91. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

200/2019 EBAZPENA, apirilaren 3koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntzen 2019ko deialdia funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan ikerketarako eta ezagutzaren transferentziarako egiten diren proiektuetarako. DDBN identifikazioa: 448415.

Unibertsitateen Zerbitzuaren zuzendariak txosten bat aurkeztu du non proposatzen baita dirulaguntzen programa baten deialdia onets dadila, ikerketa proiektuak egin daitezen funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan. Txostenean adierazten denez, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza arloko ikerketetako aurkikuntzak baliatu nahi ditu, hain zuzen ere bere eskumeneko eremuetan informazio zorrotzenarekin erabakiak hartzeko moduko aurkikuntzak. Horretarako, 2018an hitzarmen bat egin zen Nafarroako unibertsitateekin, haien ikertzaileen lana errazteko, funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetarako sarbidea izanen dutela bermatuta. Orobat, haren bidez ikertzaileek konpromisoa hartzen dute ikastetxeetan bertan ezagutzaren transferentziarako jardunaldiak emateko, eta Administrazioa inplikatzen du aurkikuntza zientifikoak eremu akademikotik kanpo heda daitezen bultzatzeko. Deialdi hau onetsita, ikerketa horiek egiteko bultzada eman nahi da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta, orobat, kontuan harturik Unibertsitateen Zerbitzuak egin duen txostena,

EBATZI DUT:

1. Dirulaguntzen 2019ko deialdia onestea funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan egiten diren ikerketa proiektuetarako. Ebazpen honen eranskinean jaso dira deialdiaren oinarriak.

2. 100.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2019ko aurrekontu orokorren barrenean, deialdi hau finantzatzeko onetsitako “Ikerketa ikastetxeetan” izeneko 411001-41210-4800-322303 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateen Atalera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeei, Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalaren Iruñeko eta Tuterako Zentro Elkartuetako zuzendariei, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Araubide Administratiboaren Atalari eta Argibide eta Agiri Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko apirilaren 3an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, FUNTS PUBLIKOEKIN FINANTZATUTAKO IKASTETXEETAN IKERKETARAKO ETA EZAGUTZAREN TRANSFERENTZIARAKO EGITEN DIREN PROIEKTUETARAKO. 2019. URTEA

Oinarriak

1. artikulua. Justifikazioa.

Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateek ederki dakite zein inportantea den ikerketako aurkikuntzak hurbiltzea bai ikastetxeetara bai Administraziora berera.

Halaber, bi entitateak ados daude: oso garrantzitsua da ikastetxeetan ikerketa jarduera bultzatzea, eta beharrezkoa da haren eragina ahalik eta handiena izatea, ezagutzaren transferentzia ingurune akademikotik haratago eginez.

Azkenik, ikerketaren aurkikuntzez ere baliatu behar du Administrazioak, hain zuzen ere bere eskumeneko eremuetan zientifikotasun zorrotzenarekin erabakiak hartzeko moduko aurkikuntzez.

2. artikulua Xedea.

Deialdi honen xedea da funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan eginen diren ikerketa proiektuak finantzatzea, hots, parte hartzen duten ikastetxeei zientzia-ikerketa arloko ezagutzaren transferentzia bultzatzeko proiektuak finantzatzea.

“Funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan ikerketa jarduera egiteko hitzarmenean” jaso bezala gauzatuko da deialdi honen dirulaguntzen xede den ikerketa jarduera, salbu atal ekonomikoa, izan ere atal ekonomikoa deialdi honi bakarrik dagokio. Aipatutako hitzarmena honako hauek sinatu zuten: Hezkuntza Departamentua, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen Zentro Elkartuak.

3. artikulua Onuradunak.

Dirulaguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroan egoitza duten unibertsitate hauetara atxikitako ikertzaileak: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak Iruñean eta Tuteran dituen Zentro Elkartuak, dirulaguntzaren xede diren proiektuak eginen dituzten ikerketa taldeen gidari diren heinean.

Orobat, beste unibertsitate batzuei atxikitako ikertzaileek ere jotzen ahalko dute dirulaguntza hauetara, baldin eta finantzatu beharreko ikerketa jarduera Nafarroan egiten bada, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan.

Ikertzaile batek ezin izanen du deialdi honetara aurkeztutako eskabide batean baino gehiagotan parte hartu. Eskabide batean baino gehiagotan agertzen bada, horietatik guztietatik kanpo utziko da. Gehienez ere hamar eguneko epean emanen zaie ukitutako taldeetako arduradunei kide hori baztertu izanaren berri, pertsona hori ordeztu, edota eskabidea birformulatu dezaten, hala badagokio.

4. artikulua Atxikipen zentroak.

Deialdi honen ondorioetarako, atxikipen zentrotzat joko da proiektuko ikertzaile nagusiaren unibertsitatea.

Atxikipen zentroa laguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako. Foru lege horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezartzen du.

5. artikulua Deialdiaren aurrekontuko zuzkidura eta gehieneko laguntza proiektu bakoitzeko.

Proiektuak finantzatzeko deialdiaren gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa da.

Proiektu bakoitzerako laguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izanen da, hartan ari diren ikertzaile kopurua edozein izanik ere.

6. artikulua Egiteko epea.

Deialdi honen ondorioetarako, finantzatutako ikerketa proiektuak 2020ko ekainaren 30a baino lehen burutu beharko dira; hala ere, epemuga luzatzea eskatzen ahalko da, 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua Proiektuen betebeharrak.

Laguntzaren xedeko ikerketa proiektuek honako hauek izanen dituzte:

–Ikerketa jarduera zer ikastetxetan egin den, haietan ezagutza transferentzia egiteko 3 saio gutxienez:

  • Saio 1 ikerketa aurkezteko (helburuak, erabiliko den metodologia, etab.) ikerketaren hasierako hilabeteetan.
  • Saio 1 ikerketa nola garatzen ari den azaltzeko, ahal dela ikerketaren lehen erdira iristean.
  • Saio 1 ikerketaren emaitzak aurkezteko, ikerketaren azken hilabeteetan.

–Ikerketarekin lotutako arloko arduradunak diren Hezkuntza Departamentuko langileekin ezagutzaren transferentzia egiteko 2 saio gutxienez:

  • Saio 1 ikerketa aurkezteko (helburuak, erabiliko den metodologia, etab.) ikerketaren hasierako hilabeteetan.
  • Saio 1 ikerketaren emaitzak aurkezteko, ikerketaren azken hilabeteetan.

–Ikerketa artikulu bat aurkeztea gutxienez, inpaktu handiko hedabide zientifiko espezializatuetan argitaratzeko, 2020ko ekainaren 30a baino lehen.

8. artikulua Eskaerak.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak 1. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira, eta honako hauek erantsiko zaizkie:

1. Proiektu bakoitzaren memoria, gehienez 10 orrialdekoa, 3.0000-3.500 hitzekoa, Calibri 11 letra-tipoa eta 1,5 lerroartea erabiliz. Atal hauek izanen ditu:

a) Proiektuaren planteamendua eta Hezkuntza Departamentuaren intereseko arloetan noraino txertatzen den. Hamargarren artikuluan jaso dira arlo horiek. Planteamendu horrek honako elementu hauek jaso beharko ditu: landa-lanaren kronograma, planteatutako ikerketa galderak eta hipotesiak, eta argitaratzea aurreikusten den ekoizpen zientifikoaren balioespen bat.

b) Ikerketa taldearen osaera. Ikerketa taldeko kideen tituluak zehaztu beharko dira, bai eta horien atxikipen zentroa ere (unibertsitateen kasuan, ikertzailearen fakultatea edo zentroa eta departamentua zein diren zehaztu beharko da).

c) Ikerketa taldearen ekoizpen zientifikoa. Ikerketa taldeko kideek 2015eko urtarrilaren 1etik gaur arte JCRan (Q1 edo Q2) egin dituzten argitalpenak adierazi eta egiaztatu beharko dira, edota, hala badagokio, gizarte zientziei buruzko nazioarteko aldizkari espezializatuetan, monografia juridikoetan, edo argitaletxe entzutetsuetako liburuetan egindakoak.

d) Publiko ez espezializatuarentzat aurreikusitako zabalkunde plana, barnean direla ezagutzaren transferentziarako jardunaldiak.

e) Funts publikoekin finantzatuta eta inplikatuta dauden ikastetxeen kopurua.

2. Gastuen aurrekontua xehatua, 2. eranskineko ereduari jarraikiz.

Deialdi honetan aurkeztu beharreko laguntza eskaera eta agiriak, eranskineko ereduetan adierazitakoak, Hezkuntza Departamentuaren webgunean egonen dira eskura, helbide honetan:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actividad-investigadora

Laguntzaren eskaera eta eskaturiko agiriak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetako edozeinetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzendu ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren.

9. artikulua Gastu diruz lagungarriak eta proiektuen finantzaketa.

Diruz lagungarriak dira egindako jarduerak ekarritako zuzeneko gastuak, betiere berariaz aurreikusita eta kuantifikatuta badaude eskaeraren unean. Horretarako, gastuen aurrekontu bat aurkeztuko da 2. eranskineko ereduari jarraikiz.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin bat, gastu diruz lagungarriak dira garatu beharreko jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak. Honako hauek izaten ahal dira:

a) Berariazko softwarea erostea.

b) Ikerketa ekipamendu eta material berariazkoak.

c) Material bibliografikoa.

d) Ikerketaren zabalkundeak ekarritako gastuak. Gastu horiek izan daitezke, besteak beste, material fisikoa eta digitala sortzea eta editatzea, eta mintegiak, lantegiak eta antzeko jarduerak antolatzea.

e) Proiektua biltzar nazional eta nazioartekoetan aurkeztearen gastuak, 4. eranskinean ezarritako zenbatekoekin bat.

f) Zuzeneko beste gastu batzuk, kasuan kasuan zehaztu beharko direnak (landa-lana egiteko garraio edo intendentzia gastuak, edo antzekoak), baldin eta eskaera egiteko unean berariaz aurreikusita eta zenbatetsita badaude.

Ez dira diruz lagungarriak izanen ekipo informatikoak edo antzekoak, urtebetetik gorako bizi baliagarria dutenak.

10. artikulua Hautaketa irizpideak eta prozedura.

Prozeduraren instrukzioa egiteko organo eskuduna Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusia da, eta, haren barnean, Unibertsitateen Zerbitzua.

Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, objektibotasun, gardentasun, berdintasun, publizitate eta diskriminaziorik ezeko printzipioekin bat.

Balorazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak. Batzorde hori Unibertsitateen Zerbitzuko teknikariek osatuko dute, eta Nafarroako Gobernuko beste unitate batzuetako teknikarien laguntza eskatzen ahalko dute, baita unibertsitateetako ikertzaileena ere.

Eskabideen ebaluazioan 150 puntu izanen dira gehienez eta ondoko irizpideak hartuko dira kontuan:

a) 40 puntura bitarte proiektuaren planteamenduan izandako zorroztasunarengatik eta Hezkuntza Departamentuaren intereseko arloetan noraino txertatuta dagoen kontuan hartuta. Positiboki aintzat hartuko da ikerketaren ikuspuntua inplikazio zehatzak bilatzera bideratuta egotea, bai eta ikerketetan genero ikuspegia txertatzea ere. Deialdi honen ondorioetarako, lehentasunezko ikerketa arlo eta ildotzat joko dira honako hauek:

1. Heziketa praktikak:

a. Gai hauei buruzko datuen azterketa:

I. Hezkuntzaren eraginkortasuna ikastetxeetan.

II. Balio erantsi altuko ikastetxeen ezaugarriak eta jardunbide egokiak (ikastetxeak Ebaluazio eta Kalitate Atalarekin kontsultatu).

b. Ebaluazioaren washback effect-a eta heziketa praktikaren diagnosia.

c. Metodologia berariazkoen ebaluazioa eta horien errendimendu akademikoa.

d. Haur Hezkuntzako Graduari edo Lehen Hezkuntzako Graduari uztartutako jardunbideen arrakasta faktoreak.

e. Irakaskuntzaren bikaintasunerako jardunbideen konparaziozko ikerketa.

f. Irakasleen prestakuntza teknologikoaren ebaluazioa.

g. Gaitasun teknologikoen eta prestakuntza beharren mapari buruzko ikerketa.

h. Argitaratutako (euskarri fisikoan zein digitalean) eskola materiala alderatzeko ikerketa.

i. Zerbitzu ikaskuntza.

2. Hizkuntzen ikaskuntza:

a. Eleaniztasunari buruzko datuen azterketa.

b. Euskara/Ingelesa/Frantsesa: esposizioa eta errendimendua.

c. Esposizioa ingurune ez formaletan.

d. Jardunbide berariazkoen eta horiek errendimenduan duten ondorioen ebaluazioa.

e. Bigarren hizkuntzak/Atzerriko hizkuntzak L1 desberdinetatik abiatuz ikastea.

f. Bigarren hizkuntzak/Atzerriko hizkuntzak ikasteko metodologien, adinaren eta alfabetizazioaren ebaluazioa.

3. Azpiegiturak eta teknologia:

a. Hezkuntza inguruneen ebaluazioa.

b. Hezkuntza inguruneak eta horiek nola moldatzen diren teknologia berrietara.

c. Programa, aplikazio eta gailu berariazkoen ebaluazioa.

d. Heziketako aplikazio berariazkoen garapena.

4. Ikerketa sozioekonomikoak eta demografikoak:

a. Inbertsio publikoaren kostuari eta eskola errendimenduaren buruzko analisia.

b. Eskola adineko ikasleen aurreikuspen demografikoak.

c. Faktore soziokulturalak eta errendimendu akademikoa.

d. Irakasleen egoera administratiboa eta errendimendu akademikoa.

e. Irakasleen lan baldintzak eta errendimendu akademikoa.

f. Etorkizuneko prestakuntza eskaintzaren beharrak Lanbide Heziketan.

g. Emakumezko ikasleen artean STEM ikasketak sustatzea.

h. Ingurumen heziketa.

i. Genero berdintasuna.

j. Nafarroako historia.

5. Osasuna:

a. Ikastetxeetako boluntario programa baten inpaktuaren ebaluazioa.

b. Hizkuntza nahasmenduen diagnosiei eta ebaluazioari buruzko ikerketa.

c. Ikaskuntza arazo espezifikoak.

d. Nutrizioa.

e. Eskola barneko jazarpena.

b) 55 puntura bitarte, ikertzaile taldearen osaeragatik: Positiboki aintzat hartuko da taldean doktoreek edo doktoratu aurreko ikertzaileek parte hartzea, bai eta unibertsitate artekotasuna, diziplinartekotasuna eta sektore artekotasuna ere, xehakatze honen arabera:

–Taldeko ikertzaileen maila: 5 puntu, taldeak bi doktore edukitzeagatik; 10 puntu, hiru doktore edo gehiago edukitzeagatik, eta 5 puntu, doktoratu aurreko ikertzaile bat edukitzeagatik.

–Unibertsitate artekotasuna: 5 puntu, taldean Nafarroako bi unibertsitateko ikertzaileek parte hartzeagatik, eta 10 puntu, Nafarroako hiru unibertsitate edo gehiagoko ikertzaileek parte hartzeagatik.

–Diziplinartekotasuna: 10 puntu, unibertsitateko departamentu edo fakultate ezberdinetara atxikitako ikertzaileek parte hartzeagatik.

–Sektore artekotasuna: 5 puntu unibertsitateaz kanpokoa den eta ikerketan parte hartzen ari diren irakasle bat taldean edukitzeagatik.

c) 15 puntura bitarte, taldearen ekoizpen zientifikoagatik: Taldeko kideek azken hiru urteetan egindako argitalpenen maila hartuko da aintzat, JCRko argitalpen bakoitzeko (Q1 edo Q2) 3 puntu esleituz. Era berean, aintzat hartuko dira, dagokionean, gizarte zientziei buruzko nazioarteko aldizkari espezializatuetan, monografia juridikoetan edo argitaletxe entzutetsu batek ateratako liburuetan izandako argitalpenak ere.

d) 20 puntura bitarte, publiko ez espezializatuaren artean zabaltzeko aurreikusi den planarengatik. Aintzat hartuko dira 7. artikuluan eskatutakoez gain planifikatutako ezagupenaren transmisiorako saioen kopurua eta iraupena, baita era askotako zabalkunde ekimen zehatzen aurreikuspena ere, esaterako:

–Hezkuntza materialak (argitalpen-euskarria edo ikus-entzunezkoa) sortzea unibertsitatez kanpoko komunitaterako, bai eta Hezkuntza Departamentuak zabalkundea egin dezan ere.

–Hitzaldiak, mintegiak edo ikastaroak.

–Sentsibilizazio kanpainak.

–Erakusketak.

–Bestelako prestakuntza ekintza batzuk (unibertsitateaz kanpoko irakasleentzat).

e) 20 puntura bitarte, funts publikoekin finantzatuta eta ikerketan inplikatuta dauden ikastetxe kopuruarengatik: 4 puntu emanen dira ikerketan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko.

Berdinketa gertatuz gero, aurreko deialdietan programa honen harira laguntzarik jaso ez duten proiektuei emanen zaie lehentasuna. Berdindurik jarraitzen badute, lehenbiziko irizpidean puntu gehien lortu duen eskabidea lehenetsiko da. Berdindurik jarraitzen badute, bigarren irizpidean puntu gehien lortu dituena lehenetsiko da, eta horrela, behin eta berriz.

Gutxienez 90 puntu lortu behar dira dirulaguntza jasotzeko aukera izateko.

11. artikulua. Deialdia ebaztea eta laguntzak ematea.

Laguntzak emateko, 10. artikuluan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira aurkeztutako ikerketa proiektuak.

Aurkeztutako aurrekontuko zenbatekoarekin bat etorriko dira laguntzen zenbatekoak, eta, betiere, 5. artikuluan jarritako mugak errespetatuko dira.

Deialdian aurreikusitako diru kopurua agortu arte emanen dira laguntzak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta eskaerak ebaluatu ondoren, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak, hiru hilabeteko epean, ebazpen bat emanen du laguntzak emateko. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntzako atarian argitaratuko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan.

12. artikulua. Onuradunen eginbeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, onuradunek honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

1. Oro har, Unibertsitateen Zerbitzuak laguntzen jarraipen egokirako ematen dituen jarraibideei kasu egitea.

2. Dirulaguntza lortzeko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla frogatzea Unibertsitateen Zerbitzuari.

3. Dirulaguntza zein jarduera egiteko eman den, hartarako erabiltzea, eta laguntzaren xede den jarduera eskabidean adierazitako epeetan burutzea, edo, hala denean, laguntza emateko ebazpenean ezarritako epeetan.

4. Egindako lanaren berri ematea, deialdiak ezartzen dituen moduan eta epeetan, jarraipen txostena eta azken txostena aurkeztuz, 16. oinarrian agindu bezala.

5. Dirulaguntza emateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren jarduerak egin daitezen onartzea.

6. Beste administrazio batetik edo beste erakunde publiko zein pribatu batetik, nazionala izan nahiz atzerrikoa, helburu bererako dirulaguntzarik jaso duten adieraztea atxikipen zentroari.

7. Unibertsitateen Zerbitzuak, deialdiaren hedapena egiteko eta ikerkuntza sustatu eta bultzatzeko asmoz, ikastetxeetan antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzea, eskatzen bazaie. Bereziki parte hartu beharko dute egindako lana laburbiltzeko bideo batean, non proiektuaren alderdi nagusiak eta lortutako emaitzak azalduko diren.

8. Proiektu honen ondoriozko jarduera, produkzio zientifiko, aurkezpen eta biltzar guztietan Nafarroako Gobernuak emandako laguntza aipatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.

13. artikulua. Atxikipen zentroen betebeharrak.

Onuradunei dagozkien atxikipen zentroek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Entitate laguntzaile gisa aritzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta atxikipen zentro unibertsitarioen arteko lankidetza hitzarmena sinatzeak ez du eskumenaren aldaketarik ekarriko. Eskumenaren erabilera dela-eta bertan aurreikusten diren elementuei baizik ez die eraginen, eta deialdiko prozeduren aplikazioa behar duten zereginen aplikazio praktikoaren ondorioz.

2. Laguntzen onuradunei behar duten sostengua ematea eta beren lanerako behar dituzten baliabideak erabiltzen uztea.

3. Emandako laguntzaren inguruan gertatzen den edozein gorabeheraren berri ematea Unibertsitateen Zerbitzuari, gertatzen denetik hogei egun balioduneko epean.

4. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan entitate laguntzaile izateko eskatzen diren baldintzak eta entitate laguntzaileei lege horrek ezartzen dizkien betebeharrak betetzea.

5. Egiaztapen eta kontrolak egiteko eskumenak erabili ahal izan daitezen, eskatzen zaien informazioa ematea eta kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, aplikatu behar den legeria sektorialean agindutako moduan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.e) artikuluan ezarritakoarekin bat.

14. artikulua. Ez-betetzeak.

1. Onuradunek deialdi honetan azaltzen diren betebehar eta baldintzetako bat betetzen ez badute, galdu eginen dute emandako laguntza. Aldez aurretik horretarako ebazpena emanen da.

Horrek ekarriko du aipatu kontzeptuagatik jasotakoa Nafarroako Gobernuari itzuli beharra, alde batera utzi gabe legezko akzioak eta bidezkoak izan daitezkeen zehapenak. Itzuli beharreko diru kopuruari legezko interesak gehituko zaizkio, laguntza kobratu zen egunetik itzultzen den egunera arte sortutakoak, alegia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Aipatu diru kopuruak diru sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.

2. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpide proportzionalak honako hauek izanen dira:

a) Laguntzaren xede zientifiko eta teknikoen erabateko eta ageriko ez-betetzea, bai eta 2020ko ekainaren 30a baino lehen artikulu bat ez aurkeztea ere hedabide zientifiko espezializatuetan aurkez dadin, zeina baldintza gisa ezartzen baita 7. artikuluan, jasotako dirulaguntza osorik itzultzeko eta ordaindu gabe dauden diru kopuruetarako eskubidea galtzeko arrazoia izanen da.

b) Helburu partzialak edo jardueretako batzuk ez betetzeak haietarako den dirulaguntza zatia itzuli beharra ekarriko du, eta ordaintzeko dauden diru kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea.

c) Deialdian ezarritakoaren arabera, jasotako eta justifikatu gabeko diru kopuruak itzuli beharra ekarriko du jarraipen txostena edo ikerketaren azken txostena ez aurkezteak.

3. Kasu bakoitzeko inguruabar guztiak ikusirik, baldin jakiten bada dirulaguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak faltsutu direla edota dirulaguntza jasotzea eragotziko zuten inguruabarrak ezkutatu direla, dirulaguntza emateko ebazpena baliogabetuko da eta itzulketa erabakiko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituz.

15. artikulua. Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntzen ordainketa 2019ko aurrekontu ekitaldiaren kargura eginen da. Funtsak aurrez emanen zaizkie, bi ordainketatan, ikertzaile onuradunen atxikipen zentroei, laguntzak kudeatzearen ardura duten erakunde kolaboratzaileak diren heinean, horiek ondoren onuradunei ordaintzeko.

Lehen ordainketa, dirulaguntzaren %50ekoa izanen dena, dirulaguntza emateko ebazpenaren bidez eginen da; bigarrena, hau da, emandako dirulaguntzaren beste erdia, 2019ko abenduan gauzatuko da, onuradunek jarraipen txostena Hezkuntzako Departamenduko Erregistroan aurkezten dutenean, 16. artikuluan ezarritako epe eta baldintzetan.

16. artikulua. Dirulaguntzen aldaketa, jarraipena, justifikazioa eta amaiera.

16.1. Aldaketa.

1. Dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan edozein aldaketa egin ahal izateko, aurretik, Unibertsitateen Zerbitzuaren baimena beharko da. Horretarako, eskaerarekin batera, aldaketa justifikatzen duten agiri osagarriak aurkeztu beharko dira. Eskatzen diren aldaketek ez dute inola ere ekarriko dirulaguntza handitzea edo jatorrizko helburuak ez diren xedeetarako erabiltzea.

2. Aldaketek dirulaguntzaren iraunaldiari eragiten dioten kasuetan (luzapenak eskatzeko), aurreko paragrafoan aipatutako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko dira, batetik, ordura arte egindako jardunaren memoria, eta, bestetik, egindako gastuen justifikazio ekonomikoa. Gehienez ere 3 hilabeteko luzapena eskatzen ahalko da.

16.2. Jarraipena.

1. Unibertsitateen Zerbitzuaren eskumena izanen da dirulaguntzen jarraipena eta kontrola gauzatzea, eta beharrezkotzat jotzen dituen organo, batzorde edo adituak izendatzen ahalko ditu dagozkion jarduketak egiteko eta dirulaguntzen aplikazio egokia egiaztatzeko.

2. Onuradunek proiektuaren jarraipenari buruzko txostena aurkeztu beharko dute 2019ko azaroaren 15a baino lehen eta, beti ere, Ogasun eta Finantza Politikako Departamentuak aurrekontua ixteko noiznahi agindu dezakeen araudiak ezarritako epemugen barnean. Txosten horrek bi atal izanen ditu: justifikazio ekonomikoa eta ikerketa jardueraren memoria.

A.–Justifikazio ekonomikoa.

Proiektuetako gastuen laburpena aurkeztuko da, dagozkien fakturak xehakaturik, 3. eranskineko ereduei jarraikiz.

Gastua justifikatzeko, fakturen fotokopiak eta egiaztatzeko moduko ordainagirienak aurkeztu beharko dira. Faktura elektronikoaren kasuan, haren bisualizazioaren kopia inprimatua emanen da.

Agiri horiekin batera, atxikipen zentroko zuzendaritzaren egiaztagiri bat aurkeztu beharko da, non diruz lagungarriak diren kontzeptuen arabera xehakatuta jasoko baita laguntza egikaritzeko emandako zenbatekoa.

Laguntza horien zenbatekoa laguntzaren xedeko proiektuak gauzatzean zuzenean sortzen diren gastuei baizik ez zaie aplikatzen ahal, 9. artikuluan xedatutakoarekin bat. Gastuen frogagiriek (fakturak) 2019ko azaroaren 15a baino lehenagoko data izan behar dute. Eraginkorki ordaindutako gastuak soilik onartuko dira. Justifikazioa aurkeztean oraindik ordaintzeko epean dauden gastuen kasuan, epe gehigarri bat izanen da, 2019ko abenduaren 15era artekoa, ordainagiriak aurkezteko.

B.–Ikerketa jardueraren memoria.

Egindako gastuaren justifikazio ekonomikoarekin batera aurkeztu beharko da dagokion ikerketa jardueraren memoria, non zehaztasunez jasoko baitira egindako ikerketa jarduerak.

Ahal dela, euskarri digitalean aurkeztuko dira agiri hauek Unibertsitateen Zerbitzuan:

a) Egindako lanaren laburpena eta egutegia. Behar adinako informazioa izan beharko du ikerketaren garapenari buruz, hasierako aurreikuspenekin bat etorrita, eta berariaz aipatu beharko da zer lan egin diren eta zein helburu lortu, baita hasierako planari begira izan diren gorabehera edo desbideratzeak ere.

b) Publiko ez espezializatuarentzat egindako zabalkunde plana: sortutako material didaktikoa (euskarri fisikoan edo digitalean), zabaldutako materialaren dokumentazioa (diapositibak, idazkiak eta abar), jendaurreko hitzaldi edo jardunaldien grabazioak, eta erabilitako gainerako materiala. Beste edozein bitarteko, jarduerak egiazki egin direla justifikatzeko.

c) Ikastetxeetan ezagutzaren transferentziarako egindako jardunaldien egiaztagiriak, barnean direla iraupena, bertaratu kopurua eta bertaratuak zer ikastetxetakoak diren.

d) Hezkuntza Departamentuko langileei ezagutzaren transferentziarako egindako jardunaldien egiaztagiriak, barnean direla iraupena eta bertaratuak.

e) Ikerketa proiektuaren ondoriozko ekoizpen zientifikoaren aurkezpena, halakorik bada.

3. Jarraipen txostena behar den epearen barnean aurkezteak, edo horren ebaluazioa gaitza izateak 14. artikuluan ez-betetzeetarako aipatutako ondorioak izanen ditu.

4. Ebaluazioa aldekoa bada, laguntzaren bigarren ordainketa eginen da. Bigarren ordainketari dagokion zenbatekotik deskontatuko dira azaroaren 15era arte egindako gastuaren kontrolean onartu ez diren gastuak.

16.3. Amaiera.

1. Ikerketa bukatu ondoko hilabetean, hau da, 2020ko uztailaren 31 epemuga dela, aurkeztu beharko da ikerketaren azken txostena, zeinak jarraipen txostenerako zehaztutako atal berberak izanen baititu, funtsean, baina aldaketa hauek txertatuz:

–Gastuen frogagiriak (fakturak) 2020ko ekainaren 30a baino lehenagokoak izanen dira. 2020ko uztailaren 31 baino lehen egiazki ordaindutako gastuak baizik ez dira onartuko.

2. Azken txostena epearen barnean aurkezteak, edo Unibertsitateen Zerbitzuak horren ebaluazio gaitza egiteak 14. artikuluan ez-betetzeetarako aipatutako ondorioak izanen ditu.

3. Ebaluazioa aldekoa bada, prozedura amaitzen duen ebazpena emanen da, egindako gastuaren kontrolean atera den likidazio ekonomikoa barnean hartuko duena. Aipatutako amaierako ebazpenaz gainera, ikertzaile taldeko kide bakoitzari horien parte hartzea egiaztatzen duen ziurtagiri bat emanen zaie, egindako ezagutzaren transferentzia berariaz aipatuko duena.

17. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Programa honen barneko dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin, zeinahi delarik ematen dituen entitatea, laguntzen zenbateko osoak gainditzen ez badu finantzatutako jarduketen kostua.

2. Ikerketaren ardura duen ikertzaileak jarduketa bererako lortutako laguntzak aitortu beharko ditu, hala laguntza eskaera aurkezteko unean nola gastua justifikatzeko unean, eta adierazitakoa betetzeko aplikatzen zaizkion diru-murrizketak onartuko ditu.

18. artikulua. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatua ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.

19. artikulua. Errekurtsoak.

Oinarrien eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

1. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

2. ERANSKINA

Gastuen aurrekontua (Excela).

3. ERANSKINA

Justifikazio ekonomikoa (Excela).

4. ERANSKINA

Finantziazio arauak

Honako baldintza zehatz hauen arabera finantzatuko dira proiektu honen kontzeptu diruz lagungarriak:

Biltzarretan aurkezpenak egiteko gastuak.

a) Kontzeptua.

Gastu hauek: biltzarretako aurkezpenetan parte hartzen duten ikertzaileen joan-etorriak, ostatatzea eta mantenua.

b) Finantziazio arauak.

b.1) Joan-etorrien gastuak.

Hegazkin bidaiak, oro har, turista klasean eginen dira, eta ahalik eta merkeen (ahal dela, aldez aurreko erreserba eginez).

Bai abiatzeko aireportura iristeko bai helmugako aireportutik behar den tokira iristeko, garraiorik merkeena erabiliko da.

Tren edo autobus bidezko bidaietan ibilbide motzena eta merkeena erabiliko da.

Auto pribatua edo alokairukoa erabiliz gero, 0,30 euro pagatuko da kilometroko. Ezin erabili da autoa 2.000 kilometrotik gorako bidaietarako.

b.2) Ostatatze eta mantenuko gastuak.

Eguneko honako zenbateko hauek ezarri dira ostatatzeko eta mantenurako:

Dietak estatuan:

OSTATATZEKO

MANTENURAKO

DIETA OSOA

65,97 euro

37,40 euro

103,37 euro

Atzerrirako dietak:

OSTATATZEKO

MANTENURAKO

DIETA OSOA

156,86 euro

82,94 euro

239,80 euro

Iragarkiaren kodea: F1905091