92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

204E/2019 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Baztango Udal Plan Orokorraren determinazio egituratzaileak aldatzeari buruz UE-3 eta UE-5 exekuzio unitateetan, AR-1 banaketa eremuan eta SGZV-1 berdeguneen sistema orokorrean, Oronoz-Mugairin. Baztango Udala da sustatzailea.

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Aldaketa hasiera batean onetsi zuen Baztango Udalaren Osoko Bilkurak, 2018ko irailaren 27an, eta 2018ko 205. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2018ko urriaren 23an, jendaurrean jartzeko. Ez da ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

2019ko otsailaren 20an Baztango Udalak igorri zuen ingurumen ebaluazio estrategikoaren espedienteari hasiera emateko eskaera. Espedientearen dokumentazioa osatzen dute Memoria teknikoak, proposamenaren parte-hartze plana barne, eta planoek.

Aldaketaren helburua autobusen aldageltoki bat ezartzeko eta ikastetxe baterako espazio bat erreserbatzeko determinazioak ezartzea da. Horretarako, proposatzen da lurzoruaren erabilera eta sailkapena aldatzea, eta bizitegi-lurzorua zuzkiduretarako lurzoru generiko bihurtzea, hiri-lurzoru finkatu gabe gisa sailkatua.

Eremuak alde-aldeko 3,4 hektareako azalera du, eta Baztan ibaiaren ezker aldearen eta NA-8303 errepidearen (Martin Urrutia etorbidea) artean dago, Oronoz-Mugairin. 6. poligonoko 39., 211., 116. (zati bat), 117., 43. (zati bat) eta 67. (zati bat) lurzatiak biltzen ditu, alegia, indarra duen planeamenduko UE-3 eta UE-5 exekuzio unitateak eta AR-1 banaketa eremua.

Proposatutako antolamenduak aldageltokirako espazio bat erreserbatzen du egungo aparkalekuaren inguruan, hezkuntzarako eremu handi bat beste aldeko muturrean, eta berdegune bat errekaren ondoan; lurzoruaren gainerako eremua erreserbatuta geldituko da etorkizunean handitzeak edo zuzkidura berriak egiteko bertan. Jarduketaren eremu honetan barna doa Bidasoako Trenaren (Tren Txikito) bide berdea, gaurkoz tramitazioan dena, eta beraz, antolamendu berrian egokitutako trazadura berria proposatzen da, haren jarraikortasuna bermatzeko asmoz.

Antolamenduan aintzat hartu beharreko ingurumen baldintzatzaile nagusiak uholdeen arriskuen eta Bidasoa Ibaiko Kontserbazio Bereziko Eremuaren hurbiltasunaren ondoriozkoak dira.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari kontsultatu zaio eta hark adierazi zuenez 2019ko martxoaren 13an emandako txostenean, egin berria zen azterketaren arabera eta Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoak eguneratutako uholde-arriskuen mapen arabera, ondorioa da 116. eta 117. lurzatietan, alegia, autobusen aldageltokia aurreikusia dagoen lekuan, arriskuaren maila baxua dela eremu ia guztian eta, beraz, jarduera bateragarria dela. Bertizko parke naturalaren sarrerako zubitik hurbilena den eremuan (67. lurzatia), berriz, arriskua altua da, eta hori aintzat hartuko da zuzkidura jarduerak ezartzeko unean, Memoriaren 7.2 apartatuan jasotzen den moduan, eta, etorkizuneko bide berdearen kasuan, bateragarria da, betiere eraikinei dagokionez egokitzen bada nolabaiteko maiztasunez urak hartzearen inguruabarraren arabera.

Berdegunearen kokapena (Berdeguneen Sistema Orokorra SGZV-1), 15 metro zabal den zerrenda paraleloa osatzen baitu Bidasoa Ibaiaren Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ZEC) ondoan, ingurumen arloko neurri ona da, ibaia konektore ekologiko gisa indartzen ahal duelako, espazio naturalaren eta herrigunearen arteko trantsizioa leunduz. Eremua belardi bat da, ingurumen balio handirik gabekoa, baina balio ekologikoa duen eremu kaltebera bat ukitzen duenez, neurri prebentibo zehatzak hartu beharra dago. Beraz, berdegunearen tratamenduan eta diseinuan espezieen hautapenari eta gaueko argiztapenari buruzko determinazioak jasoko dira. Eremu hori argi-kutsadurak kaltetzen ahal duenez, ez da gomendatzen berdegunea argiztapenez hornitzea, eta, beharrezkoa izanez gero, E1 Eremuetara egokituko diren sistemak aukeratuko dira. E1 Eremuak irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuan, gaueko ingurumena babesteko argiztapena antolatzeari buruzkoan, zehazten dira. Berdegunearen tratamenduari dagokionez, ibai-bazterreko berezko espezieak erabiliko dira (Fraxinus excelsior, Alnus glutinosa...) eta ez espezie exotikoak, Bidasoa Ibaiaren Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketa planean ezartzen denarekin bat.

Aldaketaren xedea da garraio publikoaren erabilera errazagoa izatea herritarrentzat eta, beraz, eskualdeko mugikortasuna hobetzea. Aldageltokia kokatzen den inguruari dagokionez, izaera desberdineko zuzkidurak elkartzen dira bertan (osasun kontsultategia, ikastetxea, pilotalekua), eta haiekin batera, tokiko merkataritzako zerbitzuak. Beraz, ekipamendua eskura izatea garrantzizkoa da, aldageltokiak funts handiko hiri-elementuak direlako, garraioaren azpiegitura hutsetik haragoko eginkizuna betetzen dutenak. Horregatik, herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu, ekipamendurako sarbidea erraztearekin batera, genero eta adin nagusikoen ikuspegia jasoko dituzten neurri zehatzak hartzen ahalko dira. Hau da, segurtasunaren inguruko neurriak (argiztapena) eta diseinukoak (garraioaren esperoan egoteko leku babestuak eta egokiak izatea, laguntzailearen beharra duten pertsonen ibilera erraztuko duten espaloi zabalak, hiri-altzarien trabarik gabekoak, zebrabideak espaloien maila berean duten igarobideak, besteak beste).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete dela, eta aldeko txostena eman du, hainbat determinazio erantsiz.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura egoki bete dela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ohiko ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren menpe ez jartzea Baztango Udal Plan Orokorraren determinazio egituratzaileen aldaketa, (UE-3 eta UE-5, AR-1 eta SGZV-1), Oronoz-Mugairin egitekoa eta Baztango Udalak sustatutakoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Aldaketa horren aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea, determinazio hauek eransteko baldintzapean:

–Berdeguneen Sistema Orokorraren (SGZV-1) determinazio gisa eranstea ingurumen txosten estrategikoari buruzko ebazpen honen azalpen zatian jasotzen diren irizpideak, gaueko argiztapenari eta espezieen hautapenari dagozkionak.

–Arrisku altuko eremutzat hartzea zuzkidura-eremuari eta bide berdeko eraikinen ezaugarriei dagokienez.

–Aldageltokia egin beharreko eremuaren garapenean, segurtasunari eta irisgarritasunari dagozkien irizpide lotesleak eranstea hirigintza-diseinuari.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz, ingurumen txosten estrategikoaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe plan orokorraren aldaketa egituratzailea onetsi zuen xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeen errekurtsoak, edota Baztango Plan Orokorraren aldaketa egituratzailea onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau Baztango Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1904975