erakunde instrumentalei izaera hori berariaz aitortu behar zaiela nahitaez haiei mandatuak egiteko. Fundazioak aipatutako artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituen moduan betetzen dituela ere, egokitzat jo da aitorpen hori, Administrazioaren eta fundazioaren arteko harremanetan aplikagarria izan dadin.

Azkenik, Nafarroako Gobernuaren 2018ko abenduaren 26ko erabakiaren bitartez, Eskubide Sozialetako Departamentuan adierazitakoaren alde ebatzi da departamentu horren eta Kontu Hartzailetza Nagusiaren artean “Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” fundazio publikoa sortzearen inguruan izandako desadostasuna.

Horrenbertzez, Nafarroako Gobernuak, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” izeneko fundazio publikoa sortzea. Bere estatutuek arautuko dute, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumak edo Nafarroako Foru Berriak, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeak eta aplikatzen ahal zaizkion gainerako legeek ere.

2. “Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” fundazioari hiru mila euroko (3.000 euro) fundazio zuzkidura ematea, hura eratzeko ekitaldian bertan jarriko dena.

3. Erabaki honen eranskin gisa gehitu diren fundazioaren estatutuak onestea.

4. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, “Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” deklaratzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde instrumentala, Eskubide Sozialen Departamentuari atxikia. Lau urteko indarraldia izanen du eta xedea, berriz, honako hauen esparruko jarduerak eta zerbitzuak hurrenez hurren egitea eta kudeatzea: Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zerbitzu Zorroa onesten duen 69/2008 Foru Dekretua, edo horiek ordezten dituzten arauak.

5. Fundatzailearen ekarpen ekonomikoa Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura izanen da eta, orokorrean, hiru hiletik behin eginen da, aurretiaz.

6. Fundazioko zuzendari kudeatzaile lanpostua duenak Nafarroako Gobernuko zuzendari nagusi bati dagozkion ordainsariak jasoko ditu.

7. Ahalmena ematea Eskubide Sozialetako kontseilari Miguel Laparra Navarro jaunari Nafarroako Gobernuaren izenean eta hura ordezkatuz agertu eta, fundazioa eratzen duen eskritura publikoa egilesteko, eta hori Fundazioen Erregistroan inskribatzeko behar diren jarduketak egiteko, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ezarritako ondorioetarako.

8. Erabaki hau eta fundazioaren estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behin horiek eskritura publikoan eman ondotik.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

GIZARTE ZERBITZUAK KUDEATZEKO
NAFARROAKO FUNDAZIOA

ESTATUTUAK

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izena eta izana.

1.–Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren edo Nafarroako Foru Berriaren 44. legean xedatutakoaren babesean, “Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako fundazioa” izeneko fundazio publikoa eratzen da.

2.–Fundazioak ez du irabazi asmorik eta fundazio publikoa da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Horrez gain, iraunkorra da.

2. artikulua. Nortasuna eta gaitasuna.

Eratu den fundazioak nortasun juridiko propioa du eta jarduteko ahalmen osoa, Nafarroako Foru Berriaren 43.6 eta 45. legeek agintzen dutenaren arabera; zilegi du, beraz, bere sorrerako helburua betetzeko behar diren egintza guztiak egitea, muga bakarrak dituela aplikatzen ahal diren lege xedapenek eta estatutu hauetan finkatutakoek ezarritakoak.

3. artikulua. Araubidea.

1.–Fundazioa arautuko dute estatutu hauek, beraiek interpretatzeko eta garatzeko patronatuak ezartzen dituen arauek, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumak edo Nafarroako Foru Berriak, eta antolamendu juridiko pribatuak, ukatu gabe kontratazioaren, aurrekontuen, kontabilitatearen eta finantza kontrolaren arloan aplika daitekeen administrazio araudian ezartzen diren berezitasunak.

2.–Fundazioak izaera publikoa du, eta men eginen die Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 125. eta 126. artikuluetan xedatutakoari eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean entitate horietarako ezarritakoari.

3.–Fundazioa dago Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Lege indardunean ezarritako zerga araubidearen mendean.

4.–Fundazioak du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen erakunde instrumentalaren izaera, Kontratu Publikoei buruzkoa apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 8. artikuluari jarraikiz.

4. artikulua. Egoitza.

Fundazioaren egoitza González Tablas kalean dago, 7 zenbakian, Iruñeko udal mugartean, PK: 31005.

Patronatuak erabaki eta gero, egoitza hori lekualdatzen ahalko da, Nafarroako Foru Komunitatearen barnean.

Jarduerak garatzeko, Patronatuak foru lurraldeko bertze toki batzuetan establezimenduak edo ordezkaritzak sortzea erabakitzen ahalko du.

5. artikulua. Jarduera.

1.–Esparrua. Jarduerak nagusiki Nafarroan eginen dira.

Erranak erran, esparru horretatik kanpo egiten ahalko dira jarduketa batzuk, bertze erakunde, elkarte edo antzeko batzuekin eginiko lankidetza edo truke hitzarmenen bidez arrazoituta. Horretarako, Patronatuak akordioa hartu beharko du, kideen bi herenak ados egonda.

2.–Gardentasuna. Fundazioak bere jarduketetan men egin beharko die gardentasun betebeharrei, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatu bezala.

6. artikulua. Iraupena.

Fundazioak iraupen mugagabea du, alde batera utzi gabe estatutu hauetan eta aplikatu beharreko lege xedapenetan aurreikusitako iraungitze kasuak.

BIGARREN TITULUA

Fundazioaren helburua, onuradunak zehazteko oinarrizko arauak,
eta fundazioaren xedeak betetzeko baliabideak aplikatzea

7. artikulua. Jarduketa printzipioak.

Fundazioak ondoko betebeharrak izanen ditu:

a) Ondarea eta errentak fundazioaren xedeetarako erabiltzea, araudi aplikagarriaren eta fundazioaren estatutuen arabera.

b) Bere xedeei eta jarduerei buruzko behar bezalako informazioa ematea, balizko onuradunek, gainerako interesdunek eta herritarrek horien berri izan dezaten.

c) Inpartzialtasunaren eta bereizketarik ezaren irizpideei jarraikiz jardutea onuradunak zehazteko tenorean.

8. artikulua. Fundazioaren xedeak.

1.–Fundazioaren helburua da Nafarroako Gobernuko organo eskudunek agindutako jarduerak zuzenean kudeatzea, egitea eta egikaritzea, haiek emandako jarraibideen arabera, honako hauen esparruan: Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zerbitzu Zorroa onesten duen 69/2008 Foru Dekretua, edo horiek ordezten dituzten arauak.

Agindutako zerbitzuak nagusiki fundazioak eman beharko ditu, eta ezin izanen ditu hirugarrenen eskutan utzi inongo negozio juridikoren bidez.

2.–Bere jardueran ari dela, fundazioak honako hauek egiten ahalko ditu: sariak, bekak eta laguntzak eman; irakaskuntza, ikerketa, arte, kultur, teknika edo kirol jarduerak osorik edo zati batean finantzatu; argitalpenak editatu edo merkaturatu; kultur, irakaskuntza, kirol eta gizarte programak garatzeko asmoz kontratuak, itunak eta hitzarmenak sinatu administrazio, enpresa eta fundazio publikoekin eta pribatuekin; erakunde publikoek eta pribatuek emandako laguntzak kudeatu entitate laguntzaile edo sustatzaile gisa; eta, oro har, xedeak hobeki lortzera bideratzen diren ekintza guztiak gauzatu.

9. artikulua. Eginkizunak.

Bere eginkizunetarako, fundazioak programa espezifikoak gauzatuko ditu; zerbitzu publikoak emateko edo kudeatzeko jarduerak eginen ditu; bere zentro propioak ustiatuko ditu; atxikitako ondasunak kudeatuko ditu; ikerketak, txostenak, estatistikak eta fundazio helburuarekin lotutako bertze jarduera batzuk eginen ditu, bere ekimenez edo bertze batzuek eskatuta.

10. artikulua. Jarduerak.

Patronatuak erabateko askatasuna izanen du Fundazioaren jarduerak zehazteko, bere iritziz eta xedeak betetzearren, une bakoitzean egokienak edo komenigarrienak diren helburu zehatzak lortzera jotzen dutenak.

11. artikulua. Nor onuradun.

1.–Onuradunen hautaketa kasu bakoitzean zehaztuko da, zerbitzu bakoitzerako indarrean dagoen araudiari jarraikiz eta, nolahai ere, Nafarroako Gobernuak egindako mandatuaren inguruan erabakitzen duenari jarraikiz.

2.–Aurreko paragrafoan adierazi diren baldintzak betetzen dituen edozein pertsona fisiko edo juridiko onuraduntzat jotzen ahalko da. Horren ondorioz, inork ezin izanen du alegatu banaka edo taldeka fundazioaren edo haren organoen aurrean onurak izateko lehentasunezko eskubidea duenik, eta ezin izanen dio bere esleipena egotzi pertsona edo entitate jakin bati, lehentasuna fundazioaren programa zehatzak arautzen dituen arau objektibo batean jasorik egon ezean.

3.–Bere eginkizunak kontratu, itun, hitzarmen, adostasun edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren bertze edozein tresnaren bidez betetzen badira, onuradunak zehaztuko dira dagokion tresnan adierazitako baldintzetan.

4.–Nolanahi ere, patronatuak fundazioaren xedeetarako erabiliko ditu baliabideak, fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

HIRUGARREN TITULUA

Gobernu organoak

I. KAPITULUA

Patronatua

12. artikulua. Patronatua.

Patronatua fundazioaren ordezkaritza, administrazio eta gobernu organoa da, eta hari dagozkion eginkizunak erabiliko ditu, antolamendu juridikoan eta estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

Patronatua izanen da fundazioaren xedea eraginkortasunez gauzatzeko zuzenbidean behar diren eskubide eta ahalmen guztien titular bakarra, eta estatutu hauek interpretatuko ditu, inolako mugarik gabe.

13. artikulua. Patronatuaren betebeharrak.

1.–Patronatuari dagokio fundazioaren xedeak betetzea eta fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak administratzea, horien errendimendua eta erabilgarritasuna osorik mantenduta.

2.–Patronatuko kideek parte hartuko dute fundazioaren xedeak betetzeko eta hartutako erabakiak gauzatzeko behar diren ekarpenen bidez.

14. artikulua. Patronatuaren osaera.

1.–Patronatua hamalau kidek osatuko dute.

Patronatuko kideak izaten ahalko dira jarduteko gaitasun osoa duten eta kargu publikoetan aritzeko ezgaituta ez dauden pertsona fisikoak.

Pertsona juridikoak Patronatuko kideak izaten ahalko dira, eta horiek ordezkatzen dituen/dituzten pertsona fisikoa/fisikoak hautatu beharko dute/dituzte, aurreko paragrafoan xedatutakoa bete behar dela.

2.–Patronatua berezko kideek eta hautapen bidezko kideek osatzen dute.

a) Honako hauek dira berezko kideak:

–Nafarroako Gobernuko politika sozialen alorreko departamentu eskuduneko titularra, fundazioko buru.

–Gizarteratze eta babes sozialaren arloan eskumena duen zuzendari nagusia.

–Pertsonen autonomia eta garapen arloan eskumena duen erakundearen edo unitate administratiboaren titularra.

–Politika sozialen ebaluazio eta planifikazio arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

–Familien eta adingabekoen arloan eskumena duen unitate administratiboaren titularra.

–Gizarte politika arloan eskumenak dituen departamentuko idazkaritza teknikoko titularra

–Erakundeen harremanen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

–Lehendakaritza arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

b) Honako hauek dira hautapen bidezko kideak:

–Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluak fundazioaren xedeei lotutako pertsona edo erakundeen eta enpresa publiko edo pribatuen artean hautatutako hiru.

–Nafarroako Parlamentuak fundazioaren xedeei lotutako pertsona edo erakundeen eta enpresa publiko edo pribatuen artean hautatutako hiru.

3.–Lehenbiziko patronatua osatzen duten berezko kideak eraketa aktan izendatuko dira.

4.–Patronatuko kidearen kargua norberak erabiliko du, eta ezin izanen da horretarako inor eskuordetu. Dena den, haien kargua dela-eta edo pertsona juridikoaren izenean hautatzen direnek ordezkoa hautatzen ahalko dute, ondorio guztietarako haien izenean arituko dena.

15. artikulua. Agintaldia.

1.–Berezko kideak patronatuko kideak izanen dira, beren karguetan aritzen diren bitartean.

2.–Hautapen bidezko kideek lau urteko agintaldia izanen dute, eta berriz hautatzen ahalko dira iraupen bereko aldietarako, gehienez ere 12 urtez.

16. artikulua. Patronatuko kidearen kargua onartzea.

1.–Lehenbiziko patronatua osatzen duten berezko kideek beren karguak onartuko dituzte eraketa aktan.

Lehenbiziko patronatuko kideak ez diren berezko kideek beren karguak onartuko dituzte parte hartutako lehen saioan.

2.–Patronatuko hautapen bidezko kideak beren eginkizunetan hasiko dira, kargua parte hartutako lehen saioan berariaz onartu ondoan.

Nolanahi ere, onarpena Fundazioen Erregistroari jakinaraziko zaio.

17. artikulua. Patronatuko kideen betebeharrak eta erantzukizuna.

Patronatuko kideen betebeharrak dira, bertzeak bertze, fundazioaren xedeak betearaztea, dei egiten zaien bileretara joatea, karguko zereginak ordezkari leial bati dagokion bezala egitea, fundazioaren ondasunak eta balioak produkzio eta kontserbazio egoera onean edukitzea, eta beren jardueran indarreko lege xedapenek eta estatutu hauek agintzen dutena betetzea.

Patronatuko kideak erantzule solidarioak izanen dira, fundazioaren aitzinean, legearen edo estatutuen aurkako ekintzen ondorioz edo erruz, doloz edo zabarkeriaz egindako ekintzen ondorioz sortzen dituzten kalte eta galerengatik. Ez dute erantzukizunik izanen hori zehazten duen erabakiari berariaz aurka egiten diotenak edo, hori hartu eta gauzatzeko esku hartu gabe, hori gertatu izana ez zekitela edo, horren berri izanda, kaltea saihesteko komeni zen guztia egin dutela edo horri berariaz aurka egin diotela frogatzen dutenak.

Fundazioaren gobernu organoak berak jarriko du erantzukizun-ekintza agintari judizialen aurrean eta fundazioaren izenean, horretarako erabaki arrazoitua hartuta; bertzenaz, Patronatuko kide disidenteek edo bertan ez daudenek.

18. artikulua. Patronatuko kideen kargu uztea eta ordezpena.

1.–Fundazioko patronatuko kideek kargua utziko dute hurrengo kasuetan:

a) Hiltzean edo heriotza deklaratzen denean; baita pertsona juridikoa iraungitzen denean ere.

b) Ezintasuna, desgaikuntza edo bateraezintasuna dagoenean, araudi aplikagarrian ezarritakoaren arabera.

c) Patronatuko kide hautatzeko oinarria izan zen kargua uzten duenean.

d) Ebazpen judizial irmo baten ondorioz.

e) Agintaldia amaitzen denean, aldi baterako hautatu bazen.

f) Behar diren formalitateak erabiliz jakinarazitako ukoa egiten duenean.

g) Patronatuak erabakitzen duenean, berezko kideetako zortzik, gutxienez, osatutako gehiengo kalifikatuaren bidez.

2.–Uko egitea indarrean sartuko da patronatuari jakinaraztean.

3.–Patronatuko kideek kargua uzten ahal dute fundatzailearen erabakiaren bidez, fundazioaren interes eta xedeetarako kalte larria dakarten ekintzak egin badituzte.

4.–Hautapen bidezko kideen artean postu huts bat badago, gehienez ere bi hilabeteko epean hasiko da ordezkoak izendatzeko prozedura.

5.–Patronatuko kideek kargua uzten badute, Fundazioen Erregistroari komunikatu beharko zaio.

19. artikulua. Patronatuko buruaren eginkizunak.

1.–Hona hemen patronatuko buruari dagozkion eginkizunak:

a) Fundazioaren ordezkari izatea epaiketetan eta horietatik kanpo, Patronatuak beste kide bati esleitu ez badio.

b) Patronatuaren bileren deialdiak egitea, idazkariaren laguntzaz eguneko gai zerrenda ezarrita.

c) Bileretan buru egitea, eztabaiden zuzendari eta moderatzaile aritzea, erabakiak bozketara eramatea, eta bozketen emaitza aditzera ematea.

d) Patronatuaren erabakiak egikaritzea, horretarako mota guztietako ekintzak egiten ahal dituela, eta xede horretarako behar diren agiriak sinatzea.

e) Antolamendu juridikoa eta fundazioaren estatutuak betetzen direla zaintzea.

f) Patronatuaren erabakien aktak eta ziurtagiriak ikus-onestea.

g) Legez edo estatutuei jarraikiz aitortuta duen bertze edozein eginkizun, edo Patronatuak berak haren esku uzten dituenak.

2.–Patronatuak buruorde bat/batzuk hautatzen ahalko du/ditu bere baitan, haien lehentasun ordena ezarrita.

Buruordeari dagokio Patronatuko buruaren eginkizunak gauzatzea, kanpoan edo eri egoteagatik postua hutsik dagoenean. Halaber, fundazioaren izenean aritzen ahalko da, Patronatuaren erabakiaren bidez hala zehazten diren kasuetan.

20. artikulua. Patronatuko idazkariaren eginkizunak.

1.–Patronatuak idazkaria hautatuko du patronatuko kideen artean, edo kanpoko pertsona bat hartuko du. Azken kasu horretan, idazkariak hizpidea izanen du, baina ez botorik.

2.–Patronatuko idazkariari dagokio:

a) Buruak aginduta, patronatuaren bileretarako deialdia egitea, eta hari eguneko gai zerrenda egiten laguntzea.

b) Fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea, eta eskatzen ahal zaizkion eta estatutuetan adierazitako liburu guztiak arduraz edukitzea.

c) Patronatuaren bilerei dagozkien aktak eta ziurtagiriak egitea, buruak oniritzia eman eta gero.

d) Haren karguari atxikitako bertze eginkizun batzuk eta berariaz esleitzen zaizkion guztiak.

3.–Idazkaria eri edo kanpoan dagoenean edo lanpostua hutsik dagoenean, patronatuko kiderik gazteena arituko da idazkari.

4.–Idazkariak kargua galduko du estatutu hauetako 18. artikuluan aurreikusitako arrazoien ondorioz eta, hala badagokio, patronatuko kide izaera galdu badu.

21. artikulua. Patronatuko kidearen karguaren doakotasuna eta bateraezintasuna.

1.–Patronatuko kideak doan ariko dira beren karguetan, trukean inolako ordainsaririk jaso gabe.

2.–Patronatuko kideek kobratzeko eskubidea izanen dute beren eginkizuna betetzean sortzen diren gastuak, bereziki, patronatuaren bileretara joateko egin behar dituzten joan-etorriengatiko gastuak eta fundazioaren izenean edo intereserako haien esku uzten den bertze edozein helburu lortzeko sortzen direnak, gastu horiek behar bezala justifikatu eta gero.

3.–Bateraezina da patronatuko kidearen kargua eta fundazioari edonolako zerbitzu ordaindu ematea.

22. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.

1.–Patronatuaren eskumena fundazioaren gobernuari eta administrazioari dagokien orori aplikatuko zaie, inolako salbuespenik gabe, baita gertatzen diren lege eta gorabehera guztien ebazpenari ere.

Aipatzearren, baina mugatzeko asmorik gabe, honako hauek dira patronatuaren eskudantziak eta ahalmenak:

a) Fundazioaren lana ikuskatzea, zaintzea eta bideratzea.

Bere eskumena erabiliz, fundazioaren gobernuari, ordezkaritzari eta administrazioari dagokien ororen gorabeherak ebatziko ditu, estatutu hauek interpretatuko ditu, eta erabakiak hartuko ditu, fundazioaren interesetarako eta haren xedeak hobeki lortzeko komenigarria den guztietan.

b) Fundazioaren kudeaketa planak eta jarduteko aldizkako programak onestea.

c) Erabilgarri dauden funtsen banaketari eta aplikazioari buruzko ildo orokorrak finkatzea, fundazioaren xedeen artean.

d) Ohiko eta ohiz kanpoko aurrekontuak, bidezko memoriak eta urteko kontuak onestea.

e) Patronatuko hautapen bidezko kideak hautatzea.

f) Ahalordetze orokorrak edo bereziak egitea.

g) Fundaziorako edo fundazioak ondasun higigarriak edo higiezinak erostearen, besterentzearen eta kargatzearen inguruko erabakia, hipotekak, bahiak edo antikresiak barne, bidezko kontratuak sinatuta.

h) Fundaziorako, edo fundazioaren helburuetariko bat betetzeko, liberalitate ekonomikoak, edo ondasun edo eskubide modukoak onartzea, betiere libreki uste badu eskuratutako ondasun edo eskubideen izaera eta kopurua egokiak edo nahikoak direla ondasunen edo eskubideen, errenten edo emaitzen xedea izan behar dena betetzeko.

i) Mota guztietako finantza eragiketak zehaztea entitate publiko eta pribatuekin.

j) Fundazioaren zorroa osatzen ahal duten balio higigarriak erosteari eta besterentzeari buruzko erabakia hartzea.

k) Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunen errentak, dibidenduak, interesak, etekinak eta bertzelako produktuak eta mozkinak kobratu eta jasotzea, baita edozein titulu dela-eta edo pertsona fisikoen edo juridikoen zorrak direla-eta jaso beharreko diru kopuru guztiak ere.

l) Fundazioaren akzioen eta balio higigarrien titularra den aldetik, fundazioari dagozkion mota guztietako eskubideak erabiltzea, eta, alde horretatik, konpainia edo entitate jaulkitzaileen batzar nagusietan, bileretan, sindikatuetan, elkarteetan eta gainerako erakundeetan elkartzea, eztabaidatzea eta bozkatzea, ontzat hartzen duenaren arabera, hark erabakitzen duen ordezkaritzaren bidez. Horretarako, titularrari esleitutako ahalmen juridiko guztiak erabiltzen ahalko dira, komenigarritzat jotzen dituen ekintzak, kontratuak, hitzarmenak, proposamenak eta agiriak itunduz, emanez eta sinatuz.

m) Fundazioak une bakoitzean dituen funtsak bildu, administratu eta babesteko behar diren ordainketa guztiak egitea.

n) Fundazioaren xedeetarako komenigarritzat jotzen diren obrak erabakitzea, bidezko moduari eta mota guztietako horniketei –haien kalitatea eta garrantzia edozein dela ere– buruzko erabakia hartuta, eta horretarako edozein prozedura erabiltzeko aukera izanda, askatasun osoz, inolako baimenik behar izan gabe eta araudi aplikagarriaren arabera.

o) Fundazioari dagozkion edo interesatzen zaizkion prozedura, espediente, erreklamazio eta epaiketen eskubide, ekintza eta salbuespen guztiak erabiltzea, haien izapideei, instantziei, gorabeherei eta errekurtsoei jarraikiz eta, ondorio horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen ahalorde guztiak emanda, posizioen absoluzioa eta berrikuspen epaiketa barne.

p) Fundazioaren ondasun guztiak erabili, administratu, kontserbatu, zaindu eta defendatzeko eginkizun guztiak betetzea oro har, epaiketetan nahiz epaiketatik kanpo.

q) Estatutu hauek interpretatzea eta gertatzen diren lege gorabehera eta inguruabar guztiak ebaztea.

r) Oro har, fundazioaren administraziorako eta gobernurako garatu behar dituen bertze eginkizunak, nolanahi ere lege arauei men eginez.

2.–Arau orokor gisa, patronatuko buruari dagokio erabakiak betearaztea; erabaki horietan patronatuko bertze kide bat edo batzuk edo estatutu hauetan adierazten den bertze organo bat edo batzuk berariaz hautatzen ahal dira.

3.–Patronatuak kideetako bat/batzuk eskuordetzen ahalko du/ditu bere ahalmenetarako, edo batzorde eskuordetua hautatuko du horretarako. Ezin izanen da inor eskuordetu ondokoetarako: urteko kontuen onarpena, jarduteko plana, eta indarra duen araudia aplikatzeagatik edo estatutu hauetan xedatutakoagatik gehiengo kalifikatuak onetsi behar dituen ekintzak.

23. artikulua. Patronatuaren bilerak eta deialdia.

1.–Patronatuak ohiko bilera eginen du urtean bitan, gutxienez, eta nahitaez bilduko da, urteko kontuak, aurrekontua eta kudeaketa helburuak onesteko.

Ohiz kanpoko bilera eginen du fundazioaren martxa onerako behar den guztietan, bere ekimenez edo kideen heren batek eskatuta buruak deialdia egiten duenean edo, kide guztiak bildurik, aho batez erabakitzen dutenean.

2.–Deialdia kide guztiei bidaliko zaie, bilera egin baino bortz egun lehenago, gutxienez. Horretarako, jaso izana adierazteko aukera ematen duen baliabidea erabiliko da. Deialdian bileraren lekua, eguna eta ordua adieraziko dira, baita eguneko gai zerrenda ere.

Patronatuko kide guztiak bertan egon eta bilera egitea aho batez erabakitzen badute, ez da aurreko deialdirik egin beharko. Kasu horretan, bileraren eguneko gai zerrenda aho batez onetsi beharko da.

24. artikulua. Gehiengoak.

1.–Lehenbiziko deialdian patronatua modu baliozkoan eratuko da, baldin eta kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira. Bigarren deialdian aski izanen da kideen erdiak egotea. Burua edo buruordea ez badago, kide zaharrenak ordezten ahalko du; idazkaria ez badago, berriz, kide gazteenak.

2.–Erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dira, estatutu hauek gehiengo berezia eskatu ezean.

Gehiengo soila lortu dela ulertuko da, aldeko botoen kopurua aurkako botoen kopurua baino handiagoa denean, baina horretarako ez dira kontuan hartuko abstentzioak, boto baliogabeak edo boto zuriak.

3.–Presidenteak kalitateko botoa izanen du, berdinketak ebazteko.

25. artikulua. Patronatuko bileren aktak.

1.–Idazkariak patronatuaren bileren akta eginen du, honakoak zehaztuta: bileraren lekua eta eguna, bertaratutakoak, bileraren eguneko gai zerrenda, hartutako erabakiak eta, Patronatuko kideek eskatuta, erabakiak hartu aitzineko eztabaiden puntu nagusien deskribapen laburra. Patronatuko idazkariak akten orri guztiak sinatuko ditu, buruak oniritzia eman eta gero.

2.–Patronatuko kide bakoitzak eskatuta, idazkariak aktan agertu beharko du aurkako botoa edo abstentzioa, boto motaren justifikazioarekin batera.

3.–Era berean, patronatuko kideek boto partikularra ematen ahalko dute, bilerari dagokion aktari erantsiko zaiona. Haren testua bortz egun balioduneko gehieneko epean jaso beharko da, bilera egiten den egunetik aitzina.

4.–Patronatuko edozein kidek zilegi izanen du bere mintzaldi edo proposamena osorik transkribatzeko eskatzea, baldin eta bertan edo buruak jartzen duen epean aurkezten badu bere mintzaldia hertsiki islatzen duen testua.

5.–Aktak bileran berean edo hurrengoan onetsiko dituzte bilerara etorritako kide guztiek. Akta onetsi baino lehen, hartutako erabakiei buruzko ziurtagiriak egiten ahalko ditu idazkariak, inguruabar horren berri berariaz emanda.

6.–Fundazioak akten liburua izanen du.

II. KAPITULUA

Bertze gobernu organo batzuk

26. artikulua. Batzorde eskuordetuak.

Patronatuak batzorde eskuordetuak eratzen ahalko ditu.

Organo horiek aukerakoak dira. Horren ondorioz, haien eraketa onetsi beharko da, kideen bi herenen gehiengoa egonda patronatuak hartutako erabakiaren bitartez.

27. artikulua. Batzorde eskuordetuen izaera eta osaera.

Batzorde eskuordetuak gobernu eta administrazio organo gisa eratuko dira, hala behar badu, eta patronatuak gai zehatzen inguruan haren esku uzten dituen eginkizunetan ariko dira.

Gehienez ere patronatuko bortz kidek osatuko dituzte, eta patronatuak hautatuko du batzordeburua.

28. artikulua. Batzorde eskuordetuen eginkizunak.

Batzorde eskuordetuen eskumenak patronatuak haren esku uzten dituenak izanen dira, 22. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa izan ezik.

29. artikulua. Bilerak eta erabakiak hartzea.

Batzorde eskuordetuak bilduko dira, buruak deitzen duenean edo kideen heren batek, gutxienez, eskatzen duenean.

Patronatuaren bilerei buruzko ataletan aipatutako arauak aplikatuko zaizkie batzorde eskuordetuei.

II. KAPITULUA

Fundazioaren zuzendari kudeatzailea

30. artikulua. Fundazioko zuzendari kudeatzailearen hautaketa eta eskumenak.

1.–Patronatuak fundazioko zuzendari kudeatzailea izendatuko du, eta fundazioaren martxa onerako beharrezkotzat jotzen diren ahalmenak ematen ahal dizkio. Patronatuak nahi duenean kargugabetu ahal izanen du zuzendari kudeatzailea.

2.–Titulazio egokia izanik, zuzendaritza edota kudeaketa lanetan lanbide esperientzia egiaztatzen duen pertsona izendatuko da horretarako.

3.–Fundazioaren zuzendari kudeatzailea goi karguduntzat jotzen da Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi-kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen ondorioetarako.

4.–Zuzendari kudeatzaileak patronatuaren eta, halakorik bada, batzorde eskuordetuen orientabideak eta erabakiak egikaritzeko ardura izanen du, eta, bereziki, honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Fundazioa zuzentzea.

b) Langileen eta giza baliabideen politika zehaztea.

c) Patronatuak edo batzorde eskuordetuek onetsi dituzten inbertsio programak gauzatzea.

d) Urteko aurrekontuak eta urteko eta hainbat urtetako lan plana proposatzea.

e) Sozietatearen xedeei lotutako proiektuak diseinatu eta prestatzea.

f) Patronatuko buruak edo bertze edozein organok agintzen dizkion zereginak gauzatzea.

g) Patronatuak fundazioa kudeatzeko onetsi dituen finantza eragiketak gauzatzea.

h) Fundazioaren inbentarioa prestatzea.

i) Fundazioaren dokumentazio guztia zaintzea, eta eskatzen ahal zaizkion eta estatutuetan adierazitako liburu guztiak arduraz edukitzea.

j) Patronatuak edo, halakorik bada, batzorde eskuordetuek haren esku uzten dituzten eginkizunak.

31. artikulua. Ordainsaria.

Patronatuak proposatzen ahalko du zuzendari kudeatzaileak bere eginkizunak egiteagatik jaso beharreko ordainsaria. Nafarroako Aurrekontu Orokorretan azalduko da.

LAUGARREN TITULUA

Araubide ekonomikoa

32. artikulua. Fundazio zuzkidura.

Eraketa eskrituran jasotakoa da hasierako zuzkidura ekonomikoa. Nafarroako Gobernuaren ekarpena izanen da oso-osorik.

Patronatuak ez du fundazio zuzkidurarik izaten ahal Nafarroako Gobernuak lehenago baimendu gabe.

33. artikulua. Fundazio ondarea.

1.–Fundazioaren ondarea ekonomikoki balioesten ahal diren mota guztietako ondasunek eta eskubideek osatzen ahalko dute, eta fundazioaren xedeak lortzeari lotuta egonen da beti.

2.–Ondare bereki gisa, fundazioak edozein motatako ondasunak eta eskubideak kostu bidez nahiz doan eskuratzen, edukitzen eta alokatzen ahalko ditu; horiek fundazioaren xedeak betetzeari lotuta egonen dira.

3.–Sortzaileak, patronatuko kideek edo kanpoko pertsonek lagatzen ahal dizkioten ondasun higigarriak edo higiezinak onartzen ahalko ditu fundazioak, lagatako ondare gisa. Berariazko legedian xedatutakoak arautuko ditu ondasun horiek, patronatuaren administrazio arruntaren menpe daudela. Bai jabetza bai erabilera eta gozamena lagatzen ahal dira.

4.–Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubide guztiak patronatuak urtero onesten duen inbentarioan adieraziko dira. Inbentario horretan ondasun eta eskubide bakoitzaren izaera eta jatorria adieraziko dira. Horrez gain, artikulu honen 3. paragrafoan adierazitakoaren arabera, fundazioari laga edo atxiki zaizkionak behar bezala bereizita idatziko dira.

5.–Erregistroan inskribatzen ahal diren ondasun eta eskubideak behar diren erregistroetan inskribatuko dira. Fundazioaren ondarea osatzen duten edo osatzen ahal duten fondo publikoak eta merkataritza balioak fundazioaren izenean gordailutuko dira finantza establezimenduetan.

34. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Jarduerak garatzeko, fundazioak honako baliabide hauek izanen ditu:

1.–Fundatzaileak egindako hasierako zuzkidura.

2.–Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura fundatzaileak urtean behin egindako ekarpenak.

3.–Jabetzakoa den edo aldi baterako laga den ondarearen emaitzak, errentak, etekinak, produktuak edo mozkinak.

4.–Fundazioak egiten dituen jardueren ondoriozko diru sarrerak, horrek ez baditu arrazoirik gabe mugatzen balizko onuradunen esparrua eta fundazioak egiten dituen jarduerak.

5.–Fundazioaren xedeak hobeki betetzeko patronatuak ezartzen dituen ekarpenak.

6.–Ordaintzera behartuta dauden bertze erakunde eta hirugarren batzuetarako fakturazioaren ondoriozko diru sarrerak, indarra duen legedian ezarri bezala benetako kostua oinarritzat hartuta kalkulatuko direnak; diru sarrera ez da inoiz izanen kostutik beherakoa.

7.–Pertsona fisiko edo juridikoekin edo edozein motatako entitate publiko edo pribatuekin egindako kontratu, itun, hitzarmen eta babesen ondoriozkoak.

8.–Pertsona edo entitate publikoetatik zein pribatuetatik jasotzen dituen dirulaguntzak.

9.–Fundazioaren onuradunek egindako diru sarrerak.

10.–Antolamendu juridikoaren arabera eta aplikatzen ahal diren lege xedapenei jarraikiz, etorkizunean esleitzen ahal zaion bertze edozein baliabide.

35. artikulua. Ondarea babestea.

Ondareko ondasunak babestu eta zaintzeko arau hauek beteko dira:

1.–Ondasun higiezinak eta eskubide errealak fundazioaren izenean inskribatuko dira Jabetza Erregistroan.

2.–Eskudiruzko balioak patronatuak errandako banku edo aurrezki kutxetan gordeko dira, fundazioaren izenean.

3.–Ondasun higigarriak, jabetza tituluak, gordailuen ordezkagiriak eta fundazioa titular den bertze edozein jabetza, erabilera edo eskubide frogatzen duten agiriak zaintzea, patronatuaren zehaztapenen arabera.

4.–Fundazioaren ondasun guztien inbentarioa azalduko da Ondarearen Inbentario Liburu batean, eta horiek identifikatu eta deskribatzeko datuak emanen dira bertan.

36. artikulua. Errenten eta diru sarreren xedea.

1.–Ondare zuzkidura gisa egindako ekarpenak alde batera utzita, fundazioaren xedeak lortzeari lotuta egonen da zergen kenkaria egin ondoan fundazioak eskuratzen dituen errenten edo bertze edozein diru sarrera garbiren %70, gutxienez. Gainerako diruak fundazioaren zuzkidura edo erreserbak handituko ditu, administrazio gastu guztien kenkaria egin ondoan.

2.–Fundazioak aurreko idatz-zatian aipatu diren errenten eta diru sarreren proportzioa gauzatzen ahalko du, horiek lortzen dituenetik hiru urteko epean.

3.–Fundazioaren baliabideak fundazioaren xedeak egiteari lotuta edo atxikita egonen dira, kuotarik zehaztu gabe.

4.–Eskualdatzailearen nahiaren eta eskurapen tituluan ezarritako baldintzen arabera aplikatu edo gordeko dira xede jakin bat lortzeko jaraunspen, legatu, dohaintza edo dirulaguntza bidez edo doaneko bertze edozein tituluren bidez eskuratutako ondasunak eta errentak. Patronatuak fundazioaren berezko xedeak betetzeko helburua duten doako eskualdaketak baizik ez ditu onartuko, kargadunak zein kargarik gabeak, baina ez da inola ere kaltegarria izanen fundaziorako.

37. artikulua. Ondarearen kudeaketa.

Patronatuak ahalmenak izanen ditu, fundazioaren ondarearen osaeran beharrezko aldaketak egiteko, fundazio zuzkidura kenduta, une bakoitzeko egoera ekonomikoak gomendatzen duenaren arabera.

38. artikulua. Kontabilitate araubidea eta finantza kontrola.

1.–Ekitaldi ekonomikoak bat eginen du Nafarroako Gobernuaren aurrekontu ekitaldiarekin.

2.–Fundazioak indarra duen araudiak zehazten dituen nahitaezko liburuak edukiko ditu, baita bere jarduerak egoki aurrera ateratzeko eta bere kontabilitatea ongi kontrolatzeko komenigarriak direnak ere.

3.–Ekonomia eta finantza kudeaketan, fundazioak indarra duen araudian zehaztutako printzipioak eta irizpide orokorrak izanen ditu arau.

4.–Fundazioa Nafarroako Kontuen Ganberaren finantza kontrolaren mendean egonen da, hura arautzen duen araudiari jarraikiz.

39. artikulua. Aurrekontuak egitea, kontuak ematea, eta jardueren memoria soziala.

1.–Fundazioak kontabilitate antolatua izan beharko du eta bere jarduerari egokitua, aplikagarria den araudiaren arabera.

2.–Ekitaldi bakoitza amaitu eta sei hilabeteko epean, patronatuak ekitaldi horri dagozkion fundazioaren urteko kontuak onartu beharko ditu, eta horiek argi adierazi beharko dira, ondarearen, egoera finantzarioaren eta fundazioaren emaitzen irudi garbia emateko. Honako dokumentu hauek jaso beharko dira:

a) Inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua, Fundazioaren benetako egoera ekonomikoa, finantzarioa eta ondarearena jasotzen dituztela.

b) Fundazioaren jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa azaltzen dituen memoria, barne direla finantzaketa taula eta Fundazioaren helburuak zenbateraino bete diren. Balantzean eta emaitza kontuan adierazitako informazioa osatu, handitu eta iruzkintzeaz gain, memoriak honako hauek agertuko ditu: Fundazioaren ondarean izandako goiti-beheitiak; gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan izandako aldaketak; onartutako aurrekontuaren eta jarduketa planaren betetze maila; helburuak betetzeko ekitaldian egindako jardueren informazioa, baliabideen jatorria eta onuradunen kopurua adierazita, bai eta bertze entitate batzuekin helburu horietarako sinatzen diren hitzarmenak eta estatutu hauetan errenten eta diru sarreren xedeaz ezarritako arauen betetze maila ere.

3.–Orobat, aitzin urteko diru sarreren eta gastuen aurrekontuaren likidazioa ere eginen du fundazioko patronatuak.

4.–Urteko kontuen inguruko dokumentuak irabazi asmorik gabeko erakundeendako ezarritako ereduen, arauen eta irizpideen arabera egin beharko dira.

5.–Fundazioaren urteko kontuei kanpoko auditoretza bat eginen zaie.

6.–Urteko kontuak babesletzari aurkeztuko zaizkio horiek patronatuan onartu eta hurrengo hamar egun baliodunetan, auditoretzaren txostenarekin eta aurrekontuen likidazioarekin batera. Babesletzak, behin horiek aztertuta eta indarrean dagoen araudiari jarraitzen diotela egiaztatuta, Fundazioen Erregistroan aurkeztuko ditu. Edonork lortu ahal izanen du gordetako dokumentuetako informazioa.

Horrez gain, gainerako autoritate edo erakunde eskudunei jakinaraziko zaie.

7.–Jarduera ekonomikoak egiten direnean, fundazioaren kontabilitateak Merkataritza Kodean eta xedapen osagarrietan xedatutakoari jarraituko diote. Urteko kontu finkatuak egin beharko dira fundazioa bertan sozietate menderatzailearentzat aurreikusitako edozein kasutan badago. Nolanahi ere, informazio xehatua txertatu beharko da memoriaren atal espezifiko batean, eta bertan adierazi beharko dira merkataritza jarduerari atxikitako ondare elementuak.

8.–Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan sartzeko asmoz, fundazioak eragiketa arrunten eta kapital eta finantza eragiketen aurrekontuak bidaliko dizkio Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Finantza Politikako Departamentuari, departamentu horrek zehaztutako jarraibide ekonomiko eta teknikoei segituz.

Aurrekontua parekatua izanen da beti, gastuen aurreikuspenak diru-sarrerenak baino handiagoak izan gabe.

Ekitaldi bakoitzean, estali beharreko beharretara eta arretetara hobeki egokitzeko, Patronatuak egokitzat edo komenigarritzat jotzen dituen aldaketak baizik ezin izanen dira sartu.

40. artikulua. Zerga araubidea.

Patronatuak fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko indarreko 10/1996 Foru Legean edo hori ordezten dutenetan zerga araubiderako ezarritako araubidea eskatu eta horretaz baliatzea erabakitzen ahalko du. Kasu horretan, xedapen horiek nahitaezko zuzenbideko arauak izanen dira fundaziorako, eta horiei estatutu hauetan ezarritakoari baino lehentasun handiagoa eman beharko zaie, estatutuak aldatu beharrik gabe.

BOSGARREN TITULUA

Aldaketa, bat-egitea, iraungipena eta likidazioa

41. artikulua. Estatutuen aldaketa.

1.–Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du estatutu hauek aldatu behar diren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Ogasun eta Finantza Politika Departamentuari jakinarazi beharko zaio.

2.–Estatutuen aldaketa eskritura publikoan formalizatu, eta Fundazioen Erregistroan inskribatu beharko da.

42. artikulua. Bat egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erabakitzen ahalko du fundazioak bertze fundazio batekin bat egitea, fundazioaren xedeak lortzeko beharrezkotzat jotzen duenean.

43. artikulua. Iraungipena eta likidazioa.

1.–Patronatuak, bere kideen bi herenek gehiengoz hartutako erabakiaren bidez, fundazioa iraungitzeko proposamena egiten ahalko dio Nafarroako Gobernuari.

2.–Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du fundazioa iraungi behar den, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoaren arabera. Erabakia departamentu interesdunak proposatuta hartuko da, bai bere ekimenez bai fundazioko Patronatuak eskatuta, baina Patronatuaren eskaria ez da lotzailea izanen erabakian.

Nafarroako Gobernuak egokitzat jotzen duenean, fundazioari iraungipenari buruzko txostena eskatzen ahalko dio aldez aurretik.

3.–Iraungipenaren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.–Fundazioa iraungitakoan, Nafarroako Gobernuak lagatako ondasunen jabetza eta erabilera hari itzuliko zaio.

Likidazioaren ondoriozko ondasunak interes orokorreko xedeetan erabiliko dira osorik, fundazioaren xedeen antzekoak badira; bertzenaz, irabazi-asmorik gabeko edozein fundazio edo entitateri atxikiko zaizkio, baldin Fundazioaren interes orokorreko xedeen antzekoak bilatzen badituzte eta beren ondasunak haiek lortzera zuzenduta badituzte.

Iragarkiaren kodea: F1904295