92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen Ordenantza. Behin betiko onespena

Iruñeko Udalak, 2019ko otsailaren 7an egindako Osoko Bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen Ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluaren aginduei jarraikiz, erabaki hori 2019ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 19koan, argitaratu zen, eta hasiera batez onetsitako Ordenantza jendaurrean paratu zen Euskara Zerbitzuko Administrazioan, espedienteak jendaurreko tramitea betez 30 egun balioduneko epean.

Behin jendaurreko aldi hori iraganda, 2019ko maiatzaren 2ko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez hasiera batean onetsitako testuari egindako alegazioei buruz ebatzi da, alegazioetako bat baietsita, eta Ordenantzaren testua behin betiko onetsi da, baietsitako alegazioaren ondorioz hasierako testuari emandako idazketa gehituta; horiek horrela, xedatzen da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, behar diren ondorioak izan ditzan.

IRUÑEKO UDALAREN ETA HAREN SEKTORE INSTITUZIONALAREN ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILPENA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

1997ko irailaren 12an Iruñeko Udalbatzaren Osoko Bilkurak onetsi eta urte bereko urriaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen Ordenantzaren zio-azalpenean esaten zen Iruñeko Udalarentzat Hiriko bi hizkuntza berezkoetariko bat dela euskara, eta horren adierazgarri izan zela “burutu zen ahalegin aitzindaria, derrigorrezko irakaskuntza euskaraz garatu ahal izateko bermatzen saiatzean egin zena, irakaskuntzako sare publikoak aukera hori oraindik eskaintzen ez zuen garaian.”

Testu berean, Ordenantzaren xedea adierazten zen: herritarrei Udalaren euskarazko arreta bermatzea, konpromisoa hartuta haren sustapenaren aldeko neurriak abiarazteko, “euskara hizkuntza gutxiagotua eta, zalantzarik gabe, ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena”.

1997ko Ordenantza lau aldiz aldatua izan da. Lehenbiziko aldaketa 2003ko uztailaren 31n onetsi zuen Osoko Bilkurak behin betiko, eta 2003ko 112. NAOn, irailaren 2koan, eman zen argitara. Bigarren aldaketa 2003ko abenduaren 29an onetsi zuen Osoko Bilkurak behin betiko, eta 2004ko 10. NAOn, urtarrilaren 23koan, eman zen argitara. Hirugarren aldaketa –horren bidez bigarren zio-adierazpen bat erantsi zen non argudiatu baitzen 1998an hizkuntza-eskakizunei eta toponimiari buruz aritzeko eratutako batzordeek ez zutela egin Ordenantzak agindutako lana, nahiz hori ez datorren bat benetan gertatuarekin– 2005eko irailaren 15ean onetsi zuen Osoko Bilkurak, eta 2005eko 114. NAOn, irailaren 23koan, eman zen argitara. Azken aldaketa Osoko Bilkurak 2012ko martxoaren 16an onetsi zuen hasiera batez, eta 2012ko 131. NAOn, uztailaren 5ekoan, eman zen argitara.

Ordenantza berri bat onetsita, alde batetik berreskuratu nahi da 1997ko irailaren 12an behin betiko onetsi zen Euskararen Ordenantzaren jatorrizko espiritua, eta, bestetik, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu, udal-arauak egokituz gizartearen errealitatera eta indarrean den testuinguru juridiko berrira.

Halaber, irtenbidea eman nahi zaie aldaketa partzialek eta iragandako denborak eragin dituzten interpretazio- eta aplikazio-arazoei, eta argiro zehaztu herritarren hizkuntza-eskubideak.

Bestalde, Ordenantza berri honek helburu dauka araua egokitzea, hala gizarte-, administrazio- eta teknologia-aldaketetara –barne harturik hizkuntza inklusiboa txertatzea gaztelaniazko testuan eta beharrezko terminologia-eguneraketa egitea, euskarazkoan– nola 1997az geroztik legeetan gertatu diren aldaketetara, eta bereziki, hauetara: Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna –Espainiak 1992an sinatu eta 2001ean berretsia–, 18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa –ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legeak Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen titulua eta artikulu batzuk aldatu ostean– eta euskara administrazio publikoetan erabiltzeari buruzko arauak (103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan arautzen dituena).

Aipatutako arau horiek aintzakotzat harturik, Udal Ordenantza berriak honako helburu hauek dauzka: Iruñeko herritarrei bermatzea zerbitzua emanen zaiela erabili nahi duten hizkuntzan; euskararen presentzia arautu eta bermatzea hala hiriko hizkuntza-paisaian –kale-izendegia eta gainerako errotulu publikoak barne– nola herritarrei zerbitzua euskaraz ematea –ahoz zein idatziz– ahalbidetu behar duten Udalaren administrazio-prozeduretan; arauzko bideak ezartzea zedarritzeko zer lanpostutan behar den euskara jakin, euskararen erabilera administrazio-prozeduretan eta euskara baloratzeko moduak, hura jakitea nahitaezko baldintza ez den lanpostuetan; prozedurak ezartzea hiriko toponimia (kale-izendegi elebiduna eta beste zenbait izendapen) ofizialki finkatu eta onesteko; oinarriak ezartzea euskara sustatzeko neurriak garatzeko, euskararen gutxiagotze-egoera zuzentze aldera; behar diren partaidetza-bideak ezartzea euskararen gaiaz bezainbatean.

Ordenantzak jasotzen du, bestalde, 1997ko Ordenantzan erabilitako “vascuence” hitzaren ordez “euskera” hitzaren erabilera gaztelaniaz; izan ere, 103/2017 Foru Dekretuak dioen eran, “euskera” gaztelaniazko hitza da, “vascuence” adieraren baliokidea, Espainiako Errege Akademiaren Hiztegian jasoa, gizartean asko erabiltzen dena, eta zabaldua, halaber, hezkuntzako testuetan eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuneko europar txostenetan.

Ordenantzak zortzi kapitulu eta hogeita zortzi artikulu ditu, xedapen gehigarri bat eta azken xedapen bat.

–I. kapituluak (1. eta 2. artikuluak) Ordenantzaren aplikazio-esparrua zehazten du.

–II. kapituluak (3. artikulua) administrazioen arteko harremanak ditu hizpide.

–III. kapituluak (4. artikulutik 6.era) herritarren eskubideak ditu jomuga.

–IV. kapitulua (7. artikulutik 12.era) udal-irudiari buruz ari da.

–V. kapituluak (13. artikulutik 19.era) udal-langileei eta Udalaren barne-funtzionamenduari dagozkienak oro biltzen ditu.

–VI. kapitulua (20. eta 21. artikuluak) toponimiaz ari da.

–VII. kapitulua (22. artikulutik 27.era) euskararen sustapenari dagokio.

–Eta VIII. kapituluak (28. artikulua) parte-hartzeari heltzen dio.

–Xedapen gehigarriak normalizazio-planei buruzkoak jasotzen ditu, eta azken xedapenak ezartzen du noiztik aurrera hartuko duen indarra Ordenantzak.

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparrua

1. artikulua.

Gaztelania eta euskara Iruñeko berezko hizkuntzak dira. Biak berdintasunean erabiliko dira Udalaren esparruan, eta haietako edozeinen erabilerak erabateko ondorio juridiko-administratiboak sortuko ditu.

Ordenantza hau Iruñeko Udalean aplikatzekoa da, halakotzat hartuta hala Udala bera, zentzu hertsian, nola haren sektore publiko instituzionala osatzen duten erakundeak.

2. artikulua.

Hirugarren pertsonek emandako udal-eskumeneko zerbitzuen kasuan –kudeaketa-formula edozein dela ere–, Ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua.

Oro har, ele bitan idatziko dira Iruñeko Udalak Foru Komunitateko beste administrazio publikoei (tokikoak, autonomikoak eta periferikoak) igorri behar dizkien agiri, jakinarazpen eta adierazpen administratiboak, edo euskara berezko hizkuntza edo hizkuntza ofiziala duten administrazio publikoei igorri beharrekoak.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

4. artikulua.

Herritarrek eskubidea dute lruñeko Udalari gaztelaniaz nahiz euskaraz zuzentzeko, dela ahoz, dela idatziz.

Herritarrek eskubidea dute Udal Administrazioak erantzun diezaien beraiek erabilitako hizkuntzan, gaztelaniaz edo euskaraz, eta haiek egindako moduan (ahoz edo/eta idatziz).

5. artikulua.

1.–Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak behar beste baliabide tekniko eta giza baliabide edukiko dituzte posible izan dadin arreta bi hizkuntzetan ematea herritarrekin harremanak dituzten udal-zerbitzu guztietan, hala aurrez aurre nola idatziz, telefonoz edo telematikoki.

2.–Administrazioari euskaraz idatziz egitea hautatzen duten herritarrei hizkuntza horretan erantzunen zaie, 103/2017 Foru Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, Udaleko itzulpen-zerbitzuak erabiliko dira: zerbitzu horiek euskaraz aurkeztutako eskabideak gaztelaniara itzuliko dituzte, halakorik eskatzen bazaie, eta euskarara, helarazi beharreko udal-erabakiak edo -erantzunak.

3.–Aurrekoa gorabehera, Iruñeko Udala eta haren sektore publiko instituzionala saiatuko dira itzulpenen erabilera ahal den neurrian ekiditen, eta, horretarako, behar beste pausu emanen dituzte barne-egitura operatiboan ziurtatzeko udal-espedienteen tramitazioa euskaraz egitea ahalbidetzen duten administrazio-zirkuituak egotea.

6. artikulua.

Kapitulu honen 4. eta 5. artikuluetan xedatutakoa betetze aldera, Udalak jarduketa-plan bat diseinatu, eta gauzatuko du, behar beste langile euskaldunen presentzia bermatze aldera.

IV. KAPITULUA

Udalaren irudia

7. artikulua.

Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak berdintasunean erabiliko dituzte gaztelania eta euskara herritarrei orori zuzentzen zaizkienean, eta bereziki irudi korporatiboan.

Hartara, ele bitan eginen dira:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio-plakak.

b) Publizitate instituzionala, prentsa-oharrak eta kanpaina informatiboak eta instituzionalak.

c) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisakoak.

d) Eraikinetako, kaleetako eta eremu publikoetako errotulazioa.

e) Udal-egoitza eta -bulegoetako errotulazioa, udal-ibilgailuena, eta langileen arropa eta uniformeak.

f) Interes turistikoa duten tokietako seinaleztapena, horizontala nahiz bertikala, zerbitzuen kontrolekoa, eta bide-seinaleak.

g) Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak administrazio-prozedurei buruzko argibideak emate aldera herritarren eskura jartzen dituzten agiriak eta ereduak, bai eta prozedurak tramitatzeko eskaintzen dituztenak ere.

Agiri horietako elementuak edo/eta testu partikularrak ele bitan erredaktatuko dira, salbu eta interesdunak kontrakoa adierazten badu.

h) Udalaren titulartasunekoak diren webguneak, sare sozialak, app-ak eta antzekoak, bai eta informazio- zein komunikazio-teknologien esparruan geroan sor daitezkeenak ere.

Webguneen kasuan, aukera emanen zaie herritarrei, hastapeneko orritik beretik, nabigatzeko hizkuntza hautatu dezaten, eta bide emanen zaie, une orotan, hizkuntza batetik bestera igarotzeko modu erraz eta azkarrean, webgunea osatzen duten orri guztietan. Bestalde, orri guztiak bi hizkuntzetan eskainiko dira neurri berean.

Webguneetan deskargatzeko eskaintzen diren agiriak (PDF-ak, Excelak...) ele bikoak izanen dira, ahal den neurrian.

i) Udalaren kanpo-irudia edota irudi instituzionala islatzeko balio daitekeen beste edozein formatu, gaur egunekoa nahiz gerora sor daitekeena.

j) Obra, trafiko eta abarretako argibideak seinaleak eta kartelak, bide publikoan obrak egiteko xedez paratuak. Lan horien enpresa esleipendunek, halakorik balitz, agindu hori bete beharko dute.

k) Administrazio elektronikoari lotutako eduki eta prozedura informatikoak.

8. artikulua.

1.–Iruñeko Udalak edo haren sektore publiko instituzionalak antolatutako jarduerak hedatzeko egin beharreko kartelak, liburuxkak eta gainerakoak ele bikoak izanen dira elementu guztietan, bai eta Udala laguntzaile daukaten jarduerak hedatzekoak ere.

2.–Halaber, euskararen erabilera bermatuko da Iruñeko Udalak edo haren sektore publiko instituzionalak antolatutako klase orotako jarduera eta ekitaldi publiko ofizial zein protokolozkoen ahozko aurkezpenetan –hala nola sari-banaketetan, omenaldietan, musika- eta kultura-emanaldietan, oro har, performanceetan eta abarretan–, bai eta Udala laguntzaile daukaten guztietan ere.

9. artikulua. Publizitatea komunikabideetan.

Iruñeko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak komunikabideetan txertatzen duten publizitatea ele biz eginen da beti, euskaraz eta gaztelaniaz, salbu euskarazko komunikabideetan, non bakarrik euskaraz eginen baita.

10. artikulua. Argitalpenak.

Ele bitan eginen dira Iruñeko Udalaren eta haren sektore publikoa eratzen duten entitateen argitalpenak.

11. artikulua. Udalaren komunikabideak.

Komunikabideen titulartasuna edo kudeaketa Udalarena den kasuetan (irratia, aldizkariak edo buletinak, hedabide digitalak, sare sozialak eta abar) bi hizkuntzak erabiliko dira neurri berean.

12. artikulua. Elebitasuna eta hizkuntza-paisaia.

1.–Ordenantzan “ele bitan” edo “bi hizkuntzetan” adierazpideak agertzen direnean, horrek adierazi nahi du informazioa bi hizkuntzetan berdintasunean emanen dela: gaztelaniaz eta euskaraz. Horrek berekin dakar, nahitaez, edukiak euskarri edo unitate bakar batean joatea, salbu eta 10. artikuluak aipatzen dituen argitalpenen kasuan –argitalpenen tamainak eragozten duen kasuetan–, eta webguneetan edo tankera horretako euskarrietan –non haien izaeragatik beragatik herritarrek une orotan hautatzen ahalko baitute informazioa zein hizkuntzatan bistaratu nahi duten, betiere 7. artikuluan ezarritakoarekin bat–.

2.–Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, kaleen plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan.

3.–Aurrekoaz gain, elebitasun normalizatzaileko irizpideak aplikatuko dira, honela:

3.1. Testua bi zutabetan idazten bada, ezkerrean euskarazkoa jarriko da, eta eskuinean gaztelaniazkoa; eta antolaera bertikala bada, goialdean euskarazko testua jarriko da, eta behealdean gaztelaniazkoa.

3.2. Baldin eta ele biko testuekin batera beste hizkuntza batzuetan idatzitako testuak erabili behar badira, kontuan hartuko dira aurreko puntuan ezarritako irizpideak.

V. KAPITULUA

Udaleko langileak eta barne-funtzionamendua

13. artikulua.

1.–Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zer lanpostutan jakin behar duten euskara haiek betetzen dituzten langileek, dela jendearekin duten harreman handiagoagatik, dela barne-funtzionamenduan daukaten kokapenagatik administrazio-prozedurez bezainbatean, betiere xede hartuta Ordenantzaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoa betetzea.

2.–4. eta 5. artikuluetan xedatutakoa betetzeko xede berarekin eta herritarren eskubideei erantzute aldera, hizkuntza-eskakizunak esleituko zaizkie hala jendeari aurrez aurre arreta ematea zeregin duten lanpostuei nola, aurrez aurrekoak izan gabe, herritar euskaldunei arreta emateari lotuta daudenei.

14. artikulua.

1.–Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren plantilla organikoetan zehaztuko da zer euskara-maila behar den aurreko artikuluan aipatzen diren lanpostuetako bakoitzean.

2.–Hori zehaztu baino lehen, azterlan bat eginen da horren gaineko behar zehatzen gainean.

3.–Halaber, jarduketa-plan bat ezarriko da, ezarritako helburuak betetzea posible eginen duten bitartekoak eta baliabideak zehazte aldera.

15. artikulua. Hizkuntza-eskakizunen mailak eta balorazioa.

1.–Ele biko lanpostuetan egiaztatu beharreko euskararen ezagutza-mailak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan xedatutako B1, B2 edo C1 izanen dira, betiere lanpostuaren ezaugarrien arabera.

2.–B1 ezagutza-maila bakar-bakarrik eskatzen ahalko da D edo E mailako lanpostuetan, eta baldin eta haien eginkizunetan administrazio-zereginak nagusi ez badira.

3.–C2 edo horren baliokide den ezagutza-maila bakarrik eskatuko da A mailako lanpostuetan, eta baldin eta haien eginkizunek zuzeneko harremana badute hizkuntza-edukiekin.

16. artikulua.

1.–Udal-zerbitzuak kudeatu edo ematen dituzten enpresak kontratatzean, enpresek langile elebidunak kontratatu beharko dituzte, kontratazioaren xedea den zerbitzua emateak hala eskatzen badu herritarren eskubideak asetzeko –zerbitzua gaztelaniaz zein euskaraz, ahoz eta idatziz, emateko–, eta berariaz zerbitzu hori emateak berekin badakar zuzeneko harremana edukitzea herritarrekin.

2.–Hizkuntza-eskakizunak aplikatzeko irizpideak Ordenantza honek udal-langileentzat adierazitako berberak izanen dira, 13.2 artikuluan ezarritakoarekin bat (jendeari aurrez aurre arreta emateko lanpostuak eta, aurrez aurrekoak izan gabe, herritar euskaldunei arreta emateari lotuta dauden lanpostuak).

3.–Udalak beretzat gordeko du lanpostu bakoitzari esleitutako euskararen ezagutza-maila egokia den egiaztatzeko eskubidea, horretarako behar diren ebaluazio-probak erabilita.

17. artikulua. Balorazioa merezimendu gisa.

1.–Herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa %5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa), eta harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa %10 izanen da.

2.–Deialdi horietan beste hizkuntza batzuk ere baloratzen badira, euskararen balorazioa gainerako hizkuntzena baino %25 handiagoa izanen da, eta, edozein kasutan, ez da izanen aurreko puntuan xedatutakoa aplikatzeak dakarkion balorazioa baino txikiagoa.

18. artikulua.

Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, maila bakoitzean ezarritako gehieneko puntuazioa –aipatu balorazio-irizpideak aplikatzetik eratorria– 15. artikuluan (hizkuntza-eskakizunak) ezarritako baliokidetasunen araberakoa izanen da, eta proportzioan baloratuko dira baliokidetasun horietatik beheragoko ezagutza-mailak.

19. artikulua.

1.–Udalak euskarazko hizkuntza-prestakuntzako berariazko planak antolatuko ditu udal-langileei zuzenduta –hala euskara ikas dezaten nola euskaraz dituzten ezagutzak birzikla ditzaten–, betiere Ordenantza honetan ezarritako helburuak betetze aldera. Plan horietan lanorduen murrizketak, dirulaguntzak eta izan daitezkeen ordezkapenak aurreikusiko dira.

2.–Halaber, euskara norberaren borondatez ikasteko aukera bultzatuko da hala nahi duten udal-langileen artean.

3.–Hizkuntza-prestakuntzako udal-planetan parte hartzen duten udal-langileei nahiz Udalera sartzeko edo haien bizitza profesionaleko edozein fasetarako euskaraz jakitea kontuan hartu zaienei eskatu ahal izango zaie haien ezagupenak erabili eta eskaintzeko Iruñeko Udal Administrazioan garatzen dituzten zereginetan.

VI. KAPITULUA

Toponimia

20. artikulua.

1.–Udaleko organo eskudunak onetsiko du udal-mugartearen finkapen geografikoa eta kartografikoa, betiere men eginik Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 8.2 artikuluan ezarritakoari.

2.–Halaber, udal-organo eskudunak onetsiko ditu ele bitan hiriko auzoen eta kaleen izenak.

3.–Ele bikoak izan beharko dute hiriko bide eta espazio publiko ororen izenek, hirigintza-unitateenek eta kulturako, kiroleko, gizarteko eta abarreko ekipamendu eta hornidurenek, organo eskudunak halakoak noiz onetsi eta une horretatik bertatik.

21. artikulua.

Euskara Zerbitzuak proposatuko ditu izen berrien euskarazko bertsioak, eta, behar izatera, txostenak eskatzen ahalko dizkie toponimia-, kartografia-, geografia- eta/edo hizkuntza-adituei, eta bereziki, Euskaltzaindiari eta Euskarabideari.

VII. KAPITULUA

Euskararen sustapena

22. artikulua.

1.–Iruñeko Udalak ekimenak edo kanpainak sustatuko ditu euskara eta haren egoera soziolinguistikoaren inguruko informazio-maila handiagotu, euskara ikastea sustatu eta bere erabilera areagotzeko esparru guztietan.

2.–Iruñeko Udalak parte hartuko du euskara sustatzeko udal-esparruaz haraindiko ekimenetan eta kanpainetan, eta elkarlanean arituko da hala Nafarroako Gobernuarekin nola beste toki-entitateekin.

3.–Besteak beste, Iruñeko Udalak kanpainak diseinatu eta abiatuko ditu bere kabuz, edo parte hartuko du beste erakundeekin batera abiatutako kanpainetan, adibidez, honako esparru hauetan: helduen irakaskuntzarako matrikulazio-kanpainak; eskola-matrikulazioa; familia barruko euskararen transmisioa; euskararen erabileraren sustapena –hala administrazio publikoarekiko harremanetan nola lan-munduan eta merkataritzan–. Halaber, parte hartuko du euskarazko zein euskara sustatzeko argitalpenetan.

23. artikulua. Euskara ikastea.

Iruñeko Udalak diru-kopuru bat esleituko du Udal-aurrekontuetan euskara ikasteko ikastaroetan parte hartu nahi duten hiriko biztanleendako, eta xede horretarako, urtero eginen ditu behar diren deialdiak.

24. artikulua. Euskarazko jarduerak.

1.–Udalak euskara sustatzeko jarduerak antolatuko ditu artearen, kulturaren eta aisialdiaren eta denbora librearen esparruetan, eta diruz lagunduko ditu hirian gizarte-ekimenez abiatutakoak.

2.–Euskaraz egindako arte- eta kultura-sormena sustatuko da, artistei bekak emanez, eta laguntzak, sormenezko proposamenak sortu eta ekoizteko, bai eta erakustaldi-zirkuituak antolatuta ere.

3.–Bereziki sustatuko dira euskal kulturari dagozkion adierazpen kulturalak.

4.–Udalak kulturaren, kirolaren, aisialdiaren eta denbora librearen esparruetan herritarrei eskaintzen dizkien jardueretan, euskarazko proposamenak izanen dira.

25. artikulua. Haur Eskolak.

Udalaren haur-eskoletan euskaraz ikasteko plazak eskainiko dira, halako eran non familien eskubideak ahalik eta hobekien bermatuko baitira aske hauta dezaten seme-alabendako hizkuntza-eredua.

26. artikulua. Musika-irakaskuntza.

1.–Iruñeko Udalaren menpeko musika-irakaskuntzetan, Musikaren Hizkuntza irakasgaia euskaraz eskainiko da. Halaber, bitartekoak jarriko dira ahalbidetzeko, ahal den heinean, Musika Eskolak eskainitako gainerako irakaskuntzak euskaraz eman daitezen.

2.–Nahi duten irakasleen hizkuntza-birziklatzea sustatuko da, musika-instrumentuko banako irakasgaiak euskaraz ere eman daitezen.

27. artikulua. Beste programa eta jarduera batzuk.

1.–Iruñeko Udalak antolatu edo sustatutako programa edo jarduerak –hala hezkuntzakoak, kulturakoak eta kirolekoak nola gizarte-, komunitate-, partaidetza- eta berdintasun-aferekin lotutakoak eta horien antzekoak– zein Udalak partaide edo laguntzaile dituenak euskaraz eta gaztelaniaz eginen dira –enfasi berezia jarriz gazteenei zuzendutako jarduera eta programen kasuan–. Programa eta jarduera horien parte diren materialak ele bitan eginen dira. Halaber, Iruñeko Udalak egin edo abiatzen dituen unitate didaktikoak euskaraz eta gaztelaniaz sortuko dira.

2.–Iruñeko Udala, dituen ahalmen eta eskumenen heinean, ahaleginduko da bere udal-mugartean familien eskubidea bermatzen, familiek libreki hauta dezaten zein hizkuntzatan nahi duten seme-alabek garatzea kirol-jarduerak.

3.–Iruñeko Udalak, ahal den heinean, bidea emanen du berak eskainitako arte-ikaskuntzak euskaraz ere egin daitezen, herritarrek halakorik eskatzen badute.

VIII. KAPITULUA

Herritarren partaidetza

28. artikulua. Euskararen Kontseilua.

Euskararen Kontseilu bat eratuko da, aholkularitzako zereginak izanen dituena –eta zehaztu daitezkeen beste batzuk–, Udalaren hizkuntza-politikaz bezainbatean. Kontseilu horretan ordezkaritza instituzionala daukaten talde politiko guztiak egonen dira ordezkaturik.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Iruñeko Udalak Ordenantza hau garatzeko beharrezkoak izan daitezkeen hizkuntza-normalizazioko planak eginen ditu.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratu eta hamabost egun iraganda.

Iragarkiaren kodea: L1906200