94. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Udal ordenantza, Kirol instalazioen erabilera arautzen duena.
Behin betiko onespena

Funesko Udalak, 2019ko otsailaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udalaren kirol instalazioen erabilera arautzen dituen udal ordenantza, eta 2019ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 28an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Funesen, 2019ko apirilaren 8an.–Alkatea, Ignacio Domínguez Martínez.

UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Udalaren kirol instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzea, bai eta instalazio horiek baliatzen dituzten pertsonen eskubideak eta betebeharrak ere; hala, bada, Udalaren kirol instalazio guztietan izanen da aplikagarria, bertan ezarritako baldintzetan.

Honako ordenantza hau Funesko Udalaren antolamendu juridikoari atxikirik geldituko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua.

Udalaren kirol instalazioak jabari publikoko ondasunak dira, zerbitzu publikora zuzenduak eta, funtsean, kirolarekin, kulturarekin eta aisialdiarekin zein erabiltzaileen jostetarekin lotutako xedeetara.

3. artikulua.

Ordenantza honetan xedatzen denaren ondorioetarako, Udalaren kirol instalaziotzat jotzen dira udal igerilekuak eta horien instalazio osagarriak, hala nola: frontoia, tenis pista, erabilera anitzeko pista, jolas eremua, ostatua, terrazak, askaldegia, jantzitegia, botika-kutxa, biltegiak, berdeguneak eta jarraian deskribatzen diren igeri-ontziak:

–Plisti-plasta aritzeko igerilekua: 4 urtetik beherako haurrei zuzendua; 16 m²-ko ur xafla eta 3 m³-ko bolumena, guztira. Edukiera: 8.

–Irakasteko igerilekua: erabiltzaileek igeri egiten ikastera bideratua: 197 m²-ko ur xafla eta 167 m³-ko bolumena, guztira Edukiera: 98.

–Jostetarako igerileku olinpikoa: igeri egiten dakiten edo burbuilak zein besoetako flotagailuak erabiliz uretan arazorik gabe molda daitezkeen erabiltzaileei zuzendua; guztiz debekatuta dago, ordea, flotagailuak, koltxonetak eta antzekoak erabiltzea. 8 urtetik beherako haurrek aldiro egon beharko dute heldu batekin batera; 1.065 m²-ko ur-xafla eta 1.571 m³-ko bolumena, guztira. Edukiera: 532.

Udal kirol instalaziotzat joko dira, halaber, aurreko paragrafoan aipatzen diren instalazioetan eginen diren jardueretara atxikitako ondasun higigarriak, espazioak eta zerbitzuak, bai eta, etorkizunean eraikiko diren eta Funesko Udalak zuzenean edo zeharka kudeatuko dituenak ere, baldin eta horien erabilera eta funtzionamendua kirolarekin lotutako xedeetara bideratzen bada nagusiki.

4. artikulua.

Jarduera edonolakoa dela ere, Funesko Udalak betiere esku-hartze administratiboa, kontrola eta zainketa eginen ditu, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, baldin eta haren eskumenekoak badira; horrela, bada, honako eginkizun hauek Udaleko organoei dagozkie, indarrean dagoen legeriak ematen dien eskumenaren arabera:

a) Udalerrian kirol jarduerak sustatzea, egiten diren ahalegin eta ekimen guztiak ikuspegi zabal batekin koordinatuz, bertze erakunde batzuei dagozkien eskumenak deusetan ukatu gabe.

b) Kirol jarduerak bideratzea eta sustatzea.

c) Inbertsio planetatik sortutako betebeharrei eta instalazioen gastu arruntei aurre egiteko, urtero behar diren kredituak zehaztea

d) Haiek erabiltzeko tarifak eta prezio publikoak finkatzea.

e) Instalazioak erabiltzeko ordutegia eta oporrak edo konponketak direla-eta egiten diren itxialdiak finkatzea. Bandoen bidez jakinaraziko da hori guztia, deusetan ukatu gabe ohiko erabiltzaileei banan banako jakinarazpena egitea.

f) Nafarroako Gobernuari, korporazio publikoei, enpresa pribatuei eta partikularrei dirulaguntzak eta bertzelako laguntzak eskatzea eta haiek emandakoak onartzea.

g) Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak argitzea.

h) Legez ezartzen diren tarifak eta prezio publikoak jasotzeko baimena ematea.

i) Jarduerak ikuskatzea, eta ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatzea.

5. artikulua.

Erabiltzaileek instalazioak erabiltzen ahal dituzte, haien izaera, baimendutako jarduerak, federazio arauak eta ordenantza honek erabilera horri buruz ezarritako arauak kontuan izanik.

Erabiltzaile guztiek eskubide berak izanen dituzte instalazioak erabiltzeko, baldin eta men egiten badiote abonamenduen eta antolatzen diren jardueren administrazio eta antolamendu sistemari, bai eta horretarako erabakitzen diren egutegiari, ordutegiari eta araudiari ere.

6. artikulua.

Debeku dute instalazioetara sartzea 8 urte bitarteko adingabeek, non ez diren haien zaintza dutenekin batera sartzen; gainera, zaintzaile horiek haiekin egon beharko dute instalazioetan dauden denbora guztian.

18 urtetik beherako adingabeen gurasoak, tutoreak edo haien zaintza dutenak erantzule izanen dira instalazioen erabileraz edo haien portaeraz eta Udalaren kirol instalazioetan dauden bitartean gertatzen diren arau-hauste oroz.

7. artikulua.

Urtero Udalak erabakiko du noiz hasi eta noiz bukatuko den igerilekuen denboraldia.

8. artikulua.

Udalak instalazio guztia edo haren zati bat aldi baterako ixtea erabaki ahal izanen du horretarako arrazoiak daudenean. Neurri horren norainokoaren berri emanen du aitzinetik, ahalik eta lasterren.

9. artikulua.

Erabiltzaile orok badu eskubidea igerilekuetako enplegatuei eta arduradunei eskatzeko arau hauek bete daitezela.

10. artikulua.

Erabiltzaile orok badu eskubidea egoki juzgatzen diren erreklamazioak edo iradokizunak idatziz egiteko Udalari, jantzitegi zerbitzuan xede horretarako interesdunen eskuragarri dauden inprimakien bitartez (erreklamazio orriak).

11. artikulua.

Igerilekua 11:00etan ireki eta 21:00etan itxiko da, denboraldian, eta 11:00etatik 19:00ak arte egonen da irekita zaindariaren jai egunetan (abuztuaren 8tik 15era); ixteko orduan igerilekuek hutsik gelditu beharko dute eta erabiltzaileek ezin izanen dute sartu ez igeri-ontzietan, ez eta eremu murriztuetan ere. Azken horiek seinaleztatu eta itxi eginen dituzte xede horrekin.

Udalak eskubidea du ordutegi batzuk aldatu ahal izateko, bai eta instalazioa edo bertako zerbitzuren bat erabiltzeko ere, oso garrantzitsua edo interes publikokoa den gertakariren baterako behar izanez gero.

12. artikulua.

Igerilekuak eta instalazio osagarriak erabiltzen ahalko dituzte aitzinetik abonamendu-txartela edo sarrera txartela erosi duten erabiltzaile guztiek.

Inolaz ere ez da instalazioetan sartzen ahal aipatutako abonamendu-txartela edo sarrera erosi gabe, nahitaezkoak baitira esparruan sartu ahal izateko.

Norbaitek instalazioetan sartzean txartela edo sarrera aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

13. artikulua.

Iruzur egintzatzat joko da eta, horrenbertzez, ordenantzaren aurkakoa, dagokion abonamendu-txartela edo sarrera eraman gabe kirol instalazioetan sartzea.

14. artikulua.

Denboraldirako abonamendu-txartelak eta sarrerak modu elektronikoan erosten ahalko dira, Funesko Udalak ezarritako moduan eta aitzinetik beharrezko publizitatea eman ondoan, bai eta instalazioetan sartzeko unean ere; horretarako, bilketa arau berezi gisara ezarri da txartelak instalazioetako diru bilketako zerbitzuei ordaintzea, eta horiek emanen dituztela abonamendu-txartelak edo sarrerak, ordainketaren ziurtagiri gisa balioko dutenak.

Familia ugariendako (familia ugarien txartela duten Funesko herritarrak) zein Funesko Izatezko Bikoteen Udal Erregistroan izena emandako izatezko bikoteendako abonamendu-txartelak aurreko artikuluan ezarrit bezala ordainduko dira, inguruabar horiek (familia ugaria edo izatezko bikotea izatea) egiaztatu ondotik; horretarako, Funesko Udaleko zerbitzu teknikoek emandako agiria aurkeztu beharko dute.

15. artikulua.

Abonamendu-txartela eta sarrera pertsonalak eta besterenezinak izanen dira, eta haietan adierazitako denboraldian edo egunean soilik izanen dira baliozkoak. Bertze edonork horiek behar ez den gisan erabiltzea jokabide zehagarritzat joko da, ordenantza honetan ezartzen denari jarraikiz.

16. artikulua.

Abonamendu-txartela galduz gero, txartel berri bat egin beharko da; horretarako, erabiltzaileak instalazioak erabiltzeagatik ezarritako tasaren zenbatekoa ordaindu beharko du.

Galdutako abonamendu-txartela agertzen bada, erabiltzaileak nahitaez eraman beharko du kirol instalazioko harrerara, hura gaizki erabiltzea jokabide zehagarritzat jotzen baita.

17. artikulua.

Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte abonamendu-txartelak edota sarrerak, eta instalazioko langileei erakutsi, hala eskatzen badiete.

Instalazioen ardura duten langileek abonamendu-txartela edota sarrera eskatu, eta erakusteari uko eginez gero, jokabide hori instalazioetatik kanporatuta zehatzen ahalko da.

18. artikulua.

Abonatuak nahieran sartzen eta iateratzen ahalko dira instalazioetatik abonamendu-txartelaren indarraldian. Hala eta guztiz ere, igerilekuetarako sarreran (jantzitegian) dauden irakurgailuetatik pasatu beharko dute txartela sartzen edo ateratzen diren bakoitzean, eta harrerako langileei NANa erakutsi, hala eskatuz gero.

19. artikulua.

Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia. Hartara, aldez aurretik kalkulatu beharko dute zenbat denbora beharko duten dutxetan eta aldageletan, ixteko ordua inolaz ere ez gainditzeko, eta horrekin lotuta udal instalazioetako langileek ematen ahal dituzten gomendioei men eginez.

Halaber, garaiz itzuli beharko dute instalazioetan uzten zaien materiala.

20. artikulua.

Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.

21. artikulua.

Debeku da instalazioetara edozein motatako animaliarik sartzea.

Itsu-zakurrak bai sartzen ahal dira, baldin eta identifikatuta egon, beren lana egin eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte, Laguntza zakurrekin batera doazen pertsonak tokietan sartzeari buruzko azaroaren 26ko 19/2009 Legearen arabera.

22. artikulua.

Igerilekuen esparruan ez da bizikletarik, irristailurik eta gurpil-oholik sartzea onartuko.

23. artikulua.

Eguneko sarrera erosteak egun horretan instalazioak mugarik gabe erabiltzeko baimena dakar.

24. artikulua.

Igerilekuetako soropilean etzaulkiak paratzen ahal dira; eguna akitzean, ordea, jabeek horiek jaso beharko dituzte eta berariaz ezarritako tokietan utzi. Eguna akitzean etzaulkiaren jabeak ez badu jasotzen eta dagokion tokian uzten, biharamunean edo hurrengo egunetan jantzitegian jasotzen ahalko du, etzaulkia jasotzeko betebeharra ez betetzeagatik 3 euroko isuna ordaindu ondoan.

25. artikulua.

Arau hauetan aipatzen ez diren gainerako kasuetan, eta haiei buruzko interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du lehen-lehenik dagokion erabakia, eta gero, bidezko bada, gaia Alkatetzara igorriko da, behin betiko ebazpena eman dezan. Nolanahi ere, erabiltzailea beharturik dago une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartzen duen erabakia onartzera.

26. artikulua.

Funtsezkotzat jotzen da erabiltzaile guztien artean elkarri begirunea izatea. Horregatik, erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barrenean, hala hitzez nola ekintzez, gainerako erabiltzaileei traba egin gabe eta gizalegezko elkarbizitzak zehazten dituen mugen barnean.

Funtsezkotzat jotzen da, era berean, erabiltzaileen eta instalazioetako langileen artean, elkarri begirunea izatea, eta erabiltzaileek langile horien erranak onartu beharko dituzte.

27. artikulua.

Erabiltzaileek zuzen erabili behar dituzte instalazio eta espazio guztiak eta horietako ondasun higigarriak, eta haien xedearekin bat zuzen baliatu, erabiltzailea izanen baita erantzulea horiek gaizki erabiltzeagatik hondaketak egozten ahal bazaizkio.

28. artikulua.

Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute erabiltzen dituzten eremuak garbi edukitzen, sortzen dituzten hondakinak horretarako paperontzi, hautsontzi eta zaborrak biltzeko gainerako elementuetan jaurtiz.

29. artikulua.

Erabiltzaile guztiek dute arau hauek betetzeko eskatzeko eskubidea, igerilekuetako enplegatu eta arduradunen bitartez, eta orobat dute haiek laguntzeko betebeharra, ahal den neurrian, instalazioa ahalik eta hobekien atxikitzeko apaintasunari, ordenari eta garbitasunari dagokienez.

30. artikulua.

Haurrak, batez ere 8 urtetik beheitikoak, gurasoek zaindu behar dituzte, edo bertzenaz gurasoek idatziz baimentzen dituztenek, 14 urte baino gehiago baldin badute, istripurik izan ez dadin eta gainerako erabiltzaileei trabarik egin ez dakien.

31. artikulua.

Erabiltzaileak instalazioetatik berehala kanporatzen ahalko dituzte eta hortik erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza arrunta nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

Erabiltzaileak instalazioetan dauden bitartean, bai igerilekuetan zein jolas eremuan, nahitaezkoa izanen da gutxienez bainujantzia edo bikinia (goiko eta beheko aldea) jantzita eramatea.

32. artikulua.

Zerbitzu eremua erraten zaion aldean sartzen dira ostatua, jantzitegia eta botika-kutxa.

Debekatua dago idortu gabe edo oinutsik ibiltzea instalazioen barnean (kirol aretoak, ostatua, etab.).

33. artikulua.

Debeku da eremu estalietan, igeri-ontzien bazterretan, igeri-ontzietarako sarbideetan, plisti-plasta aritzeko igeri-ontzian, haurren eremuetan eta ostatuan erretzea, azken horretako eremu estali gabean izan ezik.

34. artikulua.

Sarreran, aldagelan eta komun eta dutxen eremuan baizik ez da izanen jantzitegi zerbitzua.

Eranzteko eta janzteko, horretarako jarritako aldagelak erabili beharko dira. Aldagelak ahalik eta azkarren erabili beharko dira, gainerako erabiltzaileek ere behar baitituzte.

8 urtetik goitiko haurrek emakumezkoen edo gizonezkoen aldageletara joan beharko dute, dagokien bezala.

Abonatuak edo erabiltzaileak sarreran gordetzen ahalko ditu jantziak; nolanahi ere, Funesko Udalak ez da han utzitako baliozko objektuen erantzule izanen eta, horrenbertzez, hobe izanen da erabiltzaileak aldean eramatea.

Ez da inolako gauzarik gordetzeko zerbitzurik (etzaulkiak, baloiak, etab.).

Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

Norberaren garbiketarako, aldagelen aldea baizik ez da erabiliko.

Aldageletan debeku da bizarra egitea.

Ezin da jatekorik edo litxarreriarik sartu aldageletan eta eremu partekatuetan, han jatea eta erretzea debeku baita.

Debeku da bizikletak, gurpil-oholak edo gisakoak sartzea aldagelen barnean.

Debeku da lasterka egitea, jostatzea, oihu egitea edo gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozer egitea udal instalazioetako zerbitzu eremuan.

Erabiltzaile guztiek bete beharko dituzte instalazioko langileek erabilera dela-eta egiten dituzten oharrak.

Erabiltzaileek eskura izanen dute botika-kutxa zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barrenean).

35. artikulua.

Erabiltzaileen betebeharrak.

Erabiltzaileek betebehar hauek bete behar dituzte:

–Instalazioak modu zuzen eta egokian erabiltzea, haiei dagokien xedearekin bat.

–Gainerako erabiltzaileei behar den errespetua gordetzea, instalazioetan bizikidetasun egokirako behar den jokabidea erabiliz.

–Onartu eta betetzea instalazioen erabilerari buruz langileek ematen dituzten arau eta argibide guztiak.

–Ordenantza honetan agindutakoa ez betetzeagatik Udalak ezarritako zehapenak ordaintzea.

–Udalaren kirol instalazioen barrenean, pertsona helduek arduratu beharko dute beren ardurapean dituzten adingabeen segurtasunaz.

Udalak ez du erantzukizunik izanen udal igerilekuen instalazioak beren guraso, tutore edo legezko ordezkariak gabe erabiltzen dituzten adin txikikoen gainean.

–Adin nagusiko erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta beren ardurapean dituzten adingabeek erregelamendu honetako arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausteak egiten badituzte.

–Erabiltzaileek beren gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, desagertzeak edo hondatzeak.

–Instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute erabiltzaileek. Instalazioei, berdeguneei eta arboladiari egiten zaizkien kalteak, egileek edo beren legezko erantzuleek ordaindu beharko dituzte. Udalak beretako gordeko du epaitegietara jotzeko ahalmena, kalteengatik erreklamatzeko eta litezkeen kalte-ordainak eskatzeko.

–Erabiltzaileak izanen dira erantzule, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran asmo txarrez edo zabarkeriaz jokatzeagatik hirugarrenei kalte edo galerarik eragiten badiete.

–Erabiltzaileak askaldegia, erretokiak eta ostatuko terraza baliatuko dituzte jateko; hala, bada, guztiz debekatuta dago igerilekuetan, berdeguneetan, ur bazterretan eta gainerako instalazioetan jatea.

Ura edo freskagarriak ere aurreko atalean aipatutako eremuetan edanen dira, ahal dela; alabaina, berariaz gaitu gabe dauden eremuetan edan behar izanez gero, erabili eta botatzeko materialez eginiko ontziak edo botilak baliatuko dira, hau da, inolaz ere da baliatuko beiraz edo ezpaltzen ahal den materialez egindako ontzirik. Xedapen hau ez betetzeak kasan kasuko zehapena ezartzea ekarriko du.

–Debeku da berdeguneetan burua orraztea. Erabiltzaileek komunetara edo horretarako instalazio egokietara jo beharko dute. Gauza bera niniei xatarrak aldatzeari eta gisakoei dagokienez.

–Ekaitzik bada, erabiltzaileek uretatik atera beharko dute.

36. artikulua.

Sarrera debekatuko zaie eritasun infekto-kutsakorren zantzurik duten pertsonei.

Ur bazterrera ezin da oinetakoak jantzirik sartu, garbitze, mantentze edo zaintza lanetan ari diren langileak salbu.

Ur bazterrera eta igeri-ontzira joateko, dutxetatik pasatu beharko da nahitaez, hau da, dutxatzea nahitaezkoa da bainatu aitzin.

Erabiltzailea igeri-ontzien eremura sartzen den aldiro iragan beharko da dutxetatik eta oinak garbitzeko tokitik, horrela zikinkeria, xaboia, krema, beltzarantzeko koipeak eta gainerako kosmetikoak garbitzeko.

Igerilekuetan sartzeko dutxetan, ezin dira xanpuak eta xaboiak erabili gorputza edo ilea garbitzeko; horretarako, dagozkion dutxak baliatu behar dira.

Nahitaezkoa da txanoa janztea.

Osasun arrazoiak direla bide eta medikuaren aginduz, biserak, pamelak edo kapelak erabiltzen ahal dira igeri-ontzien barrenean, Udaleko Alkateari horri buruzko egiaztagiriak aurkeztu ondoan, hark eginen baitu instalazioetako langileei erakutsi behar zaien baimena, hala eskatzen badute.

Ur bazterrean eta igeri-ontzian debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Arrunt debekaturik dago lasterka egitea, bulkaka aritzea, jauzi egitea, baloiekin jostatzea eta jolas edo murgilaldi bortitzak egitea, zipriztinak ateratzea... eta, oro har, gainerako erabiltzaileak gogaitzen edo arriskuan jartzen ahal dituzten gauzak egitea, bai eta, oro har, bertze erabiltzaileen lasaitasunari eta erosotasunari traba egiten ahal dion edozein ekintza ere.

Instalazioak kudeatzen dituen erakundeak ikastaroak antolatzen baditu igeri-ontzietan, ordutegia eta espazioak erabakitzean aintzat hartu beharko du ikastaro horiek ahalik eta eragin txikiena izan beharko dutela ikastaroak egiten ez dituzten eta igeri-ontziak erabili nahi dituzten pertsonengan.

Debeku da baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten bertzelakoak (hegatsak, urperako betaurrekoak, lastaira puzgarriak, pilotak, baloiak, etab.); salbu eta instalazioen enpresa kudeatzaileak antolatzen dituen aisialdiko jarduera edo ikastaro berezietarako egun jakinetan.

Aldiz, onartzen dira igeri egiteko betaurrekoak, ezohikotasun fisikoak edo erredurak estaltzeko kamisetak, besoetako flotagailuak eta burbuilak; hala bada, erabiltzaileek ez badakite igeri egiten edo zailtasunak badituzte igeri-ontzietako batean beren kabuz moldatzeko, instalazioetako segurtasun eta salbamendu langileek erabaki beharko dute kasuan kasu ea besoetako flotagailuak edo burbuilak erabil ditzaketen edo, bestela, igeri-ontzi jakin hori erabiltzeari utzi behar dioten.

Debeku da arras listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen edozein gauza.

37. artikulua.

Aldian-aldian instalazioak erreserbatu ahal izateko, ordenantza honen 14. artikuluan adierazitakoari men eginen zaio, erreserbaren eguna, ordua eta erabiltzailearen izena zehaztuz.

Funesko Udalak, kirol, kultur eta hezkuntza elkarteek, zein batez ere Funesko biztanlez osatutako kolektiboek idatziz adierazi beharko diote Udalari jarduera, denboraldia edo ikasturtea hasi baino hilabete bat lehenagotik, zein den beren jardueren, entrenamendu saioen edota eskolen egutegia, eta zehaztu zein egun, ordu eta zein jarduera nahiz kirol mota egin gogo duten. Era berean, horretarako behar dituzten instalazioen gaineko baimena eskatu beharko dute, eta arduradunen datuak eman. Udalak jakinarazpen horiek igorri beharko dizkio instalazioak kudeatzen dituen erakundeari bi eguneko epearen barrenean.

38. artikulua.

Herriko klub eta elkarteek lehentasuna izanen dute kirol eremuen erabilerari dagokionez, eta bertze erabiltzaile batzuek ezin izanen dituzte kirol eremuak alokatu bertze erabilera batzuetarako. Joko eta lehiaketa ofizialen denboraldi osoan, tokiko klub guztiek lehentasuna izanen dute kirol eremuak erabiltzeko (erabiltzailearendako kosturik sortu gabe), txapelketak izan edo lagunarteko partidak izan, eta ezin izanen zaizkio bertze erabiltzaileei alokatu bertze deusetarako.

39. artikulua.

Kasu berezietan, alkateak badu eskubidea ordu tarte batean edo gehiagotan erabilera baimena baliorik gabe uzteko, baldin eta eskaera berezi bati erantzun beharra suertatu edo Udalak antolatu egintzak gauzatu nahi badira. Betiere, ukituek horren berri izanen dute, gutxienez 5 egun lehenagotik eta, posible bada, erabiltzeko baimena bertze egun edo ordu batera aldatuko da.

40. artikulua.

Padel pistari eta igerilekuei dagozkien instalazioak erabiltzeko baimena izateko, tarifa edo prezio publikoa ordainduko da aitzinetik Behin baimena lortutakoan, instalazioak ez erabilita ere, prezio publikoa ordaindu egin beharko da, deusetan ukatu gabe baimena kentzea, erreserbatutako orduetan behin eta berriz ez erabiltzeagatik.

41. artikulua.

Ordenantza honen aurkako arau-haustea da bertan ezarritako betebeharrak edo debekuak osotara nahiz partez ez betetzea.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

42. artikulua.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

–Aldageletan eta barneko dutxetan behar ez bezalako oinetakoekin ibiltzea

–Baimenduak ez diren eremuetan erretzea.

–Bainua baino lehen ez dutxatzea, eta txankletarik edo bainatzeko txanorik ez erabiltzea.

–Esparruan edozein animalia sartzea

–Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea

–Behar den jokabidea eta errespetua ez agertzea gainerako erabiltzaileekin.

–Instalazioak zikintzea

–Igerilekuetako eremuan (berdegunea) edo ur bazterrean jatea edo beirazko elementuak edo ezpaletan zatitu daitezkeen bertze materialetakoak erabiltzea, horretarako erretokien eremua eta ostatuko terraza erabili behar baitira.

–Beirazko ontzietan jatea edo haiek baliatzea Udalaren kirol instalazioetan.

–Berdeguneetan burua orraztea, baita haurtxoen pixoihalak edo gisakoak aldatzea ere.

–Instalazioen funtzionamendu egokia lardaskatzea, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten oihuak eginez, baita lasterka, jauzi edo bulka egitea, edo gainerako erabiltzaileei traba egin edo beroriek arriskutan jar ditzakeen edozein ekintza, eta oro har gainerako erabiltzaileak gogaitzen ahal dituen edozein gauza egitea

–Ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten ahal dion bertze edozein jarduketa, larritzat edo oso larritzat hartzen ez bada

–Instalazioan hartutako erreserbara ez agertzea eta horren berri tenorez ez jakinaraztea, erreserba hori bertze batzuek hartu ahal izateko.

–Ikasteko eta plasta-plasta aritzeko igeri-ontzietatik kanpo flotagailuak, burbuilak eta koltxonetak baliatzea.

–Erabiltzailearen etzaulkiak ez jasotzea eta horiek uzteko bereziki ezarritako tokira ez eramatea, igerilekuko jarduna bukatu ondoren.

Arau-hauste arinetan, behar den espedientea tramitatu ondotik honako zehapen hauetakoren bat ezarriko da:

1. Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere zazpi egunetarako, eta aldi horretan abonu eskubide guztiak galtzea.

2. Ohartarazpena.

Arau-hauste eta zehapen arinak hamabortz egun iraganda preskribatuko dira.

43. artikulua.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

–Instalazioetako langileen erranei kasurik ez egitea, baita arduradunak iraintzea edo haiei errespetua galtzea ere.

–Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe

–Instalazioetan begi bistan mozkor edo drogak jota sartzea

–Instalazioetara sartzea abonatua izan gabe edo dagokion prezio publikoa ordaindu gabe.

–Jostetan eta kirolean aritzea horretarako prestaturik ez diren tokietan

–Komunak eta aldagelak behar diren kasuetan ez erabiltzea

–Bertze sexuarentzat soilik diren eremuetan sartzea

–Hutsegite arinetan berrerortzea

Arau-hauste larrietan, behar den espedientea tramitatu ondotik, honako zehapen hauetakoren bat ezarriko da:

1. Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere hamabortz egunerako, eta aldi horretan abonamendu eskubide guztiak galtzea.

Arau-hauste eta zehapen larriak bi hilabete iraganda preskribatuko dira.

44. artikulua.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

–Instalazioetan sartzeko txartelak edo bertako giltzak faltsutzea

–Bertze erabiltzaile batzuen, ikusleen edo instalazioen arduradunen kontra gatazka, zalaparta, eraso fisiko edo hitzezkoak erabiliz instalazioen funtzionamendu egokia urratzea

–Instalazioak edo materiala ebastea, lapurtzea edo hondatzea, funtzionamenduari kalte larria eginez, eta berdin erabiltzaileen gauzak

–Instalazioen barnean drogak saldu edo kontsumitzea

–Lokalean arma batekin sartzea

–Ezarritako ordutegitik kanpo instalazioetan sartzea

–Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Arau-hauste oso larrietan, behar den espedientea tramitatu ondoan, honako zehapen hauetakoren bat ezarriko da:

1. Instalazioetan sartzeko debekua denboraldiaren gainerakoan.

Arau-hauste eta zehapen oso larriak sei hilabetetan preskribatuko dira.

45. artikulua.

Aurreko zehapenekin batera isunak para daitezke, honako zenbatekoekin:

Arau-hauste arina: 3tik 12 eurora bitarte.

Arau-hauste larria: 13tik 60 eurora bitarte.

Arau-hauste oso larria: 61etik 120 eurora bitarte.

46. artikulua.

Zehapenak aplikatzeko, irizpide hauei jarraituko zaie horiek zehazterakoan:

1. Nahitakotasuna.

2. Egitatea ezkutatzeko asmoa.

3. Zerbitzuari egin zaion kaltea.

4. Instalazioei eta kirol materialari egindako kalteak, baita erabiltzaileen gauzei ere.

5. Berrerortzea.

6. Noraino hartu den parte.

7. Arau-haustea egiteak egileari ekarri dizkion onurak.

8. Arau-hausleak bere kabuz arau-haustea zuzentzeari ekin izana.

47. artikulua.

Zehapen bidea ofizioz edo alderdi baten eskariz hasiko da, behar den salaketa egin eta gero.

Zehapen espedientea ebazpen arrazoitu baten bidez abiaraziko da. Hartan instruktore bat eta idazkari bat izendatuko dira, eta hori guztia espedientepekoari jakinaraziko zaio.

Instruktoreak egitateak argitzeko balio duten froga eta jarduketa guztiak egiteko aginduko du, eta kargu orri bat aurkeztuko du. Hartan, egotzitako egitateak adieraziko dira. Plegua interesdunei jakinaraziko zaie, hamabortz egunean erantzuna eman ahal izan dakion.

Kargu orriari erantzuna eman edo horretarako epea iragan ondoan, instruktoreak ebazpen proposamena aurkeztuko du, eta hura interesdunei jakinaraziko zaie, egoki juzgatzen dutena hamabortz egunean alega dezaten.

Proposamena eta alegazioak espedientea abiarazi zuen organoari igorriko zaizkio, ebazpena eman dezan.

Zehatzeko eskumena alkateari dagokio.

48. artikulua.

Abonatu izateko baldintzak.

Abonatuak dira izena emateko eskatu ondotik onartuak izan direnak eta, hortaz “Abonatuaren txartelaren” jabe direnak, betiere Funesko Udalak ezarritako tarifak eta prezio publikoak eguneraturik badituzte. Abonatu mota ezberdinak daude, abonamendu motaren arabera.

Udako aldian igerilekuak irekitzen direnean (ekainaren 15etik irailaren 15era, biak barne), igerilekuetan sartzeko abonamendua erosten duten erabiltzaileek soilik izanen dute padel pista, frontoia eta tenis pista erreserbatzeko eta erabiltzeko eskubidea, igerilekuetako abonatuak ez diren bertze erabiltzaileek ez bezala, udal igerilekuen irekiera ordutegiaren barrenean.

Ordutegi horretatik kanpo, pista horiek erabiltzeko eta erreserbatzeko prozedura arrunta baliatzen ahal da, ordenantza honen 14. artikuluak agintzen duenarekin bat.

Udako denboralditik (ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte, biak barne) kanpo, igerilekuetarako abonamendurik ez duten erabiltzaileek padel eta tenis pistak edo frontoia erreserbatzeko eta erabiltzeko abonamendu bat eskatzen ahalko dute, dagokion prezio publikoa ordaindu ondotik, eta ordenantza honen 14. artikuluan xedatzen denarekin bat.

Abonatuak instalazioetan libreki sartzen ahalko dira, betiere horretarako ezarrita dagoen ordutegian bada (kontratatutako abonua erabilpen mugatukoa izan ezik) eta antolatzen diren jardueretan finkatzen diren deskontuez baliatzeko eskubidea izanen dute.

Aukera hori baliatzeko eta mantentzeko, abonatuek eguneratuak beharko dituzte tarifen edo prezio publikoen ordainketa, zein den ere abonu mota, eta instalazioetara sartzeko ezin zaie inolako kuotarik eskatu.

Abonatuaren txartela lortzeko bertaratuz gero, eskatzaileak bere NANa erakutsi beharko du.

49. artikulua.

Abonatuaren txartela galdu, ebatsi edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio segidan instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

Txartela galdu baldin bada eta bertze bat atera nahi bada, ordaindu egin beharko da hura egiteko instalazioko zuzendaritzak finkatzen duen zenbatekoa, baina betiere enpresa kudeatzaileari egiazki kostatzen zaiona baino gehiago izan gabe.

50. artikulua.

Funesko Udalak mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioak ahalik eta erosoen erabil daitezen, kirol, federazio, edukieta eta bertze alor batzuetako irizpideen arabera.

51. artikulua.

Abonatu txartela pertsonala eta besterenezina da. Bertze inork okerreko erabilera egiteak zehapena ekarriko du.

52. artikulua.

Instalazioen eta kontratatu zerbitzuen arabera, abonatuek honako eskubide hauek izanen dituzte:

1. Instalazioetan doan sartzea, abonatu txartela erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

2. Instalazioak erabili ahal izatea, Funesko Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.

3. Ezar daitezkeen deskontuen onuradun izatea.

4. Instalazioen funtzionamenduari buruzko erreklamazio eta iradokizunak egitea, hala instalazioko zuzendaritzari nola Funesko Udalari.

53. artikulua.

Abonatu ez direnak honela sartzen ahalko dira kirol instalazioetara:

–Eguneko sarrera: kiroldegira gisa honetara sartzen direnek kirol instalazio guztiak erabiltzeko eskubidea izanen dute.

Udako denboraldian, eguneko sarrerak eskubidea emanen die abonatuak ez direnei igerilekua eta gainerako kirol instalazioak erabiltzeko (padel eta tenis pistak eta frontoia). Zer egunetarako erosi den, hartarako bakarrik balioko du.

–8 urtetik beheitiko adingabe bakoitzeko, baimena emanen zaio arduradun bati aldageletara sartzeko, txikiari arropa aldatzen laguntzeko, hala behar badu. Horrelakoetan, aldageletan gehienez ere ordu erdiz egon daitezke.

54. artikulua.

Udalak baimena eman dezake jarduera puntualak edo berriak antolatzeko. Horiek hasi eta hiru urte iraganez gero, Udalak erakunde kudeatzailearekin aztertuko du jarduera berri horiek kontratatutako programazioan sartzen ahal diren edo jarduera hori aldian aldiko jardueratzat hartu behar den, betiere behar diren tarifak eta prezio publikoak ordainduta.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, ondorio juridiko osoak sorraraziko dituela.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

1. Honako ordenantza hauek indargabetu dira:

Funesko Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko ordenantza fiskala (1997ko 70. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 11koa).

2. Orobat, indarrik gabe gelditu dira kirol instalazioak erabiltzeari eta horietan sartzeari buruzko udal xedapen guztiak, ordenantza honen aurka joaten badira.

TARIFA ETA PREZIO PUBLIKOAK ORDAINARAZTEKO ARAUAK

Tarifak eta tarifa eta prezio publikoak galdatuko dira, Udalak kirol arloetan urtean zehar antolatzen dituen ikastaro, egintza edo jardueretan parte hartu edo horietara joateko eskubidea ematen duten abonua, sarrera, matrikula edo gisako bertze edozein kontzeptu dela eta, tarifak eta tarifak eta prezio publikoak aplikatzeko bertze arauetan sartuta ez daudenean.

Kudeaketako eta diru-bilketako arauak

Tarifa edo prezio publikoa ordaindu beharko da sarrera hartu edo izen ematea, abonua edo matrikula egitean.

Ikastaroa edo jarduera antolatzeko oinarriek kasu bakoitzerako ezarritako moduan eta tokian eginen da diru-bilketa.

Udalak bere instalazioetan jende ororendako antolatzen dituen kirol, kultur eta gizarte mailako egintza guztietarako sarrera doakoa izanen da, oro har.

Ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ikastaroa edo jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.

Kirol instalazioetako baja emateak edo ez erabiltzeak ez du sortzen tarifaren zenbatekoa itzuli beharra.

Arau honetako eranskinean azaltzen diren tarifak eta prezio publikoak aplikatuko dira, edo kasuan-kasuan ezartzen direnak, betiere garatu behar den jarduerari egokituak, eta, hala bada, balio erantsiaren gaineko zergaren kuota ere eramanen du.

Salbuespenak eta hobariak

Honako salbuespen hauek ezarriko dira:

–Dagokion tarifa edo prezio publikoa ordaintzetik salbuetsita egonen dira Funesko kirol taldeak baldin eta, liga edo txapelketetan, instalazio hori klub horiek etxeko jokalekutzat erabiltzen badute, barnean izanik lagunarteko partidak eta astean zehar entrenamenduetarako erabiltzen diren orduak.

–6 urtetik beheitiko haurrek %100eko hobaria izanen dute udako igerilekuetako sarrera eta abonamenduetan, betiere abonaturik dagoen edo sarrera ordaindu duen pertsona arduradun batekin badoaz.

TARIFEN ETA PREZIO PUBLIKOEN ERANSKINA

Kirol instalazioetan sartzeko tarifak

Udako denboraldiko abonamendua igerilekuetarako:

–7tik 14 urte bitartekoak, biak barne: 25,00 euro.

–15etik 64 urte bitartekoak, biak barne: 50,00 euro.

–65 urtetik goitikoak: 25,00 euro.

–Ezkontza edo izatezko bikoteak, Funesko Udalaren Izatezko bikoteen erregistroan inskribatuak: 70,00 euro.

Familia ugarien abonamenduak: %25eko beherapena (Funesko herritarrak, familia ugariaren txartela dutenak).

–Eguneko sarrerak: 5,00 euro.

–Padel pista erreserbatzea: 5,00 euro/ordua.

–Gainerako pistak erreserbatzea (frontoia eta tenis pista): 0 euro.

–Igerilekuetako abonatuaren txartela galtzea: 3 euro.

–Padel eta tenis pistetarako eta frontoirako abonamendua udako denboralditik kanpo: 30 euro.

Iragarkiaren kodea: L1904957