94. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATETZ

“Edateko uraren hornidura-sarea hobetzea Beratsainen
(Atetz, Nafarroa)” proiektua eta ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda. Behin betiko onespena

Atezko Udalak, 2019ko otsailaren 28an, erabaki zuen onestea “Edateko uraren hornidura-sarea hobetzea Beratsainen (Atetz, Nafarroa)” obra proiektua eta hasiera batez onestea hark ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda. Orobat, jendaurrean jarri zuen hamabost egunez 2019ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 27an.

Aipatu epea iraganik eta alegaziorik jarri ez denez, apirilaren 30eko bilkuran, aho batez ondoko hau erabaki zen:

Lehenbizikoa.–Behin betiko onestea “Edateko uraren hornidura-sarea hobetzea Beratsainen (Atetz, Nafarroa)” proiektua eta ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda. Onespen horrek berarekin dakar onura publikoaren eta okupatu beharraren deklarazioa.

Bigarrena.–Organo eskuduna denez gero, Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako ondorioetarako, izan ere beharrezkoa da instalazioak izatea hornidura sarea egoki diagnostikatzeko, baita sarbidea egitea ere ura erregulatzeko biltegira.

Hirugarrena.–Behar den kreditua atxikitzea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaindu ahal izateko.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita haren laburpena Foru Komunitateko egunkari batean ere, eta Atezko Udalaren iragarki-taulan paratzea.

Bosgarrena.–Erabaki hau ukituei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Erabaki honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

Berraztertzeko errekurtsoa, Atezko Udalari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina; edo bestela, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratzen denetik aitzina.

Eritze Atetzen, 2019ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Ezekiel Martin Muxika.

Iragarkiaren kodea: L1906123