1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
751/2019 EBAZPENA, maiatzaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Gobernu Kontseiluaren Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunaren Araudia aldatzekoa”, 2019ko maiatzaren 7an hartua.
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2019ko maiatzaren 7an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunaren Araudia aldatu zen.
“Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen mugikortasunari buruzko araudia aldatzen duena.
Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudiak zehazten du nola hartuko duten parte Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek Nazioarteko Mugikortasuneko Programetan. Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean egindako bileran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen araudia.
Graduko ikasleen mugikortasuna ikasketa planaren bigarren erdian egingo dela bermatzeko (33. artikulua), honako hau da araudiak mugikortasun deialdietan parte hartzeko ezartzen duen baldintza: titulazioko lehen ikasmailari dagozkion 60 ECTSak gaindituak izatea eskaera aurkezteko unean (36. artikulua), parte hartzeko eskaera mugikortasuna egin aurreko ikasturtean aurkezten baita.
Halaber, Ikasleen Mugikortasunerako Araudiko 36.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, beste baldintza batzuk ezarriko dira dagokion deialdian. Programan parte hartzea eskatzen den urtearen aurreko ikasturtean matrikulatutako kredituen ehuneko jakin bat gainditzea eskatu da azken urteetan.
Aurrekoaren ondorioz baldintzak zorrotzagoak izan daitezke hirugarren ikasmailan nazioarteko mugikortasun programan parte hartu nahi duten ikasleentzat, eta, hortaz, bigarren ikasmailan aurkezten dute parte hartzeko eskaera. Halaber, baldintzak zorrotzagoak izan daitezke laugarren ikasmailan nazioarteko mugikortasun programan parte hartu nahi dutenentzat, eta, hortaz, ikasleek bigarren ikasmailan aurkezten dute parte hartzeko eskaera.
Dagokion titulazioko hirugarren ikasmailan ikasleek nazioarteko mugikortasunerako aukerak izatea erraztu nahi da aldaketa honen bidez. Graduko nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen duten gainerako ikasleei eskatzen zaien gutxieneko eskola-errendimendua egiaztatzea eskatuko zaie.
Hau da Gobernu Kontseiluak, Nazioartekotze errektoreordeak proposatuta, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2019ko maiatzaren 7an egindako bileran hartu duen
ERABAKIA
Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluaren Barne Araudiaren aldaketa onestea, 1. eranskinean ezartzen den moduan.
Bigarrena.–Nazioartekotze errektoreordeari, zentroei, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Nazioartekotze eta Lankidetza Atalari erabaki hau jakinaraztea.
Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.
Laugarrena.–Indarra hartzea. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera egiten diren deialdietan hartuko du indarra aldaketak.
Bosgarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat”.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 7an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.
I. ERANSKINA
Bakarra.–Gobernu Kontseiluak 2015eko azaroaren 25ean egindako bileran hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nazioarteko Mugikortasunerako Araudiko 36.3 artikulua aldatzea erabaki da, halako eran non honela dioen tokian:
“3. Eskaera aurkezteko unean, ikasleak iraupen baldintzak bete behar ditu. Baldintza horretaz gainera, Graduko titulazioetan bere titulazioaren lehen ikasmailako 60 ECTSak gainditu behar ditu.”
Honela jarri behar du:
“3. Eskaera aurkezteko unean, ikasleak iraupen baldintzak bete behar ditu. Baldintza horrez gainera, Graduko titulazioetan bere titulazioaren lehen ikasmailako 60 ECTSak gainditu behar ditu. Nazioarteko mugikortasunerako eskaintza hirugarren ikasmailan egiten bada, nahikoa izango da lehen ikasmailari dagozkion 48 ECTS gainditzea eskaera aurkezteko unean.”
Iragarkiaren kodea: F1906431