2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MURILLO EL FRUTO
Aldaketa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzan.
Behin betiko onespena
Murillo el Frutoko Udalak, 2019ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Murillo el Frutoko Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa. Hasierako onespenaren iragarkia 2019ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 1ean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan eta hurrengoetan xedatuarekin bat, jendaurreko aldian ez denez alegaziorik, erreklamaziorik edo oharrik egin, behin betiko onesten da hasierako onespenaren erabakia. Horrenbestez, ordenantzaren testua osorik emanen da argitara, ondorio juridikoak sor ditzan.
Aditzera ematen da, orok jakin dezan.
DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko prozedura arautzea, aplikatzekoa den araudiaren arabera, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluko betebeharra betez (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen) eta abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoa jasoz (haren bidez desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).
2. artikulua. Lurralde-eremua.
Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.
3. artikulua. Eskubidearen titularrak.
Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:
1. Desgaitasuna duten pertsona fisikoak, egoera hauetakoren batean badaude:
a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua izatea.
Aipatutako eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeraren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa izatea gainerako ataletako (D, E, F, G eta H) puntuak batuta.
b) Begirik onenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.
Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute.
2. Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari laguntzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.
4. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.
Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak ematen ahalko zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik. Baldin eta aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez badago.
Osasun zerbitzu publikoak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du.
Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, mantentzen baldin badira hasiera batean emateko eskatutako baldintzak.
Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.
5. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.
1. Txartelaren titularrek, baldin eta txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago, eskubide hauek edukiko dituzte Estatu osoan:
a) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada, eta premia justifikatuz gero.
b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea. Horretarako, Udalak ordenantza baten bidez zehaztu beharko du hiriguneko zein eremu diren jarduera zentroak, hala beharrezkoa bada.
c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.
d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.
e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.
f) Zirkulazioa bertako bizilagunendako mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea, helmuga aipatutako eremu horren barnean badago.
2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuak, oinezkoendako pasabideak, espaloiak, gelditzeko debekatutako lekuak eta kasuak, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuak, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuak, eta zirkulazio errailak txikiagotzen dituzten eremuak edo oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen duten tokiak.
6. artikulua. Titularren betebeharrak.
1. Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:
a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.
b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-mahaian jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.
c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.
d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.
e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.
f) 3. artikuluko 2. apartatuan aipatu kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.
g) Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezko baldintzak mantendu beharko ditu.
7. artikulua. Txartela deuseztatzea.
Txartela erabiltzeko baldintzak edo polizia agenteen oharrak betetzen ez badira, gertatutakoa egiaztatuta, txartela erabiltzeko eta aparkatzeko eskubideak galtzen ahalko dira.
8. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.
Murillo el Frutoko Udalari dagokio txartela ematea, prozedura honen arabera:
A.–Eskaera.
Interesdunak inprimaki bidez eskatuta abiaraziko da espedientea. Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatzen ahalko du. Ordenantza honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen norbait izanen da beti txartelaren titularra.
B.–Agiriak.
Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:
1.–Eskatzailearen NANaren fotokopia.
2.–Legezko ordezkaria izatera, horren frogagiria eta haren NANaren fotokopia.
3.–Titularraren argazki bat, karnet tamainakoa.
4.–Udal erroldaren ziurtagiria.
5.–Eskaria desgaitasuna duten pertsona fisikoek egiten dutenean:
–Desgaitasuna duen pertsona dela frogatzen duen ziurtagiria.
a) Nafarroako Gobernuak luzaturiko ziurtagiria, eskatzaileak garraiobide publiko kolektiboak erabiltzeko zailtasunak dituela egiaztatzen duena. Onuradunak A, B edo C kasuetako batean egon beharko du, edo 7 puntu eskuratu Nafarroako Minusbaliatuen Oinarrizko Zentroko Balorazio, Diagnostiko eta Orientaziorako Taldeak erabiltzen duen baremoko D, E, F, G eta H atalak batuta (abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua) edo
b) Desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek luzatutako ziurtagiria, begirik onenean ikusmen-zolitasuna, zuzendua, 0,1ekoa edo txikiagoa dela dioena, edo ikuseremu murriztua 10 gradukoa edo gutxiagokoa.
Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari eskatzen ahalko dio eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela dioen txostena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.
Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoko mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balioztatua.
Ordenantza honen 3. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.
C.–Ebazpena.
Alkatetzak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, aparkatzeko txartelaren eskaera, dokumentazio osoa duela, udal erregistroan sartzen den egunetik hasita.
Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera administrazio isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.
9. artikulua. Balio-epea.
Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio-epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.
Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarrean jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.
Txartelean berean zehaztuko da noiz arte balioko duen. Bi faktoreren mende egonen da: titularraren adina eta mugikortasunaren edo ikusmen-zolitasunaren gaineko irizpenaren ezaugarriak; alegia, behin betikoa edo aldi baterakoa den.
–18 urtez goitikoendako, 6 urteko balio-epea du, txartela ematen den egunetik aurrera; betiere, irizpenak behin betiko mugikortasun murriztua edo ikusmen-zolitasuna duela agertu beharko du txartelak.
–Mugikortasun murriztua edo ikusmen-zolitasuna aldi baterakoa bada, noiz arteko ezintasuna den, ordura arte balioko du.
–Titularra 18 urtez beheitikoa bada, balio-epea 2 urtekoa izanen da gehienez ere. Irizpenean mugikortasun murriztuaren edo ikusmen-zolitasunaren iraunaldia txikiagoa bada, hartara egokituko da balio-epea.
–Nolanahi ere, indarraldia amaitutzat joko da Murillo el Frutoko biztanleen erroldan baja ematen bada; halakoetan, hogei eguneko epea izanen da, baja egunaren biharamunetik hasita, txartela udaletxean uzteko.
10. artikulua. Txartela berritzea.
1. 18 urtez goitikoak, behin betiko irizpena dutenak: 6 urtean behin berrituko dute. Udalak non bizi den eta non erroldatuta dagoen begiratuko du eta interesdunak karnet tamainako argazki bat aurkeztu beharko du.
2. 18 urtez goitikoak, aldi baterako irizpena dutenak: balio-epea amaitzen den egunean berrituko dute. Kasu honetan, berritzeko, interesdunak mugikortasunaren edo ikusmen-zolitasunaren gaineko irizpen berria aurkeztu beharko du, baita argazki bat ere, karnet tamainakoa, eta non bizi eta erroldatuta dagoen frogatu.
3. 18 urtez beheitikoak: aldi baterako balioa bukatzen den egunean berrituko da; ez da 2 urterako baino gehiagorako emanen eta interesdunak beste irizpen bat aurkeztu beharko du.
4. Iraungi baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera interesdunak, epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.
5. Kasu guztietan, txartel berria eskuratzeko, interesdunak Udaletxean aurkeztu beharko du txartel zaharra.
6. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.
7. Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunari eskatuko zaio dagokion salaketa jarri duela justifikatzen duen agiria aurkezteko. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.
8. Ez da bikoizturik eginen.
11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hauste administratiboak honako hauek dira:
a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak ezkutatzea.
Arau-haustea 300-1.200 eurora arteko isunarekin zehatuko da.
Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.
b) Txartelak erabiltzea, administrazioak eman ez badu edo haren indarraldia amaitu bada.
Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du.
Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.
c) Txartelak erabiltzea eskubidearen titularrak ez direnak garraiatzeko.
Arau-hausteak 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.
Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.
Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik dagokion zehapen-espediente administratiboa abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aurretik, interesdunei entzunaldia emanen zaie.
Xedapen gehigarria.–Murillo el Frutoko Udalak beretako gordetzen du desgaitasuna duten pertsonei ematen dizkien aparkatzeko txartelak urtero aztertzeko ahala, iruzurrez erabiltzen ez dituztela saiheste aldera.
Xedapen iragankor bakarra.–Ordenantza hau onartu aurretik emandako aparkatzeko txartelak baliozkoak izanen dira txartela emateko jatorrizko agirian jasotzen den mugaegunera arte.
Azken xedapena.–Ordenantzaren aldaketa hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Murillo el Fruton, 2019ko apirilaren 16an.–Alkatea, Juan Carlos Gabari Sanz.
Iragarkiaren kodea: L1905450