91. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

44/2019 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, aurretiazko administrazio baimena onesten duena 2019an Nafarroako Foru Komunitateko zenbait udalerri eta hirigunetan propano gas kanalizatuaren sareak hedatzeko.

Gas Natural Redes GLP SA enpresak, 2018ko azaroaren 13an, Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoaren (uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia) ITC-ICG 01eko 2. artikuluan ezarritakoa betez, baimen bateratua eskatu zuen propano gas kanalizatuaren sareak hedatzeko 2019. urtean, Nafarroako Foru Komunitateko honako udalerri eta hirigune hauetan:

Abaurregaina, Añorbe, Arakil, Aranguren, Arantza, Artzibar, Auritz, Baztan, Beintza-Labaien, Bera, Bertizarana, Donamaria, Erroibar, Esteribar, Etxalar, Galipentzu, Garralda, Goizueta, Gorza, Lapoblación, Mañeru, Mendigorria, Orotz-Betelu, San Martin Unx, Sartze, Sunbilla, Zirauki, Zizur.

Hauek dira jarduketaren oinarrizko datuak:

Eskaeran aurreikusitako instalazioak egungo propano gasaren sareen hedapen eta aldaketak dira. Sare hauen jardueraren gehieneko presioa 5 bar edo gutxiagokoa da, eta ez dira sartu berariazko proiektua izan duten edo izanen duten sareak. Sare horiek 3.050 metroko luzera izanen dute guztira, eta 124 hargune izanen dira. Aurrekontua 195.994,49 eurokoa da.

Gas Natural Redes GLP SA enpresaren eskaera jendaurrean jarri zen iragarkia paratuz 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2019ko urtarrilaren 29koan, eta “Diario de Navarra” nahiz “Diario de Noticias” egunkarietan, 2019ko urtarrilaren 24an.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik jaso.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. Gas Natural Redes GLP SA enpresari baimena ematea aipatu diren udalerri eta hiriguneetan propano gas kanalizatuaren sareak hedatzeko instalazioak eraikitzeko 2019. urtean.

2. Instalazio hori egiteko proiektua –meatzeetako ingeniari Carlos Alvaro Pereirak sinatua– onestea, eta hamabi hilabete ematea obrak burutzeko.

3. Baimen hau ematen da beharrezkoak diren emakidak eta baimenak galarazi gabe, aplikatzekoak diren bestelako xedapenen, sektoreko legeriaren eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera, ukitutako ondasun eta zerbitzuen jabe diren erakunde guztienak barne.

4. Bi hilabeteko epean, eta instalazioen exekuzioa hasi baino lehen, aurkeztutako aurrekontuaren %2ko bermea jarri beharko du Gas Natural Redes GLP SAk. Berme hori Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuan jarri beharko da, eta instalazioak abian jartzeko akta egin ondoren itzuliko da.

5. Instalazio berriek eta horien muntaketak indarreko araudian ezarritakoa beteko dute.

6. Gas Natural Redes GLP SAk urriaren 7ko 34/1998 Legearen 74. artikuluan ezarritako betebeharrak beteko ditu, zehazki, artikulu horren 1.d) apartatuan ezarritakoa.

7. Behin proiektua eginik, instalazioak zerbitzuan jarri eta hogeita hamar egun igaro baino lehen, Gas Natural Redes GLP SAk uztailaren 28ko 919/2016 Errege Dekretuaren 5.7 artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko du Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuan.

8. Ebazpen hau Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Gas Natural GLP Redes SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

11. Ebazpen hau ukitutako udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko martxoaren 21ean.–Azpiegitura Energetikoen Ataleko burua, Laura Larraya Irigoyen. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariaren ordezkoa (Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 167/2017 Ebazpenaren bidez, 2017ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 18koan).

Iragarkiaren kodea: F1904043