90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

5. HAUTESKUNDE PROZEDURA

-

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 17koa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak emana, jarraibidea onesten duena Nafarroako Parlamenturako 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoriozko hauteskunde-kontabilitatearen fiskalizazioari buruz.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren apirilaren 1eko 7/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako dei egiten duenak, ezartzen du Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak maiatzaren 26an eginen direla.

Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren (HAOLO) lehen xedapen gehigarrian eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legean xedatutakoa betez, Nafarroako Kontuen Ganberari dagokio, bere fiskalizazio eginkizuna gauzatzean, iritzia ematea alderdi politikoek aurkeztutako hauteskunde-kontabilitateen erregulartasunari buruz eta hauteskunde-araudia ez betetzeagatiko jarduketak eta neurri zuzentzaileak proposatzea.

Kontuen Ganberako lehendakariak 2018ko abenduaren 21ean emandako ebazpen baten bidez onetsi zen Kontuen Ganberaren 2019rako fiskalizazio programa, eta bertan honako hau gehitu zuen: “Nafarroako Parlamenturako 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoriozko hauteskunde-kontabilitateen erregulartasunaren fiskalizazioa”.

Nafarroako Kontuen Ganberak komenigarritzat jo du jarraibide bat prestatzea, honako hauek zehazteko helburua duena: alde batetik, Nafarroako Parlamenturako 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeei buruzko fiskalizazioan jarraitu beharreko irizpide teknikoak; eta, beste aldetik, Kontuen Ganberari igorri beharreko kontabilitateko eta justifikazioko dokumentazioaren norainokoa eta baldintzak. Horrela, alderdi politikoek horiek ezagutuko dituzte, hauteskunde-araudian ezarritako betebeharrak errazago bete ditzaten.

Horrenbestez, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, bere ahalmen eta eskumenak erabiliz,

EBATZI DU:

Lehena.–Jarraibidea onestea Nafarroako Parlamenturako 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoriozko hauteskunde-kontabilitatearen fiskalizazioari buruz; jarraian agertzen da.

Bigarrena.–Jarraibidea aditzera ematea Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren webgunean argitaratuz, eta hori jakinaraztea bai Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari, bai, hauteskunde-araudian ezarritakoarekin bat, Nafarroako Kontuen Ganberaren aurrean hauteskunde-kontabilitatea aurkeztu behar duten alderdi politiko guztiei.

Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Lehendakaria, Asunción Olaechea Estanga.

JARRAIBIDEA, NAFARROAKO PARLAMENTURAKO 2019KO MAIATZAREN 26KO HAUTESKUNDEEN ONDORIOZKO HAUTESKUNDE-KONTABILITATEAREN
FISKALIZAZIOARI BURUZKOA

1.–Hauteskunde-kontabilitatea Nafarroako Kontuen Ganberaren aurrean aurkeztu behar duten alderdi politikoak, eta legezko epeak.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 46. artikuluarekin bat, honako hauek aurkeztu behar dute hauteskunde-kontabilitatea Nafarroako Kontuen Ganberaren aurrean:

1. Lortutako hauteskunde-emaitzen ondorioz, Foru Komunitatearen dirulaguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten alderdi politikoak, federazioak, koalizioak eta hautesle-taldeak.

2. Aurreko antzeko hauteskunde-prozesu batean dirulaguntzak lortzearen ondorioz horien aurrerakina eskatu duten alderdi politikoak, federazioak, koalizioak eta hautesle-taldeak.

Alderdi politikoek beren hauteskunde-kontabilitatea aurkeztu behar dute Kontuen Ganberaren aurrean, bi hilabeteko epean, bozkatu eta biharamunetik aurrera. Hori dela eta, aurkezteko epea 2019ko maiatzaren 27tik uztailaren 27ra artekoa izanen da.

2019ko irailaren 27a baino lehen, Kontuen Ganberak hauteskunde-kontabilitateen erregulartasunaren berri emanen die Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari, eta, kontabilitateko irregulartasunak daudela edo hauteskundeetako diru-sarrera eta gastuetarako ezarritako mugak urratu direla antzematen badu, jaso beharreko dirulaguntza ukatzea edo murriztea proposatzen ahalko du, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.

2.–Alderdi politikoek Nafarroako Kontuen Ganberaren aurrean aurkeztu beharreko kontabilitateko eta justifikazioko dokumentazioa.

Hauteskundeei lotutako kontabilitatea eta frogagiriak euskarri informatikoen bidez aurkeztuko dira, I. eta II. eranskinean jasotako fitxategien izenei eta formatuei jarraikiz.

Kontabilitateko dokumentazioa eta jarraibide honetan ezarritako gainerako frogagiriak telematikoki tramitatuko dira. Kontuen Ganberak bidaltze-orri bat gaituko du horretarako, eta 2019ko maiatzaren 27an jakinaraziko zaizkie alderdi politikoei bertan sartzeko esteka eta baimenak, egun horretan hasten baita hauteskunde-kontabilitatea aurkezteko epea.

Alderdi politikoetako hauteskunde-administratzaileek aurkeztuko dute dokumentazioa. Dokumentazio osoa igortzeko, beharrezkoa izanen da administratzailearen sinadura digitala.

Hauteskunde-kontabilitatea “xlsx” formatu elektronikoan igorri beharko da. Halaber, kasu bakoitzean zehazten den dokumentazioa “pdf” formatuko fitxategien bidez aurkeztuko da.

Kontuen Ganberak aurkeztu den informazioa egokia den ebaluatuko du, zehaztu ahal izateko justifikatutako gastu erregularretako zer zenbateko aplikatzen ahal zaion Parlamenturako hauteskundeei.

2.1. Kontabilitateko dokumentazioa.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 46. artikuluak alderdi politikoak behartzen ditu hauteskundeetako beren diru-sarrera eta gastuei buruzko hauteskunde-kontabilitate zehaztua eta dokumentatua aurkeztera Kontuen Ganberaren aurrean.

Kontabilitateko egoera-orriak “xlsx” formatuan igorriko dira, eta honako hauek jasoko dira horietan: egoera-balantzea, emaitza-kontua, liburu egunkaria, erregistratu diren eta kontuka multzokatu diren mugimenduen laburpena (liburu nagusia), eta kontabilitatea itxi aurreko baturen eta saldoen balantzea.

Halaber, alderdi politikoek diru-sarreren eta gastuen laburpen-orria igorriko dute, kontzeptuka banakatua.

Hautesleei hauteskundeetarako gutun-azalak eta boto-txartelak zuzenean igortzeak eragindako hauteskunde-gastuak edo hauteskunde-propagandari eta -publizitateari lotutakoak gainerako hauteskunde-gastuetatik bereizi beharko dira, halako moduan non argi eta garbi identifikatuta egonen baitira mota horretako gastuei dagozkien partidak.

2.2. Diru-sarreren frogagiriak.

HAOLOren 125.1 artikuluarekin bat, hauteskunde-gastuak ordaintzeko diren funts guztiak hauteskunde-kontuetan sartu behar dira, haien jatorria edozein dela ere.

Hauteskunde-kanpainari aplikatutako baliabide guztien jatorria frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta, gutxienez, honako hauek adierazi:

a) Ekarpen pribatuak identifikatzea, HAOLOren 126. artikuluan eskatutako baldintzak beteta (izena, helbidea eta NAN edo pasaporte zenbakia). Ekarpenak finantzaketa parte-hartzaileko mekanismoen (crowdfunding) bidez jasoz gero, HAOLOren artikulu horretan ekarpen pribatuetarako ezartzen dena aplikatuko zaie.

b) Alderdiaren diruzaintza arruntetik datozen funtsen jatorria frogatzen duen dokumentazioa.

c) Hauteskunde-kanpaina finantzatzeko erabili diren maileguen kreditu-eragiketei eta/edo kontratuei buruzko polizak; mailegu horiek finantza entitateekin zein partikularrekin (mikrokredituak) formaliza daitezke. Azken kasu horretan, ekarpen-egileen identifikazio osoa duen zerrenda aurkeztuko da.

d) Hauteskundeen dirulaguntzen inguruan jaso diren aurrerakinen ziurtagiriak.

2.3. Hauteskunde-gastu arrunten frogagiriak.

HAOLOren 130. artikuluarekin bat, hauteskunde-gastutzat joko dira honako kontzeptu hauengatik 2019ko apirilaren 2tik hautetsiak aldarrikatzen diren egunera arte egiten direnak:

a) Hauteskundeetarako gutun-azalak eta boto-txartelak prestatzea.

b) Zuzenean edo zeharka beren hautagai-zerrendetarako botoa sustatzeko helburua duen propaganda eta publizitatea, edozein modu eta baliabide erabiltzen direla ere.

c) Hauteskunde-kanpainako ekitaldiak egiteko lokalen alokairua.

d) Hautagai-zerrenden zerbitzura lan egiten duten langile ez-finkoen ordainsariak edo haborokinak.

e) Hautagaien, alderdietako, elkarteetako, federazioetako edo koalizioetako buruzagien eta hautagai-zerrenden zerbitzuko langileen garraiobideak eta joan-etorrietarako gastuak.

f) Korrespondentzia eta frankeoa.

g) Hauteskunde-kanpainarako jasotzen diren kredituen interesak, dagokion dirulaguntza jasotzen den egunera arte sortzen direnak.

h) Hauteskundeetarako behar diren bulegoak eta zerbitzuak antolatzeko eta horiek funtzionatzeko behar diren guztiak.

Hauteskunde-gastu arruntak fiskalizatzeko ondorioetarako, gastu guztien justifikazioa igorriko da fakturaren edo antzeko egiaztagiriaren kopia eta ordainagiriarena aurkeztuta.

Justifikatzeko igorritako faktura guztiek berariaz adierazi beharko dute zer hauteskunderi dagokion hauteskunde-gastua, baita gastu kontzeptu zehatzak ere, halako moduan non argi eta garbi zehazten ahalko baita hauteskundeekin lotuta daudela.

Jatorrizko frogagiriak Kontuen Ganberaren eskura egonen dira, eta, horrek eskatuz gero, aurkeztu egin beharko dira.

Baldin badaude hauteskunde-gastuak egin izana egiaztatzen duten dokumentuak, fakturatutako ondasunen edo zerbitzuen deskribapen orokorrak dituztenak, eta ondasun edo zerbitzu horien banakako balioa 50.000 eurotik gorakoa bada, aurrekontua edo antzeko deskripzio agiria erantsi beharko da, fakturatutako kontzeptuen izaera eta zenbatekoa frogatzea ahalbidetzen duena.

Hauteskunde-gastuei dagokienez, honako hauek dira Kontuen Ganberaren fiskalizazio irizpideak:

a) Zaharberritzeko gastuak ez daude 130. artikuluan aipatutako kontzeptuen artean. Arau orokorraren salbuespen gisa, hauteskundeei lotutzat joko dira hauteskunde-mahaiak hornitzeko egiten diren gastuak.

b) Hauteskunde Batzorde Zentralaren doktrinarekin eta Kontuen Auzitegiak ezarritako irizpide homogeneizatuarekin bat, hauteskunde-aldian boto-asmoari buruzko inkestak egitearen ondoriozko gastuak ez daude HAOLOren 130. artikuluan aipatutako kontzeptuen artean.

c) Hautagaien prestakuntza gastuak, alderdi politikoek egiten dituztenak, ez daude HAOLOren 130. artikuluan aipatutako kontzeptuen artean.

d) HAOLOren 130.h artikuluan ezarritakoaren arabera, hornidura gastuak (adibidez, elektrizitatea, telefonoa eta abar) ez dira hauteskundeei lotutako gastutzat joko, modu fede-emailean egiaztatu ezean haien hauteskunde-izaera eta, horren ondorioz, hauteskunde-prozesua dela-eta horiek kontratatu izana.

e) HAOLOren 130.e artikuluak aipatutako joan-etorrietarako gastutzat jotzen dira hautagaien, alderdietako buruzagien eta hautagai-zerrenden zerbitzuko langileen ibilgailuen alokairuaren edo bestelako garraiobideen gastuak.

f) Bai alderdi politikoa eratzeko notario gastuak, bai kandidaturak aurkezteko behar diren sinadurak legitimatzekoak, ez daude HAOLOren 130. artikuluan aipatutako kontzeptuen artean.

g) HAOLOren 130.h artikuluan aipatutako gastutzat jotzen dira hauteskunde-prozesuari lotutako kontabilitateko eta administrazioko dokumentazioa prestatzearen ondorioz sortzen direnak, baldin eta zerbitzuak horren harira kontratatu badira berariaz.

h) Halaber, hauteskunde-gastutzat joko dira publizitate elementu inbentariagarrietan egindakoak, kontuan hartu gabe horiek berriro erabiliko diren hauteskundeetatik kanpoko garaian edo beste hauteskunde-prozesu batzuetan.

i) Hauteskunde-kanpainak finantzatzeko ituntzen diren kreditu-eragiketen interesei dagokienez, honako irizpide honi heltzen zaio, aurreko fiskalizazioetan jada erabili dena: kontuan hartuko dira kreditua formalizatzen denetik hauteskundeak egin eta urtebetera arte sortzen diren interesak, dirulaguntzak jasotzeko aurreikusten den batezbesteko aldian sortutakoak edo, hala bada, kreditua amortizatzen den egunera arte sortutakoak (kreditu hori lehenago amortizatuz gero). Balioespen hori zorraren printzipalaren zenbateko hauen eta aldi hauen gainean kalkulatuko da:

–Kontuen Ganberaren aurrean hauteskunde-kontabilitatea aurkeztu ondoren aurrerakina jasotzeko eskubidea sortzen den egunera arte amortizatzeko dagoen kapitalaren gainean. Sortzapen-aldia homogeneizatzeko asmoz, hori hauteskundeetarako deialdia egiten den egunetik horiek egin eta bost hilabete igaro artekoa izanen da.

–Dirulaguntzen aurrerakinekin ordaintzen ez diren saldoen gainean, hauteskundeak egiten direnetik urtebete pasatu arte edo, hala bada, kreditua amortizatzen den egunera arte (kreditu hori lehenago amortizatuz gero).

Interesak zenbatu badira hauteskunde-gastu arrunt gisa eta hauteskunde-propaganda eta -publizitatea igortzeagatiko gastu gisa, azken kontzeptu horri egotzitako proportzioa hau bezalakoa izanen da, gehienez: hauteskunde-propaganda igortzeagatiko gastuek hauteskunde-gastu guztien gainean dutena.

Aurkeztutako kontabilitatea aztertzean ikusten bada alderdi politiko batek ez dituela aurreko irizpideak aplikatu interesak kalkulatzean eta banatzean, behar bezalako justifikaziorik izan gabe, Kontuen Ganberak aitortzen diren zenbatekoak doituko ditu, bakar-bakarrik egiaztatze aldera gastu-mugak betetzen direla eta hauteskunde-propaganda eta -publizitatea zuzenean eta modu pertsonalizatuan igortzeagatiko gastuak erabat egozten direla.

2.4. Hauteskunde-propaganda igortzeagatiko gastuen eta zuzenean eta modu pertsonalizatuan egindako igorpen kopuruaren frogagiriak.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legearen 44. artikuluak ezartzen duenez, diruz lagungarria da hautesleei propaganda, gutun-azalak, boto-txartelak edo hauteskunde-publizitatearen beste elementu batzuk zuzenean eta modu pertsonalizatuan igortzearen kostua, gutxienez jarleku bat lortu duten hautagai-zerrendentzat.

Alderdi politikoak mota horretako gastuak ordaintzeko dirulaguntza jasotzeko eskubidea badu, mota horretako gastu guztien frogagiriak aurkeztu beharko dira, haien zenbatekoa kontuan hartu gabe. Era berean, justifikatzeko igorritako faktura guztiek berariaz adierazi beharko dute zer hauteskunderi dagokien hauteskunde-gastua.

Alderdi politikoek berariaz adierazi beharko dute, aparteko agiri batean, zenbat hautesleri igorri dizkieten hauteskundeetarako gutun-azalak eta boto-txartelak edo hauteskunde-propaganda.

Igorpen horien justifikazioari dagokionez, horiek egin direla modu fede-emailean frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Horrela, igorpenak Correos bidez edo banaketa-enpresa pribatu baten bidez egin badira, dena delako entitateak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da, egin diren igorpenen kopurua adierazten duena, salbu eta igorpenak egin dituen enpresaren fakturan berariaz adierazita badago jarduera egin dela eta igorpenak eskatzen diren mailan egin direla.

Banaketa baliabide propioen bidez egin bada zuzenean, alderdi politiko bakoitzeko arduradunak zuzenean eta modu pertsonalizatuan egindako igorpenen kopurua ziurtatuko du. Alderdi politikoak banaketa horretan parte hartu duten pertsonen zerrenda gorde beharko du, Kontuen Ganberak egokitzat jo baitezake jarduera benetan egin dela behar bezala frogatzeko egiaztapenak egitea.

Atzerrian bizi diren hautesleei egindako igorpenei dagokienez, egindako igorpenen kopuru osoaren berri eman beharko da berariaz, eta mota horretako igorpenak egin direla berariaz frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu.

Hauteskunde-araudiarekin bat, hauteskunde-igorpenengatiko gastuen zenbatekoaren zati bat ez bada ordaintzen justifikatutako igorpenen kopuruagatik jaso beharreko dirulaguntzarekin, zenbateko horrek hauteskunde-jarduera arruntagatik aitortutako gastuak gehituko ditu, ondorio guztietarako.

2.5. Beste agiri batzuk.

Ezertan eragotzi gabe fiskalizazioa egiteko beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, edozein unetan eskatzen ahalko dena, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari honako alderdi hauen inguruan egindako komunikazioen kopia izatea:

1. Hauteskunde-kontabilitateaz arduratzen den administratzailearen izendapena.

2. Hauteskundeetarako irekitako banku-kontuen identifikazioa.

3. Hala bada, hauteskundeetarako dirulaguntzek eman diren kredituekin duten lotura.

4. Koalizioa osatuta aurkeztuz gero, Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari jakinarazitako koalizio-itunaren kopia. Halaber, hauteskunde-kontabilitateak bateratzeko erabakiaren kopia aurkeztuko da.

Gainera, kreditu-entitateetan hauteskundeetarako irekitako kontuen banku-laburpenen kopia osoa igorri beharko da, baita eman diren kredituei lotutako kontuena ere.

2.6. Igorri beharreko dokumentazioa aurkeztu eta gordetzea.

Aurretik aipatutako kontabilitateko eta justifikazioko dokumentazioa aurkezteko ondorioetarako, hauteskunde-administratzaileak sinatutako igorpen-idazkia (III. eranskina) gehituko da, igorritako kontabilitateko eta justifikazioko dokumentazioa behar bezala identifikatzen duena eta horien benetakotasuna ziurtatzen duena.

Era berean, adierazpen bat aurkeztuko da, aurkeztutako dokumentazioak hauteskundeetako diru-sarrera eta gastu guztiak jasotzen dituela dioena.

Alderdi politiko bakoitzaren ardura izanen da jatorrizko agiriak gordetzea (bai kontabilitateko egoera-orriak, bai frogagiri guztiak).

3.–Finantza entitateei eta hornitzaileei buruzko informazioa.

HAOLOren 133. artikuluaren 3. eta 5. apartatuetan xedatutakoarekin bat, alderdi politikoekin eragiketak itundu dituzten finantza entitateek eta 10.000 eurotik gorako hauteskunde-gastuen fakturak igorri dizkieten enpresek beren eragiketen berri eman beharko diote Kontuen Ganberari.

Finantza entitateek eta hornitzaileek jarraibide honen IV. eta V. eranskinetako ereduen arabera igorriko dute informazioa, honako helbide elektroniko honetara: camara.comptos@navarra.es.

Alderdi politikoek aitortzen dituzten gastuak egiaztatu ahal izateko, horien laguntza eskatzen da, zerbitzua kontratatzen den unean edo egokitzat jotzen dutenean, finantza entitate eta enpresa horiei gogoraraz diezaieten betebehar hori bete behar dutela.

4.–Legezko gastu-mugen kuantifikazioa eta egiaztapena.

4.1. Gehieneko gastu-mugak.

Alderdi politikoetako bakar batek ere ezin du egin Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legean ezarritako mugak gainditzen dituen hauteskunde-gasturik.

Lege horrek hauteskundeetan aurkezten diren alderdi politikoen hauteskunde gastuen mugak eta hauteskunde jarduerengatiko dirulaguntzak arautzen ditu 43. eta 44. artikuluetan.

Lege horren 43.2 artikuluan adierazitako agindua betetzeko, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren apirilaren 3ko 44/2019 Foru Aginduak hauteskunde-gastuen honako muga hauek ezartzen ditu Nafarroako Parlamenturako 2019ko hauteskundeetarako:

a) 424.795 euroko hauteskunde-gastuak alderdi politikoko, hautesleei propaganda, gutun-azalak, boto-txartelak edo hauteskunde-publizitatearen beste elementu batzuk zuzenean igortzearen gastuak alde batera utzita, honako muga hau ezertan eragotzi gabe:

b) HAOLOren 131.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Hauteskunde Batzorde Zentralaren ustez, hiru hauteskunde-prozesuetan (tokikoa, Europakoa eta autonomiakoa) aurkezten diren alderdi politikoetarako muga honako eragiketa honen ondorioz sortzen den kopuru handiena izanen da: legez ezarritako gastu-muga tokiko hauteskundeei, Europako Parlamenturako hauteskundeei edo Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei aplikatzea, eta kopuru horri Gorte Nagusietarako hauteskundeetako legezko gastu-mugaren ehuneko 25 gehitzea.

Gastu-muga egiaztatzeko ondorioetarako, kontuan hartuko dira alderdi politikoak aitortzen dituen gastuak, HAOLOren 130. artikuluan aipatzen diren kontzeptuetan sartzen direnak, alde batera utzita Kontuen Ganberak behar bezala justifikatutzat jotzen dituen ala ez.

Alderdi politikoak aurkeztutako kontabilitatean aipatu ez badira ere, Kontuen Ganberak antzeman dituen eta ustez hauteskunde-gastuei dagozkien gastuei dagokienez, horiek kontuan hartuko dira gastu-mugaren ondorioetarako, baina ez dira diruz lagungarriak izanen. Nolanahi ere, aitortu gabeko gastuak ez dira sartuko hauteskunde-gastu diruz lagungarrien artean, nahiz eta horiek kontuan har daitezkeen gastu-muga betetzeko ondorioetarako.

Halaber, hauteskundeetarako gutun-azalen eta boto-txartelen edo propaganda eta publizitatearen igorpenak, alderdi politikoek zuzenean egiten dituztenak, hautesleen gehieneko kopurua baino gehiago ez direla egiaztatuko da. Gehiago badira, soberakin horren ondoriozko gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen kontzeptu horrengatik.

Hauteskunde-propaganda zuzenean eta modu pertsonalizatuan igortzearen ondoriozko gastuak diruz lagungarriak ez badira, horien zenbatekoa hauteskunde-jarduera arruntagatik aitortutako gastuei erantsiko zaie, eta, horren ondorioz, gastu-muga betetzeko ondorioetarako zenbatuko da.

4.2. Prentsako eta irratiko publizitateko gastu-muga.

HAOLOren 58. artikuluak beste gastu-muga bat ezartzen du egunkari eta irrati-etxe pribatuetako publizitate gastuetarako; gastu horiek ezin izanen dira izan hauteskunde-gastuen gehieneko mugaren %20 baino handiagoak.

Muga hori egiaztatzen laguntzeko, alderdi politikoak gainerako gastuetatik bereizita aurkeztu beharko ditu mota horretako gastuak, igorritako kontabilitatean.

Aldizkako prentsako publizitate gastuei dagokienez, horien barnean egonen dira alderdi politikoak prentsa digitalean hauteskunde-kanpainarako egiten dituenak. Sare sozialetako hauteskunde-publizitatea ezin zaio egotzi prentsako eta irratiko publizitateko gastu-mugari, baldin eta komunikabide horiei dagozkien orriak edo profilak ez badira, hori guztia kontuan hartu gabe Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako ezarritako hauteskunde-gastuen gehieneko muga bete behar duten.

5.–Alderdi politikoek jaso beharreko dirulaguntzari buruz Kontuen Ganberak egiten dituen proposamenak.

Foru Komunitateak hauteskunde-gastuak lagunduko ditu diruz, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legean eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren apirilaren 3ko 44/2019 Foru Aginduan ezarritako arauen arabera. Azken foru agindu horren bidez, hauteskunde-jarduerengatiko dirulaguntzen honako zenbateko hauek finkatu dira:

a) 12.300 euro jarleku bakoitzagatik.

b) 0,98 euro boto bakoitzagatik, gutxienez jarleku bat lortzen duten hautagai-zerrendentzat.

c) 0,25 euro hautesle bakoitzagatik, gutxienez jarleku bat lortzen duten hautagai-zerrendentzat, hautesleei propaganda, gutun-azalak, boto-txartelak edo hauteskunde publizitateko beste elementu batzuk zuzenean igortzean benetan egindako gastuengatik.

Alderdi politiko bakoitzari dagokion dirulaguntza ezin izanen da inola ere izan aitortutako hauteskunde-gastuen zenbatekoa baino handiagoa, Kontuen Ganberari justifikatu zaiona bere fiskalizazio eginkizuna gauzatzeko, kontuan hartu gabe arau horiek aplikatzetik datorren zenbatekoa.

Horrez gain, foru lege horren 47.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, alderdi politikoek aurkeztutako hauteskunde-kontabilitateetan irregulartasunak daudela edo hauteskundeetako diru-sarrera eta gastuetarako ezarritako mugak urratu direla antzematen bada, Kontuen Ganberak proposatzen ahalko du alderdi politikoak jaso beharreko dirulaguntza publikoa ukatzea edo murriztea.

Proposamen horiek egiten ez direnean, zirkunstantzia hori berariaz adieraziko da fiskalizazio emaitzetan.

Hauteskundeen dirulaguntza ukatzeko proposamena eginen da Kontuen Ganberaren aurrean hauteskundeetako beren diru-sarrera eta gastuei buruzko kontabilitate zehaztua eta dokumentatua aurkezteko legezko betebeharra betetzen ez duten alderdi politikoentzat.

I. ERANSKINA

Igorri beharreko kontabilitateko dokumentazioko fitxategiak

Kontabilitateko egoera-orriak.

Alderdi politikoek hauteskunde-kontabilitateari buruzko beren kontabilitateko egoera-orriak igorriko dituzte honako fitxategi hauen bidez:

  • Siglas–26M19–BALANCE.xlsx.
  • Siglas–26M19–CUENTA RESULTADOS.xlsx.
  • Siglas–26M19–SUMAS Y SALDOS.xlsx.
  • Siglas–26M19–MAYORES.xlsx.
  • Siglas–26M19–DIARIO.xlsx.

Halaber, diru-sarreren eta gastuen laburpen-orria, kontzeptuka banakatua, igorriko dute, honako fitxategi hau beteta:

  • Siglas–26M19–RESUMEN INGRESOS Y GASTOS.xlsx.

1. oharra: “Siglas” eremuan, alderdi politikoaren siglak adieraziko dira.

2. oharra: diru-sarreren eta gastuen laburpen-orria Kontuen Ganberaren web-orrian egonen da eskura, eta, halaber, alderdi politikoei igorriko zaie igorpen-orriaren bidez.

II. ERANSKINA

Igorri beharreko justifikazioko dokumentazioko fitxategiak

Diru-sarrerei buruzko informazioa.

Ekarpen pribatuetarako eta horien justifikaziorako:

  • Siglas–26M19–APORTACIONES-PRIVADAS.xlsx.
  • Siglas–26M19–APORTACIONES-PRIVADAS.pdf.

Alderditik datozen funtsen ekarpenetarako eta horien justifikaziorako:

  • Siglas–26M19–APORTACIONES-PARTIDO.xlsx.
  • Siglas–26M19–APORTACIONES-PARTIDO.pdf.

Hauteskunde-kanpaina finantzatzeko sinatutako kreditu polizarako/polizetarako:

  • Siglas–26M19–POLIZA.pdf.

(Poliza bat baino gehiago sinatu bada, zenbakitze bat ezarriko da, adibidez, «1. POLIZA», «2. POLIZA»...).

Hauteskundeen dirulaguntzen aurrerakinak frogatzeko:

  • Siglas–26M19–ADELANTOS.pdf.

Hauteskunde-gastu arruntei buruzko informazioa.

Hauteskunde-gastu arruntak zerrendatzeko:

  • Siglas–26M19–GASTOS-ORDINARIOS.xlsx.

Kontabilitateko idatzoharrak justikatzeko:

  • Siglas–26M19–JUST-GASTOS-ORDINARIOS.pdf.

(Fitxategi hori bai banan-banan –frogagiri bakoitzeko–, bai hainbat frogagiri multzokatuta, zatika daiteke, egokientzat jotzen denaren arabera; hala ere, fitxategiak zenbaki-segida batean emanen dira).

50.000 eurotik gorako zenbatekoa duten aurrekontuetarako edo antzeko deskripzio agirietarako:

  • Siglas–26M19–PRESUPUESTOS.pdf.

(Fitxategi hori bai banan-banan, bai hainbat aurrekontu multzokatuta, zatika daiteke, egokientzat jotzen denaren arabera; hala ere, fitxategiak zenbaki-segida batean emanen dira).

Hauteskundeetarako gutun-azalak eta boto-txartelak eta hauteskunde-propaganda eta -publizitatea zuzenean igortzeak eragindako gastuei eta zuzenean eta modu pertsonalizatuan egindako igorpenen kopuruari buruzko informazioa.

Hauteskunde-propaganda igortzeagatiko hauteskunde-gastuak zerrendatzeko:

  • Siglas–26M19–GASTOS-ENVIOS.xlsx.

Kontabilitateko idatzoharrak justikatzeko:

  • Siglas–26M19–GASTOS-ENVIOS.pdf.

Igorpenen kopurua aitortzeko:

  • Siglas–26M19–NUM-ENVIOS.xlsx.

Igorpenen kopurua justifikatzeko:

  • Siglas–26M19–NUM-ENVIOS.pdf.

Atzerrira egindako igorpenen kopurua frogatzeko:

  • Siglas–26M19–NUM-EXTRANJERO.pdf.

Bestelako informazioa.

Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari hauteskunde-administratzailearen izendapenaren berri emateko:

  • Siglas–26M19–ADMINISTRADOR.pdf.

Nafarroako Probintziako Hauteskunde Batzordeari hauteskundeetarako irekitako kontuaren berri emateko:

  • Siglas–26M19–CUENTAS.pdf.

Hauteskunde Batzorde eskudunari koalizio-itunaren kopia eta, hala badagokio, kontabilitateak bateratzeko ituna jakinarazteko:

  • Siglas–26M19–PACTO-COALICION.pdf.
  • Siglas–26M19–ACUERDO-INTEGRACION.pdf.

Hauteskundeetarako kontuaren banku-laburpenak eta, hala badagokio, eman diren kredituei lotutako kontuarenak/kontuenak igortzeko, xlsx fitxategi bat eta pdf fitxategi bat:

  • Siglas–26M19–EXTRACTO.xlsx.
  • Siglas–26M19–EXTRACTO.pdf.

(Laburpen bat baino gehiago badago, zenbakitze bat ezarriko da, adibidez, «1. LABURPENA», «2. LABURPENA»...).

1. oharra: “Siglak” eremuan, alderdi politikoaren siglak adieraziko dira.

2. oharra: Eranskin honetan eskatzen diren xlsx fitxategiak Kontuen Ganberaren web-orrian argitaratutako txantiloien araberakoak izanen dira, eta, halaber, alderdi politikoei igorriko zaizkie igorpen-orriaren bidez.

III. ERANSKINA

Alderdi politikoek aurkeztu beharreko dokumentazioa igortzeko agiria.

IV. ERANSKINA

Finantza entitateek aurkeztu beharreko informazio eredua.

V. ERANSKINA

Alderdi politikoen hornitzaileek 10.000 eurotik gorako hauteskunde-gastuengatik aurkeztu beharreko informazio eredua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1905463