94. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

29E/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 29koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita honetarako: “Sorkuntza artistikoko mintegi eta lantegietarako laguntzak 2019rako. 948 MINTEGIAK”. DDBN identifikazioa: 452489.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, non eskatzen baita onets daitezela “Sorkuntza artistikoko mintegi eta lantegietarako laguntzak 2019rako. 948 MINTEGIAK” izeneko deialdia, deialdiaren oinarri arautzaileak, urteko erreserba eta gastua egiteko baimena (80.000,00 euroko gastua, hain zuzen), eta argitara daitezela foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, kontuan hartuta aipatu gastua baimentzeko legez ezarrita dauden baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, bai eta helburua ere; gainera, kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna jasotzen da espedientean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdia onestea honetarako: “Sorkuntza artistikoko mintegi eta lantegietarako laguntzak 2019rako. 948 MINTEGIAK”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontu-kreditu hauek erreserbatu eta baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4709-334100: Profesionalentzako sorkuntza lantegietarako laguntzak

2019

80.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko apirilaren 29an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

“SORKUNTZA ARTISTIKOKO MINTEGI ETA LANTEGIETARAKO LAGUNTZAK 2019RAKO. 948 MINTEGIAK” IZENEKO
DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da laguntza ekonomikoa ematea espazio kultural independenteak kudeatzen dituzten pertsona fisikoei eta juridikoei, sormenezko praktikak susta ditzaten edo horiek titulartasun publikoko ekipamenduetan txertatzeko proiektu metodologikoak kudea ditzaten. Laguntza hauek kultura eta sormen sektorera zuzenduak daude (Nafarroako kultura eta sormen industriak). Deialdiaren helburua da erraztasunak ematea sorkuntza artistikoa bultzatzera bideratutako ekimenak garatzeko eta sektore artistikoko enpresen hazkundea areagotzeko. Eta horrekin batera, pentsamendu garaikidea, adierazpen askatasuna eta dibertsitatea sustatzea, hedapena eta herritarrengana iristea, eta proiekzio lokala, nazionala eta nazioartekoa lortzea.

1.2. Deialdiaren hartzaileak:

A) Titulartasun pribatuko ekipamenduak, zeinetan sorkuntza artistikoa sustatzen den eta artistei profesionalki garatzen laguntzen zaien, eta zeinetan ikaskuntza errazten den, berrikuntza-, ikerketa- eta produkzio-prozesuak abiarazten dituen esparru baten barnean. Sorkuntzarako aukera ematen duten espazioak dira, abiaburutzat artisten harrera, diziplinen arteko elkarrizketa, esperientziak partekatzeko aukera eta publikoen sorrera dauzkatenak. Eta, horretarako, funtsezko gakoa da agertoki bat eskaintzen dutela sorkuntza artistikoa sustatzeko, betiere berritzailea eta berezitasunaren sortzailea den ikuspuntu batetik.

B) Tresna metodologikoak, sektore artistikoaren profesionalizazioarekin zerikusia duten sektore publikoko entitateen ekimenetan aplikatzeko. Aurrekoa osatzen duen dimentsioa da, halako moduz non gaitasunak garatzen diren sektore artistikoak lehiakortasunarekin lotutako gaitasunak beregana ditzan. Kasu honetan, laguntza bideratua dago metodologia horien ezarpenaren kostua jaistera, aipatu metodologia hornitzen duen enpresaren bidez.

1.3. Honako hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak izanen:

a) Batez ere helburu turistikoak edo komertzialak dauzkaten espazioak.

b) Sorkuntza artistikoaren prozesuan izaera instrumentala duten espazioak.

c) Plataforma digitalak.

1.4. Deialdi honen ondorioetarako, kultura eta sormen industriatzat joko da proiektu artistikoak egiten dituena, baldin eta proiektu horien edukiak honako hauekin lotura badute: ikusizko arteak eta arte plastikoak, musika, zinea eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, diskoak, liburuak eta bestelako euskarriak editatzea, eta beren edukietan hibridoak diren proiektu horiek.

1.5. Proiektuak 2019ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egin behar dira.

1.6. Kanpoan gertuko dira Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko beste deialdi batzuetan dirulaguntza jaso duten proiektuak.

1.7. Pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

2. Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Profesional eta enpresa hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez ere 2019ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea.

Pertsona edo entitate horiek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta egon behar dute eta helbide fiskala bertan izan.

2.2. Aurreko atalean aipatutako pertsona fisikoek eta enpresek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, jarduera kultural, artistiko edo sorkuntzako batekin lotutako EJZren edozein epigrafetan.

2.3. Nortasun juridikorik ez duten entitate eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

2.4. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren baten dauden enpresa edo profesionalei.

2.5. Dirulaguntzaren hartzaileen artetik kanpo utzi dira berariaz:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak, eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, partzuergoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2019ko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak, entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

3. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa eta banaketa.

3.1. Laguntza hauek (80.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2019rako gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, 2019rako onesten den aurrekontuko partida honen kargura: “Profesionalentzako sorkuntza lantegietarako laguntzak” izeneko A20002 A2530 4709 334100 partida.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 5. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko laguntza ez da izanen 15.000 eurotik gorakoa.

3.4. Aipatutako muga horiek betetzen badira, laguntzaren zenbatekoa eskatutako bera izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.5. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran azaltzen dena baino txikiagoa denean, pertsona edo entitate onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion dirulaguntzara egokitzeko. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi ondoren, organo eskudunari igorriko zaio, dokumentazio guztiarekin batera, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.

3.6. Hasieran esleitutako zenbatekoak askatzen badira, esleipen gehigarri bat egin daiteke dirulaguntza jasotzen ez duten pertsona edo entitateentzat, lortutako puntuazioaren arabera.

4. Eskabideak eta nahitaezko agiriak aurkeztea.

4.1. Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

4.2. Pertsona fisikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira lehentasunez, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

4.3. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.4. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Telematika bidez aurkeztuz gero, agiriak eskaneaturik aurkeztuko dira, dokumentu bereizitan, nork bere izena behar bezala dakarrela.

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanik egotearen frogagiria (dagokion udalak emana).

b) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

1) Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

2) Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

3) Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia; estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

e) Memorian proiektuari buruz agertzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko (aurrekontu ekonomiko xehakatua) ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea (proiektuaren datu eta kostuekin, BEZa banakatuta). Excel formatuan igorriko da. 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarte egiten diren gastuak baizik ez dira sartuko.

f) Eskabidea telematika bidez bidali ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko puntuko b.1, b.2 eta b.3 ataletan aipatutako agiriak, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

4.6. Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, bost egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

4.8. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan ezarritako epean eginen direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Pertsonak edo entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektua osorik edo partez gauzatzeko entitate onuradunean zerbitzu ematen duten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak. Proiektuari egotziko zaizkio hari eskainitako benetako deboraren zati proportzionalak, eta deskripzio-memorian edo proiektuaren aurrekontuan adierazi beharko dira.

b) Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren eta entitatekoak ez diren langile kontratatuen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak.

c) Proiektuan sartutako jardueren marketinerako, komunikaziorako, zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

d) Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola espazioen alokairua (kasu honetan soilik, alde batera utzita B) proiektuak –profesionalizaziorako tresna metodologikoak–), ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere. Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera, betiere dirulaguntza ez bada erabili ondasun horiek erosteko (114/2017 Foru Dekretua).

e) Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen ostatu, dieta eta joan-etorrien kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnenak eta horretarako kontratatzen direnenak, gehieneko hauekin:

–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatutako gastuak (erabaki hori 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratu zen). Deialdi honen ondorioetarako, dieten gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak soilik (bazkaria eta afaria).

–Garraioa:

Autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.

Ibilgailua alokairukoa denean, alokairuaren kostua.

Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

f) Zeharkako gastuak: hemen sartzen dira bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza gastuek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira. Proiektu bakoitzean zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %15etik gorakoak izanen.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 5.1 oinarrian ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileek berreskuratzen ahal dutena.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Proiektuan parte hartzen duten langileen soldaten kapitalizazioak.

f) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak ez dira onartuko.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak izendatutako balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Hauek izanen dira batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hori izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Batzordekideak: kultura sustapenaren eta berrikuntzaren arloan adituak diren 2 lagun; eta Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo hori izan ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua.

c) Idazkaria: Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat, edo, hori ezean, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko teknikari bat.

6.3. Balorazio batzordeko kideak izendatzeko ebazpena Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus).

6.4. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. fasea: Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Proiektuak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean aurkeztutako dokumentazioa baizik ez da baloratuko, edo, kasua bada, zuzentzeko epean aurkeztutakoa.

2. fasea: balorazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.

3. fasea: pertsona edo entitate eskatzaileek aukera izanen dute balorazio batzordearen aurrean beren proiektuak defendatzeko, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Horretarako, I. eranskinean adierazi behar dute hori, dagokion laukia markatuta. Halaber, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak entitateen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. fasea: batzordeak aurkeztutako eskaeren puntuazioa ezarriko du, eta dirulaguntza banatuko du 7. oinarrian aipatzen den puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren arabera, 3. oinarriko 2. eta 3. ataletan ezarritakoari jarraikiz.

Aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera banaketa egin ondoren gertatuko balitz pertsona edo entitate onuradun bati eskatutako dirulaguntza baino txikiagoa ematea, 3.5. atalean aipatzen den moduan jokatuko da, balorazio batzordeak eskaera berregina onetsi arte, betiere lortutako puntuazio-ordenari jarraituta.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie pertsona edo entitate eskatzaileei.

5. fasea: batzordeak irizpen loteslea emanen du.

6.5. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, balorazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

7. Proiektuen balorazioa.

7.1. Proiektuak bi fasetan baloratuko dira, jarraian adierazten diren irizpideekin bat:

7.1.1. Proiektua deialdi honen xedearekin, helburuarekin eta aplikazio eremuarekin bat etortzea (65 puntu bitarte).

a) Proiektuaren deskribapena/kalitatea (50 puntu bitarte).

Proiektu guztiek argi eta garbi zehaztu beharko dituzte jarraian adierazten diren puntu hauek:

–Proiektuaren izena.

–Proiektuaren deskribapena (gehienez ere 10 lerro).

–Garatuko diren ekintzak.

–Proiektua gauzatzeko datak.

–Aurreikusitako onuradun kopurua eta haien ezaugarriak.

–Lortu nahi den emaitza ebaluatzeko adierazle kuantitatiboak eta kualitatiboak.

–Talde artistikoan, teknikoan eta kudeaketakoan arituko diren pertsonak.

–Marketin plana.

–Titulartasun pribatuko ekipamenduen kasuan: arte sorkuntzako prozesuaren gaitasun berritzailea eta sustatzailea baloratuko da, eta kasuan sartutako zerbitzuak eta azpiegiturak. Honakoekin lotutako ekintzak baloratuko dira:

–Berrikuntza-, ikerketa- eta produkzio-prozesuak abiaraztea.

–Sorkuntza ahalbidetzea artistei zerbitzu ematearekin lotura zuzena duen abiaburu batetik.

–Sorkuntza artistikoa sustatzea, berritzailea eta berezitasunaren sortzailea den ikuspuntu batetik.

–Profesionalizaziorako tresna metodologikoen kasuan: profesionalizazioaren sendotasuna, koherentzia eta profesionalizazioa bultzatzeko gaitasuna eta edukien aniztasuna. Sektore artistikoaren lehiakortasuna garatzearekin lotutako ekintzak baloratuko dira.

b) Espazio kulturalak daukan interes publikoa edo proposamen metodologikoa ezartzeak daukana; horretarako neurtu eginen da sortzaileek zenbatetan baliatzen edo erabiltzen duten. Baloratuko dira deialdi mota, onuradunen aniztasuna, genero ikuspegiaren integrazioa, kulturartekotasuna, diziplina artistikoen arteko elkarrizketa eta esperientziak partekatzeko aukera (10 puntu bitarte).

c) Tokiko eremuarekin duen lotura, honela adierazia: proiektuek beren ingurune hurbilenarekin duten harremana eta itzulkin soziala (kohesio soziala, hezkuntza, parte-hartzea, publikoak sortzea), alegia, proiektua abiaraztean aurreikusia dagoena (5 puntu bitarte).

7.1.2. Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (25 puntu bitarte).

a) Proiektuaren aurrekontua: horren koherentzia proiektua garatzeko, eta barne-koherentzia diru-sarreren eta gastuen egituran. 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarte egiten diren gastuak baizik ez dira sartuko (20 puntu bitarte).

b) Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den dirulaguntzaren portzentajea (5 puntu bitarte).

%55 arte: 5 puntu.

%55etik %63 arte: 4 puntu.

%63tik %70 arte: 3 puntu.

7.1.3. Agente kulturalak nazioartekotzeko estrategiak (5 puntu bitarte):

Agente kulturalak nazioartekotzeko estrategiak sartzea: parte-hartzaileen presentzia rol ezberdinetan, nazioz gaindiko sare kulturaletan sartzea, sormenezko esperientzien trukea.

7.1.4. Euskara erabiltzea proiektuan eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (5 puntu bitarte).

7.2. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, pertsona edo entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Datu ekonomikoak III. eranskinean jasotako inprimakian osatuko dira.

7.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak. Balorazioaren lehen fasean puntuazioaren erdia lortzen ez duten proiektuak ere (32,5 puntu 65etik), 7.1.1. atala, ez dira aintzat hartuko.

7.4. Hutsik uzten diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

8.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere hiru hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio eskabide-orrian adierazten den helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/), baita Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren iragarki-taulan ere (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Presuntziozko ezespenaren aurka pertsona edo entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

8.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: viveroscultura@navarra.es.

9. Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek eta entitateek egiten badituzte eta horiek ekonomia jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) artikuluan aipatzen dira), interes sozialekotzat hartuko dira, foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere. Ondorio horretarako, eskatzaileek V. eranskina bete beharko dute.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

9.3. Halaber, proiektuak egiten laguntzeko mezenasgoko edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 10.12 oinarrian aipatzen den ebaluazio txostenean, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraupena eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

10. Pertsona edo entitate onuradunen betebeharrak.

10.1. Dirulaguntzen onuradunek, pertsona fisikoek izan ezik, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, pertsona edo entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Foru dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, pertsona edo entitate onuradunek informazioa emateko duten betebeharra urratuz gero, ez zaie emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko dute.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak pertsona edo entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo komunikazio zuzeneko ekintzetan.

10.5. Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, betiere aldaketak, balorazio batzordearen ustez, funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

10.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan (Argitalpen Atala) kontsulta daitezke, helbide elektroniko honetan: publicaciones@navarra.es.

10.7. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldaketa eginen da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

10.8. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

10.9. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.10. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona edo entitate onuradunei aplikatu behar zaizkien legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

10.11. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

10.12. Enpresak edo profesionalak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

10.13. Proiektuko informazioaren osagarri, enpresak edo profesionalak generoari buruzko memoria bat erantsiko du, helburu izanen duena ezagutzea zein den Nafarroako kultura sektorearen errealitatea genero-ikuspegitik. Horretarako, datu hauek bilduko dira:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Garatutako planteamendu artistikoek zer gairi heltzen dioten nagusiki, bidezkoa denean, eta adieraztea edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Parte-hartzea:

  • Sormen espazioetan garatutako proiektuen egiletza (emakumezkoa, gizonezkoa edo anonimoa). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.
  • Profesionalizazio metodologiak ezartzeko proiektuetan erregistratutako parte-hartzea, sexuen arabera bereizia.
  • Zuzendaritza edo kudeaketa (gizona edo emakumea). Pertsona bat baino gehiago badira, zehaztu emakumeen eta gizonen kopurua.

10.14. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf).

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1. Ordainketa.

Oro har, behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazio hori proiektua bukatutakoan egin beharko da. Horretarako, pertsona edo entitate onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data, guztirako zenbatekoa, zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak aurkeztuko dira. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

d) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

e) Hedapenerako elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Entitate publikoarekin sinatutako kontratua, B) proiektuen kasuan (tresna metodologikoak).

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere. Horretarako, enpresak edo profesionalak Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari eskatu beharko dio, aurrerakina eskatzeko IV. eranskina aurkeztuz, eta frogatu beharko du dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela (diruzaintzako egoera-orria edo bankuko kontuen saldoa, dirulaguntzaren xedearekin lotuta ordaintzeko eta kobratzeko dituen gastuen eta diru-sarreren zerrenda eta proiektuari lotuta ez dauden ordaintzeko eta kobratzeko konpromisoak).

11.3. Aurreko ataletan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntza likidatzeko, enpresak edo profesionalak 11.1 oinarrian aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte proiektua bukatu eta bi hilabeteko epean; betiere, azken eguna 2019ko urriaren 31 izanen da, egun hori barne. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina dagoen kasuan, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

11.4. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

11.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren emakidan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.6. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan (1.6 oinarrian ezarritakoa ezin ezik) edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, pertsona edo entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Dirua itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Aurrekontu ekonomikoa.

IV. ERANSKINA

Aurrerakinaren eskaera.

V. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1905935