Iragarkia
93. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
195E/2019 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onartzen baitira Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 445611.
Garapen jasangarrirako 2030 Agenda 2015eko irailaren 25ean onartu zen, eta adierazten du partaide diren herrialde guztiek ekonomia dinamikoak, jasangarriak, berritzaileak eta pertsonengan zentratuak eraiki beharko dituztela. Kooperatibek hazkunde ekonomiko jasangarrian eta enplegu egonkorrean nahiz kalitatekoan laguntzen dute. G20-ko herrialdeetan, enplegu kooperatiboak biztanle landun guztien %12 biltzen du. Ekonomia sozialaren eginkizuna estatu araudian aitortuta dago, estatu politiketan jasotzen da, eta autonomia erkidegoen enplegu politika aktiboen parte da. Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legeak ekonomia sozialaren interes orokorra aitortzen du, eta susta eta zabal dezatela eskatzen die botere publikoei.
Autonomia erkidegoen artean Nafarroa da ekonomia sozialak garrantzi handiena hartzen duenetako bat, eta enplegu jasangarria eta kalitatekoa sortzen eta mantentzen laguntzen du, batez ere krisialdi ekonomikoan. Enpresa horiek lurraldearekin duten loturaren ondorioz, eta enplegu solidario eta inklusiboaren alde egiten duten lanaren ondorioz, oso garrantzitsua da enpresa horiek garatzen laguntzea.
Nafarroako Gobernuak 2017ko maiatzaren 22an egindako bilkuran onartu zuen Nafarroako Ekonomia Sozialaren Plan Integrala (2017-2020). Planak bost ildo estrategiko ditu: enplegu jasangarria eta kalitatekoa; berrikuntza soziala; enpresa garapena; gobernantza parte-hartzailea; eta garapen sektoriala. Bost ildo horiek, nagusiki, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak gidatzen badituzte ere, beste departamentu batzuek ere parte hartzen dute.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 4ko 858/2015 Ebazpenean arautu ziren oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak. Oinarri horiek aplikatu dira azken urteetan eta zenbait aldaketa behar dituzte. Horregatik, egokia da horiek ondoriorik gabe uztea eta oinarri berriak onartzea.
Nafarroako Gobernuak, 2018ko azaroaren 28an egindako bilkuran, erabaki du Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea dirulaguntzak eman ditzan, lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko egindako inbertsioetarako, banakako ebaluazioaren araubidean; izan ere, sistema hori egokiagoa da horrelako laguntzen kasurako, dirulaguntza sorrarazten duen gertaera kasu guztietan bat eta bera baita.
Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ondoriorik gabe uztea maiatzaren 4ko 858/2015 Ebazpena, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak emateko arauak ezartzen dituena.
2. Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea, bai eta ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarri arautzaileak ere.
3. 697.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Inbertsioak egiteko dirulaguntzak ekonomia sozialeko enpresentzat” izeneko 950001 96100 7709 241200 partidaren kargura.
4. 2019ko aurrekontuaren kargura erantzutea maiatzaren 4ko 858/2015 Ebazpenaren babesean aurkeztutako eskaerei; izan ere, ebazpen horrek Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak arautzen zituen, eta 2018ko ekitaldian ebatzi gabe geratu zirenez, orain ebatziko dira, oinarrietan ezarritakoaren arabera.
5. Deialdi honek ondorioak izanen ditu 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako eta ordaindutako inbertsioetan.
6. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2019ko martxoaren 21ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
ERANSKINA
1. Xedea eta jarduketa esparrua.
Deialdi honen xedea da Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak emateko baldintza eta betebeharrak arautzea; horrela, ekonomia sozialeko enpresak sortu eta modernizatzeko proiektuak garatzen lagunduko da, haien lehiakortasuna hobetuko baita, eta, aldi berean, halako enpresak sortzea eta sendotzea erraztuko da.
2. Jarduketa diruz lagungarriak.
Nafarroako lan elkartuko kooperatibak eta lan sozietateak sortzen, sendotzen edo haien lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten inbertsioak izanen dira diruz lagungarriak.
Aurrekontu ekitaldi bakoitzaren kargura izanen dira aurreko urteko azaroaren 1etik eta abian den urteko urriaren 31ra bitartean egin eta ordaindutako inbertsioei dagozkien eskaerak.
2019rako aurkezten ahalko dira urte horretako urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egin eta ordaindutako inbertsioetarako eskabideak.
3. Dirulaguntzaren onuradunak.
1. Dirulaguntza hauen onuradunak izanen dira lan elkartuko kooperatibak, lan sozietateak, eta bi elkarte mota horien arteko lankidetza proiektuen ondorioz sortzen diren kooperatibak, baldin eta lan-bazkide bat gutxienez badute eta oinarri hauek babesten dituzten inbertsioak egiten badituzte.
2. Entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Legez eratuak egotea eta jarduera izatea. Eskatuko da, hain zuzen ere, jarduera ekonomikoen gaineko zergan inskribatuta egotea Nafarroako udal batean, eta enpresan lan egiten duten lan-bazkide guztiak Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, dagokien araubidean. Lan-bazkide horien gutxieneko kopurua izanen da enpresa mota horiek arautzen dituzten arauetan aurreikusten dena. Era berean, jarduera betetzeak administrazio baimenen bat behar badu, enpresak baimen hori dirulaguntza eskatu aurretik bazuela frogatu beharko du egiaztagiri bidez.
Lan-bazkide horietakoren batek bi jarduera mota edo gehiago egiten baditu Gizarte Segurantzaren araubide bakar baten baitan, enpresa onuradunean egiten duen jarduera agertuko da jarduera nagusi gisa.
b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.
c) Dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea dakarren inongo ebazpen irmoren zehapenik ez izatea.
d) Helbide fiskala Nafarroan izatea. Orobat, oinarri hauetara jo ahal izateko, lan elkartuko kooperatibek eta lan sozietateek Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden lantokietan egin beharko dituzte inbertsioak.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.
3. Deialdi hau ez zaie aplikatuko, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua), haien jardueragatik laguntza hauetatik baztertuta dauden enpresen eskaerei, ezta enplegu programen aplikazioaren ondoriozko onuretatik baztertu diren enpresen eskaerei ere, baztertzeko arrazoia arau-hauste oso larriak egitea izan baldin bada, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) aurreikusitakoari jarraituz.
Kanpo gelditzen dira, orobat, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean ageri diren produktuen produkzioarekin, lehen eraldaketarekin eta/edo handizkako merkaturatzearekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten enpresak (Tratatuaren 38. artikulua).
4. Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.
Hauek dira inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak:
a) Ibilgetu materialeko inbertsioen kasuan, honako inbertsio hauek jaso dezakete dirulaguntza: lur-eremuetan, eraikinetan, instalazio teknikoetan, makinerian, erremintetan, altzarietan, informazio prozesuko ekipamenduetan eta garraioko elementuetan egindakoak.
Ibilgailuetako inbertsioen kasuan, 2 ibilgailurentzako laguntza ematen ahalko da enpresa eta urte bakoitzeko, eta, betiere, industriako edo merkataritzako ibilgailuak izanen dira, hau da:
–Fitxa teknikoan 03, 04, 06, 10 edo 31rekin hasten ez diren sailkapen kodeak dituzten ibilgailu guztiak.
–Bidaiarien zerbitzu publikorako diren autoak, taximetroa dutenak.
–Gaixoak edo istripuetako zaurituak eramateko ibilgailuak.
b) Ibilgetu immaterialeko inbertsioak badira, diruz lagungarriak izanen dira administrazio kontzesioei, jabetza industrialari, merkataritza funtsari, eskualdaketarako eskubideari eta aplikazio informatikoei lotutako aktibo guztiak.
Ez dira aktibo finkoetako inbertsiotzat joko errentamendu finantzarioaren edo “leasing” bidez finantzatzen direnak, ezta ondasunen erosleen finantzazio maileguak eta aplikatzekoak diren zergen likidazioagatik dagokion zenbatekoa ere. Entitatean sartzen diren bazkideenak diren inbertsioak ere ez dira onartuko.
c) Eskuarki, aktibo berriak erosiz eginen dira inbertsioak. Hala ere, inbertsioak bigarren eskuko ekipamendua erosiz egiten direnean, baldintza hauek bete beharko dira:
–Ekipamenduaren saltzaileak ekipamenduaren jatorriaren gaineko adierazpen bat egin beharko du, baieztatzeko ez dela erosia izan azken zazpi urteetan Espainiatik edo Europar Batasunetik etorritako dirulaguntzen bidez.
–Peritu independente batek egindako ziurtagiri baten bidez frogatu beharko da ekipamenduaren prezioa ez dela merkatuko balioa edo antzeko ekipamendu berri baten kostua baino handiagoa, eragiketarako behar diren ezaugarri teknikoak dituela eta aplikatzekoak diren arauak betetzen dituela.
–Egiaztatzen bada enpresa hornitzailearen jarduera ekonomikoa ondasun erabiliak saldu eta/edo egokitzea dela, aktibo finko material berritzat hartuko dira; berdin hartuko dira, orobat, eskuratzen diren eraikin eta bestelako eraikuntza erabiliak, eta, itxita dagoen enpresa batetik abiaturik, ekonomia sozialeko enpresa bat sortzeko beharrezkoak diren inbertsio-elementuak, izan ere, kasu horretan konkurtso-balorazioa aurkeztu beharko da.
5. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta gastu diruz lagungarriak.
1. Oinarri hauetan aurreikusten diren dirulaguntzak jasotzeko, 6.000 euroren (BEZ gabe) gutxieneko inbertsioa egin beharko da eskabide bakoitzeko, sortu berrientzat izan ezik, haientzat 4.000 euro (BEZ gabe) baita gutxienekoa. 400 eurotik beherako fakturarik ez da onartuko (BEZa kenduta).
2. Dirulaguntzaren zenbatekoa irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Enpresa sortu berria bada, inbertsioaren %45eko dirulaguntza emanen da. Enpresa sortu berritzat hartuko dira eskabidea aurkezteko egunean urtebete baino gutxiago dutenak, ekonomia sozialeko enpresaren kalifikazioa eman zenetik.
b) Jadanik eratuta dagoen enpresa bat bada, inbertsioaren %35eko dirulaguntza emanen da.
c) Inbertsioa egin gogo den lantokia Iruñerritik kanpokoa bada, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformari buruzko otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen arabera, %5 igoko da a) eta b) letretan adierazitako portzentajea.
d) Inbertsioa egitekoa bada Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (RIS3) identifikatutako sektoreen eremuko jardueraren batean (automozioa eta mekatronika, elikadura-katea, energia berriztagarriak eta baliabideak, osasuna, turismo integrala eta sormen industriak eta industria digitalak) a) eta b) letretan aipatutako portzentajea %5 igoko da. EJSN 2009an sektore horiei dagozkien dibisio epigrafeak (bi digituak) honako hauek dira:
20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 | 33 | 35 | 38 | 39 | 55 |
56 | 58 | 59 | 60 | 61 | 62 | 63 | 71 | 72 | 73 | 74 | 75 | 86 | 90 | 91 | 94 |
3. Enpresa batek ezin izanen du jaso urtean 8.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza. Muga hori urte horretako ekitaldiaren aurrekontuari egotzitako gastuari dagokio. Dirulaguntza hauek ezin gaindituko dute Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako kopurua (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).
6. Eskabideen aurkezpena eta ekarri beharreko dokumentazioa.
1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, faktura onargarriak aurkeztu aurreko azken ordainketatik zenbatuta, betiere dagokien gastuaren baimena argitaratu bada, eta epe hori hasiko da ordainketa egiten den egunetik beretik. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.
Nolanahi ere, eskabideak aurkezteko epea urte bakoitzeko urriaren 31n amaituko da.
Enpresa batek dirulaguntza-eskaera bat baino gehiago aurkezten badu, bai inbertsioak bai ordainagiriak izanen dira, beti, aurreko eskabidean sartutako azken inbertsioaren ondoren egindakoak.
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus) dagokion fitxa erabiliz (deialdiaren fitxa). Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da nahitaez.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, enpresetako batek eskabidea aurkezten badu eskutik eskura, horren zuzenketa baliabide elektronikoen bidez aurkezteko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.
Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
2. Enpresa eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea.
b) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak azaltzeko memoria teknikoa eta dirulaguntzaren xedeko objektuen fakturen zerrenda, memoria teknikoan jasotako inbertsioen azalpenarekin bat etorri beharko duena.
c) Identifikazio fiskaleko txartela.
d) Enpresaren Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionalaren eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren egiaztagiriak.
e) Enpresa eskatzailearen eraketa eskritura edo akta, estatutuak erantsita. Dokumentu horiek eskabidearen datara eguneratuta aurkeztu beharko dira.
f) Dirulaguntzak emateko prozeduretan Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko, enpresa eskatzailearen izenean eta hura ordezkatuz diharduen pertsona fisikoaren ahalorde aski eta iraunkorraren eskritura, salbu eta ordezkatzeko ahalmena estatutuetan ageri bada.
g) Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharra duen langilerik ez duen entitatearen kasuan, kontu horren gaineko adierazpena aurkeztuko du haren legezko ordezkariak.
h) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo dirulaguntzak azalduko dituen adierazpena, edo kasua bada, horrelakorik eskatu ez duela dioen berariazko adierazpena; orobat, helburu bererako dirulaguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa ere. Adierazpen horretan “de minimis” araubideari lotutako laguntza guztiak ere aipatuko dira, indarrean den zergaldian eta aurreko bi zergaldietan jasotakoak, baita eskatu bai baina oraindik ebazteke daudenak ere.
i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetako debekurik urratzen ez duela dioen erantzukizunpeko adierazpena, artikulu horretako 7. apartatuan xedatutakoaren arabera egina.
j) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea” inprimakia aurkeztu beharko da.
k) Kooperatibaren edo lan sozietatearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, kapital soziala eta enpresa horietako bazkide guztiek dituzten akzio, partizipazio nahiz titulu kopurua eta mota azalduz.
l) Benetan ordaindutako fakturak eta antzeko froga-balioa duten bestelako kontabilitate agiriak, eginiko inbertsioak egiaztatzen dituztenak. Faktura bakoitzari dagokion ordainagiria erantsiko zaio, hau da, fakturen eta ordainketen arteko trazabilitatea egiaztatzeko aukera ematen duten bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Bigarren eskuko ondasunen kasuan, fakturen zerrendan horren berri eman beharko da, eta, ondasun horiek jadanik itxita dauden enpresetatik eskuratu badira, konkurtso-balorazioa ere aurkeztu beharko da. Era berean, ibilgailuetan inbertsiorik egin bada, ibilgailu horien fitxa teknikoaren eta zirkulazio-baimenaren kopia erantsi beharko da.
m) Dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioaren gastua 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ekipamendu-ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza edo kontsulta enpresek emandako zerbitzuen kasuan, edo 30.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo), obrak egiteko kostuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta hautatutako eskaintza aukeratzeko arrazoiak emanen ditu.
Onuraduna hiru eskaintza aurkeztu beharretik salbuetsita geratuko da, gastu diruz lagungarriaren ezaugarri bereziengatik entitate hornitzaile edo emaile aski ez badago merkatuan.
n) Bigarren eskuko ondasunen kasuan, peritu independente batek egindako ziurtagirian adieraziko du prezioa ez dela merkatuko balioa baino handiagoa, ezta antzeko ekipamendu berri baten kostua baino handiagoa ere. Saltzailearen adierazpena berretsiz ondasun hori ez dela azken 7 urteetan erosi Europar Batasunaren edo estatuaren dirulaguntza erabilita.
ñ) Gardentasun betebeharrari buruzko erantzunkizunpeko aitorpena:
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere 5.000tik gorako kopurua bada.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazio hori haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotzen dena izanen da.
–Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazio-araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu behar du.
Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu behar dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu behar du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zuen.
Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuta daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiaz errekerimendua egin bazaie, hamar eguneko epean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak betetzen direla frogatze aldera.
Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari aurretiaz ohartarazpena egin eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa hartuko dira kontuan.
o) Enpresaren jarduerei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
p) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.
3. Interesdunak edozein administraziori lehendik aurkeztu dizkion agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak azaldu beharko du Administrazioaren zein organoren aurrean eta noiz aurkeztu zituen aipatutako agiriak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikotik jaso ditzan, salbu eta interesdunak berariaz aukera hori eragozten badu. Kasu horretan berak aurkeztu behar ditu agiriak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Salbuespen gisa, organismo horrek behar diren agiriak eskuratzea lortzen ez badu, berriz aurkezteko eskatzen ahalko dio interesdunari.
7. Prozeduraren instrukzioa.
Prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.
Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.
8. Prozeduraren ebazpena.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskabidea aurkeztu eta lau hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.
Dirulaguntza onartzeak berarekin dakar ados egotea onuradunen datuak (izena, jasotako laguntzaren zenbatekoa, etab.) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren webgunean eta Nafarroako Atarian argitaratzearekin.
9. Onuradunen betebeharrak.
Oro har, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta orobat, honako hauek:
a) Dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduketa egitea.
b) Jarduketa egin dela frogatzea, eta dirulaguntza ematean eta horren gaineko ebazpenean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.
c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.
d) Lan elkartuko kooperatibek eta lan sozietateek konpromisoa hartzen dute dirulaguntza lortzen duen inbertsioa bere jabetzapean eta enpresaren jarduera ekonomikoari atxikia mantentzeko, zazpi urtez bederen, erregistroan inskribatzen ahal diren inbertsioen kasuan, eta bi urtez gainerako inbertsioen kasuan, laguntza ematen zaien egunetik aurrera; bestela, jasotako kopuruak berandutze-interesak gehituta itzuli beharko dituzte, ez-betetzea gertatzen den egunetik; gainera, behartuta daude ez-betetze horren berri Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ematera hilabeteko epean.
e) Entitateak dirulaguntzaren onuradun izateko eskatzen diren forma juridikoetako bat mantendu beharko du, etenik gabe, zazpi urtez gutxienez, edo bi urtez, kasuen arabera. Gainera, jarduera ekonomikoen zergan alta emanda egon beharko du Nafarroako herri batean, eta dagokion araudiak eskatzen duen gutxieneko lan-bazkide kopurua alta emanda eduki beharko du Gizarte Segurantzan, dagokien araubidean.
Betebehar hauek ez betetzeak jasotako kopuruak itzuli beharra ekarriko du, berandutze-interesak gehitura, ez-betetzea gertatzen den egunetik kontatuta; gainera, behartuta daude ez-betetze horren berri Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ematera hilabeteko epean.
Epe horiek igaro aurretik lan-bazkideen bajarik gertatzen bada, eta dagokion araudian eskatzen den lan-bazkideen gutxieneko kopurura iristen ez bada, baja horiek hamabost eguneko epean ordezkatu beharko dira, gertatzen diren egunetik aurrera kontatuta. Bajaren eta ordezkapenaren arteko egunak kontuan hartuko dira, enpresan eman beharreko etenik gabeko epea zenbatzekoan.
f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.
Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketak kitatuta dituela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko edo ordaintzeko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek kitatuta dituela egiaztatzeko.
g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.
h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu egindako inbertsioaren izena eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, “Nafarroako Gobernuak finantzatutako inbertsioa” testua ondoan erantsita.
10. Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntza eman eta ordaindu aurretik, onuradunak dirulaguntza emateko oinarri den jarduketa egin izana frogatu beharko du, kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan xedatutakoa.
Frogatzeko orduan, gastu diruz lagungarriak bat etorriko dira onuradunek osorik ordaindu dituzten kostu errealekin. Kostu horiek jatorrizko faktura ordainduen bidez edo frogatzeko balio bera duten kontabilitateko beste dokumentu batzuen bidez justifikatuko dira.
11. Jarraipena eta kontrola.
Onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, kontu-hartzailetza eskuordetuari dagozkion finantza-kontrolekoak, hala badagokio, Kontuen Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezkoak diren gainerakoak.
12. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntzekin. Edozein kasutan, haien zenbatekoak ez du egindako inbertsioaren %100 gaindituko, ezta “minimis” laguntzen Erregelamenduak ezarritako gehieneko muga ere.
13. Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati bat, baldin dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bidez ezarriko du dirulaguntza osoa itzuli beharra, berandutze-interesak barne.
Emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko da, orobat, oinarri hauetan aurreikusitako gardentasun betebeharrak betetzen ez badira.
Onuradunak dirulaguntzaren baldintzen aldaketa jakinarazi eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzultzeko eskatzen ahalko du, baina berandutze-interesak eskatu gabe.
Ekonomia sozialeko enpresa bertan behera geratzen bada, edo jarduera ekonomikoen zergan baja ematen badu, eta Gizarte Segurantzan alta emanda dauden lan-bazkideen kopurua araudietan aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, zazpi urte igaro aurretik, edo bi urte, kasuaren arabera, edo epe horretan diruz lagundutako inbertsioa mantentzen ez bada, diru-itzultze partziala bakarrik eskatuko zaio, alegia, dirulaguntza eman zeneko egunetik kontatuta dagokion proportzioan, berandutze-interesak barne, betiere epe horien %60an mantendu badira eskatutako baldintzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko Foru Legearen 35.1.c) Foru Legean ezarritakoarekin bat.
14. Arau-hausteak eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun den entitateak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Dirulaguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.
15. Publizitatea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman diren dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.
16. De minimis araubidea.
Dirulaguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordeak 2006ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).
17. Araudi osagarria.
Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko da.
18. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako administrazio errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoaren xede den administrazio ekintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F1904191
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
