92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

79E/2019 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Castejongo udal-mugartean hondakinen kudeaketarako instalazioaren ingurumen baimen integratua berritzen duena. Instalazioaren titularra Transportes y Chatarras Arturo SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 2665/2009 Ebazpenaren bidez emana, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea aplikatuz.

2015eko azaroaren 11n, titularrak ingurumen baimen integratua berritzeko eskatu zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2017ko uztailaren 4an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak titularrari eskatu zion Erregelamenduaren 30. artikuluan eskatzen den txostena, ingurumen egoerari buruzkoa, eta 2018ko uztailaren 17 aurkeztu zuen titularrak.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Castejóngo udal-mugartean Transportes y Chatarras Arturo SL enpresak hondakinak kudeatzeko duen instalazioaren ingurumen baimen integratua berritzea. Instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitatearen Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan duen inskripzioa aldatzea eta inskribatzea, hondakin ez-arriskutsuen bitarteko kudeatzaile gisa (biltegiratzea), 15G05070008932006 zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa, 15G04070008932018 zenbakiarekin, eta hondakin arriskutsuen bitarteko kudeatzaile gisa (biltegiratzea), 15G02070008932006 zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta besterik gabe berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Entitate horren baimena haren egoitza soziala dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak eman behar du.

Hirugarrena.–Zentro horrek, hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02070008932005 zenbakiarekin Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan duen inskripzioa ezabatzea, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 29.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Hondakin arriskutsuen kudeatzailearen baimena aldatzea, eta hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen garraiolari gisa Transportes y Chatarras Arturo SL entitatea inskribatzea erregistroan, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 29. artikuluak ezartzen duenarekin bat, eta E3L estandarraren irizpideekin bat.

Bosgarrena.–2019ko ekainaren 1a baino lehen, titularrak aurkeztu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, instalazioen eta lanen zuzendaritza teknikoaren ziurtagiri bat, establezimendua suteen kontrako indarra duen araubidearen (2267/2004 Errege Dekretua) arabera egokitzeko proiektua azaltzen duena, instalazioen behin betiko planoak barne, teknikari eskudun batek sinatua, ebazpen honen VI. eranskinean ezarritako baldintzak bete direla egiaztatuz.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Transportes y Chatarras Arturo SLri, Castejóngo Udalera eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1904402