Iragarkia
94. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
752/2019 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Gobernu Kontseiluaren Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Informazioaren Segurtasunari buruzko Araudia onestekoa”, 2019ko maiatzaren 7ko Gobernu Kontseiluak onetsia.
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2019ko maiatzaren 7an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Informazioaren Segurtasunari buruzko Araudia onetsi zen.
“Gobernu kontseiluaren erabakia, informazioaren segurtasunari buruzko araudia onesten duena.
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak (EB) eta Segurtasuneko Eskema Nazionalari buruzko 2010eko urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak eskatzen dutenez, unibertsitate publikoek Informazioaren Segurtasunari buruzko Politika eta Araudia onetsi behar dituzte.
Hori dela eta, Gobernu Kontseiluari proposatzen zaio Informazioaren Segurtasunari buruzko Araudia onesteko, NUPek Informazioaren Segurtasunari buruzko Politika gara dezan, zeina Gobernu Kontseiluak onetsi baitzuen 2019ko urtarrilaren 31ko bileran.
Errektoreak proposaturik, hona hemen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2019ko maiatzaren 7ko bileran hartu duen
ERABAKIA
Lehena.–Onestea NUPen Informazioaren Segurtasunari buruzko Araudia (eranskinean ageri da).
Bigarrena.–Erabaki hau eta bere eranskina Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Hirugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.”
Iruñean, 2019ko maiatzaren 7an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN INFORMAZIOAREN SEGURTASUNARI BURUZKO ARAUDIA
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Informazioaren Segurtasunari buruzko Politikak 6.5.3 epigrafean ezartzen du Informazioaren Segurtasunari buruzko Araudiaren bidez garatuko dela politika hori, zeina Gobernu Kontseiluak onetsi baitzuen 2019ko urtarrilaren 31ko bileran.
Bai Informazioaren Segurtasunari buruzko Politikak bai dokumentu honetan jasota dagoen araudiak helburu bera dute: kondizio egokiak sortzea Unibertsitateak bere komunitateko kideei ematen dizkien bitartekoak eta baliabideak erabiltzeko, informazioaren kalitatea eta segurtasuna bermatuta egon daitezen eta erakundearen zerbitzuak etenik gabe eman daitezen. Gogoan izan behar da Unibertsitateko komunitateko kide guztien zeregina dela, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura duten kanpoko langile guztiena ere, informazioaren, sistemen eta komunikazioen segurtasuna zaintzea.
Araudi honen bidez, beraz, informazioaren aktiboak babestu nahi dira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren informazioa modu egokian, eraginkorrean eta seguruan zaintzen eta erabiltzen dela bermatu. Horretarako, prozedurak antolatzeko neurriak hartu behar dira eta arauak ezarri. Hain zuzen, segurtasuna ziurtatzeko arauak biltzen dira dokumentu honetan.
Informazioaren segurtasuna printzipio hauetan oinarritzen da: informazioaren benetakotasuna, konfidentzialtasuna, erabilgarritasuna, osotasuna eta trazabilitatea. NUPek kudeatzen duen informazioa lortzeko, prozesatzeko eta zaintzeko lana horretarako baimena duten langileek baino ezin dute egin. Bestalde, informazioaren kalitatea, jatorria eta osotasuna informazioaren bizi ziklo osoan bermatu behar da.
1.–Araudiaren xedea.
Araudi honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren informazio sistemen erabilera egokia, eraginkorra eta segurua arautzea da, eta, horretarako, oinarrizko arau batzuk ematen dizkie informazio sistemak erabiltzen dituzten guztiei Unibertsitatearen informazioaren kalitatea eta segurtasuna bermatzeko gaietan.
2.–Informazio sistemen erabiltzaileak.
Hauek hartzen dira NUPeko informazio sistemen erabiltzailetzat: batetik, Unibertsitateko komunitateko kideak, hots, ikasleak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta irakasle eta ikertzaileak, eta, bestetik, NUPen informazio sistemak erabiltzen dituzten edo erabiltzeko aukera duten pertsona guztiak.
3.–Segurtasuna baliabide informatikoak erabiltzean.
Informazio sistemen erabiltzaileek esleituta dituzten eginkizun profesionalak betetzeko behar dituzten ekipo informatikoak, gailu elektronikoak, aplikazioak eta datuak emanen dizkie NUPek.
Zerbitzuaren eta informazioaren arduradunek definitu eginen dute erabiltzaile bakoitzak informazioa eskuratzeko zer behar dituen.
Horren arabera, erabiltzaile bakoitzari modua emanen diote beren lana egiteko behar duten informazioa ez besterik eskuratzeko.
Sistemen administratzaileek arduratu behar dute erabiltzaileei baliabide informatikoetarako sarbidea emateaz, bai eta baliabideetarako sarbide logiko espezializatua emateaz ere.
Erabiltzaile bakoitzak profil bat izan behar du, erakundean egin behar dituen lanen araberakoa, eta erabiltzaile horren zuzeneko arduradunak definituko du. Profil bakoitzak gauza jakin batzuk egiteko baimena izango du, eta profil horrek behar duen informaziorako baino ez du izanen sarbidea.
3.1.–Helburu publikoa.
Unibertsitateak erabiltzaileen esku jartzen dituen baliabide informatikoak, ekipoak, gailuak, programak, sareak, posta elektronikoa eta informazioa bitarteko publikoak dira, eta Unibertsitatearen helburu instituzionalak betetzeko erabili behar dira. Zehazki, dagokien helbururako erabili behar dira bitartekoak, modu bidezkoan eta legitimoan, eta erabiltzaile orori eskatzen ahal zaion arduraz.
Debekatuta dago baliabide informatikoak nork bere kontu partikularretarako erabiltzea eta, batik bat, hori egiteak informazio sistemen efizientzia edo segurtasuna arriskuan jartzen badu, edo erabilera partikularra ezin bada bateratu Unibertsitatearen helburuekin edo Unibertsitateko langileen eta ikasleen eginkizun profesionalak eta errendimendua betetzearekin dela asko erabiltzeagatik dela ezaugarri jakin batzuk izateagatik.
3.2.–Bitartekoak modu seguruan eta dagokien helburu publikoa betetzeko erabiltzea.
Betebehar hauek dituzte unibertsitatearen baliabide informatikoak erabiltzen dituztenek:
a) Informatika Zerbitzuko langileei sarbidea emateko, ekipo informatikoak instalatzeko, konpontzeko eta haien mantentze-lanak egiteko beren ekipoetan sar daitezen. Erabiltzaileei informazioa emanen zaie ezarri den prozeduraren arabera.
b) Jakiteko NUPek inbentariatu eta monitorizatu egiten dituela informazio sistemak eta informazioa bera, arrazoi legalak, segurtasunekoak eta mantentze-lanen ingurukoak direla medio.
c) Baliabide informatikoekin modu arriskutsuan ez jokatzeko, malware edo software gaiztoa beste ekipo batzuetan sar eta heda ez dadin.
d) Erabiltzaileen esku jarritako baliabide informatikoak efizentziaz erabiltzeko.
3.3.–Softwarea administratzea eta instalatzea.
Informatika Zerbitzuari esleitu zaio erabiltzaileen ekipamendu korporatiboak instalatzeko, administratzeko eta haien mantentze-lanak egiteko zeregina, eta egiteko horien ardura duten informatikari espezialistek egin behar dituzte.
Ezin da instalatu baimendu gabeko softwarerik.
Hirugarren baten jabetza intelektualeko softwarea deskargatuz edo instalatuz gero, produktu bakoitzaren lizentzia-kontratuan azken erabiltzaileentzat adierazten diren baldintzak bete behar dira. Erabiltzaileren batek baldintza horietakoren bat betetzen ez badu, bere ardura izanen da.
Informatika Zerbitzuko sistemen administratzaileek sistemak birusen, harren, troiarren eta beste arrisku batzuen kontra babesteko baliabide informatikoak instalatuko dituzte; erabiltzaileek, berriz, laneko ekipoak, aplikazioak eta informazioa babesteko ematen dizkieten jarraibideak bete behar dituzte.
3.4.–Norberak erabiltzeko gailu korporatiboak.
Norberak erabiltzeko gailu korporatiboei (ordenagailu pertsonalak, eramangarriak, tabletak, telefono mugikorrak eta antzekoak) erraz egiten ahal zaie eraso gordetzen duten informazioaren segurtasunari dagokionez. Hori dela eta, neurri hauek hartuko dira:
a) Behar bezala zaindu behar dira ebats ez ditzaten.
b) Ahal dela, halako gailuetan ez da gorde behar informazio konfidentzialik, erabilera mugatuko informaziorik, ezta datu pertsonalik ere, eta aldian behin ezabatu egin behar dira beharrezkoak ez diren datuak.
c) Norberak erabiltzeko gailu korporatiboak eguneratuta eta babestuta eduki behar dira Informatika Zerbitzuak emandako jarraibideen arabera.
d) Ekipoak pasahitz bidez blokeatu behar dira denbora batez erabiltzen ez badira.
e) Bereziki babestu beharreko datu pertsonalak eta informazio konfidentziala zifratu egin behar dira, eta horietarako sarbidea duten gailuek mekanismo batzuk erabili behar dituzte, zeinak gauza izanen baitira edozein bitarteko erabiliz sistematik ateratako fitxategi bakoitzeko erregistro bat sortzeko.
Erabiltzaileen jabetzako gailuak erabiltzeko ere bete behar dira arau hauek, baldin eta NUPeko informazioa tratatzeko erabiltzen badira. Kasu horretan, erabiltzaileak berak hartu behar ditu segurtasun neurriak. Horrek ez du galaraziko, bestalde, NUPek gailuak erabiltzeko baldintza batzuk ezartzea.
3.5.–Informazio sistemen erabilera espresuki debekatuak.
Non eta ez den aldez aurretik espresuki baimentzen, debekatuta dago hauek egitea:
a) Informazio konfidentziala edo erabilera mugatuko informazioa behar bezain zuhur ibili gabe gordetzea eta transmititzea.
b) Dena delako informazio pribatua gordetzea Unibertsitatearen baliabide partekatuetan edo lokaletan.
c) Prozesu-, memoria-, biltegiratze- eta komunikazio-baliabide asko erabiltzea helburu ez-profesionaletarako.
d) Baimenik ez duten hirugarrenei sarbidea ematea Unibertsitatearen baliabideak, zerbitzu informatikoak eta informazioa erabil ditzaten.
e) Ekipoen osagai fisikoak eta logikoak eta konfigurazioa aldatzea.
f) Lizentziarik ez duten edo jabetza intelektualari buruz indarrean dauden legeak urratzen dituzten programak instalatzea eta erabiltzea.
g) Dena delako software kaltegarria erabiltzea.
h) Ekipoan birusen bat edo malwarea nahita sartzea baliabidea eta sistema arduragabeki edo desegoki erabiltzeagatik.
i) Ezaugarri jakin batzuk dituztelako sareaz gehiegi baliatzen diren programak erabiltzea.
j) Unibertsitatearen komunikazio baliabideak zilegi ez den moduan edo ilegalki erabiltzea edo baimendu ez den zerbaitetarako.
k) Ez errespetatzea programa eta aplikazio informatikoak erabiltzeko lizentzietan ezarritako baldintzak.
4.–Komunikazioen erabilera.
4.1.–Prozedurak eta ardura.
NUPek Unibertsitate barneko eta kanpoko sareetarako sarbidea kontrolatuko du, eta ziurtatuko du erabiltzaileek ez dituztela arriskuan jartzen zerbitzuak. Horretarako, NUPen sarearen eta beste sareen arteko interfaze egokiak erabiliko ditu, bai eta erabiltzaileak eta ekipoak autentifikatzeko mekanismoak eta sistemaren erabiltzaile bakoitzarentzako sarbideak ere.
Unibertsitateak neurriak hartuko ditu NUPen sarean sartzeko baimena emateko eta kontrolatzeko sarea helburu gaiztoetarako erabil ez dadin.
Informazioa modu automatizatuan tratatzeko baimena duten langile guztiak sistemaren erabiltzaile gisa erregistratuta egonen dira. Informazio sisteman sartzeko, erabiltzaile izen berdingabe eta besterenezina erabiliko dute eta pasahitz pertsonala, aldian behin iraungiko dena.
Informazio sistemen inguruko eragiketen prozedurak behar bezala dokumentatuak egonen dira eragiketak zuzen egiten direla ziurtatzeko. Gainera, ekipoetan eta softwarean aldaketa esanguratsuak egiten direnean, berraztertu eta aldatu eginen dira prozedurak.
Azkenik, logikoki bereizitako arloak ezarriko dira informazio sistemetan baimenik gabe inor sar ez dadin.
4.2.–Komunikazioen erabilera debekatuak.
Debekatuta dago hauek egitea:
a) Baliabideak zilegi ez den moduan edo ilegalki erabiltzea eta, bereziki, oinarrizko eskubide eta askatasun publikoen kontrako edukiak zabaltzea.
b) Interneteko, posta elektronikoko edo beste edozein tresna kolaboratibotako erabiltzaileren baten nortasuna ordezkatzea.
c) Eduki kaltegarria duten programa informatikoak eta fitxategiak deskargatzea, baldin eta erakundearentzat arriskutsuak izan badaitezke.
d) Komunikazio asko erabiltzen dituzten aplikazioak eta tresnak baliatzea fitxategiak, programak eta bestelako edukia masiboki deskargatzeko, helburu profesionaletarako ez bada.
e) Sarean eskuratu daitekeen informazioaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen duten gauzak egitea.
f) Esleitu ez diren gakoak, baimenak eta zifratze algoritmoak lortzen saiatzea, erabiltzaileak identifikatzeko izenak eta pasahitzak ezagutzera ematea, eta Unibertsitatearen sistemetara baimenik gabe sartzeko modua ematen duen informazioa zabaltzen uztea.
g) Informazio jakin bat eskuratzeko baimenik izan gabe, informazioa bilatzeko tresnak erabiltzea.
h) Unibertsitatearen komunikazio sarera ekipoak konektatzea Informatika Zerbitzuaren aldez aurreko baimenik gabe.
i) Segurtasun gaietan indarrean diren legeen kontrako gauzak egitea, baldin eta kalteren bat eragin badiezaiokete Unibertsitatearen komunikazio sarearen sistema informatikoari.
5.–Posta elektronikoaren erabilera.
Agindu zehatzak emanen dira posta elektronikoa eta komunikazio elektronikoko beste sistemak erabiltzeko moduaz horretarako ezartzen den jarraibide administratiboaren bidez.
NUPek posta elektronikoko kontu bat emanen dio Unibertsitate komunitateko kide bakoitzari agintzen zaizkion eginkizunak bete ditzan edo dagokion jarduera akademikoa gauzatu dezan.
Onargarritzat joko da posta elektronikoa helburu akademiko eta profesionaletarako modu egokian eta efizientean erabiltzea.
5.1.–Posta elektronikoaren erabilera onartezina.
Posta elektronikoari dagokionez, hauek dira erabilera onartezinak:
a) Datu pertsonalak eta informazioa bidaltzea, hartzaileak eskatu ez badu eta jatorrizko bidaltzaileak baimenik eman ez badu.
b) Beharrezkoak ez diren mezuak bidaltzea, tamaina eta bolumen handiegia dutelako, hots, irudiak, sinadurak, atzeko planoko irudiak eta antzekoak dituztelako.
c) Tamaina handiko fitxategiak bidaltzea nahitaezkoa ez bada.
5.2.–Posta elektronikoaren erabilera debekatua.
Debekatuta dago hauek egitea:
a) Honelako materiala transmititzea eta gordetzea: material ilegala, difamatzailea, diskriminatzailea, lizentziarik gabeko programa informatikoak, jabetza intelektualaren eskubideak urratzen dituztenak, katean zabaltzen diren mezuak eta NUPi berari edo NUPeko erabiltzaileei kalte egin diezaiokeen eduki oro.
b) Hartzaileak eskatu ez dituen mezuak zabaltzea (spama) edo zabaltzen laguntzea, eta mezu kateetan parte hartzea.
c) Sarbide gakoak eskatzen dituzten mezuei erantzutea.
d) Norberarena ez den postontzi elektroniko batean sartzea.
e) Erabiltzaileen posta kontuak banaketa zerrendetan, foroetan, albiste zerbitzuetan eta antzekoetan zabaltzea, baldin eta ez bada erabiltzaileen jarduera profesionalaren edo akademikoaren ondorioz.
f) Banaketa zerrendak modu pertsonalean eta bereizkuntzarik gabe erabiltzea.
6.–Informazioaren erabilera.
6.1.–Informazioaren sailkapena, zenbateraino babestu behar den kontuan hartuta.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren informazioa hiru kategoriatan sailkatuta dago, konfidentzialtasun mailaren arabera. Erabiltzaile guztiek jakin behar dute informazioa nola dagoen sailkatuta:
a) Informazio sailkatugabea. Informazio publikoa da, eta ez dago mugarik beste batzuek eskuratu dezaten.
b) Erabilera mugatuko informazioa. Unibertsitate barnean erabiltzeko informazioa da, eta hura tratatzeko eskumena duten langileek eskuratu dezakete. Erabiltzaile jakin batzuei zabaltzeko modukotzat ere sailka daiteke informazio mota hau. Beste kasu batzuetan, kontratu baten bidez Unibertsitatearekin lotura duten hirugarren interesdunek ere eskuratu dezakete.
c) Informazio konfidentziala. Beren eginkizunak betetzeko, informazio mota hau eduki behar duten langileek baino ezin dute eskuratu.
Informazioaren arduradunak sailkatu behar du NUPen informazio sistemetan dagoen informazioa.
Printzipio orokor gisa, erabilera mugatuko informazio gisa sailkatuko da. Zerbitzu jakin baten eginkizunak betetzeko, informazio edo dokumentu motaren bat berriz sailkatu behar bada, zerbitzu horren buruak erabakiko du informazioa nola sailkatu Segurtasunerako Batzordeak ezarritako jarraibideak kontuan hartuta.
6.2.–Informazioaren erabilera onargarria.
Hauek dira informazioa erabiltzeko arauak:
a) Erabiltzaileen eginkizun profesionalak betetzeko erabili behar da NUPen informazio sistemetako informazioa eta haren komunikazio sareetan barrena dabilena.
b) Erabilera mugatuko informazioa eta informazio konfidentziala eskuratzeko, baimen esplizitua izan behar dute erabiltzaileek, eta ez dute deus ere esan behar horri buruz.
c) Ahal dela, erabilera mugatuko informazioa eta informazio konfidentziala ez dira gorde behar kontrolpean ez ditugun bitartekoetan (CDetan, DVDetan, USB memorietan, zerrendetan eta antzekoetan), ezta halako informazioa gordetzeko baimenik ez duten hodei motako tresnetan eta plataformetan ere (cloud), eta ez da utzi behar edozeinek ikusteko moduan ordenagailuaren pantailan. Erabilera mugatuko informazioa eta informazio konfidentziala duten paperezko dokumentuak giltzapean gorde behar dira.
d) Laneko fitxategiak erabiltzaileei esleitutako sare karpetetan gorde behar dira, horiei egiten baitzaie segurtasun kopia modu zentralizatuan eta automatizatuan. Erabiltzaileak berak egin behar du bere lanpostuko unitate lokal batean gordeta duen informazioaren segurtasun kopia.
e) Behar-beharrezkoa den informazioa besterik ez da gorde behar, eta gordetzeko dagoen lekua zentzuz erabiliz.
f) Dokumentuak manipulatzeko ekipoak erabiltzen direnean (inprimagailuak, eskanerrak eta antzekoak), paperezko dokumentuak erabili eta segituan kendu behar dira haietatik, bai jatorrizkoak bai kopiak.
g) Informazio sistemetan egiten den tratamendu oro indarrean diren legeen arabera egin behar da, batik bat, datu pertsonalak babesteko legeak betez, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduan (EB) -2016ko apirilaren 27koa- eta Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoan -2018ko abenduaren 5ekoa- ezarritakoa betez.
h) Erabilera mugatuko informazioa edo informazio konfidentziala NUPetik kanpora bidali behar izanez gero, zifratu egin behar da edo beste mekanismoren bat erabili informazioa bidaltzean edo garraiatzean ulertezina izanen dela ziurtatzeko.
i) Informazio euskarriak deuseztatzeko eta berrerabiltzeko, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira euskarrietako informazioa hirugarrenek eskuratu ez dezaten.
6.3.–Informazioaren erabilera espresuki debekatuak.
Non eta ez den aldez aurretik baimentzen, espresuki debekatuta dago hauek egitea:
a) Erabilera mugatuko informazioa eta informazio konfidentziala eskuratzea.
b) Erabilera mugatuko informazioa eta informazio konfidentziala hirugarrenei jakitera ematea, zabaltzea, banatzea eta haien eskura jartzea (Unibertsitatetik kanpokoei zein baimenik ez duten barnekoei).
c) Erabilera mugatuko informazioa eta informazio konfidentziala Unibertsitatetik kanpo ateratzea dena delako bitartekoak erabiliz: posta elektronikoa, gailu mugikorrak (ordenagailu eramangarriak, telefonoak), USB memoriak, CDak, DVDak, hodei motako tresnak eta plataformak (cloud), baldin eta beharrezkoa ez bada erabiltzailearen eginkizunak betetzeko.
d) Informazioa interes partikularretarako erabiltzea.
e) Dena delako informazio pribatua gordetzea Unibertsitatearen baliabide partekatuetan edo lokaletan.
f) Informazioa baimenik gabe eta nahita deuseztatzea eta aldatzea.
g) Intimitaterako eskubidea, komunikazioei buruzko sekretua gordetzeko eginbeharra eta datu pertsonalak babesteko eskubidea urratzea.
h) NUPek eta hirugarrenek emandako informazioa tratatzea, non eta ez den agintzen diren eginkizunak betetzeko.
i) NUPek definitutako arauen kontrako bestelako erabilera oro.
7.–Sarbidearen kontrola.
Erabiltzaile guztiek kredentzial jakin batzuk izanen dituzte, hots, erabiltzaile-izen bat eta pasahitz bat, zeinak pertsonalak eta besterenezinak izango baitira. Erabiltzaileek, beraz, kredentzial horiekin hasiko dute saioa eta sartuko dira baimenduta dituzten informazio sistemetan. Erabiltzaileek arduratu behar dute ematen dizkieten kredentzialak zaintzeaz eta segurtasun gomendio guztiak jarraitzeaz kredentzial horiek hirugarrenek erabil ez ditzaten. Erabiltzailea konturatuko balitz beste norbait bere kredentzialak erabiltzen ari dela seguruenik, Informatika Zerbitzuari esan behar dio.
7.1.–Sarbide fisikoa instalazioetan sartzeko.
7.1.1.–Leku publikoak.
Leku publikoetarako sarbidea ez dago mugatuta. Halako lekuetan, ez da jarriko ekiporik eta informaziorik erabilera mugatukoak edo konfidentzialak badira eta hirugarrenek baimenik gabe erabil baditzakete.
Erabiltzaileei arreta emateko lekuetan, ez da utziko dokumenturik mahai gainean eta pantailetan, baldin eta ez badira baimenik ez duten hirugarrenek ikusteko modukoak. Tentu handiz ibili behar da erabilera mugatuko informazioa eta informazio konfidentziala tratatzen den lekuetan. Datu pertsonalak erabiltzen diren kasuetan, aplikatu beharreko segurtasun neurriak hartu behar dira.
7.1.2.–Erabilera mugatuko lekuak.
Erabilera mugatuko lekuetan sartzeko, horretarako baimena behar da aldez aurretik.
Bisitariren batek edo baimenik ez duen langileren batek erabilera mugatuko instalazioetan sartu behar badu edo mota horretako informazioa eskuratu, NUPek baimendutako arduradun batek lagundu behar dio beti, eta hark kontrolatuko du une oro baliabideen segurtasuna bermatuta dagoela.
7.2.–Informazio sistemetarako sarbidea.
Informazio sistema bakoitzak badu mekanismo bat sarbidea kontrolatzeko. Informazio sistemetan sartzeko, erabiltzaileak bere burua autentifikatu behar du eman dizkioten sarbide gakoak erabiliz.
Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte beren sarbide gakoak kudeatzeari eta erabiltzeari dagokienez:
a) Sarbide gakoak arreta handiz zaintzeko eta haien konfidentzialtasuna gordetzeko. Beraz, ez dira idatzi behar beste erabiltzaileek eskuratu ditzaketen euskarrietan.
b) Ekipo bateko saioa bukatzean, itxi egin behar dute beren kontua; ekipoa begien bistan ez dutenean, aldiz, blokeatu.
c) Segurtasunerako Batzordeak ezarritako jarraibideak kontuan hartuta sortu eta erabili behar dituzte sarbide gakoak.
8.–Datu pertsonalak. Sekretua gordetzeko eginbeharra.
Datu pertsonalak dituen informazioa babestuta dago datu pertsonalei buruz indarrean diren legeen bidez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB) -2016ko apirilaren 27koa-, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoa -2018ko abenduaren 5ekoa- eta NUPek onetsitako araudia.
Jarduera profesionalaren edo akademikoaren ondorioz datu pertsonalak eskuratzeko modua duten erabiltzaileek datuei buruzko sekretua gordetzeko eginbeharra dute. Denbora mugarik gabe izanen dute eginbehar hori, baita NUPekin duten lotura laborala, profesionala eta akademikoa bukatu ondoren ere.
9.–Segurtasunaren inguruko gorabeherak.
Erabiltzaileren batek segurtasunaren inguruko anomaliarik edo gorabeherarik detektatzen badu, NUPeko instalazioen edo informazio sistemen erabilera egokia eta funtzionamendua arriskuan jar lezakeenik, bai eta arau hauek urratzen dituen zerbait ere, berehala esan behar dio bere arduradunari edo segurtasunaren arduradunari beharrezko neurriak har ditzan.
Segurtasuneko gorabeherei agudo eta modu eraginkorrean eta ordenatuan erantzunen zaiela ziurtatzeko, behar diren prozedurak ezarriko dira jarraibideen bidez.
10.–Unibertsitateko komunitateko kideen betebeharrak.
Unibertsitateko komunitateko kide guztiek Informazioaren Segurtasunari buruzko Araudia ezagutzeko eta betetzeko betebeharra dute, eta Segurtasunerako Batzordeak behar diren bitartekoak jarri behar ditu informazioa interesdunei helarazteko.
Unibertsitateko komunitateko kide guztiak segurtasunari buruzko bilera batera joanen dira urtean behin bederen. Segurtasunari buruz kontzientziatzeko programa bat ezarriko da Unibertsitateko komunitateko kide guztientzat eta, bereziki, Unibertsitatean sartu berri direnentzat.
IKT sistemen erabileraren, eragiketen edo administrazioaren ardura dutenek prestakuntza jasoko dute, lanean sistemak modu seguruan erabiltzen ikas dezaten. Halako ardura lehenbizikoz esleitzen zaienean edo lanpostuz aldatu direlako edo lanpostu berean egonagatik halako ardura bat esleitu zaielako, ardura hori beren gain hartu baino lehen egin beharko dute prestakuntza.
11.–Hirugarrenen betebeharrak.
NUPek loturaren bat finkatzen badu beste erakunde edo pertsona batzuekin, Informazioaren Segurtasunari buruzko Araudiaren berri emanen die, segurtasunerako batzordeekin edo arduradunekin komunikatzeko eta koordinatzeko bideak ezarriko ditu, bai eta prozedurak ere segurtasuneko gorabeherarik gertatuz gero nola jokatu behar duten arautzeko.
NUPek hirugarrenei informazioa ematen badie edo hirugarrenek emandako informazioa tratatzen badu, Informazioaren Segurtasunari buruzko Araudiaren berri emanen die. Hirugarren horiek araudian ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta beren prozedura operatibo propioak garatzen ahalko dituzte araudiak ezarritakoa betetzeko. Gainera, prozedura espezifikoak ezarriko dira gorabeheren berri emateko eta haiek konpontzeko. Ziurtatu behar da hirugarrenek badakitela segurtasun kontuetan nola jokatu behar den, araudi honetan definitutako mailan bederen.
Hirugarrenek ezin badute Segurtasunari buruzko Politikaren eta Araudiaren alderdiren bat bete, Segurtasunerako Batzordeak oniritzia eman beharko du aurreikusi diren eragiketak egiten segitu ahal izateko.
Kontratu publikoak kudeatzen dituzten unitateetako arduradunek, hitzarmenak proposatzen dituztenek eta informazioaren segurtasunean eragina duten bestelako lankidetza-bideak bultzatzen dituztenek dute betebeharra hirugarrenei Informazioaren Segurtasunari buruzko Politika eta Araudia ezagutzera emateko.
12.–Araudia ez betetzea.
Araudi hau betetzen ez den kasuetan, zer arau hautsi den ohartaraziko zaio arau-hausleari. Erabiltzaileak erantzuten ez badu edo entzungor egiten badio ohartarazpenari, NUPeko Informazioaren Segurtasunerako Batzordeak zilegi izanen du neurriak har daitezela bultzatzea zerbitzuak kautelaz eten eta/edo sistemak blokea daitezen.
Araudi hau ez betetzeagatik berehalako kaltea eragiten ahal bazaie Unibertsitatearen sistemei eta baliabideei, Sistemaren arduradunak, bere eginkizunak betez, zilegi izanen du prebentzio neurri gisa zerbitzuak kautelaz etetea eta/edo sistemak, kontuak edo sarerako sarbideak aldi batez blokeatzea, betiere NUPen zerbitzuek behar bezala funtziona dezaten bermatzeko.
Horretaz gainera, kasu bakoitzean bidezko diren diziplinazko egintzak, egintza administratiboak, zibilak eta penalak hasten ahalko ditu Unibertsitateak, ustez araudia bete ez dutenen kontra.
Unibertsitateak, delitu izan daitekeen arau-hausteren bat gertatuz gero, jakinaren gainean jarriko ditu agintaritza judiziala eta Estatuko Segurtasun Indarrak eta Kidegoak.
Unibertsitateak beretzat gordetzen du behar diren egintza legalak hasteko eskubidea, baldin eta inork Zigor Kodean edo Datu Pertsonalak Babesteari buruzko legeetan tipifikatutako jokabideren bat izaten badu, bai eta Informazio Gizartearen Zerbitzuen eta Merkataritza Elektronikoaren 34/2002 Legean -2002ko uztailaren 11koa- tipifikatutakoren bat ere.
Lehen xedapen gehigarria.–Segurtasuneko jarraibideak.
Araudi hau ahalik eta modu eraginkorrenean aplikatzeko, Informazioaren Segurtasunerako Batzordeak zilegi izanen du komenigarritzat jotzen dituen jarraibideak onets daitezen proposatzea hobeto antola eta ezar daitezen araudian zehaztutako gaietan jarduteko irizpide teknikoak.
Gai honetan eskumena duen organoak jarraibide horiek onetsi eta gero, argitaratu eginen dira, eta jarraibideak betearazi behar dituzten unitate arduradunei eman, haiek unitateko langileen artean zabaldu ditzaten.
Indarra hartzea.
Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onetsi eta biharamunean hartuko du indarra araudi honek.
Iragarkiaren kodea: F1906430
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
