92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGOA

Ordenantza, Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituena. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, argitara ematen da, osorik, Larragoan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza. Ordenantza hasiera batez onetsi zen 2019ko urtarrilaren 22ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez. Lege aginduarekin bat, iragarki-taulan eta 2019ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 14an, argitaratu ondoren, ez denez jaso inoren erreklamaziorik haren kontra, behin-behineko onespena behin betikoa bilakatu da, aipatu erabakiari jarraikiz.

Larragoan, 2019ko apirilaren 3an.–Alkatea, María Flora Gaviria Andueza.

ORDENANTZA, LARRAGOAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Larragoako Udalaren iritziz badira zenbait osagai edo adierazle erakusten dutenak euskararen erabilera ibar honetako kultur ondarearen atala dela. Euskara ameskoar historiaren ikur edo testigantza da eta bertako toponimian, eskuizkribuetan eta kontakizunetan islatzen da.

Horrez gain, herritarrek euskara erabili eta sustatzearen alde duten jarrera islatu nahi izan du ordenantza honetan, Nafarroako Gobernuak orain arte egindako ikerketa soziolinguistikoek hala erakutsi baitute.

Horrek guztiak, gizarteak euskararen alde duen borondatearen adierazgarri baita, esan nahi du Larragoan, urteak iragan ahala, gero eta herritar elebidun gehiago egongo direla, hau da, gero eta euskaldun gehiago.

Esan beharra dago Espainiako Konstituzioak botere publikoen esku uzten duela Espainiako hizkuntzen kultur ondarea errespetatu eta babesteko zeregina; Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak helburutzat duela herritarren eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko, eta hura berreskuratu eta garatzeko; Nafarroako Administrazio Publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren xedea dela erantzutea Nafarroako bi hizkuntza berekien errealitateari, euskara eta gaztelania, eta eremu mistoan herritarrei bermatzea hizkuntza aukeratzeko eskubidea.

Aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Udalerriko herritarrei zerbitzua euskaraz ematea da ordenantza honen xedea, baita euskara normalizatzea eta haren erabilera sustatzea ere.

2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak honako berariazko helburu hauek ditu:

a) Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan izatea harremana.

b) Euskararen erabilera finkatzea Udalaren kanpoko irudian.

c) Euskara sustatzeko beste jarduera batzuk bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.

3. artikulua. Ordenantza hau Larragoako udal-mugartean aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

4. artikulua. Larragoako Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien dokumentuak, jakinarazpenak eta komunikazioak ele bitan bidaltzen ahalko dira.

5. artikulua. Larragoako Udalak, administrazio edo erakunde publiko, entitate eta erakundeei, eskatzen ahalko die ele bitan idatziak izan daitezela bidaltzen dizkioten mota guztietako dokumentuak.

6. artikulua. Udalak dokumentuak eta komunikazioak bi hizkuntzetan izan daitezela eskatzen ahalko die mankomunitateei eta partzuergoko kideei, Udalarekin eta herritarrekin dituzten harremanetan.

III. KAPITULUA

Administratuekiko harremanak

7. artikulua. Pertsona fisikoei nahiz juridikoei zuzentzen zaizkien komunikazio eta jakinarazpenak bi hizkuntzetan egiten ahalko dira.

8. artikulua. Pertsona fisikoek zein juridikoek ele bitan, euskaraz edo gaztelaniaz igortzen dizkioten komunikazioak onartuko ditu Larragoako Udalak.

9. artikulua. Herritarrei ematen zaizkien inprimakiak bi hizkuntzetan idazten ahalko dira. Guztiek dute eskubidea bi hizkuntzetako edozeinetan betetzeko inprimaki horiek.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpoko irudia

10. artikulua. Larragoako Udalak gaztelania eta euskara erabiltzen ahalko ditu orokorrean herritarrei zuzentzen zaienean. Hartara, ele bitan izaten ahalko dira:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak, administrazio-prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

h) Barne erabilerako inprimakiak.

i) Udalak prestatzen dituen publizitate eta zabalkundeko elementuak: liburuxkak, kartelak.

11. artikulua. Hirugarrenek kultura, kirol eta ekonomia alorrean udal esparruan egiten dituzten jardueretan, euskara eta gaztelania erabil daitezen zainduko dute adierazpen publiko guztietan, euskarria edozein izanik ere.

V. KAPITULUA

12. artikulua. Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi guztietan, merezimendu kualifikatu gisa hartu ahalko da hizkuntza hori jakitea; Euskarari buruzko Foru Legean eta hura garatzen duten dekretuetan zein bestelako ebazpenetan ezarritako gehieneko balorazioa emango zaio.

13. artikulua. Euskara ikasten lagunduko zaie udal langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.

VI. KAPITULUA

Euskara sustatzea

14. artikulua. Larragoako Udalak bere jarduerak koordinatuko ditu Nafarroako Gobernuarekin eta tokiko beste entitate batzuekin, haiek euskara sustatzeko prestatzen dituzten ekimen eta kanpainetan parte hartzeko.

15. artikulua. Ildo beretik, Larragoako Udalak eskolako matrikulazio kanpainetan eta helduendako euskara irakaskuntzan hartuko du parte, baita euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko eta haren aldeko sentsibilizazioa hedatzeko kanpainetan ere.

16. artikulua. Kultur jarduerak eta euskara sustatzekoak bultzatuko dira. Halaber, laguntza ekonomikoa emango da euskara sustatzeko edo irakasteko jarduerak antolatzearren.

VII. KAPITULUA

Toponimia

17. artikulua. Larragoako Udalak bere mugapeko toponimoak (toponimia handia eta txikia) finkatuko ditu Euskaltzaindiaren jarraibideen arabera. Haien forma ofiziala euskarazkoa izango da.

Gatazkarik izanez gero, Udalak hartuko du erabakia Euskaltzaindiarekin bat.

18. artikulua. Oikonimiari dagokionez (etxeen izenak), Udalak bizilagunen eskutan jarriko du etxeen izenen katastroko inskripzioa.

VIII. KAPITULUA

Ordenantza betetzea

19. artikulua. Udala lankidetzan ariko da hizkuntza politikan eskumenak dituzten entitate guztiekin, ordenantza hau aplikatu eta garatzeari eta hizkuntza normalizazioaren zeregin orokorrari dagokienez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Larragoako Udalak ordenantza honen edukia gauzatzeko jendea eta bitarteko teknikoak ez dituen bitartean, hura lortu beharreko helburu eta Udalaren jarduketaren oinarri izango da.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1904671