92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

229E/2019 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Urbasa eta Andiako Parke Naturaleko Urederraren Iturburua natura-erreserban (RN-14) sartzeko mugak ezartzen dituena.

Urederraren Iturburua natura-erreserba (RN-14) sartua dago Urbasa eta Andiako Parke Naturalean, bai eta “Ega-Urederra ibaiak” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) ere. Bakedanoko kontzejuko herri-lurretan kokatzen da eta Nafarroan bisita gehien duen naturaguneetako bat da.

Lurraldea Babestu eta Erabiltzeko Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen bidez, eta zehazki, haren lehen xedapen gehigarriaren bidez, deklaratu zen aipatu lekua natura-erreserba. Gero, otsailaren 27ko 3/1997 Foru Legearen bidez parke natural deklaratutako Urbasa eta Andiako eremuan sartu zen erreserba hori.

Aipatu foru legeek zehaztu eta arautzen dituzte parke naturalean oro har aplikatzekoak diren arauzko xedapenak, baita natura-erreserban berariaz aplikatzekoak direnak ere; bestetik, arau hauek:

–13/1990 Foru Legea, abenduaren 31koa, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzkoa; 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduak garatzen du.

–9/1996 Foru Legea, Nafarroako Naturguneei buruzkoa.

–2/1993 Foru Legea, Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa.

–267/1996 Foru Dekretua, uztailaren 1ekoa, Urbasa eta Andia Mendietako Natura Baliabideak Antolatzeko Plana arautzen duena, irailaren 7ko 198/2011 Foru Dekretuak aldatua.

–230/1998 Foru Dekretua, uztailaren 6koa, Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituena.

–16/2017 Foru Dekretua, “Ega-Urederra ibaiak” izeneko Batasuneko Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, eta haren kudeaketa plana onesten duena. Kudeaketa planaren azken helburuen artean honako hau dago: “Erabilera publikoa eta lekuaren balio naturalen kontserbazioa bermatzea”, eta erabilera publikoari lotutako neurri gisa, berriz, hauxe: “Urbasa-Andia natura parkearen planifikazioan eta kudeaketan jarraibideak aplikatzen eta erabilera publikoko neurriak garatzen segitzea”.

9/1996 Foru Legearen 25. artikuluari jarraituz, Nafarroako Gobernuari dagokio natura-erreserbak kudeatzea.

2014. urtean, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emandako apirilaren 4ko 365/2014 Ebazpenaren bidez, Urbasa eta Andiako Parke Naturaleko Urederraren Iturburua natura-erreserban (RN-14) sartzeko araubidea onetsi zen. Araubide horren ondorioz, 450 pertsonara mugatu zen Urederraren Iturburua natura-erreserba aldi berean bisitatu zezaketen pertsonen kopurua, eta horrez gain, bisita horiek bideratzea lortu zen, aldez aurreko erreserbaren bidez.

Nolanahi ere, erregulazio horren ondoko lehen urteetan izandako bisitarien kopuruak gorantz egin du nabarmen, urtean 150.000 baino gehiago izateraino; gaur egun, 100.000-120.000 bisitarira jaitsi da kopuru hori.

Bisita kopuru handi horren ondorioz, eta naturagune babestua hondatzen hasia dela ikusirik, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalak azterlan bat egin dezatela eskatu die EHUko teknikariei, hainbeste bisita jasotzeak Urederraren Iturburua natura-erreserban izan dezakeen eragina azter dezaten. Azterlan horretan ondorioztatu da bisitarien joan-etorriak baduela inpaktua lekuan, eta oro har, “handia” edo “oso handia” moduan baloratzen da inpaktu hori.

Toki entitate nagusiei eta auzi honek uki ditzakeen bestelako instituzio eta erakundeei ere aurkeztu zaizkie azterlana eta haren ondorioak, eta hainbat bilera egin dira horretarako. Aho batez erabaki da beharrezkoa dela jarduketak abiaraztea naturagunearen kontserbazioa bermatzeko: bisitarien kopurua mugatzea edo bidearen bukaerako aldera sartzea debekatzea dira, besteak beste, hartu diren neurrietako batzuk.

Gerora, Urbasa eta Andiako Parke Naturalaren Patronatuan jorratu da gai hau, hain zuzen ere, 2019ko martxoaren bukaeran. Patronatuak borondatea erakutsi du inpaktuak murriztera, espazioaren ingurumen balioak babestera eta hura erabilera publikoarekin bateragarri egitera zuzendutako neurriak eta jarduketak abiarazteko.

13/1990 Foru Legearen 64. artikuluarekin bat, Oihan Administrazioari dagokio, Ingurumen Administrazioak txosten loteslea egin ondoren, mendietako josteta jarduera arautzea, ingurune naturala begiratzea printzipioa izanik, bisitarien etorriak edo ingurunearen ahultasunak horretara bultzaturik. Gainera, Mendien Erregelamenduaren 96. artikuluak ezartzen du Ingurumen Administrazioak, edo ofizioz Oihan arlokoak, mendietako josteta jarduera arautuko duen espedientea abiaraziko duela, eta mendi jakin baterako edo mendi multzo baterako soilik izaten ahal dela.

Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legearen 34. artikulua aintzat hartuta, ingurune naturalean egiten diren kirol, aisia eta turismoko jarduerek ingurunea errespetatu beharko dute eta landa ingurunearen ezaugarriak eta haren ingurumen arloko balioak hartu beharko dituzte kontuan, basa fauna errespetatzea barne.

Azkenik, Nafarroako Naturguneei buruzko 9/1996 Foru Legeak parke natural deklaratu zuenez, ezinbestean kontrolatu eta antolatu behar dira turismo eta aisia arloko jarduerak, baina betiere helburu nagusia izanik basa fauna eta florako elementu naturalak eta espezieak babestea eta iraunaraztea.

Ingurune Naturalaren Zerbitzuak igorritako txostena ikusirik, zeinean erabilera publikoak natura-erreserbaren balio ekologikoetan duen inpaktua minimizatzera zuzendutako neurri multzoa proposatzen den.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Urederraren Iturburua natura-erreserban (RN-14) egunean gehienez ere 500 pertsona sartuko direla ezartzea.

2. Oinarrizko arau batzuk ezartzea lekua erabiltzeko eta hartaz gozatzeko (ikus I. eranskina). Arau horiek bete ezean, zehapen-espedienteak irekitzen ahalko dira, aplikatzekoa den araudi indardunarekin bat.

3. Bidearen azken tartera sartzea debekatzea. Koordenatu hauetatik aurrera aplikatuko da debeku hori: X= 571.020 eta Y= 4.739.262 (WGS84 koordenatu-sistema).

4. Indarrik gabe uztea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 4ko 365/2014 Ebazpena. Horren bidez onetsi zen Urbasa eta Andiako Parke Naturaleko Urederraren Iturburua natura-erreserban (RN-14) sartzeko araubidea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalera, Bakedanoko kontzejura, Ameskoabarrenako Udalera, Ameskoetako Limitaciones Mendiko Batzarrera, Estellerriko Toki Ekintzarako Taldera (TEDER), Nafarroako Gobernuko Turismoko Marketinaren Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, hartan espediente zenbakia adierazita (Erreferentzia: Esped. hitzen ondoren dagoen zenbakia).

Iruñean, 2019ko apirilaren 16an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Urederraren Iturburua natura-erreserban banaka nahiz taldeka sartzeko, dagokion baimena eskuratu beharko da, bai eta arau hauek bete:

1.–Seinaleztatua eta balizatuta dagoen bidea da Urederraren Iturburua natura-erreserbara sartzeko baimendua dagoen bide bakarra. Ibilbidea Bakedanoko herrigunetik abiatzen da, hantxe kokatzen baita berariaz prestatutako aparkalekua.

2.–Balizatutako bidetik baino ez da eginen bisita, eta hesiak, mugak, azpiegiturak eta seinaleak errespetatuko dira. Seinaleztaturiko bidetik irteteak, bai eta aurreko atalean adierazitako tokiak ez diren beste batzuetatik sartzeak ere, zehapen-espedientea irekitzea ekarriko du, araudi indardunarekin bat.

3.–Derrigorrezkoa izanen da erreserbaren baimena eramatea, eta derrigorrezkoa, halaber, zaintzaileei erakustea (paperean nahiz formatu digitalean) hala eskatzen badute.

4.–Galarazia dago natura-erreserba osoan: sua piztea, bainatzea, bizikletekin ibiltzea, ibilgailu elektrikoak edo motordunak erabiltzea, kanpatzea, eskalatzea edo arroilak jaistea.

5.–Bisitariek natura-erreserban sortutako hondakinak jasoko dituzte, eta herrigunean berariaz prestatutako edukiontzietan utziko.

6.–Galaraziak daude hondakinak edo zarata eragin ditzaketen jarduera guztiak eta, oro har, ingurunerako kaltegarriak edo gainerako bisitarientzat gogaikarriak izan daitezkeenak.

7.–Lekuko natura-erreserban lagun egiteko animaliak sartzen ahalko dira baldin eta gehienez metro bateko uhal sendo edo kate batekin lotuta baldin badaude. Animalia horiek ez diete inolako eragozpenik sortuko ez pertsonei, ez natura-erreserbako faunari.

8.–Merkataritzarako edo dibulgaziorako erabiliko diren filmazioak eta erreportajeak egin ahal izateko, organo kudeatzailearen berariazko baimena beharko da.

Iragarkiaren kodea: F1905478