2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ELO
Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Eloko Udalak, 2018ko abenduaren 12an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzen dituen ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 7an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Elon, 2019ko apirilaren 1ean.–Alkatea, Izaskun Zozaya Yunta.
DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da Eloko udalerrian desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman 98/376/CE Gomendioari eta abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuari jarraituz, azken honen bitartez arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak eman eta erabiltzeko baldintzak. Helburua da testu arau-emaile honen bigarren artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten pertsonek automobila sarbide edo helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatu ahal izatea, joan-etorri luzeak saihesteko.
2. artikulua. Baldintzak.
1. Eloko Udalak emandako aparkatzeko txartela eskuratzen ahalko dute desgaitasuna ofizialki aitortua duten pertsona fisikoek, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginaren 4.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi baitzuen, baldin eta eskabidea egiteko unean baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Udalerrian erroldatuta egotea.
b) Minusbaliotasun bat izatea; desgaitasun mota hauetako bat gutxienez frogatu beharko da:
–Lokomozio aparatuko desgaitasunen baten ondorioz mugikortasuna murriztua izatea eta honako alderdi hauek frogatzea:
Minusbaliotasun maila %33koa edo handiagoa duela frogatzen duen ziurtagiria, garraio publiko kolektiboak erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan eskuratutako puntuak agertuko dituena, abenduaren 23ko 1971/4999 Errege Dekretuaren eranskinean jasotzen baita; hau da, garraio publiko kolektiboa erabiltzea eragozten duten mugikortasun arazoak direla erabakitzeko baremoan A, B edo C atalean egotea edo D, E, F, G eta H ataletan, 7 puntu edo gehiago baldin baditu.
–Desgaitasuna ikusmenekoa bada, honako hau frogatu behar da:
–Desgaitasuna %33koa edo handiagoa dela dioen ziurtagiria.
Egoera honen gaineko ziurtagiria:
Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 (1/10 Wecker eskalan) edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.
Bi egoera horiek, bai mugikortasun murriztuak bai ikusmeneko desgaitasunak, desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute. Talde horiek desgaitasun eta minusbaliatasun maila kalifikatzeko eginkizunak eskualdatuak dituzten erkidego autonomoetako organoen menpeko organo tekniko eskudunen baitan egonen dira, minusbaliotasunaren aitorpena, deklarazioa eta haren mailaren kalifikazioa egiteko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan ezarritako aurreikuspenekin bat. Hartara, talde multiprofesional horiek irizpena emanen dute, aginduzkoa eta lotestea izanen dena, Udalak ondotik txartela eman dezan.
Artikulu honetan eskatzen diren baldintzak betez gero, dagokion aparkatzeko txartela emanen zaio.
2. Orobat, aparkatzeko txartelaren titularrak izan ahalko dira soilik desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko ibilgailuen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak, Mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legean aipatzen diren gizarte zerbitzuak ematen badituzte mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko, edo baita ere Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginean aipatzen diren gizarte zerbitzuak ematen badituzte (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia).
3. Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta irizpen ofizialik izan ez, larritasun handiko gaixotasun edo patologiaren bat dutelako, eta horrek bizi-itxaropena, bere adinerako naturaltzat jotzen dena, nabarmen jaisten badu, bai eta gainerako egoera pertsonalengatik ere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean. Kasu horretan, osasun arloko zerbitzu publikoetako medikuek luzatutako ziurtagiria beharko da. Aparkatzeko behin-behineko txartelak urtebeterako emanen dira gehienez ere, eta epe bererako luzatu ahalko dira, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira. Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.
3. artikulua. Eskatzeko prozesua.
Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.
Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Eskatzailearen izen-deiturak.
–Karnet tamainako argazki bat.
–NANa.
–Udal erroldaren ziurtagiria.
–Iraungitako txartela, txartela berritu nahi denean,.
–Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluan jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.
Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari eskatzen ahalko dio eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela dioen txostena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.
–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balidatua.
–Ordenantza honen 1. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.
Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.
4. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.
Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
–Txartela norberarena baino ez da eta ezin da eskualdatu; hura erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo desgaitasuna duen titularrak berak gidatu beharko du. Txartela erabiltzen bada desgaitasuna duen pertsona ez dagoenean, besterik gabe kenduko zaio eta ezinezkoa izanen du etorkizunean txartelik erdiestea. Desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko txartel bakarra emanen da. 2.2 artikuluan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.
–Txartela jasotzen dutenek, txartel hori lortzeko baldintzetan edo betebeharretan aldaketaren bat izaten bada, horren berri eman behar diote Udalari. Aldaketen berri ez ematea txartela besterik gabe kentzeko arrazoi izanen da. Udalak ahalmena izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion errekerimenduak egiteko, ordenantza hau betetzeko.
–Txartela aurrealdeko haizetakoan paratu beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.
Aparkatzeko txartelaren titularrek, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago, honako eskubide hauek edukiko dituzte Estatu osoan:
a) Aparkatzeko tokia erreserbatzea etxetik edo lantokitik hurbil, kasuan kasuko administrazioari eskaera egin eta beharra justifikatu ondoren, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazioek ezartzen dituzten baldintzen arabera. Irisgarritasunaren nazioarteko sinboloarekin seinalatu beharko da toki hori.
b) Desgaitasuna duten pertsonendako gaitutako lekuetan aparkatzea.
c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzea, hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa galarazi gabe.
d) Zamalanetarako erreserbatutako eremuetan gelditu edo aparkatzea, tokiko administrazioak ezarritako baldintzetan, oinezkoei edo trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie.
e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.
f) Zirkulazioa bertako bizilagunendako mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea, helmuga aipatutako eremu horren barnean badago.
2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta kasuetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.
5. artikulua. Balio-epea eta berritzea.
Aparkatzeko txartelen balio-epea honako hau izanen da: bost urte.
Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.
Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio-epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.
Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarrean jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.
Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea motzagoa baldin bada artikulu honetan aipatutako balio-epea baino, txartelaren balio-epea bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.
Salbuespena: desgaitasuna aldi batekoa denean, kasuan kasuko erakundeak emandako ziurtagiriaren arabera; halakoetan, txartelaren balio-epea ziurtagirian agertzen dena izanen da.
Berritzea eskatzen denean hirugarren artikuluan aipatu agiriak aurkeztu beharko dira, txartela lortzeko baldintzak aldatu ez direnean izan ezik, orduan karnet tamainako kolorezko argazki berria besterik ez baita aurkeztu beharko. Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.
Gaur egun indarra duten txartelak baliozkoak izanen dira, txartela emateko jatorrizko dokumentuan ezarritako epea bete arte, baina berritzen direnean txartelak eskuratzeko hemen onartu diren baldintzak bete beharko dituzte.
6. artikulua. Titularren betebeharrak.
1.–Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:
a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.
b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-mahaian jartzea, edo aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.
c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.
d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak betetzean.
e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.
2.–Betebehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Horiez gain, legezko eta araubidezko xedapenetan ezarritako zigorrak ekar ditzake.
Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.
Txartela deusezta nahiz aldi baterako ken daiteke interesdunei entzunaldia emateko espedientea tramitatu aurretik ere.
Arau-hauste eta zehapenak
Arau-hauste administratiboak honako hauek dira:
a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak ezkutatzea.
Arau-hausteak 300 eurotik 600era bitarteko zehapena izanen du.
Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.
b) Txartelak erabiltzea administrazioaren emakidarik gabe edo haren indarraldia amaituta.
Arau-hausteak 300 eurotik 600era bitarteko zehapena izanen du.
Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.
c) Txartelak erabiltzea eskubidearen titularrak ez direnak eramateko.
Arau-hausteak 300 eurotik 600era bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arte.
Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.
Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatuari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.
7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.
Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Titularraren datuak:
Izen-abizenak
Helbidea
NANa ...................................
Harremanetarako telefonoa ...........................
Ibilgailuaren datuak*
Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako erabiltzen den ibilgailuaren matrikula: .............................
ESKATZEN DUT:
Eskatutako baldintzak betetzen ditudala egiaztatuta, desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartela eman dakidala.
……….…………(e)n, ……..(e)ko ……….………aren….(e)an
Sinadura
(*) Soilik, eskatzailea baldin bada Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzen dituen ordenantzaren 2. artikuluko 2. atalean aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoen sailekoa.
Erantsi beharreko agiriak:
–Karnet tamainako argazki bat.
–NANa.
–Erroldatze-ziurtagiria.
–Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.
–Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona bada: desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa kalifikaziorako eta desgaitasun maila aitortzeko talde multiprofesionalek eman beharko dute.
–Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak balidatua.
–Pertsona fisikoek edo juridikoek desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako txartela eskatzen badute, honako hau frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: ematen dituztela autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta emateko zerbitzuak edo desgaitasuna duten pertsonendako eta horiek gizarteratzeko gizarte zerbitzuak.
Iragarkiaren kodea: L1904442