92. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

108/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez basa faunaren zenbait espezie elikatzea arautu zen, gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin, Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua ere arautu zen, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri zen eta haren funtzionamendurako arauak zehaztu ziren.

Otsailaren 25eko 46/2014 Foru Aginduaren bidez, basa faunaren zenbait espezie elikatzea arautu zen, gizakiek jateko ez diren animalien azpiproduktuekin, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua ere, eta Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri zen eta funtzionamendurako arauak zehaztu ziren.

Aipatu foru aginduaren 2.2.d) artikuluan definitzen da abeltzaintzako zein ustiategi estentsibo baimenduko den espezie nekrofagoak animalien gorpuzkiekin elikatzeko. Behi ustiategien kasuan, eskatuko zaie Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea, “Haragitarako ugalketa” kalifikazio zooteknikoarekin.

Zezenketetarako ustiategiei dagokienez, ordea, sailkapen zootekniko hori bera badute ere, 46/2014 Foru Aginduaren bidez espresuki ukatu zitzaien hegazti nekrofagoak animalien gorpuzkiekin elikatzeko baimena. Hona zergatia: tuberkulosiaren prebalentzia-tasa altua delako horrelako ustiategietan, %11 baino handiagoa 2013. urtean.

Nolanahi ere, joan den urtetik hona bai zezenketetarako ustiategietako abeltzainek bai administrazioak egin duten lan handiari esker, %3ra jaitsi da tuberkulosiaren prebalentzia-tasa 2017an.

Hori horrela, beharrezkotzat jo da arauan aldaketak egitea, zezenketetarako ustiategietako titularrek ere aukera izan dezaten beren abeltzaintzako ustiategietako animalien gorpuzkiekin hegazti nekrofagoak elikatzeko.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak otsailaren 25ean emandako 46/2014 Foru Aginduaren aldaketa.

Aldatu egiten da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Aginduaren 2. artikuluko 2. puntuko g) letra. Testu hau izanen du aurrerantzean:

“g) Abeltzaintzako ustiategi estentsiboak: foru agindu honen ondorioetarako, abeltzaintzako ustiategi estentsiboak izanen dira Nafarroako abeltzaintzako ustiategien erregistroan ondoko sailkapen zooteknikoak dituztenak:

–Behi-azienda:

  • Haragitarako ugalketa.
  • Esnetarako ugalketa: soilik ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria eskuratu duten ustiategiak.

–Ardi- eta ahuntz-aziendak:

  • Haragitarako ugalketa.
  • Esnetarako ugalketa, arraza nagusia latxa bada.

–Zaldi-aziendak:

  • Haragitarako ugalketa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko apirilaren 30ean.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1906109