94. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

229/2019 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren deialdia arautzen duena. Programa horren xedea da hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta DBHko ikastetxeetan, 2019-2020 ikasturtean.

Europako Batzordeak honela definitzen du eskola-arrakasta: eskola-uzte tasak jaistea, derrigorrezko ez den bigarren hezkuntza bukatzea eta goi mailako hezkuntzan parte hartzea. Esparru horretako desberdintasunek zerikusi handia dute familien jatorri sozialarekin eta haien baldintza ekonomikoekin. Horregatik, Hezkuntza Departamentuak orientabideak proposatu eta baliabideak jarri behar ditu hezkuntza etapen kalitatea jaisten eta ekitatea kaltetzen duten oztopoak desagerrarazten laguntzeko eta Nafarroako ikasle guztien hezkuntza-bikaintasuna sustatzeko.

Hezkuntza eskubidea legez bermatua dagoen arren, horrek ez du ziurtatzen denek garatuko dituztela gizarte eta lan bizitzan beharrezkoak diren gaitasunak. Izan ere, eskola-porrotak, eskola-uzteak eta gizarte eta hezkuntza bazterketak mugatu egiten dute hezkuntzaren gaitasuna, gizarte sustapenerako eta berdintasuna lortzeko tresna den aldetik. Horrenbestez, ikasle guztiek hezkuntza-arrakasta lortzeko aukera berak izan ditzaten, hezkuntza sistema osoaren gainean egin behar da lan, hezkuntza etapen kalitatea jaisten eta ekitatea kaltetzen duten oztopoak desagerraraziz, bai eta hezkuntza prozesuaren beraren zenbait elementu ere, zeinek areagotu egiten baitituzte hasierako desparekotasunak, hezkuntza sistemarekiko lotura haustea bultzatzen baitute eta, azken finean, eskola-porrota izateko eta eskola uzteko arriskuak handitzen baitituzte, batez ere egoera ahuleneko gizarte taldeen artean.

Nazioarteko ikerketek eta ikastetxeetako praktika askok argitu dute zein hezkuntza estrategia diren onak eskola-arrakasta lortzeko, desparekotasunak gainditzeko eta kohesio soziala sustatzeko, eta zeintzuek sortzen duten gizarte bazterketa. Hala ere, estrategia eta praktika positiboak ikastetxeetako eskola bizitzan txertatzea ez da erraz eta azkar egiten den zerbait.

PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren helburua da ikastetxeei bide bat eskaintzea, ikerketa eta praktika horiek kontuan hartuta, ikastetxe bakoitzak bere proiektu malgua egin dezan ikasleen aniztasun osoari erantzuteko, hezkuntza komunitatearen parte-hartze eta konpromisoarekin eta Hezkuntza Departamentuak lagunduta.

Komenigarria da Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza-inklusioa sustatzea, eta, horregatik, Hezkuntza Departamentuak deialdi publiko hau egiten du programan parte hartu nahi duten ikastetxeetan printzipio hori garatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. PROEDUCAR-HEZIGARRI deialdia onestea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura eta Prestakuntza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

PROEDUCAR-HEZIGARRI deialdiaren oinarriak,
zeinak helburu baitu hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta
hobetzea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan
eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan

Lehena.–Deialdiaren xedea.

PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren helburu orokorra da eskola-porrota desagerraraztea eta garaia baino lehen eskola utz ez dadin lortzea, eta ikasle guztien hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta sustatzea, hobetzeko proiektu bat ezarriz eta gauzatuz, ikastetxe bakoitzaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza hitzarmen baten bidez. Kontratu horretan, ikastetxeak konpromisoa hartzen du ikasleen inklusioa eta eskola-arrakasta hobetzeko neurriak hartzeko, eta administrazioak konpromisoa hartzen du prozesu horretan laguntzeko, aholkularitza eta prestakuntza emanez, bai eta proiektua garatzeko behar diren baliabideak ere.

Programak ikastetxeen autonomia aitortzen du, eta hezkuntza administrazioak hezkuntza praktikak bideratzeko duen betebeharra ere bai, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzea helburu. Horregatik, programa honen esparruan ikastetxeek prestatuko dituzten hobekuntza planetako jarduketek helburu hauek sustatuko dituzte: hezkuntza inklusiboa, ikasleen eta familien parte-hartze proaktiboa, ikastetxeetako bizikidetza, berrikuntza metodologikoa gaitasunen arabera lan egiteko, eta, azkenik, prestakuntzako ebaluazioa.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honen hartzaileak Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoak dira.

Hirugarrena.–Helburuak.

PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren helburuak honako hauek dira:

1. Baldintzak sortzea bermatua egon dadin ikasleek hezkuntza sisteman jarraituko dutela eta eskola-arrakasta izanen dutela, batez ere egoera ahulean dauden ikasleen kasuan.

2. Antolaketa eta metodologia aldaketak sustatzea, ikasle guztien hezkuntza premiak asetzeko, ikuspuntu inklusibo batetik.

3. Ikasle guztien ikaskuntza eta eskola-errendimendua hobetzea erraztea.

4. Absentismoarekin, eskola-porrotarekin eta garaia baino lehen eskola uztearekin lotutako faktoreak identifikatzea, aztertzea eta horietan garaiz jarduten hastea.

5. Hezkuntza sistema garaia baino lehen uzteko arriskuan dauden ikasleekin jarduten diren profesionalak sentsibilizatzea eta prestakuntza ematea.

6. Ikastetxeko profesionalen arteko koordinazioa eta talde-lana sustatzea.

7. Ikastetxeen sareko lana garatzea, ezagutzak eta esperientziak truka ditzaten, eta ikastetxeen jardunbide egokiak eta hezkuntza-arrakasta lortzeko jarduketak zabaltzea.

8. Familiek ikastetxeko bizitzan benetan parte har dezatela sustatzea, bai eta ikastetxearen eta ingurunearen arteko koordinazioa ere.

9. Gelan eta ikastetxean bizikidetza positiboa garatzea, eta, horretarako, irakasleek, ikasleek, familiek eta gainerako eragile sozialek parte hartzea.

10. Ikasleak beren ikaskuntza prozesuan era proaktiboan inplikatzea bultzatzen duten hezkuntza-egoerak sustatzea, ikasleek hezkuntza proposamenetan eta erabakietan parte har dezaten.

Laugarrena.–Programaren garapena.

Programa 2019ko irailean hasiko da, eta elkarren segidako hiru ikasturtetan garatuko da. Programan parte hartzen duten ikastetxeek bi modalitate hauetako bat aukeratuko dute:

A modalitatea: Ikastetxea ikaskuntza-komunitate bihurtzea.

Ikaskuntza-komunitatea ikastetxea eta bere ingurunea eraldatzeko proiektua da, eskola-porrota gainditzera eta hezkuntza eta gizarte berdintasuna lortzera bideratua, hezkuntza prozesuen aldaketen bidez. Prozesuak honako fase hauek izaten ditu:

1. fasea. Sentsibilizazioa eta komunitate guztiak erabakiak hartzea. Proiektua eta esperientziak azaltzea hezkuntza-erkidegoko kide guztiei.

2. fasea. Ametsa: guztiendako nahi dugun eskolari buruz pentsatzeko aldia.

3. fasea. Ekintzen plangintza egitea, batzorde mistoen bidez (irakasleak, familiak, ikasleak, komunitateko beste kide batzuk), eta arrakasta duten jarduketak abian jartzea.

–Talde interaktiboak.

–Solasaldi dialogikoak.

–Senideak prestatzea.

–Irakasleen prestakuntza dialogikoa.

–Gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko eredu dialogikoa.

–Tutorepeko liburutegia.

B modalitatea: Ikastetxea eraldatu eta hobetzeko plan bat garatzea, ikastetxean berean sorturiko lan-ildoei jarraikiz.

Programa hiru fasetan ezarriko da, hiru ikasturteri dagozkienak gutxienez:

1. fasea. Ikastetxearen barne balorazioa (non gaude?) eta ekintza plan bat zehaztea (nora iritsi nahi dugu?).

–Programa bultzatzeko batzordeak sortzea eta eremuko lan sareak eratzea.

–Ikastetxearen egoeraren analisia honako gai hauei dagokienez, besteak beste: hezkuntza-inklusioa, estrategia metodologikoak, laguntzen antolaketa, prestakuntzara bideraturiko ebaluazioa eta familien eta komunitatearen parte-hartzea.

–Prestakuntza, arlo hauetan:

  • Eraldaketa prozesuak ikastetxeetan.
  • Metodologiak eta curriculuma eguneratzea, gaitasunen eta inklusioaren ikuspegitik.
  • Absentismoaren eta eskola-porrotaren prebentzioa.
  • Ikasgela antolatzea eta kudeatzea.
  • Prestakuntzako ebaluazioa.

–Hobekuntza ildoak identifikatzea eta hezkuntza eraldaketako esperientzia pilotuak praktikan jartzea.

2. fasea. Ekintza plana garatzea, honako hauek kontuan hartuta, besteak beste:

–Absentismoa eta garaia baino lehen eskola uztea prebenitzeko neurriak.

–Eskolarekiko lotura lantzea: gelako giro eta ikastalde positiboa sortzea.

–Aniztasunari erantzuteko moduaren antolaketa inklusiboa: laguntza inklusiboak, irakaslan partekatua, etab.

–Gelan metodologia aktibo, parte-hartzaile eta inklusiboak erabiltzea edo orokortzea. Hona hemen metodologia horietako batzuk: lankidetzan oinarritutako ikaskuntza, talde interaktiboak, literatura eta pedagogia solasaldiak, familiako kideen prestakuntza, berdinen arteko tutoretza, ikaskuntza dialogikoa, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza, zerbitzu-ikaskuntza...

–Ikastetxeko profesionalen koordinazioa eta talde-lana.

–Familien eta komunitatearen parte-hartzea.

3. fasea. Adostu diren eta balorazio positiboa izan duten aldaketa proposamenak sistematizatzea eta finkatzea:

–Aurreko faseetan hartutako antolaketa, curriculum eta metodologia erabakiak orokortzea.

–Prozesuaren eta ikasleen emaitzak baloratzea.

–Proposamenak eta erabakiak ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta urteko programazio orokorrean jasotzea.

Aurrekoaz gain, fase honetan dauden ikastetxeek aholkularitza ematen ahal diete programaren aurreko faseetan dauden ikastetxeei, aholkuak eta laguntza emanez ekintza plana diseinatzeko eta jarduketak zehazteko.

Programan parte hartzen duten ikastetxeak saretan antolatuko dira, eta sare bakoitzean 4 eta 6 ikastetxe artean izanen dira.

Sare horiek aholkulari bat izanen dute, prestakuntza prozesua gidatuko duena. Aldian behin, sareek topaketak egiten ahal dituzte, esperientziak trukatzeko eta prestakuntza elkarrekin jasotzeko.

PROEDUCAR-HEZIGARRI sareetan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak batzorde bat izendatuko du, zeina zuzendaritza taldeko kide batek, orientazio departamentuko edo HLUko kide batek eta hezkuntza mailetako ordezkariek osatuko baitute. Batzorde horretako kide bat koordinatzailea izanen da, eta prozesua gidatuko du bere ikastetxean, sareko lan-taldeetan parte hartuko du, eta bere ikastetxeko batzordea eta klaustroa dinamizatuko ditu.

Sareko lan bilerak hilero eginen dira. Bilera horietan, ikastetxe bakoitzean egin beharreko prestakuntza prozesua planifikatuko da, eta bereziki landuko dira hezkuntza jardunbide egokiak eta jarduketa eraginkorrak, esperientzia arrakastatsuen trukea eta adituen esku-hartzea baliatuz. Proposamenak ikastetxe bakoitzaren klaustroan aurkeztuko ditu koordinatzaileak, batzordearen laguntzarekin.

Bosgarrena.–Aldeen konpromisoak.

Ikastetxeak konpromiso hauek hartuko ditu bere gain:

1. Batzorde edo talde gidari bat eratzea programa dinamizatu eta sustatuko duena eta haren jarraipena eginen duena. Zuzendaritza taldeko kide batek, orientazio departamentuko edo HLUko kide batek eta hezkuntza mailetako ordezkariek osatuko dute.

Batzordeko kideek bi irakastordu izanen dituzte astean lan horietarako, eskola-ordutegiaren barnean. Proiektuaren koordinatzaileak beste 3 ordu izanen ditu astean, zuzeneko irakaslaneko ordu gisa zenbatuko direnak, administrazioak eskatutako sareko koordinazio bileretara eta prestakuntza topaketetara joateko, eta ikastetxean batzordearekin eta klaustroarekin dinamizazio lanak egiteko. Ikastetxeak koordinatzailearen ordutegia egokituko du astearte goizak lan horri eskaini ahal izateko.

2. Balorazio bat egitea gelako eta ikastetxeko dinamikei buruz, eta baita dinamika horiek gaitasunak lortzeko, aniztasunari modu inklusiboan erantzuteko eta ikastetxeko bizikidetza bultzatzeko duten eraginkortasunari buruz ere. Zentroek beren indarguneak identifikatu beharko dituzte, bai eta hobetu beharreko alderdiak ere absentismoa eta eskola-porrota murrizte aldera eta ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eskaintze aldera.

Barne ebaluazio horren emaitzak erabiliko dira ikastetxean egiten ari diren jarduketak baloratzeko, eta oinarri izanen dira gerora hobekuntza planean sartuko diren proposamenak egiteko.

3. Adosturiko ekintza plana ezartzea.

4. Hezkuntza Departamentuak antolatzen dituen prestakuntza eta akonpainamendu saioetan parte hartzea. Ikastetxean bertan prestakuntza proiektu bat garatuko da deialdiari lotutako irakasle guztiendako, programako jarduketak ardatz hartuta. Batzordea osatzen duten pertsonek konpromisoa hartzen dute, gainera, horretarako eratutako sareen esparruan antolatzen diren koordinazio eta prestakuntza bileretara joateko.

5. Ahal dela, PROEDUCAR-HEZIGARRI sareko beste ikastetxe batzuen eskaerei erantzutea, ikastetxea bisitatu nahi badute ezartzen ari den eraldaketa prozesua ezagutzeko.

6. Programa jasotzea eta horren ondoriozko jarduketak erregistratzea ikastetxearen agiri instituzionaletan, hezkuntza komunitateak partekatzen eta bere egiten duen proiektu bat baita, eta programatutako jarduketa guztiak biltzen dituen proiektu bateratzaile gisa hartzea.

Hezkuntza administrazioak konpromiso hauek hartzen ditu:

1. Irakasleei prestakuntza eskaintzea, gai hauei buruz: kudeaketa eta antolaketa ereduak, jarduketa plan koordinatuen garapena eta ezarpena, eta prozesu osoaren balorazioa.

2. Ikastetxeetako prestakuntza plan berekien garapena erraztea, deialdi honen eraginpeko esparruetan.

3. Kanpoko adituen laguntza eta aholkularitza ematea, prozesuaren fase batean edo programaren garapenari lotutako gai batean beharrezkoa bada. Aurreko puntuak gauzatzeko, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza talde bat izendatuko du, ikastetxeei prozesu osoan laguntza eta aholkuak emateko.

4. Parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleak programako beste zentro batzuetara eta jardunbide egokien eredu direnetara joan eta bertan egon daitezen sustatzea eta erraztea.

5. Koordinatzaileari hiru irakastordu ematea beste zentro batzuekin egin beharreko sareko lana eta jarduketak diseina eta koordina ditzan.

6. Parte-hartzaile guztiei egiaztatzea jaso duten prestakuntza, eta berrikuntza proiektuan koordinatzaile gisa (batzordekideei) edo parte-hartzaile gisa (parte hartzen duten gainerako irakasleei) egindako ekarpena ofizialki aitortzea.

7. Ikastetxeen sareko lana sustatzea, ezagutzak eta esperientziak truka ditzaten, eta ikastetxeen jardunbide egokiak zabaltzea.

Seigarrena.–Batzordeen osaera.

Batzordea edo talde gidaria zuzendaritza taldeko kide batek, orientazio departamentuko edo HLUko kide batek eta hezkuntza mailetako ordezkariek osatuko dute.

Osaera, ikastetxean (edo, hala bada, proiektuaren hasieran dauden maila edo etapetan) matrikulatutako ikasleen kopuruaren arabera:

IKASLE KOPURUA

BATZORDEKIDEAK

500 baino gehiago

6 pertsona

300 baino gehiago

5 pertsona

100 baino gehiago

4 pertsona

100 baino gutxiago

3 pertsona

Ahalegina eginen da batzordean bloke bakoitzeko ordezkari bat egon dadin eta familien eta komunitatearen (auzoa edo herria) ordezkariak sar daitezen prozesuaren faseren batean, eta bileretan parte har dezaten, ahal den neurrian.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

PROEDUCAR-HEZIGARRI programaren deialdian parte hartu nahi duten ikastetxeek hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari zuzenduko zaizkio.

Ikastetxe eskatzaileek eskaera posta-bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko dute, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten, ziurtatu aurretik.

Zortzigarrena.–Ikastetxeen aukeraketa.

1. Gehienez ere 40 ikastetxe berri hautatzen ahalko dira 2019-2020 ikasturterako.

2. Zentro berriak hautatzeko irizpideak honako hauek dira:

a) Ikastetxean dauden egoera ahuleko ikasleen kopurua eta/edo portzentajea (EDUCAko erroldan erregistratuak).

b) Programa abian jarriko den zentroan (edo Bigarren Hezkuntzan abian jartzen den mailetan –DBH 1 edo DBH 1 eta 2–) programa sostengatzen duten irakasleen portzentajea. Bozketa eginen da klaustroan, eta emaitza jasotzen duen akta burutza honetara bidaliko da (2. eranskina). Programan parte hartzeko, emandako botoen %70ek programan sartzearen aldekoak beharko dute izan.

c) Dagoeneko programaren barnean dagoen zentro bati atxikita egotea, hari jarraipena emateko.

d) Programaren hartzaile diren ikasleen kopurua.

Programan parte hartzeko eskaerak, halaber, zentroko eskola kontseiluaren babesa izanen du, gehiengo soilez.

II. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1905700