92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

203E/2019 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena zerriak gizentzeko ustiategi baten instalaziorako. Artaxoako udal-mugartean dago instalazioa, eta titularra Maria Ascension Larrea Bañales da.

Instalazio hori, egun daraman jardueraren arabera, jarduera sailkatuen baimenetarako araubidearen menpe dago; aurkeztutako proiektuaren ondorioz, berriz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe jartzen da, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsiaren) 2B eranskineko 9.1.c) epigrafean sartuta daudenetakoa da: "Hegaztien edo behi edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, 2500 toki baino gehiago dauzkatenak 20 kg-tik gorako hazteko zerrientzat". Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren eta ingurumen eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago, atalase eta irizpideen aplikazioaren arabera.

Halaber, instalazioa abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen 1. eranskineko 9.3.b) epigrafean sartzen da: “Oilategiko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako hazteko zerrientzat 2.000 toki baino gehiago dituztenak”; baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.6.b) epigrafean ere (bertsio bategina): “Oilategiko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako hazteko zerrientzat 2000 toki baino gehiago dituztenak”.

Instalazioa, orobat, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1.a) multzoko 3. atalean dago sartuta.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi da, eta erabaki da, horrelakorik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsatzen ahal duten jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan behar dute aurretik.

Titularrak ingurumen eraginaren ebaluazioaren ohiko prozedurari hasiera ematea eskatu zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, eta prozeduran sartu dira Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean ingurumen ebaluazioaren arloan aurreikusita dauden jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Egiaztatu da proiektuak 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 Erabakiak xedatzen duena betetzen duela; haren bidez ezarri ziren dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluak hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiboari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu aipatu epean.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluan araututakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea zerriak gizentzeko Artaxoako udal-mugartean dagoen eta María Ascensión Larrea Bañalesen jabetzakoa den instalazioari; horrenbestez, instalazioak eta jardueraren garapenak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak eta neurriak.

Bigarrena.–Aldeko ingurumen eraginaren adierazpenaren egitea instalazio hori handitzeko proiekturako, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan. Ebazpen honek babesten duen proiektuaren exekuzioari lau urteko epean ekin beharko zaio gehienez ere, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita; epe hori amaituta, ingurumen eraginaren adierazpenak besterik gabe galduko ditu ondorioak eta eraginkortasunik gabe geratuko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea instalazio horretarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera. Ebazpen honek babesten duen jardueraren edo jarduketen exekuzioa edo abian jartzea jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu beharko da gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geratuko da.

Laugarrena.–Kontuan harturik linea elektrikoaren bi euskarri 12. poligonoaren 509. lurzatian daudela, eta horren jabea dela Artaxoako Sociedad de Corralizas y Electra elkartea, izaeraz “Herri-ondasunen aprobetxamendurako sortutako Usadioko Instituzioa”, obra-lizentzia eman aurretik, herri-lurren jabea den toki entitateak herri-ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri Lurren Atalaren bidez; horretarako, nahitaezko izapideei eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarren.–Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak 2018ko abenduaren 10ean emandako txostenarekin bat, titularrak tramitatu beharko du, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, 533. lurzatian ukitutako ureztatze-azalera eraldatzearen ondorioz, finka ureztagarriaren zama iraungitzeko espedientea.

Seigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15P02038090122019 zenbakiarekin, hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, eta 15P02038090122014 zenbakia mantentzea hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi behar zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Zazpigarrena.–Abeltegiko Simaurrak Sortu eta Kudeatzeko Plana onestea, 0380120533/1/2 zenbakiduna. Ebazpen honen X. eranskinean dago.

Zortzigarrena.–Atmosferara emisioak isurtzeko baimena ematea, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko Legearen (azaroaren 15eko 34/2007 Legea) 13.2 artikuluan aurreikusten den moduan eta bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio isuri ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori iraganik, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara isurtzen diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Bederatzigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan; eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluan.

Hamargarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknikarik onenei buruzko ondorioak argitaratu eta lau urtera, gehienez, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuei buruzko Legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bateginaren 26. artikuluarekin bat.

Hamaikagarrena.–Instalazioaren edozein aldaketa egiteko, titularrak aitzinetik jakinarazi beharko du, arrazoiez adieraziz aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, aplikatu beharko da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Hamabigarrena.–Instalazioa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamahirugarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta jarduera abiarazteko epeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritakoak izanen dira. Bestela, ingurumen baimen integratua iraungitzat emanen da eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan bete ez diren instalazioaren zatiak gauzatzeko eta abian jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Hamalaugarrena.–Abiarazteko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiriak aurkeztu beharko ditu:

–Instalazioaren ustiapenaren baldintzetan ez-ohiko aldaketaren bat, ingurumenean eragina izaten ahal duena, gertatuz gero, hartu beharreko neurriak deskribatzen dituen Jarduketa Plan bat.

–Ebazpen honen VIII. eranskinean ezarritako hirigintza baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpena, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko, gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

–Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistemaren egiaztagiria.

–Abifauna elektrokuziotik babesteko linea elektrikoan egin beharreko zuzenketak gauzatu direla frogatzen duen agiria, barne direla euskarrien gurutzetak deskribatzen dituzten planoak, ezarritako konponbide teknikoa azaltzen dutenak, eta egindako lanen argazkiak.

–Ezponden ingurumen integraziorako eta zuhaixka-bazkalekuen azpilurzatia lehengoratzeko hartutako neurriak bete direla frogatzen duen agiria, baimen honetan ezartzen diren baldintzen arabera, horri erantsiz lanak amaitu ondorengo egoeraren dokumentazio grafikoa eta landaredia berreskuratzeko gauzatutako unitateen deskribapena.

Hamabosgarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira irekitzeko baimena eskuratu ondoren, eta, edozein kasutan, proiektatutako handitzea abian jartzen denetik aurrera. Bitartean, jarduera sailkatuaren udal lizentzian ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamaseigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamazazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamazortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hemeretzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Maria Asuncion Larrea Bañalesi, Artaxoako Udalera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Ingurumena Zaintzeko Atalera eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 29an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1904397