92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

92E/2019 EBAZPENA, apirilaren 5ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Allingo udal-mugarteko ehunezko piezen tindaketa eta akabera egiteko instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzen duena. Jardueraren titularra Allintex Acabados Textiles 2014 SLL da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua dauka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 23ko 2363/2007 Ebazpenaren bidez emana (ondoren Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 366E/2014 Ebazpenak aldatu zuen ebazpen hori).

2018ko abuztuaren 2an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzen aldaketa, Lizarrako hondakin uren araztegi eramaten den azken isuriaren DQO (Oxigenoaren Eskakizun Kimikoa) parametroaren gehieneko kontzentrazio-muga aldatu eta oraingo 800 mg 02/l-tik 1.000 mg 02/l-ra igo ahal izateko.

Azken urteetan egin diren azken isuriaren neurketek erakusten dutenaren arabera, azken isuriaren karga organikoan, instalazio hartan bertan egiten den aurretratamenduan, aldakortasun handia gertatzen ari da, instalazioan egiten diren ehunen tratamenduko eragiketetan erabiltzen diren produktu aniztasunaren ondorioz.

Beste alde batetik, analisi horiek beraiek adierazten dutenez, oro har, isuriak biodegradagarritasun-erlazio handi samarra erakusten du, %50etik hurbil. Isuriaren biodegradagarritasun hori Jurramendiko Mankomunitateak, Lizarrako HUAren titularra izanik, egiten dituen analisietan agertzen da. Izan ere, instalazio horren isuriaren laginen analisia egiten da HUAn sartzeko unean, erabilera esklusiboko 8 km-ko hoditeria igaro ondoren iristen denean. Analisi horiek erakusten dituzte isuriaren karga organikoaren balioak nabarmen txikiagoak direla HUAn sartzean, instalazio hartatik ateratzean atzematen direnak baino. Instalazio haietan hipokloritoa erabiltzen da aurretratamenduan, eta hoditerian barnako ibilbidean horrek isuriaren karga organikoan duen eraginaren ondorioa da hori.

Azkenik, ehungintzaren sektoreko erreferentziazko BREFean aipatzen da, MDT gisa, tratamendua hondakin uren araztegitik kanpo egitea, eta ez du ezartzen gehieneko balio zehatzik materia organikoaren kontzentraziorako, betiere aski biodegradagarria bada. Sektorearen hedadura kontuan hartuta, isurien emari espezifikorik ere ez da ezartzen instalazio mota horrentzat, baina esan behar da deskribatzen direnak instalazio honen emari espezifikoa halako hamar direla, gutxi gorabehera.

Azkenik, NILSA entitateak, Lizarrako HUAren kudeaketaren arduraduna baita, aldeko txostena eman du isuriaren eta HUAren funtzionamendu egokiaren bateragarritasunari buruz.

Gauzak horrela, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak ondorioztatu du aurkeztutako eskaera onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du hark proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Allingo udal-mugarteko ehunezko piezen tindaketa eta akabera egiteko instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetarako eskatutako aldaketa onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Allintex Acabados Textiles 2014 SLL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau Allintex Acabados Textiles 2014 S.L.L. enpresari eta Allingo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 5ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, bai eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan ere: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1904980