92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

267/2019 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 100 ohe baino gehiago eta 250 baino gutxiago dituzten zentro soziosanitario pribatuentzako dirulaguntzen deialdia onesten duena, 2019an eta 2020an arreta farmazeutikorako farmazia-langileen gastuak finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 438604.

Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen 35. artikuluak, batetik, eta bestetik, Osasun Sistema Nazionalaren jasangarritasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluak, ezartzen dute derrigorrezkoa dela farmazia zerbitzuak eta/edo medikamentuen biltegiak edukitzea 100 ohe baino gehiagoko zentro soziosanitarioetan.

Nafarroako Gobernuak 2016ko urriaren 19an hartutako 4271/2016 Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, 5.456.000 euroko urte anitzeko gastu konpromisoa har zezan (2017-2020), zentro soziosanitario pribatuetako farmazia zerbitzuen arreta farmazeutikorako dirulaguntzen deialdia egiteko, banakako ebaluazio-araubidean.

Azaroaren 21eko 1054/2016 Ebazpenean onartu zen deialdia, arreta farmazeutikorako funtzionamendu gastuak 2017, 2018, 2019 eta 2020an finantzatzeko dirulaguntzak emateko, farmazia zerbitzuak dituzten zentro soziosanitarioentzat. Deialdia martxoaren 1ean ebatzi zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako 154/2017 Ebazpenaren bidez.

Gaur-gaurkoz bi zentro soziosanitario pribatu ditugu, 100 ohe baino gehiago eta 250 baino gutxiago dituztenak eta farmazia zerbitzua dutenak, eta aipatu deialdian jaso zuten dirulaguntza, farmazia-langile baten lanaldi erdiari dagozkion gastuetarako. Zentro soziosanitario horietan Arreta Farmazeutikoari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legeak jasotzen dituen eginkizun guztiak betetzeko, lanaldi osoa behar du farmazialariak.

Horregatik proposatzen dugu berriz zabaltzea dirulaguntzen deialdia, aurrekoarekin bateragarria eta osagarria, zentro soziosanitario horietako farmazialariaren beste lanaldi erdia finantzatzeko. Era horretan, farmazialari hori inplikatzen ahalko da medikamentuen erabilera zentzuzkoa izan dadin aurrera eramaten ari garen ekintzetan, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jasangarritasunari lagunduko dio. Deialdi berri hau farmazia zerbitzua eta 100 eta 250 bitarteko ohe kopurua duten zentro soziosanitario pribatuetako farmazia-langileen gastuetarako, beste ezertarako ez da.

Dirulaguntza honek 438604 zenbakia du Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntzen helburua den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte, eta segurtatuko da publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak betetzen direla.

Ikusirik Farmaziako zuzendariordeak deialdiaren gainean egindako proposamena eta txosten juridikoa (biak espedientean jaso dira), non azaltzen baita deialdia onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta, orobat, deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna izanik, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15.2 artikuluari dagokionez, eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onartzea, farmazia zerbitzua duten zentro soziosanitario pribatuen farmazia-langileen gastuak 2019an eta 2020an finantzatzeko, ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarrien arabera.

2. Urte bakoitzeko 110.000 euroko gastua baimentzea, abenduaren 24ko 27/2018 Foru Legean ezarritako 2019ko Gastuen Aurrekontuan “Farmazia prestazioak” izeneko 54005-52831-4809-313100 partidaren balio berekoak diren 2019ko eta 2020ko gastuen aurrekontuetako partiden kargura. Bi urteetarako zenbateko osoa 220.000 eurokoa da.

3. Ebazpen hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari, Farmazia Zuzendariordetzari eta Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuari.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, honako hauei jarraituz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

Iruñean, 2019ko martxoaren 26an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da 100 eta 250 bitarteko ohe kopurua duten zentro soziosanitario pribatuen farmazia zerbitzuari lotutako funtzionamendu gastuak finantzatzeko ematen diren dirulaguntzak arautzea. Zentro horiek Osasun Departamentuaren baimena eduki beharko dute, eta arreta farmazeutikoa emateko hitzarmena sinatua izan Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean ezarritakoaren arabera (lege hori azaroaren 20ko 20/2008 Foru Legearen bidez aldatu zen).

2.–Helburua.

Dirulaguntza hauen helburua da zentro soziosanitario onuradunetan farmaziako langileria gastuak finantzatzea, kontuan harturik egoitzetan arreta farmazeutikoa ematea interes publikokoa dela, dudarik gabe, eta, orobat, eraginkorragoa dela medikamentuak laborategiari zuzenean erostea eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari fakturatzea laborategiko salmenta-prezioetan edo merkeago. Gainera, sistema hori lagungarria da bai baliabide publikoak optimizatzeko, bai zentro horietako egoiliarrek medikamentuak modu seguruago eta egokiagoan erabil ditzaten.

3.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Bi urteetarako (2019 eta 2020) zenbateko osoa 220.000 eurokoa da.

4.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak farmazia zerbitzuko farmaziako langileria gastuak dira (farmazialariaren ordainsariak eta Gizarte Asegurantzaren enpresa-kuota).

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak justifikatzen diren gastuak hartuko ditu bere gain, betiere muga hau ezarrita: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ospitaleko farmaziako farmazialari espezialisten lanpostuetan (esklusibotasunik gabe) ordaintzen diren oinarrizko ordainsarien zenbatekoa, urtero Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren plantillan argitaratzen dena.

Farmazia zerbitzuko plantillarako dirulaguntzak kalkulatzeko erabiliko diren parametroak honako hauek izanen dira farmazia zerbitzu bakoitzeko:

100 eta 250 ohe bitartean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere gain hartuko ditu farmazialari baten gastu justifikatuak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ezarritako ordainsarien arabera lanaldi erdiko farmazialari espezialista bati dagokion kopurua gainditu gabe.

5.–Onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratzen ahalko dituzte baldintza hauek betetzen dituzten zentro soziosanitarioek:

–Farmazia zerbitzua izatea eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin berariazko lankidetza hitzarmen bat sinatua izatea egoiliarrei arreta farmazeutikoa emateko, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legean, eta ondorengo aldaketetan, ezarritakoarekin bat.

–100 ohe baino gehiago eta 250 baino gutxiago izatea.

–Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko eskakizunak betetzea.

6.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere.

Dirulaguntza eskaera eta dagokion dokumentazioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Armada etorbidea, 2, 31002 Iruña), edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, edo administrazio prozedura arautzen duen araudian adierazitako gainerako erregistro eta bulegoetan.

Hala ere, aurkeztutako agirietan akatsik aurkituz gero, beste 10 egun balioduneko epea irekiko da akats horiek zuzentzeko; entitateak aipatutako akatsak zuzentzen ez baditu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.

7.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eranskinean heldu den ereduaren araberako eskabidea aurkeztuko da, zentro soziosanitarioaren legezko ordezkariak sinatua, eranskin horretan aipatzen den dokumentazioarekin batera.

8.–Prozedura antolatu, instruitu, ebazteko eta haren jarraipena egiteko organo eskuduna.

Prozedura antolatzeko, instruitzeko, ebazpen proposamena egiteko eta haren jarraipena egiteko eskumena duen organoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Zuzendariordetza da.

Instrukzio organoak aurkezten duen ebazpen proposamena ikusirik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du.

Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta, laguntza emanez gero, helburua eta esleituriko zenbatekoa azalduko dira bertan.

9.–Gastuen justifikazioa.

Farmazia zerbitzuko farmazialariaren gastuak:

Egindako gastua justifikatzeko (langilearen ordainsariak eta gizarte segurantzako enpresa-kuota), hilero, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Faktura, kontzeptu diruz lagungarriak agertzen dituena.

–Farmazia zerbitzuko langilearen gizarte segurantzako TC orrien eta nominen kopiak.

Arreta farmazeutikoaren arduraduna zentro soziosanitarioak kontratatutako enpresa bat baldin bada, zerbitzu hori ematearen ondoriozko gastuak justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Enpresa horrekin sinatutako kontratuaren kopia, egoitza horretan arreta farmazeutikoa ematen duten langileen datuak jasoko dituena, titulazioa barne. Agiri hau dirulaguntza eman ondoren aurkeztu beharko da.

–Hilero, kontratatutako enpresak egindako faktura, non kontzeptu diruz lagungarriak agertuko diren, betiere zentro kontratu-egileak ordaindu ondoren.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Behar diren egiaztapenak egin ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak laguntzak ordainduko ditu Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren bitartez, transferentzia bat eginez zentroaren banku-kontura. Gastuak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko dira.

11.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira xede bera duen beste edozein dirulaguntzarekin, dirulaguntzaren izaera eta/edo hura ematen duen entitatea edozein delarik ere.

12.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete behar ditu.

Zentroak hitzematen du osasun arloko administrazioek honako arlo hauen gainean sustatzen dituzten programetan kolaboratuko duela: farmazia eta osasun arretaren kalitate bermea, osasunaren sustapena eta babesa, eritasunen prebentzioa eta osasun hezkuntza.

Hitzematen du, orobat, arreta farmazeutikoaren gainean indarra duen araudia beteko duela eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak arlo horren gainean ezartzen dituen prozedura eta jarraibideak errespetatuko dituela.

13.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntza emateko ebazpena Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1904308