2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UZTEGI
Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onarpena
Uztegiko Kontzejuko Batzarrak, 2019ko ilbeltzaren 31n egin zuen bilkuran, Uztegiko Kontzejuaren herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hasiera batez onetsi zuen.
Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta, 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2019ko otsailaren 22an, eta Kontzejuko iragarki oholean. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu eta horren ondorioz ordenantza behin betiko onetsita dago.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Uztegin, 2019ko maiatzaren 10ean.–Lehendakaria, Pello Goikoetxea Garralda.
ORDENANTZA, UZTEGIKO (ARAITZ) KONTZEJUAREN HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Uztegiko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxa ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen egintzak
5. artikulua. Uztegiko Kontzejuari dagokio herri-lurren gainean xedatu, administratu, antolatu eta haien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri-ondasunen inguruan Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
III. TITULUA
Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea
7. artikulua. Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bertzelako ekintzei.
8. artikulua. Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren lursailen immatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta. Kontzejuak hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.
10. artikulua. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Kontzejuak.
IV. TITULUA
Herri-ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
a) Herri-larreen aprobetxamendua.
b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.
c) Herri-lurren beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Kontzejua herri-lurrak hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.
16. artikulua. Orokorrean, Kontzejuaren herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Uztegiko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez bi urteko antzinatasunez.
c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.
d) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
Familia unitateko kideak izango dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.
Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Kontzeju Batzarrak, idazkariak txostena egin ondoren.
II. KAPITULUA
Herri-larreen aprobetxamendua
17. artikulua. Uztegiko Kontzejuko herri-larreen aprobetxamendua (“belardiak” eta “enkanteko lurrak”) adjudikatzeko, herriko ohiturari jarraituko zaio, hau da, enkantea eginen da ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten bizilagun abeltzainen artean. Baldintza horiez gain, azienda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dute, eta ustiapenaren liburuan agertarazi, eta toki entitatearen baimena beharko dute bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
18. artikulua. Enkante hori egin ondoren herri-lurrak soberan gelditzen badira, bigarren eta hirugarren enkanteak egiten ahalko dira, eta tasazioaren hasierako prezioa %10 eta %20 merkatuko da, hurrenez hurren, herriko ohiturari jarraikiz.
19. artikulua. Larreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo bertze batzuei lagatzeko.
20. artikulua. Adjudikazio epea: “belardiak”, 12 urtekoa; “enkanteko lurrak”, 4 urtekoa.
“Belardiak” “enkanteko lurrak” bihurtuko dira Kontzejuak eskuratu bezain pronto, eta 4 urtean behin eginen da enkantea lur horiek adjudikatzeko.
21. artikulua. Adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera (KPIa).
22. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa urtea amaitutakoan egingo da.
23. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
24. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta kalteak eragozteko, Kontzejuak ondoko baldintzak ezarri ditu:
1.–Adjudikazio hartzaileak belardia garbi eduki behar du belar txar, sasi, iratze eta abarretatik; arreta berezia jarriko du finkaren hesiak edo itxiturak sasirik ez izateko, honda ez dadin.
2.–Adjudikazio hartzaileak tenorez eta moduz ongarritu beharko du belardia.
3.–Lurzatiaren itxituraren mantentze-lanak adjudikazio hartzaileari dagozkio kasu guztietan.
4.–Laburbilduz, adjudikazio hartzaileak belardiaren emankortasuna mantentzeko ekintza guztiak egin beharko ditu; adjudikazioaren hasierako baldintza berak izan beharko ditu.
25. artikulua. Prozedura. Kontzejuak erabaki ondoren, Uztegiko iragarki oholean argitaratuko da enkantea egiteko iragarkia, lurzatiak, hedadura eta hasierako prezioa adierazita.
Enkante egin ondoren, lurzatia behin behinekoz adjudikatuko zaio eskaintza onenaren egileari, seiren bat hobetzeko epearen zain.
Epe horretan inork ez badu eskaintza hobetzen, behin betiko bilakatuko da.
26. artikulua. Herritarren arteko enkanteak (lehendabizikoa, bigarrena eta hirugarrena) egin ondoren larreak soberan gelditzen badira, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira. Enkantea behar beste denboraz iragarri beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Kontzejuaren iragarki oholean, larreak, hedadura eta hasierako prezioa adierazita.
Kontzejuak finkatuko du larre bakoitzaren hasierako prezioa; inguruan ezaugarri berdintsuak dituzten lurrak errentan hartzeko prezioaren gisakoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira urtero.
III. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
27. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.
28. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
29. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izango ditu saldu.
30. artikulua. Egurra banatzerakoan Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.
31. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da.
32. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.
IV. KAPITULUA
Herri-lurren bestelako aprobetxamenduak
33. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emandako Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.
34. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-orrien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
V. KAPITULUA
Hobekuntzak herri-ondasunetan
35. artikulua. Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
Proiektu horiek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete eta lehentasuna izanen dute.
Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:
a) Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
36. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
37. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuan ebatzi beharko dira.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
38. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.
f) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.
g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
h) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
39. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izango dituzte:
–a), b), c), d) eta f) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.
–h) arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio hartzailea izateko eskubidea galduko da.
–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazten ahal ez bada, hirurogeitik mila eta berrehun eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
Xedapen indargabetzailea bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.
Azken xedapena bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1906490