92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Aldaketa, Herri-lurzatien aprobetxamendua arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2019ko urtarrilaren 17an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Herri-lurzatien aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan, II. kapituluari atal bat gaineratzeko, 7. atala, alegia.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 14an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Oteitzan, 2019ko urtarrilaren 9an.–Alkatea, Tirso Salvatierra Martínez de Eulate.

OTEITZAKO UDALAREN HERRI-LURZATIEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arautzea Oteitzako Udalaren laborantzako herri-lurren adjudikazioa eta aprobetxamendua, betiere Toki Administrazioaren Araubideari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua jasotzen duen 280/1990 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. Oteitzako herri-ondasunak dira herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak, kontuan harturik ondasun horiek besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak direla. Herri-ondasunak ez dira ezein tributuri loturik egonen.

3. artikulua. Oteitzako herri-ondasunak erabili, administratu, aprobetxamendu araubidea ezarri eta antolatzeko ahalmenak Udalari dagozkio oso-osorik, ordenantza hauen 1. artikuluan ageri den legediaren esparruan.

4. artikulua. 1. Orokorrean, herri-lurzatien aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitatearen titularrak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua izatea.

b) Oteitzako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea bi urteko antzinatasunez.

c) Oteitzan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Oteitzako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Oteitzako Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, bertan eratutako Herri-lurren Batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua

1. ATALA

Aprobetxamendurako arau orokorrak

5. artikulua. 1. Aprobetxamendurako epea zortzi urtekoa izanen da urteko zikloko laboreentzat. Zortzi urtetik gorako zikloa duten urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak berariazko baimena ematen badu, zilegi izanen da epe hori luzatzea, baina ez laborearen balio-bizitza baino gehiago.

2. Adjudikatutako lurrak lurzati berrantolamenduko prozesu batean sartzen badira, iraungi eginen da horien adjudikazio epea, eta indarrik gabe geldituko dira dauden adjudikazioak, adjudikazio-hartzaileak kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe; gainera, ordenantza berrien bitartez, Nekazaritzako Azpiegiturak arautzen dituen martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluan bildutako adjudikazio irizpideak aplikatuko dira.

6. artikulua. Herri-lurretako loteen onuradunek ezin izanen dituzte landu adjudikatu zaizkien herri-lurrak adjudikazioan ezarritako xedea ez bezalako erabilera, aprobetxamendu edo laborantza motetan, baldin Oteitzako Udalak espresuki emandako baimena ez badute.

7. artikulua. Herri-lurren adjudikazio-hartzaileek ezin izanen dute nekazaritzako lanik egin (luberritzea, ereitea, herbizidak aplikatzea, uztondoak erretzea, etab.), uzta biltzen denetik irailaren 10era bitarte, laborantzako lurretan.

8. artikulua. Zuzenean herriko bidetik sartzen ez denean herri-lurretan, adjudikazio-hartzaileek, beren interesak galarazi gabe, bide zorra onartu beharko dute mugakide diren lur horietara iritsi ahal izateko.

9. artikulua. Larreen adjudikazio-hartzaileei kalterik ez egiteko, ezin izanen da arrastelu metodoa erabili lastoa biltzeko.

2. ATALA

Laborantzako herri-lurren azalera eta aprobetxamendu motak

10. artikulua. Laborantzako lurraren azalera, guztira.

Alorrak: 3.690,00 erregu.

Olibadia: 14,50 erregu.

Guztira: 3.704,50 erregu.

11. artikulua. Herri-lurren aprobetxamenduak hiru motatakoak izanen dira, ondoz ondo aplikatuak hurrenkera honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Udalak zuzenean ustiatzea.

12. artikulua. Kontuan izanik lehentasunezko aprobetxamenduek ez dutela beste batzuetan gainditu Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 147.2 artikuluan modalitate honetarako gutxienez aurreikusitako lurren %50, eta kontuan harturik, orobat, gaur egun ez dela arrazoi objektiborik ezagutzen herrian aldaketa sozialik egiteko, alorretan gutxienez eskatzen den %50 erabiliko da, hasiera batean, lehentasunezko aprobetxamendu gisa kalifikatutako banaketa modalitaterako; hala, hasierako guztirakotik 1.845 erreguko azalera ukitua eta lotua ateratzen da xede horretarako.

Benetako eskaerak hasierako aurreikuspenak gainditzen baditu, handitu eginen da portzentajea, eta banaketa modalitate horretarako azalera handiagoa jarriko.

Egoera hori gertatzen ez bada, hasierako aurreikuspenei eutsiko zaie, eta beste %50 (1.845 erregu, lur soberakin gisa sailkatuak) herritarrendako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduetarako izanen da.

Lehentasunezko aprobetxamenduetarako eskaerak aurreikusi den %50era iristen ez badira (1.845 erregu), eskatu ez direnak, hasiera batean, “banatu gabeko” lurzati gisa geldituko dira amaierako enkante publikorako.

13. artikulua. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 154. artikuluan ezarritakoarekin bat, laborantzako herri-lurraren %5 gordeko da onuradun berrientzat, hau da, hasierako guztirakotik 185 erregu hartuko dira.

Gordetako alorrak landu gabe gelditu ez daitezen, Udalak, horien kokapena eta ateratzen den lurzati kopurua zehaztutakoan, lur horiek adjudikatuko ditu, behin-behinekoz eta urtero berrikusiz, herritarrendako zuzeneko adjudikaziorako ezarri diren baldintza beretan.

Adjudikazio prozedura independentea izanen da. Hala ere, lehentasuna izanen dute herritarren arteko beste aprobetxamendu batzuetara jo ez duten herritarrek edo, horietara jo arren, eskari gehiegi izateagatik lurzatirik lortu ez dutenek.

Artikulu honek arautzen duen kasuan, adjudikazio-hartzaileak beharturik egonen dira loteak erabilgarri uztera, baldin eta Udalak errenta maila txikiagoko onuradun berriei adjudikatzeko behar baditu.

14. artikulua. Olibadiko herri-lurren aprobetxamenduak, txikiak baitira eta sakabanaturik baitaude, zuzenean adjudikatuko zaizkie agertzen diren herritar eskatzaileei.

Zuzeneko adjudikaziorako aurreikusitako prozedura berari jarraikiz adjudikatuko dira lurrak, baina olibadi unitateen arabera baloratuko dira loteak, hobeki aprobetxatzeko.

3. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

15. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek adjudikazio unean indarra duen lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 edo txikiagoak izan beharko dute hilean, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon.

Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarreren maila kalkulatzeko, kide guztiek edozein bidetatik lortzen dituzten diru-sarreren multzoa zatituko da familia unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaz, eskatzailea barne.

Lanbide arteko gutxieneko soldata, hilekoa, kalkulatzeko, urteko bi aparteko pagaren zati proportzionala sartuko da.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko, aurreko zenbakiko lehen lerroaldean agertzen den %30aren ordez.

16. artikulua. Eredu-lotearen azalera lehorreko lurreko hogeita bi erregukoa izanen da. Atal honetan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak: 1 koefizientea, hau da, 22 erregu.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak: 2 koefizientea, hau da, 44 erregu.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak: 3 koefizientea, hau da, 66 erregu.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak: 4 koefizientea, hau da, 88 erregu.

17. artikulua. Lehentasunezko aprobetxamendu modu horretan, lurzatien onuradunek 6 euroko kanona ordaindu beharko dute erregu eta urte bakoitzeko. 1997rako proposatu zen kanonari dagokio zenbateko hori, eta urtero eguneratuko da, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten duen kontsumoko prezioen indizearen arabera. Dena den, kanonak Oteitzako Udalak hartzen dituen kostuak estaltzeko adinakoa beharko du izan, gutxienez ere.

18. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte adjudikatutako lurzatiak, eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen dituztela esanen da, orobat, ustiapena amankomunean egiten denean kooperatiben bitartez edo legez eratutako eta 15. artikuluan aipatutako baldintzak betetzen dituzten kideez soilik osatutako lan taldeen bitartez.

19. artikulua. Ezintasun fisikoarengatik edo justifikatutako beste arrazoiren batengatik, onuradunei adjudikatutako lurzatiak ezin badituzte beraiek zuzenean eta pertsonalki landu aurreko artikuluan aipatu zehaztasunen arabera, Udalari itzuliko zaizkio, eta herritarrendako zuzeneko adjudikaziorako erabiliko dira, lehenik eta behin. Kasu horretan, onuradunek diru konpentsazio bat jasoko dute, hau da, erregu bakoitzeko ordaindu beharreko kanonaren eta Udalak herritarrendako zuzeneko adjudikazioagatik jasotako diru-sarreren arteko aldea.

4. ATALA

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioa

20. artikulua. Ordenantza hauen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera, erreserbarako gordetako azalera kendu ondoren, herritarrei zuzenean adjudikatuko zaie ordenantzen 12. artikuluko 3. lerroaldean soberakintzat jotzen den herri-lurren azalera. Lehentasunezko aprobetxamenduan “banatu gabe” gelditzen diren lurzatiak ez dira lur soberakintzat joko.

21. artikulua. Aprobetxamendu mota horren onuradun izateko, lehentasuna izanen dute, lehenik, honako hauek: familia unitateen titularrek, hain zuzen ere 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %60 edo txikiagoak badira hilean, edo familia unitatearen diru-sarrerak, guztira, soldata hori halako hiru baino txikiagoak.

Hurrenkeraren hurrengo mailan daude 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten titularrak, baldin eta familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %90 edo txikiagoak badira, edo familia unitatearen diru-sarrerak, guztira, soldata hori halako lau eta erdi baino txikiagoak.

Hurrenez hurren, eta aurreko lehentasun hurrenkera horri jarraikiz, handitzen joanen dira artikulu honetan ezarritako marjinak; hots, %30ez 30 handituko dira familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak, edo diru-sarrerak, guztira, lanbide arteko gutxieneko soldata halako 1,50.

22. artikulua. Eredu-lotearen azalera, era honetako adjudikazioetan, hogeita lau erregukoa izanen da.

Modalitate honetako adjudikaziodunei adjudikatu beharreko loteak eredu-loteari hurrengo koefizienteak aplikatuz lortuko dira:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak: 1 koefizientea, hau da, 24 erregu.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak: 2 koefizientea, hau da, 48 erregu.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak: 3 koefizientea, hau da, 62 erregu.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak: 4 koefizientea, hau da, 96 erregu.

Lurzati eskariak aurreikuspenak gainditzen baditu, Udalak kanpoan utziko ditu diru-sarrera handienak dituzten familia unitateak.

23. artikulua. Adjudikazio-hartzaileek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte lurrak. Lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen dela esanen da ustiapena, fase guztietan, adjudikazio-hartzailearen kontura egiten denean guztiz.

Herrian finkatuta dauden nekazaritza kooperatiben bitartez egiten diren laborantza lanak ere zuzenekotzat eta pertsonalki egindakotzat hartuko dira. Era berean, baldintzak betetzen direla esanen da lana “tornapeón” modalitatean egiten denean, herri horretan sustraituta dagoen ohitura baita. Azken kasu horretan, parte-hartzaileak Udaletxean agertuz eginen da eskaera.

Adjudikazioa ezin izanen zaio inolako kasutan hirugarren bati laga, ez eta ustiapenean apartzeria sistema erabili ere, horrelakoetan deuseztatu eginen baita adjudikazioa.

24. artikulua. Adjudikazio-hartzaileek errentamenduagatik ordaindu beharreko kanona ezartzeko, Oteitzako udal-mugarteak bi zati ditu, plubiometriaren arabera, Iparraldea eta Hegoaldea izenekoak, San Tirso-Andiongo eta Angarisun-Baigorriko bideek bereizten dituztenak, bi-biak Lizarra-Tafalla errepidetik hasita.

Iparraldeko eremuaren urteko kanona 15,63 eurokoa izanen da erreguko, eta hegoaldekoa ehuneko hamar gutxiagokoa, hau da, 14,60 eurokoa erreguko. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen indizearekin bat.

Iparraldeko eredu-kanona zehazterakoan oinarri gisa hartu da IV. Eskualdea-Estellerria osatzen duten eta Nekazaritzako Politika Bateratuaren ondorioetarako ezaugarri bertsuak dituzten herrietako errentamendu prezioen batez bestekoa; Unión de Cooperativas Agrarias de Navarra (U.C.A.N.) elkarteak emandako informazioaren arabera, honako hauek dira: Aberin, Aiegi, Iguzkitza, Jaitz, Mañeru, Morentin, Oteitza, Villamayor, Zirauki eta Zuñiga.

Adjudikazioaren urte bakoitzeko irailaren 15erako ordainduko da kanona.

5. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

25. artikulua. Udalak erabakia hartu ondotik, ediktua paratuko da Udaletxeko iragarki-taulan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera kopia bat igorriko da, argitara dadin.

Aldizkarian argitaratu eta zortzi egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek adjudikazioa eska dezaten, ustez dagokien modalitatean.

Nekazaritzako lanak taldean egitea errazteko, amankomunean eskatzen ahalko dira loteak, eta horien zozketa eginen da lehendabizi.

Erreserbatutako lurretarako eskaerak ere epe horrexetan eskatzen ahalko dira.

26. artikulua. Datu objektiboetan oinarrituko dira kontuan hartuko diren irizpideak errenta mailak zehazteko eta familia unitate bakoitza dagokion modalitatean sartzeko eta beharrezkoa izanen da Udaletxean agiri hauek aurkeztea, ezartzen den epean:

a) Familia unitatea osatzen duten pertsonen Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako aitorpenen kopia konpultsatua, edo Foru Ogasunaren ziurtagiri negatiboa, aurkeztu behar ez badira.

b) Familia unitateko kide guztiek edozein kontzeptugatik izaten dituzten diru-sarreren zinpeko aitorpena.

c) Besteren kontura lan egiten duten familia unitateko kideen soldatei dagozkien ordainagirien kopia konpultsatua (azken hamabi hilabeteetakoak).

d) Familia unitateko kide bakoitzaren ondasunen katastroko ziurtagiria eta garatzen dituzten jarduerak, ondokoetan ageri diren datuen arabera: erregistro fiskalak, hiri ondasunenak, landa ondasunenak, abere ondasunei dagozkienak, lizentzia fiskala eta zirkulazioko udal zerga.

e) Familia unitateko kide guztien zinpeko aitorpena, horren bidez adieraziz aipatu ziurtagirietan agertzen diren ondasunak familia unitateak Oteitzan edo beste edonon dauzkan guztiak direla; familia unitatearen beraren etxebizitza zein den berariaz azalduko da. Aipa daiteke, agiri bidez frogaturik, katastroaren arabera familia unitateko kideren batenak diren ondasunetakoren bat edo batzuk ez direla harenak; gainera, katastroko datuak aldatzeko eskaeraren kopia konpultsatua aurkeztuko da.

f) Familia unitateko kide bakoitzak errentamenduz edo jabetza ez den beste titulu batez Oteitzan edo beste herri batean lantzen dituen lurren gaineko zinpeko aitorpena.

g) Osasun egiaztagiria, haietakoren batek desgaitasun fisikoa edo mentala badu, hori frogatzeko.

Landa-lurreko ondasunen katastroan eskatzailearen izenean ageri den edo ustiatzen duen lur erregu bakoitzeko, familiako diru-sarreren gehikuntza hau zenbatuko da: hektareako 3.200 kg-ren errentamenduari (Nekazaritzako Politika Bateratuak IV. Eskualdea-Estellerrirako ezarriari) adjudikazioaren unean zerealak duen prezioa aplikatuta ateratzen den balioa.

27. artikulua. Oteitzako Udalak modalitate bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da, Udalaren iragarki-taulan jarriko da eta interesdunei jakinaraziko zaie; gainera, bost eguneko erreklamazio epea irekiko da.

28. artikulua. Aurreko artikuluan aipatu epea bukatu eta alegaziorik jaso ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da zuzenean. Alegazioren bat aurkezten bada, Udalbatzak osoko bilkuran ebatziko du eta, ondoren, behin betiko zerrenda onetsiko. Zerrenda hori iragarki-taulan paratuko da. Erabakia legeak agintzen duen bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta aditzera emanen zaie haren aurka errekurtsoak aurkez daitezkeela, eta formalizaziorako epeak.

29. artikulua. Behin betiko zerrenda ikusirik, Udalak prozedura honen arabera adjudikatuko ditu loteak:

a) Modalitateen zerrendetako bakoitzean sartutako familia unitateetako titularrak zenbakituko dira.

b) Herri-lurren loteak ere zenbakituko dira. Lurzati berrantolamendua kontuan harturik, ahalik eta lurzati kopuru handiena elkartzeko ahalegina eginen da.

c) Zozketaz herri-lurren lote zenbaki bat aterako da, eta horretatik aurrera adjudikatuko dira loteak, ateratzen diren herritar adjudikaziodunen zenbakiekin hurrenkera osatuz. Amankomunean dauden loteak izanen dira lehenak.

d) Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren Osoko Bilkurak onetsi ondoren, Udalaren iragarki-taulan argitara emanen da adjudikazio-hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herri-lurretan.

e) Amankomunean dauden loteen onuradunen batek baja ematen badu, eta taldean egiten diren nekazaritza lanak ez oztopatzearren, azkenik adjudikatutako loteei automatikoki emanen zaie baja, hau da, 25. artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritako adjudikazio prozeduraren alderantzizko ordenan.

6. ATALA

Oteitzako Udalak zuzenean ustiatzea edo enkante publiko arrunta

30. artikulua. Lurrak lehentasunezko aprobetxamenduen eta zuzeneko adjudikazioaren modalitateen bidez adjudikatu ondoren, lurzati batzuk banatu gabe gelditzen badira, Udalak amaitutzat joko ditu herritarrendako adjudikazioaren faseak, eta hurrengo modalitatea aplikatuko du, zeina, ordenantza hauen 11. artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera, enkante publikoaren modalitatea baita.

Nafarroako foru auzotasuna duen edonor aurkez daiteke enkantean, baldin eta Foru Ogasunarekiko legezko beharkizunak beteak baditu; gehienez ere 200 erregu izanen dira erremategile bakoitzeko.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa herritarrendako zuzeneko adjudikazioan ezarritako kanona adinakoa izanen da.

Enkantea egin ondoan banatu gabeko lurrik gelditzen bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du. Azken kasu horretan, Udalbatzako Osoko Bilkurak onetsi beharko ditu ustiapen kontratuak, eta iragarki-taulan jarri beharko dira.

7. ATALA

Udalak onartzen dituen okupazioen aprobetxamenduak

31. artikulua. Herri-lurren okupazio baimendutzat honako hauek jotzen dira: eremu txikia eta forma ez erregularra izateagatik eta duten kokapenagatik ezin direnak adjudikatu ordenantza honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, eta Udalak horiek erregularizatzea komeni dela uste denean.

32. artikulua. Ordenantza honek indarra hartu aurretik partikularrek herri-lurretan egindako okupazioen erregistroa prestatuko da.

33. artikulua. Aurreko puntuan aipatu okupazioen ustezko erantzule direnei udal bulegoetan dagoen informazioa emanen zaie, eta 15 eguneko epea izanen dute bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak egin eta dokumentu eta frogagiriak aurkezteko, lurren jabetzari buruzko auziak argitzeko.

Okupazioen egoera modu frogagarrian zehazturik, horiek egiten dituztenei aukera emanen zaie aprobetxamendu horretan modu arautuan jarraitzeko, erreguko kanona ordainduz, zeina ezarriko baita batazbesteko aritmetikoa atereaz Iparraldeko eta Hegoaldeko eremu gisa jotakoen urteko kanonen artean. 2019rako 15,11 euro izanen dira erreguko. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen indizearekin bat.

Kanon berri honen sortzapena batera izanen da lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioko nahiz herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamendua dutenen kanonarekin eta hura ordaintzeko borondatezko epea urria izanen da urtero.

34. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatu prozeduraren ondoren Udalak onartzen dituen okupazioen titularrak herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuen adjudikazio-hartzaileak izan daitezke, lehentasunezko adjudikazioaren edo zuzeneko adjudikazioaren bidez, eta okupazioen erregistroan baja eman dezakete, okupazioa benetan utzi dutela frogatu ondoren.

35. artikulua. Herri-lurretan okupazioak egin baina horiek arautzen ez direnean, utzi egin beharko dira eta lurra Udalaren eskura jarri, Udalak horretarako errekerimendua egin eta hilabeteko epean.

Aurreko zenbakian aipatu epea iragan eta errekerimenduan esandakoa betetzen ez bada, bidezkoak diren zehapen espedienteak irekiko dira, ordenantza honen IV. kapituluan ezarritakoa aplikatuz, eta ukitutako finkak mugatu eta mugarritu eginen dira. Arau-hauslearen gain egonen dira lan horiek sortzen dituzten gastuak.

III. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

36. artikulua. 1. Oteitzako Udalak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

37. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean eduki eta aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

38. artikulua. Herri-lurrak luberritu nahi badira bertan laborantzan aritzeko asmotan, aldez aurretik Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuaren edo hori ordezten duen erakundearen baimena beharko da.

IV. KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

39. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez adjudikatutako herri-lurretako loteak azpierrentamenduan uztea edo hirugarrenei lagatzea.

e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Labore iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.

h) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

i) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioetarako eskubidea zehazten edo justifikatzen duten agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea.

j) Nekazaritzako lanak egitea (luberritzea, ereitea, herbizidak aplikatzea, uztondoak erretzea, etab.) irailaren 10a baino lehen, laborantzako lurretan.

k) Auzotasuna galtzea edo herrian egiazki eta jarraian ez bizitzea urtean bederatzi hilabetez, enkante publikoko kasuetan izan ezik, horietan betebeharra foru auzotasunari buruzkoa baita, ordenantza hauen 30. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako gainerako betebeharrez gain.

l) Oteitzako Udalarekin zerga arloko beharkizunak beteak ez izatea.

40. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:

a) Aurreko a), b), c), f), g) eta i) ataletako arau-hausteak eginez gero, kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunek zehapenak jartzea.

b) Aurreko d) eta k) ataletako arau-hausteak eginez gero, kontzesioa kenduko da.

c) Aurreko h) ataleko arau-haustea eginez gero, herri-lurren adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko den zehapenaren gehienekoa izanen da lotearen urteko errentamendu balioaren bikoitza edo zehapenaren xede zehatzaren zatia.

Onuradunei, herri-lurrak kentzen bazaizkie, apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Iragarkiaren kodea: L1904536