Iragarkia
94. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 16a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, euskara itzultzaile aritzeko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko
2019ko maiatzaren 7an, Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak deialdia onartzea erabaki zuen hurrengoaren arabera
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Iruñeko Udalaren zerbitzura euskara itzultzaile aritzeko hiru (3) lanpostu, funtzionario araubidekoak eta A mailakoak. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
1.2. Plazak, Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako Alorrari atxikiak eta 100600-5, 100600-6 eta 100600-7 zenbakiekin identifikatuak plantilla organikoan, honako txanda hauetan banatuko dira:
–Plaza bat txanda irekian.
–Bi plaza igoera-txandan.
Deialdiaren xede diren plazek euskararen ezagutza eskatzen dute, E3 (EGA) mailakoa.
1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren plazak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, baldin eta igoera txandan probak gainditzen duten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditutako izangaiak lehian arituko dira txanda irekiko izangaiekin txanda horretako plazetarako, betiere lortzen duten bukaerako puntuazioaren arabera.
Halaber, txanda irekiko lanpostu hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoarekin zehaztutako eran, deialdiaren 8.2 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.
1.4. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaie, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-esparrukoa den beste estatu batekoa, itunek langileen zirkulazio librea aurreikusten badute.
Halaber, espainiarren ezkontideek parte har dezakete, eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarrenek zein aipatutako nazioarteko itunen esparruko beste estatuetako herritarrenek ere –betiere zuzenbidez bereizita ez badaude–; bai eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek ere –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Lizentzia baten titulua edukitzea, Goi mailako Arkitekturakoa, Goi mailako Ingeniaritzakoa edo horien baliokidea den beste titulu bat, edo halakoak erdiesteko maneran egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzean.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, haien homologazioa frogatzeko egiaztagiria eduki beharko dute.
d) Nafarroako Gobernuak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edukitzea, edo ofizialki haren baliokide gisa aitortutako beste titulu bat, eta, zehazki, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokide gisa aitortutakoetatik edozein.
e) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.
Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betekizunez gain, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera zein lanpostutatik egin nahi den eta horretan.
b) Deitutako lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragoko batekoak izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.
2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.
Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.2 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.
2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 7.2 eta 8.2 zenbakietan aurreikusitako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioaren kasuan, dokumentazio hori aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten, http://www.pamplona.es/eu webgunean.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
3.2.1. Izena emateko eskubide tasa gisa Iruñeko Udalari 25,00 euro ordaindu izana egiaztatzeko frogagiria. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geratuko da.
Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429); edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:
–Izangaiaren izen-abizenak.
–NAN / IFZ.
–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.
–Kontzeptua: Euskara itzultzailerako oposizio-deialdia.
3.2.2. Horrez gain, baldin eta deialdian igoera-txandan parte hartu nahi duten izangaiak Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzeko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera.
3.2.3. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudun batek emana. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.
3.2.4. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du halako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak galdatzea.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute, behin behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Francisco Javier de Vicente Arbeloa, Iruñeko Udaleko euskara itzultzailea.
Epaimahaiburu ordezkoa: María Inmaculada Errea Cleix, Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuko burua.
Epaimahaikidea: Blanca Susana Preboste Iraizoz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintzarako Ataleko burua.
Epaimahaikide ordezkoa: Fernando Rey Escalera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskararako Atal Teknikoko burua.
Epaimahaikidea: Aingeru Epalza Ruiz de Alda, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea.
Epaimahaikide ordezkoa: Jose María Pedro Sestorain Zestau, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea.
Epaimahaikidea: Xabier Aristeguieta Oquiñena, Nafarroako Parlamentuko itzultzaile-interpretea.
Epaimahaikide ordezkoa: Mikel Iriarte Cilveti, Nafarroako Parlamentuko itzultzaile-interpretea.
Epaimahaikidea: Juanjo Pagola Urteaga, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko itzultzaile-interpretea.
Epaimahaikide ordezkoa: Joseba Urkia Galartza, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko itzultzaile-interpretea.
Epaimahaikidea: Cristina Colell Baztán, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Xabier Aquerreta Romeo, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Arantxa Campo Mayo, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako idazkari teknikoa.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.
6.–Oposizioaren garapena.
6.1. Oposizioa 2020ko urtarrilean hasiko da.
6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitaratuko ditu, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta Iruñeko Udaleko iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.
Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo Gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.3. Oposizioa:
6.3.1. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta 6.3.3 zenbakian adierazitako ordenan eginen dira, deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz.
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
6.3.2. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.
6.3.3. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:
Lehen proba: proba praktikoa izanen da, eta bi ariketa izanen ditu.
a) Lehen ariketa: epaimahaiak emandako bi testu itzuli beharko dira gaztelaniatik euskarara, gehienez ere ordubetean. Testuetako bat juridiko-administratiboa izanen da, eta bestea, teknikoa edo dibulgaziozkoa.
b) Bigarren ariketa: epaimahaiak emandako bi testu itzuli beharko dira euskaratik gaztelaniara, gehienez ere ordubetean. Testuetako bat juridiko-administratiboa izanen da, eta bestea, teknikoa edo dibulgaziozkoa.
Bi ariketetan, paperean inprimaturiko hiztegiak erabiltzen ahalko dira. Hiztegi horiek izangaiek beraiek eraman beharko dituzte.
Proba honetan, gehienez ere, 50 puntu lortzen ahalko dira, eta ariketa bakoitzean, 25 puntu gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gutxienez ere 12,5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
Bigarren proba: proba praktikoa izanen da.
Aldibereko interpretazio-proba bat izanen da, euskaratik gaztelaniara egitekoa, gehienez ere 15 minutuan.
Proba honetan 25 puntu lortu ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 12,5 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
Hirugarren proba: proba teorikoa izanen da.
Gehienez ere 60 galdera erantzun beharko dira idatziz eta laburki, gehienez ere hiru orduan, II. eranskineko gai-zerrendako I. zatiko gaien inguruan. Enuntziatuan bestelakorik esaten ez bada, erantzunak euskaraz eman beharko dira.
Proba honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 15 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
Laugarren proba: proba teorikoa izanen da.
Izangaiek gai-zerrendako II. zatitik zozketaz ateratako gai bat garatu beharko dute idatziz, euskaraz, gehienez ere bi orduan.
Proba honetan gehienez ere 20 puntu eskuratu ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.3.4. Lehen proban, hirugarrenean eta laugarrenean plikak baliatuko dira.
6.3.5. Behin proba bakoitza amaituta, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 eguneko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.
7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan argitaratuko ditu probak gainditu dituztenen izangaien zerrendak oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkeraren arabera, oposizioko ariketetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak batuta, txandetan banatuta, eta zerrenda horiek Giza Baliabideetako Zuzendariari bidaliko dizkio, betekizunak egiaztatu eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea egiteko.
Puntu-berdinketarik izanez gero, lehen proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Berdinduta jarraituz gero, bigarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da, eta, azkenik, izangai zaharrenaren alde.
7.2. Giza Baliabideetako Zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du aurkezteko, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, izangaiek bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiriak:
a) Deialdiaren 2.1.1.c) eta 2.1.1.d) oinarrietan eskatutako tituluen fotokopia, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriena, salbu eta lehenago ere aurkeztu badira.
7.3. Giza Baliabideetako Zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu betetze aldera hautatu beharreko lanpostuak –plaza-kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrendak –lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandetan bananduta– eta lanpostuak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.
Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.
Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.
8.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzordeari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu eta puntuazio handiena erdietsi duten izangaiak izendatze aldera, zenbat plaza eskaini diren eta horiek betetzeko beste izendatu ere.
Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.
8.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidea.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
8.3. Epe horretan –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak ezin izanen dira izendatu, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.
8.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak gainditu dutenen zerrendan, hots, 7.1 oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.
9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, Erabaki bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, Euskara Itzultzaile aritzeko lanposturako, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 8.4. zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.
9.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.
9.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.
10.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta www.pamplona.es webgunean argitaratuko dira.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:
–Plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
–Hautapen-prozesuko lehenengo hiru probak gainditu dituzten izangaien zerrenda.
–Hautapen-prozesuko lehenengo bi probak gainditu dituzten izangaien zerrenda.
–Hautapen-prozesuko lehenengo proba gainditu duten izangaien zerrenda.
12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratzeko prozedura.
12.1. Behin kalifikazio-epaimahaiaren espedientea jasota, Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaiei eta deialdi honen lehen proba gainditu dutenei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:
–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluen jatorrizko agiriak edo administrazio edo notario batek konpultsatutako kopia, edo haiek erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.
Ebazpen hori argitara emanen da, dagokien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.
Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.
12.2. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
12.3. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, hala behar izatera, aldi baterako kontrataziorako honako izangai-zerrenda hauek –eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren iragarki-taulan (Udaletxe plaza, Udaletxeko atzealdean) eta Udalaren webgunean–:
a) Lanposturik gabe gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Deialdi honetako lehenengo hiru probak (idatzizko itzulpenak, ahozko interpretazioa eta II. eranskineko I. zatiko gai-zerrendari buruzko proba teorikoa) gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioa gainditu ez eta plazarik lortu ez dutenak.
c) Deialdi honetako lehenengo bi probak (idatzizko itzulpenak eta ahozko interpretazioa) gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioa gainditu ez eta plazarik lortu ez dutenak.
d) Deialdi honetako lehenengo proba (idatzizko itzulpenak) gainditu duten izangaien zerrenda, oposizioa gainditu ez eta plazarik lortu ez dutenak.
12.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan honela zedarrituko da izangaien hurrenkera: plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien kasuan, hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio altuenaren arabera, eta gainerako izangaien kasuan, gainditu dituzten probetan lortutako puntuazio altuenaren arabera. Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 7an.–Batzarreko idazkaria, Joxe Abaurrea.
I. ERANSKINA
Eskabidea (PDF).
II. ERANSKINA
Gaitegia
I. zatia
1. gaia.–Itzulpena: definizioa eta itzulpen-motak. Itzulpen-printzipioak, -prozesuak, -teknikak eta -baliabideak.
2. gaia.–Itzulgarritasuna eta itzulezintasuna. Itzulpengintza eta kulturak. Munduari buruzko ikuskerak. Hizkuntzaren unibertsalak.
3. gaia.–Baliokidetasunaren arazoa itzulpengintzan. Baliokidetasun-motak.
4. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (I): itzulpengintza eta ideologia; itzulpengintza eta feminismoa; itzulpengintza eta postkolonialismoa.
5. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (II): itzulpengintza eta teknologia berriak; ikus-entzunezko itzulpena; lokalizazioa; itzulpengintza kolaboratiboa, komunitate-itzulpengintza, crowdsourcing-a eta CT3; itzulpengintza profesionala eta borondatezkoa.
6. gaia.–Itzulpengintza egungo munduan (III): itzulpengintza espezializatua; itzulpengintza zientifikoa eta teknikoa; itzulpengintza marketinean eta publizitatean.
7. gaia.–Itzulpengintza eta elebitasuna. Itzulpengintzaren eginkizuna gizarte eta administrazio elebidun edo eleaniztunetan. Itzulpengintza eta korredakzioa.
8. gaia.–Itzulpengintza eta hizkuntza minorizatuak: itzulpenaren beharra eta itzulpengintza normalizaziorako tresna gisa. Euskararen kasua: berariazko arazoak.
9. gaia.–Itzulpengintzaren rola administrazioko euskararen normalizazioan. Administrazioko hizkeraren ezaugarriak euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan. Hizkuntza estandarra eta administrazioko hizkera: loturak eta diferentziak.
10. gaia.–Fideltasuna, argitasuna eta komunikagarritasuna testu administratibo eta juridikoen itzulpenetan. Euskararen eta gaztelaniaren kasua itzulpen administratibo eta juridikoetan: irizpideak eta estrategiak.
11. gaia.–Itzulpenaren arazo nagusiak euskara/gaztelania binomioan. Esaldiaren antolamendua gaztelaniatik euskarara egindako itzulpenetan.
12. gaia.–Hizkuntza arrunta eta espezialitateko hizkuntza. Erregistro linguistikoak.
13. gaia.–Estilo- eta hizkuntza-liburuak. Estilo-liburu nagusiak euskaraz.
14. gaia.–Itzulpenen kalitatea. Berrikuspena eta zuzenketa. Irizpideak eta mailak testu itzulien zuzenketan. Zuzenketaren garrantzia ordenagailuz lagundutako itzulpenetan.
15. gaia.–Ordenagailuz lagundutako itzulpena (OLI tresnak): itzulpen-memoriak eta terminologia kudeatzeko tresnak. Itzulpen automatikoa: ereduak. Itzulpen automatikoa euskararen kasuan.
16. gaia.–Itzulpengintzaren historiako gertakari nagusiak: ekarpen praktikoak eta teorikoak Historian barna.
17. gaia.–Joera teoriko eta ikuspegi garaikideak itzulpen-ikasketen gainean (XX. eta XXI. mendeak).
18. gaia.–Euskarazko itzulpengintzaren historia: bilakaera eta gertakari historiko nagusiak.
19. gaia.–Interpretazioa: kontzeptua, ezaugarriak eta historia. Interpretazioaren berezitasunak itzulpenarekin alderatuta.
20. gaia.–Interpretazio-modalitateak eta -teknikak. Interpretaziorako behar diren trebetasunak.
21. gaia.–Sekretu profesionala, etika eta deontologia, itzulpengintzan.
22. gaia.–Itzultzaileen ikusgarritasuna eta ikusezintasuna. Lan-estatusa eta elkargo profesionalak.
23. gaia.–Itzulpengintzarako baliabideak eta tresnak: hiztegiak, entziklopediak, terminologia-bankuak, corpusak, hizkuntza-kontsultarako zerbitzuak, zuzentzaile automatikoak eta bestelako tresna informatikoak, Internet...
24. gaia.–Terminologiaren oinarriak. Terminologia-bankuak.
25. gaia.–Terminologia eta itzulpengintza. Euskarazko eta gaztelaniazko terminologia juridiko-administratiboa.
26. gaia.–Terminologiaren problematika itzulpegintza administratiboan. Terminologia administratiboaren baterakuntza euskaraz.
27. gaia.–Hizkera inklusiboa eta ez-sexista euskaraz eta gaztelaniaz.
28. gaia.–Perpausa: definizioa eta motak. Perpausaren egitura eta osagaiak.
29. gaia.–Hitzen ordena perpausaren barnean. Ordena markatua eta ordena markatu gabea. Euskarazko tradizioak, ordenari dagokionez. Galdegaia, mintzagaia eta iruzkina. Testu-antolatzaileen eginkizuna.
30. gaia.–Testu-kohesioa. Konexio-mekanismoak. Testu-antolatzaileak: motak eta egitekoak.
31. gaia.–Izen-sintagma: funtzioak eta osagaiak. Izenak eta izen-ordainak: funtzioak eta motak. Determinatzaileak: sailkapena.
32. gaia.–Adjektiboak: funtzioa eta motak. Aposizioa.
33. gaia.–Aditz-sintagma: funtzioa, egitura eta osagaiak.
34. gaia.–Aditza euskaraz: sailkapenak. Aspektua, tempusa, modua, pertsona eta numeroa. Komunztadura. Forma alokutiboak.
35. gaia.–Euskal aditz laguntzailea: sailkapena eta formak. Aditz trinkoak.
36. gaia.–Adberbioak: funtzioa, ezaugarriak eta sailkapenak. Lokuzio eta perpaus adberbialak. Postposizioa.
37. gaia.–Deklinabidea euskaraz. Definizioa. Formak eta kasuak. Kasu-formen aldaerak hitzen ezaugarrien arabera. Deklinabide mugagabea.
38. gaia.–Perpaus elkartuak: motak. Juntadurazko perpausak eta mendeko perpausak. Juntagailuak eta menderagailuak.
39. gaia.–Euskal lexikoa. Hitzak sortzeko bideak. Hitz elkartuak eta eratorriak. Hizkuntza-maileguak eta neologismoak. Zabalkuntza semantikoa, berrezarpen lexikala eta berrikuntza fonologikoa.
40. gaia.–Euskal ortografia: arau nagusiak. Puntuazio-markak.
41. gaia.–Ortotipografia euskaraz (I): aldaera tipografikoak, kakotxak, barrak, marrak eta bestelako zeinuak erabiltzeko irizpideak.
42. gaia.–Ortotipografia euskaraz (II): letra larriak erabiltzeko irizpideak eta maileguak eta hitz elkartu eta eratorriak idazteko erak.
43. gaia.–Laburdurak, siglak eta sinboloak euskaraz eta gaztelaniaz. Sinboloen adierazpena zientziaren eta teknikaren esparruan.
44. gaia.–Ortografia eta ortotipografia gaztelaniaz. Arau eta irizpide nagusiak. Ortotipografiako eskuliburuak gaztelaniaz.
45. gaia.–Estiloa euskaraz: arazoak, irtenbideak, gomendioak eta irizpideak.
46. gaia.–Kalko okerrak. Euskaraz kalko okerrak saihesteko formulak.
47. gaia.–Euskaltzaindia: hizkuntza-baliabideak eta argitalpenak.
48. gaia.–Euskalkiak eta euskalkien aldaerak. Literatura-euskalkiak. Hizkuntza estandarra eta euskalkiak: erabilera-esparruak.
49. gaia.–Nafarroako euskalkiak: bilakaera, ikerketak eta proposamenak.
50. gaia.–Hizkuntza estandarra eta soziolektoak. Gazte-hizkera: euskararen berariazko kasua.
51. gaia.–Ahozko hizkera eta idatzizkoa: diferentziak eta alderdi komunak. Haien ondorioak ele biko komunikazioan.
52. gaia.–Ele biko edukien adierazpena ingurune digitaletan: komunikazio elektronikoa, sare sozialak, webguneak... Ondorioak euskararen kasuan.
53. gaia.–Ele biko komunikazioa. Elkarren ondoko hizkuntzen arteko elkarreragina. Ondorioak diseinu grafikoari dagokionez. Ele biko formatuak, errotulazioa eta seinaleak.
54. gaia.–Euskara Nafarroan: egoera juridikoa demolinguistikoa eta soziala. Europa, Estatu eta Nafarroa mailako araudia.
55. gaia.–Euskara Iruñean: egoera juridikoa, demolinguistikoa eta soziala. Iruñean aplikatu beharreko araudia. Datu soziolinguistiko garrantzitsuenak.
56. gaia.–Soziolinguistikaren oinarrizko kontzeptuak: elebitasuna, diglosia, hizkuntza-gutxiengoak, hizkuntza gutxituak. Euskara, hizkuntza gutxitua.
57. gaia.–Hizkuntza-normalizazioa. Hizkuntza baten normatibizazioa eta estandarizazioa. Estandarizazio ereduak. Euskararen estandarizazioa.
58. gaia.–Toponimia eta normalizazioa. Toponimia Nafarroan eta Iruñean.
59. gaia.–Euskararen presentzia Nafarroako administrazio publikoetan. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua. Nafarroako Euskararen Plan Estrategikoa.
60. gaia.–Euskararen egoera Nafarroako toki-administrazioetan. Araudia. Toki-entitateetako euskara zerbitzuak. Udaletako euskara teknikarien sarea (NUETS).
II. zatia
1. gaia.–18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa. Ikuspegi eta egitura orokorrak. Eremu mistoaren berariazko azterketa.
2. gaia.–Iruñeko Udalean indarra duen Euskarari buruzko Ordenantza.
3. gaia.–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. Ikuspegi eta egitura orokorrak. Eremu mistoaren berariazko azterketa.
4. gaia.–5/2018 Foru Dekretua, otsailaren 28koa, Nafarroako Gobernuak hartua, irizpideak ezartzen dituena Nafarroako biziguneen izenak erabiltzeko eta haiek grafikoki adierazteko.
5. gaia.–Iruñeko Udala. Egitura eta antolaketa administratiboa. Udal-alorrak: egitura generikoa eta eginkizunak. Gobernu-organoak: Osoko Bilkura eta Gobernu Batzarra. Batzordeak. Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoa.
6. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Xedapen Orokorrak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Eskubideak eta betebeharrak.
7. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Iruñeko Udalaren Administrazio Prozedura Erkidea eta Araubide Juridiko Elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.
8. gaia.–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea: Xedapen Orokorrak. Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak eta hura gauzatzeko prozedura.
9. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), apirilaren 27koa, pertsona fisikoen babesari buruzko datu pertsonalen tratamenduari dagokionez: Xedapen Orokorrak. Definizioak. Printzipioak.
10. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: Berdintasunaren printzipioa eta Bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Iruñeko Udalaren Berdintasuneko Ordenantza.
Iragarkiaren kodea: L1906236
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
