91. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39E/2019 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, gizarte-erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzen 2019rako deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 449225.

Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiak (S3) 14. erronka du bere baitan (Enpresa kudeaketarako kultura berria), hots: enpresa kultura ireki eta gardena garatzea, partaidetza bidezko lidergoaren eta kudeaketa-bikaintasunaren bitartez, halako lan harremanen esparru bat sortzeko zeina oinarrituko baita enpresen eta enpresak osatzen dituzten pertsonen dimentsio sozialean, zeinak berekin ekarriko baititu balioa, konfiantza eta elkarrengananko konpromisoa.

Nafarroako Gobernuak, 2008. urtetik, halako kudeaketa sistema bat garatu du non jaso baita, besteak beste, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte-erantzukizuna ezartzeko metodologia (InnovaRSE) baten aplikazioa. Ekintza hau 2009. urtetik lagundu da diruz.

Nafarroako Gobernuak gizarte-erantzukizuna sustatzen du, eta horretarako enpresentzako laguntzak deitzen ditu, beren estrategietan gizarte-erantzukizuna sar dezatela errazteko.

Nafarroako Gobernuak, 2019ko urtarrilaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen dirulaguntza hauek banakako ebaluazioko araubidean tramita zitezen, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Gizarte-erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzen 2019rako deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko 71.875 euroko gastua baimentzea, 2019rako gastu-aurrekontuetako 810012 81500 4709 494112 partidaren kargura.

Baimendutako gastutik, hauek dira diruz lagungarria den jarduketa bakoitzerako diru kopuruak: 31.725 euro diagnostikoak egiteko (28.125 euro, bost langile edo gehiago dauzkaten enpresentzat, eta 3.600 euro, lan autonomoaren kolektiboarentzat eta mikroETE-entzat); 22.500 euro, jarduketa planetarako; 5.500 euro, jasangarritasun txostenetarako, eta 12.150 euro hobekuntza zikloetarako. Jarduketa baten eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketetako bat finantzatzeko erabiltzen ahalko da, horiek aurkeztu diren ordenan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2019ko apirilaren 15ean.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako enpresetan gizarte-erantzukizuna (GE) bultzatzeko xedea dute laguntza hauek, “InnovaRSE” metodologiaren araberako diagnostikoak, jarduketa planak, jasangarritasun txostenak eta hobekuntza zikloak prestatuz.

Enpresaren estrategiako kezka sozialak, lanekoak, ingurumenekoak eta giza eskubideekiko errespetuzkoak beren interes-taldeetan nahita txertatzeari esaten zaio gizarte-erantzukizuna; horrela, beren ekintzek sortzen dituzten ondorio eta eraginez arduratzen dira. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko.

“InnovaRSE” metodologiak, hala bost langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresen bertsioan, nola “Lan autonomoa eta EGE” bertsioan (lan autonomora eta mikroETE-etara zuzendua dagoena), gizarte-erantzukizunaren oinarrizko printzipioak aurkezten ditu, gai horretan aintzat hartu beharrekoak diren alderdi nagusiei buruzko hausnarketarako bide ematen duten adierazpenen edo esaldien bidez.

Aurtengo deialdiak, aurreko urteetakoek egin bezala, berdintasun arloan egun dauden kezka sozialak enpresetan txertatzen dituzten jarduketak sustatuko ditu bereziki, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren “Berdintasuna enpresen gizarte-erantzukizuna” izeneko VII. tituluarekin bat.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) Lantoki bat izatea Nafarroan.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

c) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

d) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

e) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, edo zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez izana edo aplikatzeko egutegia bete ez izana.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. a), b) eta f) letretako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eskaeran datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Gainerako beharkizunak ofizioz egiaztatuko dira.

3. Ezin izanen dira onuradun izan Espainiako Gobernuaren Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Erakunde Publikoen Inbentarioko zerrendako entitate publikoak, ezta 4. oinarriarekin bat akreditatutako pertsonak bere baitan dituzten aholkularitza enpresak ere.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Hurrengo jarduketak aholkulari gisa baimendutako pertsonekin egitea da dirulaguntzaren xedea:

1.1. Diagnostikoak: enpresei aukera ematen diete identifikatzeko zein den beren gaur egungo egoera gizarte-erantzukizunari dagokionez, “InnovaRSE” metodologiaren hiru dimentsioetako bakoitza aztertzen baita (ingurumena, ekonomia eta gizartea), edo kasua bada, “Lan autonomoa eta EGE” metodologiarenak. Horri esker, jarraitu beharreko bideak planteatuko dira, enpresaren politikan gizarte-erantzukizunaren printzipioak ezartzeko.

Emakumezkoen eta gizonezkoen artean lan arloko edozein diskriminazio galaraztera zuzendutako jarduketak baloratze aldera, SI-07 adierazpenean (“InnovaRSE” diagnostikoaren kasuan), eta berdintasunaren eta bateratzearen atalean (“Lan autonomoa eta EGE” metodologiaren kasuan), aztertuko da genero berdintasunarekin eta bateragarritasunarekin lotutako alderdietako bakoitza; gainera, enpresa aplikatzen ari den eta adierazpenean ageri ez den beste edozein gehitzen ahalko da.

1.2. Jarduketa planak: aldez aurreko diagnostikotik abiatuta, enpresaren gizarte-erantzukizuna hobetzeko garatu beharreko ekintzak zehazten dituzte. Jarduketa hori diruz lagungarria izateko, aholkulari baimendu batek egindako gizarte-erantzukizunari buruzko diagnostikoa dutela frogatu beharko dute enpresek.

Jarduketa planek 1.1 atalean adierazitako neurriren bat, gutxienez ere, jaso beharko dute. Horiek denak dagoeneko sartuak baldin badaude enpresaren estrategian, berri batzuk gehitu beharko dira.

1.3. Jasangarritasun txostenak: tresna bat dira jarduketa plana egin duten enpresentzat, plan hori gauzatu dutela erakusteko. Txosten horretan sartzen dira erakundeak garapen jasangarriarekin lotuta egiten duen jardueraren neurketa, zabalkundea eta kontu ematea barne eta kanpoko interes-taldeen aurrean.

250 langiletik beherako enpresa baten txostenean argi gelditzen denean berdintasun plan bat prestatu eta aplikatu dela edo NEEZEren “Reconcilia” zigilua lortu eta/edo mantendu dela azken hiru urteetan, laguntza 500 eurokoa izanen da, 3. ataleko taulan adierazten den bezala. Aplikatutako Berdintasun Plana egiaztatzeko, eskabide-orrian jasotzen den erantzukizunpeko adierazpena eginen da.

1.4. Hobekuntza zikloak: jasangarritasun txostena egina duten enpresentzat; haietan beste diagnostiko bat egiten da, lortutakoa eta egiteko dauden zereginak berrikusten dituena, bai eta beste jarduketa plan bat ere, non proposatzen baitira hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak.

Jarduketa plan berriek 1.1 atalean zehaztutako jarduketaren bat, gutxienez ere, jaso beharko dute. Horiek denak dagoeneko sartuak baldin badaude enpresaren estrategian, berri batzuk gehitu beharko dira.

2. Gainera, diruz lagungarriak diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Gobernuaren “InnovaRSE” edo “Lan autonomoa eta GE” metodologiaren araberakoak izan behar dute.

b) Laguntza eskatzen den egunaren eta 2019ko irailaren 14aren artean egin behar dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat jotzen da egun hori baino lehenago fakturatu eta ordaindu dena.

c) Enpresako, jarduketa bakarrerako emanen da dirulaguntza.

d) Aholkulariak laneko denbora bat frogatu beharko du, 25 ordukoa gutxienez, diagnostiko bakoitzeko, 5 langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresetarako, eta 4 ordukoa gutxienez, diagnostiko bakoitzeko, langile autonomoen edo mikroETE-en kasuan; 50 ordu, jarduketa plan bakoitzeko; 15 ordu, jasangarritasun txosten bakoitzeko; eta 60 ordu, hobekuntza ziklo bakoitzeko.

e) Enpresa bakoitzaren lehen diagnostikoa, lehen plana eta lehen hobekuntza zikloa baino ez dira lagunduko diruz.

3. Laguntzek honako zenbateko hauek izanen dituzte:

JARDUKETA

FASEAREN KOSTUA

DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA

1.1. DIAGNOSTIKOA (5 langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresak)

1.125 euro

1.125 euro

1.2. DIAGNOSTIKOA (pertsona autonomoak eta mikroETE-ak)

180 euro

180 euro

1.3. JARDUKETA PLANA

2.250 euro

1.125 euro

1.4. JASANGARRITASUN TXOSTENA

675 euro

250-500 euro*

1.5. HOBEKUNTZA ZIKLOA

2.700 euro

1.350 euro

* Enpresa batek 250 langiletik behera baditu eta berdintasun plan bat aplikatu badu edo NEEZEren “Reconcilia” zigilua lortu eta/edo mantendu badu azken hiru urteetan, 500 euroko dirulaguntza lortuko du.

4. oinarria.–Aholkulari gisa baimendutako pertsonak.

Diruz lagundutako jarduketak egiten ahalko dituzte Lan Zerbitzuak baimendutako pertsonek; zerrenda hori argitaratuko da kasuan kasuko baimentze prozedura bukatutakoan, “InnovaRSE kanpoko aholkularitza zerbitzuen akreditazioa” zerbitzu-fitxan.

5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 7 egun naturalekoa izanen da, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 08:00etan hasiko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoa izanen dira eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak. Hain zuzen ere, ondoko agiriak. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitza bere izenarekin identifikatuta:

a) Enpresako zuzendaritzaren konpromisoa, diruz lagungarriak diren jarduketak abian jartzekoa, laguntzaren fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

b) 3.3 oinarrian aipatutako laguntzaren gehienekoa jaso nahi duten enpresek agiri hauetako bat aurkeztu beharko dute:

I.–Berdintasun plana.

II.–NEEZEren ziurtagiria, jasotzen duena zer egunetan lortu zen “Reconcilia” zigilua, eta eskaeraren egunean indarrean dela dioena, hala 3.1.3 oinarriko baldintzak betez.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela eta, 3. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskaerak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da dirulaguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; horretan agerraraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, 2019ko irailaren 21a arteko epea izanen dute onuradunek, egun hori barne, 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau bide telematikoan aurkezteko:

a) Justifikazioko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena.

b) Diagnostikoaren, jarduketa planaren, diruz lagundutako jasangarritasun txostenaren edo hobekuntza zikloaren ale bana, euskarri digitalean. Dokumentu horiek hizkera ez-sexistan idatzi beharko dira.

c) Diagnostikoa egin duten enpresek aurkeztu beharko dute InnovaRSE zigilua erabili izanaren dokumentua, behar bezala beteta.

d) Aholkulariaren faktura eta ordainketa frogatzen duen dokumentua. Bi dokumentuak dirulaguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.

Onartutako dirulaguntzaren %100 kobratzeko, zenbateko hau izanen du, gutxienez, fakturak: 3.3 oinarrian adierazitako “Fasearen kostuaren” guztirako zenbatekoa gehi egoki den BEZa. Faktura “Fasearen kostua” baino txikiagoa baldin bada, araberan murriztuko da dirulaguntzaren ordainketa.

2. Lan Zerbitzuak frogagiriak aztertuko ditu eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu izatea.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean frogagiria aurkezten denetik.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Behar izatera, Lan Zerbitzuari komunikatzea dirulaguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbidean (http://notificaciones.060.es) eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

11. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1905469