94. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

31E/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 3koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira deialdi baten oinarriak, Nafarroako toki entitateei kirol instalazioen arloan inbertsioak egiteko dirulaguntzak emateko 2019. urtean. DDBN identifikazioa: 453174.

Kirolak Nafarroako toki entitateetan sortzen duen lehentasunetako bat da kirol instalazioak eraikitzea, handitzea eta hobetzea da, kirola behar bezala egin ahal izateko. Xede horretarako, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bitartez, beharrezkotzat jo du dirulaguntzak emateko irizpideak ezarriko dituen laguntza deialdi bat ezartzea.

Kontuan hartuta azken urte hauetan toki entitateei ez zaiela dirulaguntzarik eman Nafarroako kirol instalazioak birmoldatu, kontserbatu eta eraikitzeko, eta kirol instalazioen arloan inbertsioak beharrezkoak direla horiek gaurkotu beharra dagoelako, beharrezkoa da kirol instalazioen arloan inbertsioak egiteko laguntza deialdi bat egitea 2019an ere.

Gainera, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretu berriaren xedea araudia eguneratzea da, Nafarroako igerilekuen kalitatea eta segurtasuna areagotzen lagundu eta haiek erabiltzen dituzten pertsonen osasunaren babesa eta segurtasuna hobetzeko.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, bere 6.2.o) artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dio kirol jarduerak sustatzeko eskumena, laguntza eta dirulaguntzak emanez horretarako. Halaber, 79.5 artikuluan ezartzen da Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatearen interes orokorrerako presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituen kirol instalazioak eraikitzea eta haietarako jarduketak egitea sustatu ahal izanen dituela.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipioak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateei 2019. urtean dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, kirol instalazioen arloan inbertsioak egin ditzaten, horiek araudira egokitu eta eraberritze lanak egiteko, foru agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez ere 1.300.010,00 euroko gastua baimentzea Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “(E) Toki entitateentzako deialdia, kirol instalazioak eraberritzeko eta eraikitzeko” izeneko A50001 A5410 7609 336102 partidaren kargura. Horietatik, 2019ko gastuen aurrekontuko 500.000 euro izanen dira erabilera kolektiboa duten titulartasun publikoko igerilekuetako ontziak eta haien gune osagarriak araudira egokitzeko, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuari jarraikiz, eta 800.010,00 euro, berriz, kirol instalazioak eraberritu eta handitzeko lanak egiteko.

3. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

4. Foru agindu hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari jakinaraztea. Dokumentazio hori guztia, baita gainerako eranskinak ere, interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 3an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako toki entitateei 2019. urtean dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, kirol instalazioak araudira egokitzeko eta eraberritzeko inbertsioak egin ditzaten, erabiltzaileei zerbitzuak ematea hobetzen lagunduko dutenak.

Nolanahi ere, deialdi honen oinarrietan aipatzen diren kirol instalazioak Foru Komunitateko kirol instalazioen Oinarrizko Eskuliburuari eta/edo NIDE araudiari egokituko zaizkio, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren irizpidearen arabera, bai eta eraikinen gaineko araudi orokorrari ere.

Araudira egokitzeari dagokionez, erreferentzia urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua da. Foru agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezarri ziren.

Dirulaguntzen zenbatekoaren xedea toki entitateetako erabilera publikoko kirol instalazioen erabilera bultzatzea da, Nafarroako Foru Komunitateko bizilagunek, kirol praktikaren bidez, bizi kalitate handiagoa izateko eta elkartasunean eta bizikidetzan oinarritutako jarduera soziala garatzeko aukera izan dezaten, horiexek kirolak sustatutako balioak baitira. Horren guztiaren helburua Nafarroako herritarren ohitura osasuntsuak eta jarrera zibikoak hobetzea da.

2. Helburua.

Jarduketa motaren arabera, inbertsioak jada eraikita dauden instalazioen premiazko eta beharrezko eraberritze lanetara soilik bideratuko dira, eta alde batera utziko dira obra berrietarako eta handitze lanetarako inbertsioak.

Erabilera publikoko igerilekuetako ontziak aplikatu beharreko araudira egokitzeko eskaerak ere onartuko dira. Araudi hori Nafarroako Foru Komunitateko Igerilekuek bete beharreko Higiene eta Osasun Baldintzak eta Segurtasun Baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua da.

3. Onuradunak.

Dirulaguntza hauek kirol instalazioak egokitu edo eraberritu nahi dituzten Nafarroako toki entitateek eska ditzakete, betiere obra espedientearen exekuzioa 2019ko ekitaldi ekonomikoan bukatzen bada, edo obra 2019. urtean gauzatzen bada eta obraren zenbatekoa baldin bada dirulaguntza jaso duen aurreikusitako inbertsioa adinakoa edo hortik gorakoa.

4. Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

4.1. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabide-orria, behar bezala beteta, eta datuen adierazpena (II. eranskina).

b) Gauzatu beharreko obren oinarrizko proiektuaren ale bat, teknikari eskudun batek izenpetua, non deskripzio-memoria bat jasoko baita, egungo egoeraren argazkiak, plano orokorrak eta kapituluz kapituluko aurrekontua bilduko dituena.

Aurreikusitako inbertsioa 60.000 eurotik beherakoa bada, aski izanen da memoria baloratua aurkeztea, non deskripzio-memoria bat jasoko baita, egungo egoeraren argazkiak eta aurrekontu orokorra bilduko dituena.

Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak ezinbestekoak diren oharrak adieraziko ditu aurkeztutako jarduketen gainean, bete beharreko premia orokorretara egokitu daitezen, baita gastu publiko ororen aplikazioan eraginkortasun egokiaren ikuspegitik ere. Horrek, hala ere, ez du ekarriko dirulaguntza ematea, nolanahi ere hura deialdiaren baldintzen eta beteharren menpe egonen baita, ez eta eskaera baloratzeko prozesuan puntuazio altuagoa izatea ere.

c) Obraren xedeko lurren edo eraikinen jabetza ziurtagiria, indarrean den hirigintzako araudiarekin bateragarriak direla eta obrak hasteko unean erabiltzen ahal direla adierazita.

d) Aurreikusi den finantziazioari buruz tokiko entitateak eta, kasua bada, entitate kofinantzatzaileek hartutako erabakiaren ziurtagiria, haietako bakoitzak aurreikusitako zenbatekoak xehatuta. Ziurtagiri horretan adieraziko dira ekarpenaren jatorria (funts berekiak, dirulaguntzak, kreditu finantzarioak edo beste batzuk) eta obrak egiteko aurreikusitako epeak, eta, hala badagokio, urte anitzeko obretan inplikatutako ekitaldi ekonomikoak. V. eranskina.

e) Toki entitatearen ziurtagiria, honako konpromiso hauek biltzen dituen akordioa jasotzen duena: batetik, dirulaguntza zertarako eman den, helburu zehatz horretarako mantendu beharko du instalazioa gutxienez 20 urtez; bestetik, erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, kontuan hartuko da horiek dagokion erregistro publikoan inskribatu behar direla.

f) Kirol instalazioen tokiko plana, III. eranskinaren arabera.

Kirol instalazioen tokiko plana NKGIk diruz lagundu badu, aski da laguntza ematen duen ebazpena aipatzea.

g) Eskatzaileari bere eskaera sendotzeko interesgarriak iruditzen zaizkion gainerako dokumentuak, foru agindu honetan adierazitako irizpide eta adierazleekin loturik.

Eskaerek, titulartasun publikoa duten erabilera kolektiboko igerilekuetako ontziak eta haien gune osagarriak egokitzea proposatzen badute, egiaztatu beharko da proiektua edo eraikuntza-memoria Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aurkeztu dela, proiektaturiko jarduketak urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretura egokitzen diren baloratzeko. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezarri ziren.

4.2. Dokumentuek jatorrizkoak izan beharko dute, edo administrazioak kautotutako kopiak.

4.3. Adierazitako agirien aurkezpenean akatsik ikusiz gero, edo osoki beterik ez badago, ikusitako akatsa zuzentzeko eskatuko zaio toki entitate eskatzaileari, eta, ondorio horietarako, 10 egun balioduneko epea emanen zaio, ikusitako gabeziak zuzentzeko. Horretaz gain, adieraziko zaio ezen epe horretan zuzenketarik egiten ez badu eskaera ezetsitzat joko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5. Aurkezteko tokia eta epea.

5.1. Dirulaguntza jasotzeko eskabidea eta hasierako dokumentazioa deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 30 egun natural igaro arte aurkezten ahalko dira, egun hori barne.

5.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

5.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL), ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematika bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

5.4. Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6. Dirulaguntzaren hautaketa, balorazioa eta zenbatekoa.

6.1. Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak instruituko ditu laguntzak emateko prozedurak, bera baita aurkeztutako agiriak bideratu, baloratu eta aztertuko dituena, foru agindu honen I. eranskineko 2. oinarrian eta 6. oinarri honen 3. atalean ezarritakoarekin bat. Ondoren, dirulaguntzak emateko proposamena eginen dio Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, dirulaguntzen deialdia ebatzi dezan.

Eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak gaian eskumenak dituzten instituzioen eta erakundeen txostenak eskatzen ahalko ditu, egoki iruditzen zaionean. Kasu horretan, txosten horiek, lotesleak izan gabe, dirulaguntza ematea egokia den baloratzeko balioko dute.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetza izanen da. Eskaerek, titulartasun publikoa duten erabilera kolektiboko igerilekuetako ontziak eta haien gune osagarriak egokitzea proposatzen badute, izan beharko dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako aldeko txostena, proiektaturiko jarduketek urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuan ezarritakoa betetzen dutela dioena. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezarri ziren.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak toki entitate eskatzaileei.

6.2. Deialdi honetan laguntzen onuradun suertatutako toki entitateek dirulaguntza lortzen ahalko dute, orokorrean, aurkeztutako proiektuaren kirol obrari dagokion aurrekontuaren 100eko 60raino, 120.000 euro gehienez.

6.3. Balorazio irizpideak:

A.–Zenbat biztanle dauden instalazioa dagoen herriko biztanleen baldintza berberetan sar daitezkeenak: 40 puntu arte.

–Eragin eremuko biztanle kopurua (20 puntu arte).

  • 12.000 biztanle baino gehiago: 1 puntu 1.000 biztanleko edo dagokion zatikia 12.000 biztanletatik aurrera (gehienez ere 20 puntu).
  • 2.000 eta 12.000 biztanle artean: 1 puntu 500 biztanleko edo dagokion zatikia 2.000 biztanletatik aurrera (gehienez ere 20 puntu).
  • 2.000 biztanletik behera: 1 puntu 100 biztanleko edo dagokion zatikia (gehienez ere 20 puntu).

–59 urtetik gorako biztanleen portzentajea (10 puntu arte).

Puntuazioa honela emanen da: 59 urtetik gorako biztanle kopuru handiena duen toki entitateari, gehieneko puntuazioa; gainerakoei, dagokien balio ponderatua, hiruko erregela zuzena aplikatu eta gero.

–Populazioaren sakabanaketa. Biz./km² (10 puntu arte).

Puntuazioa honela emanen da: km²-ko biztanle kopuru txikiena duen toki entitateari, gehieneko puntuazioa; gainerakoei, dagokien balio ponderatua, alderantzizko hiruko erregela aplikatu eta gero.

B.–Beharraren justifikazioa: 60 puntu arte.

–Inbertsioa. Inbertsiorako beharrezko zenbatekoei jarraikiz, eta aurkeztutako NKGIren arabera, puntu bat inbertsiorako beharrezko 10.000 euroko. 20 puntu arte.

–Kokalekua. Ikastetxe publikoa 100 m baino gutxiagora badago, eta instalazioa irakastorduetan eskolako Gorputz Hezkuntzarako erabiltzeko konpromisoa badago. 8 puntu arte.

–Kirol klub eta elkarteen erroldan erregistratuta dauden herriko kluben kopurua. 1 puntu kirol edo kirol elkarte bakoitzeko. 6 puntu arte.

–Lehiaketa ofizialetarako federatuta dauden eta eraberritu beharreko instalazioa erabiltzen duten herriko taldeen kopurua. 1 puntu talde bakoitzeko. 6 puntu arte.

–Instalazioa eraberritzearen ondorioz egiten hasiko diren kirol modalitateen kopurua. 1 puntu kirol modalitate edo espezialitate berri bakoitzeko. 6 puntu arte.

–NKGIn adierazita dauden baina instalazioa eraberritu arte programatzen ahal ez diren kirol jardueren kopurua. 2 puntu gaur egun programatzen ahal ez den jarduera bakoitzeko. 8 puntu arte.

–Luzamendua. Irailaren 19ko 105/2012 Foru Dekretua oinarri harturik, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuan agindutako zenbait eskakizunetara egokitzeko epea luzatzearen eskatzaile gisa dagoen antzinatasuna. 1 puntu eskaeraren antzinatasun urte bakoitzeko. 6 puntu arte.

6.4. Prozedura: eskaera bakoitza 6. oinarriaren 3. atalean ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko da, eta haietako bakoitzari dagokion dirulaguntza emanen zaio, 6. oinarriaren 2. atalean ezarritako portzentajeak eta gehieneko kopuruak kontuan harturik.

Erabilgarri dagoen kreditu osoa (1.300.010,00 euro) bi multzotan banatuko da, honako zenbatekoekin:

1) Kirol instalazioak eraberritzea proposatzen duten proiektuak (800.010,00 euro). Multzo hau hiru taldetan banatuko da (jarduketak eginen diren udalerrietako biztanleen kopuruaren arabera), honako zenbatekoekin:

a) Jarduketak 12.000 biztanletik gorako udalerri eta hiriguneetako kirol instalazioetan. 300.000 euro gehienez.

b) Jarduketak 2.000 eta 12.000 biztanle arteko udalerri eta hiriguneetan. 360.000 euro gehienez.

c) Jarduketak 2.000 biztanletik beherako udalerri eta hiriguneetan. 140.010 euro gehienez.

Baldin eta, behin aurkeztutako eskaera guztiei erantzunda, ez bada betetzen atal bati dagokion zenbatekoa, soberako zenbatekoa beste atal baterako erabil daiteke (aurkeztutako eskaeren arabera beharra duen eta biztanle gehiagoko udalerri eta hiriguneak dituen hurrengo atalerako); azkenik, diru kopuru erabilgarririk gelditzen bada, erabilera publikoko igerilekuei buruzko araudira egokitzeko erabiliko da, Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak proposaturik.

2. Erabilera publikoko igerilekuei buruzko araudira egokitzeko obrak proposatzen dituzten proiektuak (500.000 euro). Aurreko kasuan bezala, multzo hau hiru taldetan banatuko da (jarduketak eginen diren udalerrietako biztanleen kopuruaren arabera), honako zenbatekoekin:

a) Jarduketak 12.000 biztanletik gorako udalerri eta hiriguneetako kirol instalazioetan. 225.000 euro gehienez.

b) Jarduketak 2.000 eta 12.000 biztanle arteko udalerri eta hiriguneetan. 200.000 euro gehienez.

c) Jarduketak 2.000 biztanletik beherako udalerri eta hiriguneetan. 75.000 euro gehienez.

Baldin eta, behin aurkeztutako eskaera guztiei erantzunda, ez bada betetzen atal bati dagokion zenbatekoa, soberako zenbatekoa beste atal baterako erabil daiteke (aurkeztutako eskaeren arabera beharra duen eta biztanle gehiagoko udalerri eta hiriguneak dituen hurrengo atalerako); azkenik, diru kopuru erabilgarririk gelditzen bada, kirol instalazioen eraberritzeen multzorako erabiliko da, Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak proposaturik.

Bi eskaera edo gehiagoren artean puntuazioan berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien dituen toki entitatearen alde ebatziko da.

7. Ebazpena.

7.1. Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena gehienez lau hilabeteko epean emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da, baita foru agindu honen 6. oinarriaren 2. atalean ezarritako zenbatekoen menpe ere.

Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzak eskuratzeko.

7.3. Dirulaguntza emateko ebazpena SISNOT aplikazioaren bidez jakinaraziko da.

7.4. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izaten bada, laguntza emateko ebazpena aldatuko da.

7.5. Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, dirulaguntzaren frogagiriak aurkeztu ondoren.

7.6. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin, betiere jarduketa zehatzetarako berariazko beste deialdirik ez badago. Diruz lagundutako zereginak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, jasotzen diren dirulaguntzen zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren %60a.

8. Betebeharrak.

8.1. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateak dokumentazio hau aurkeztera beharturik daude, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean:

a) Exekuzio proiektu ikus-onetsia edo memoria ikus-onetsia, hasierako oinarrizko proiektuan egindako zuzenketak eginda, kasua bada.

b) Jarduketek, titulartasun publikoa duten erabilera kolektiboko igerilekuetako ontziak eta haien gune osagarriak eraberritzea proposatzen badute, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako aldeko txostena, proiektaturiko jarduketak urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretura egokitzeari buruzkoa. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezarri ziren.

c) Gardentasunari buruzko aitorpenaren inprimakia. IV. eranskina.

8.2. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateek hurrengo agiriak aurkeztu beharko dituzte 2019ko azaroaren 30a baino lehen, onetsitako dirulaguntza ordaintzeko:

a) Obren adjudikazioaren akta, bertan adierazita datu hauek, gutxienez: adjudikazioaren data, enpresa adjudikazioduna identifikazio datuak adierazita (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria) eta esleipenaren zenbatekoa.

Obrak administrazioak egiten baditu, adjudikazioaren aktaren ordez, toki entitatearen organo eskudunak hartutako akordioa sartuko da, eta hartan adieraziko da obrak era horretan eginen direla.

b) Zuzendaritza fakultatiboaren izendapenaren akta, teknikariaren edo teknikarien identifikazio datuak adierazita (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria).

c) Toki entitatearen ziurtagiria, idazkariak luzatua eta alkate udalburuak ikus-onetsita, non frogatzen baita hornitzaileak efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraituz hautatu direla: proiektuaren egileak, obra zuzendaritza, enpresa eraikitzailea eta obren prozesuan parte hartzen duten beste hornitzaile batzuk (VI. eta VII. eranskinak).

d) Obren harrera-akta, jabeek, enpresa adjudikaziodunak eta zuzendari fakultatiboak sinatua.

e) Obra amaierako jatorrizko ziurtapena, zuzendaritza fakultatiboak, toki entitatearen ordezkari batek eta enpresa adjudikaziodunaren ordezkari batek sinatua.

f) Gastu osoari dagozkion jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak, eta, dirulaguntzaren xede izanik, gastu guztiak ordaindu izanari buruzko ziurtagiria.

Obraren exekuzioa 2019ko azaroaren 30erako bukatu ez bada, eta toki entitateak ez badu justifikatu obra 2019an gauzatu duela eta obraren zenbatekoa izan dela dirulaguntza jaso duen aurreikusitako inbertsioa adinakoa edo handiagoa, dirulaguntzaren zenbatekoa orokorrean murrizketaren arabera gutxituko da.

g) Euskarri informatikoa, benetan egindako obren proiektua bilduko duena, jatorrizko obren proiektuarekiko aldaketak eginda, kasua bada. Betiere, egindakoaren memoria, azken likidazioa, behin betiko planoak eta jatorrizko egoeraren eta bukaerako egoeraren argazki dosierra jaso beharko ditu.

8.3. Diruz lagundutako jarduketak, inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, erregistro publiko batean inskribatu beharko dira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta hura eman duen entitatea eskrituran adierazita.

8.4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

8.5. Dirulaguntzaren onuradun den entitateak 2019ko azaroaren 30ean ez badu 8.2 oinarriaren d) eta e) ataletan eskatutako dokumentazioa obrak oraindik bukatu ez direlako, horren ordez entitateko idazkariaren idazki bat aurkeztuko du, alkateak/udalburuak ontzat emana. Idazki horren bidez, konpromisoa hartuko du dokumentazioa 2020ko maiatzaren 31 baino lehen aurkezteko. Epe hori iraganik dokumentazioa aurkeztu gabe, jasotako zenbatekoak (jaso badira) itzultzeko prozedura hasten ahalko da.

8.6. Obrak exekutatuko dira diruz lagundutako proiektuari jarraikiz, ezertan galarazi gabe toki entitateek eskatuta gertatzen ahal diren aldaketak. Aldaketa horiek Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak baimendu beharko ditu, betiere kontuan hartuta dirulaguntzaren xede den inbertsioaren gaineko kostuaren igoerak onuradunaren bizkar izanen direla.

8.7. Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da, betiere dirulaguntzaren zenbatekoek gainditzen badituzte obren azken kostuari dagokionez ezarritako gehieneko portzentajeak.

8.8. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateek onartu eta erraztu beharko dute Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen frogak eta dokumentuak aurkeztea.

8.9. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak bitarteko, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Dirulaguntza hartzen duen erakunde onuraduna beharturik dago obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein dokumentazio ematera.

8.10. Toki entitateek dirulaguntza jaso duen kirol instalazioa erabiltzen utziko diete, beren herriko bizilagunei bezalaxe, entitate onuraduna dagoen kirol eskualde bereko beste herri batzuetan bizi diren nafarrei ere. Halaber, entitate onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako kirol instalazioaren erabilera Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari uzteko, programa berekietarako edo hark intereseko deklaratutako entitate edo jardueretarako. Kasu hauetan erabilera doakoa izanen da. Lankidetza-hitzarmen bat formalizatu ahalko da, diruz lagundutako instalazioaren erabilera partekatua egiteko.

9. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, toki entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzaren bidez.

10. Ez-betetzea.

10.1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak eman direla egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren helburuak aldatuz gero, hura galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, deusetan ukatu gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Orobat, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

10.2. Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez behin betiko emandako dirulaguntza bati uko egitea edo hura errebokatzea irizpide negatibotzat jotzen ahal da eskatzaileak hurrengo deialdietan aurkeztuko dituen eskaerak baloratzeko orduan, eta horiek bigarren mailako lehentasuna izanen dute ondorengo bi deialdietan.

11. Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.

Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42., 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

12. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

13. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F1906106