90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27E/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, kirol monitore edo entrenatzaile gisa prestatzeko ikastaroetarako banakako ebaluazio araubideko laguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 449972.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 84. artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak prestakuntza bultzatuko duela kirol jardueren esparruan. Halaber, 85. artikuluari jarraikiz, kirol arloko zerbitzu teknikoetan aritzeko ezinbestekoa da dagokion tituluaren jabe izatea, kirol gaietan indarra duten arauekin bat.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere. 17.1 artikuluan, xedatzen du dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen direla, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Gobernuak banakako ebaluazio araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zenbait eskasia atzeman ditu oinarrizko kirolean esku hartzen duten monitore eta entrenatzaileen prestakuntzan. Inguruabar hori kezkagarria da, adingabeei eskaintzen zaizkien jardueren kalitate eta segurtasun baldintzetan eragina duen heinean. Horregatik estrategia bat ezarri da, adingabeen lehiaketetan kirolariak lagundu eta zuzentzen dituzten monitore eta entrenatzaile guztiek gutxieneko prestakuntza eta titulua izan ditzaten.

Azkeneko urteotan kirol teknikarien prestakuntzetan garapen kuantitatibo eta kualitatibo esanguratsua gertatzen ari da, hala urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak arautzen dituen araubide bereziko irakaskuntza arautuetan nola haren lehen xedapen iragankorrean ezarritako irakaskuntzetan. Prestakuntza horiek dakartzaten eskakizunen ondorioz, garestitu egin dira dauden modalitateetako monitore edo entrenatzaile izateko diploma eskuratzeko ikastaroak, eta horrek zailtzen du aipatu modalitateetara iristea.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren ustez, maila desberdinetan kirol monitore edo entrenatzaileen prestakuntza sustatzea bide zuzena da gure komunitatean garatzen diren kirol programak eta jarduerak hobetzeko.

Azaldutakoaren ondorioz, bidezkotzat jotzen da kirol monitore edo entrenatzaile gisa prestatzeko laguntzetarako deialdia egitea, haien jarduketen kalitatea hobetzeko. Jarraibide horrek lehentasuna izan behar du prestakuntzaren beheko mailetan, kontuan hartuta zer lotura duten adingabeentzako kirol jardueren programekin, zeinen adierazgarri nagusia Nafarroako Kirol Jokoak baitira gure komunitatean.

Helburua izanik deialdia irekita egotea kasuko epealdi osoan sortzen diren ekimen guztientzat, eta horrela aprobetxamendu hobea ateratzea esleitutako baliabideei, banakako ebaluazioaren araubidea baliatzea proposatzen da.

Aurrekoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari baimena eman zitzaion deialdia onesteko, banakako ebaluazio araubidean, kirol monitore edo entrenatzaile gisa prestatzeko ikastaroetan parte hartzen duten pertsona fisikoei diruz laguntzeko.

Proposatzen diren laguntzei aurre egiteko, 35.000 euroko gastua aurreikusi da Nafarroako 2019ko ekitaldiko aurrekontu orokorretako “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partidaren kargura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak kirol monitore edo entrenatzaile gisa prestatzeko ikastaroetarako laguntzen deialdia onestea, banakako ebaluazio araubidean, foru agindu honen 1. eta 2. eranskinetan ezarri diren oinarriei jarraikiz. Kontuan hartu behar da laguntza hauek ematea, betiere, aurrekontuan diru-izendapena izatearen menpe dagoela.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen 1. eranskinean jaso dira, maila bakoitzean laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura barne.

3. 35.000 euroko gastua baimentzea 2019ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partidaren kargura.

Eskaerak aurkezteko epean partida horretan aurrekontu erabilgarririk bada, gehienez ere 50.000 euro gehitzen ahalko zaio deialdi honetan aurreikusten den gastua, “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partida ekonomiko beraren kargura, deialdi hau arautzen duten oinarrietako arauei jarraituz.

Dirulaguntzen banaketa, betiere, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Baimena ematea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari aurreko puntuan onetsitako gastu igoera onesteko, kasua bada.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko apirilaren 11n.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea eta denbora-eremua.

1. Kirol monitore edo entrenatzaile gisa prestatzeko ikastaroetarako laguntzen araubidea ezartzea du xede deialdi honek, ikastaro horiek Estatuko kirol federazioek zein erkidegoetakoek sustatuak izanik.

2. Deialdiaren beharkizunak beterik, irakastaldia 2018ko urriaren 31tik 2019ko urriaren 31ra bitarte bukatu duten ikastaroetarako laguntzak eskatzen ahalko dira.

Deialdi arrunteko aurrez aurreko azterketetarako erabakitzen dena izanen da irakastaldiaren bukaera eguna, deialdi horretako bloke komuneko eta berariazko blokeko modulu edo arlo guztiak gainditzen dituzten ikasleentzat. Deialdi berezira aurkezten diren ikasleentzat, azken deialdi horren datan bukatuko da.

2. Helburua.

1. Kirol modalitate bateko I., II. edo III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile titulua lortzeko prestakuntza ikastaroetako kuotak eta matrikula/inskripzioko beste eskubide batzuek sortzen dituzten gastuak hein baten konpentsatzea dute helburu deialdi honetan ezarritako laguntzek:

a) Kirol federazioek sustatuak, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arabera, eta zer erkidegotan garatzen den, hartan kirol arloko eskumena duen organoari erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta.

b) Nafarroako Foru Komunitateko kirol federazioek sustatuak, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren arau eremutik kanpo (araubide bereziko kirol ikasketa arautuen barrenean tituluak dituzten modalitateetakoak), baina Nafarroan ezin burutu direnak.

2. Deialdi honetatik kanpo daude:

a) Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren babesean garatzen diren ikasketa arautuen esparruan kirol teknikariak prestatzeko egiten diren ikastaroak, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko ikasketa arautuak direlako.

b) Kirol federazioek otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren esparrutik kanpo sustatutako ikastaroak, oinarri honen 1. puntuko b) atalean adierazitakoak izan ezik.

c) Kirolaren Kontseilu Nagusiak baimendutako kirol federazioak ez diren entitate pribatuek, beren eskumenak baliatuz, sustatzen dituzten ikastaroak.

d) Deialdi honetatik kanpo uzten dira deialdi berariazkoago baten bidez diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

3. Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Deialdi honetarako onetsitako gastua 35.000 eurokoa da, eta 2019ko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretako “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partidari egotziko zaio.

Eskaerak aurkezteko epean partida horretan aurrekontu erabilgarririk bada, gehienez ere 50.000 euro gehitzen ahalko zaio deialdi honetan aurreikusten den gastua, “Kirol prestakuntzarako laguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336104 partida ekonomiko beraren kargura, eskaera gehiagori erantzun ahal izateko.

Kopuru osagarri hori eraginkorra izanen da kreditu erabilgarririk dagoela adierazten bada, betiere bidezko aurrekontu aldaketa onetsita eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Hala bada, baimentzen den kreditu gehikuntza hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntzen banaketa, betiere, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Onuradunak.

1. Laguntza hauen xedeko ikastaroak, 2.1 oinarrian deskribatuak, egin gogo dituzten edo eginak dituzten pertsona fisikoek eskatzen ahalko dituzte laguntzak.

2. Pertsona onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dagokion ikastaroan inskripzioa egiten denean Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.

b) Inskripzioa egina izatea deialdi honen 2.1 oinarrian ezarri diren ikastaroetan.

c) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak, dokumentazio osagarriarekin batera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko erregistroan aurkeztuko dira (Aizagerria Plaza, 1, 31006 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.nafarroa.eus/home_eu/Servicios/).

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2019ko urriaren 18ra arte.

Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun horretan berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio proposamena igorri duela, proposamena jibaneza@navarra.es helbide elektronikora bidaliz. Bi beharkizun horiek betetzen ez badira, ez da onartuko eskabideak aurkezteko epetik kanpo jasotako dokumentaziorik.

6. Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzenduko zaizkio, deialdi honen 2. eranskinean datorren eredu normalizatuaren arabera.

2. Eskaerak behar bezala beteta egonen dira, dokumentazio hau erantsita dutela:

a) Transferentzia bidezko ordainketarako eskaera, laguntza emanez gero, hura ordaintzeko.

b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.

c) Ikastaroan inskribatu eta matrikulatzeko dokumentua, ikasleak sinatua, kostu ekonomikoa eta ikaslea zein egunetan inskribatu den adierazita.

d) Matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoaren egiaztagiria.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena. Deklarazio hori 2. eranskinean dago jasota.

f) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea NKGIri baimena ematen bazaio egiaztapen hori zuzenean egiteko Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

3. Laguntza ikastaro baterako baino gehiagotarako eskatzen bada, ikastaro bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da.

4. Aipatu dokumentazioaz gain, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak laguntzak emateko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko ditu.

5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatzen ahalko zaie 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean ezetsi eginen dela haien eskaera, eta hura artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

1. Kirol Zuzendariordetzak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, eskaerak tramitatuko ditu, eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

2. Laguntzen banaketa irizpide hauen arabera eginen da:

a) I. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %60. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 300 eurokoa izanen da, ikastaro bakoitzeko.

b) II. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutako zenbatekoaren %50. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 600 eurokoa izanen da, ikastaro bakoitzeko.

c) III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %40. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 600 eurokoa izanen da, ikastaro bakoitzeko.

d) Nafarroako kirol federazio batek sustaturik, otsailaren 5eko 158/2014 Aginduaren araudiaren esparrutik kanpo (araubide bereziko kirol ikasketa arautuen barrenean tituluak dituzten modalitateetakoak), Nafarroan burutu ezin den kirol monitore edo entrenatzaile ikastaroa egiteagatik: matrikula/inskripzio eskubide gisa ordaindutakoaren %50. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 300 eurokoa izanen da ikastaro bakoitzeko.

8. Ebazpena.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, aurkezpenaren hurrenkeraren arabera, Kirolaren zuzendariordeak proposatuta.

2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea, kasua bada laguntzen zenbatekoa eta xedeak adierazita, 2 hilabetekoa izanen da eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe horretan ebazpenak jakinarazi ez badira, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Dirulaguntzen deialdi honetan egiten diren ebazpen guztiak gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz jakinaraziko dira. Hala ere, interesdunek adierazten ahal diote edozein unetan Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari ondorengo ebazpenak bitarteko elektronikoen bidez jaso nahi dituztela, edo ez.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskatzaile bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

3. Ematen diren laguntzak iragarki oholetan jarriko dira jendaurrean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren egoitzan eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan.

4. Betiere, laguntzen zenbatekoa 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

5. Deialdi honen babesean dirulaguntza bat eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldietan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

6. Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onets daiteke, halaber, laguntzak ordaintzea, betiere eskaerarekin batera dagozkion frogagiriak aurkeztu badira.

9. Frogagiriak.

Laguntzak ordaintzeko egitate erabakigarria da ikastaroa irakastaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan egin eta gainditzea. Horregatik, aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

–Kirol federazio sustatzailearen ziurtagiria, ikastaroa irakastaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan gainditu izana frogatzen duena, zein egun eta tokitan egin den adierazita.

Aurkeztutako egiaztagiri hori aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, 10 egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dutela.

Dokumentazio hori eskaerarekin batera aurkez daiteke (eta orduan, laguntza ematen duen ebazpenak hura ordaintzea ere onesten ahalko du) edo, bestela, laguntza emateko ebazpenaren ondotik. Edonola ere, 2019ko azaroaren 15a izanen da hura aurkezteko azken eguna.

10. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz

2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

11. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Beste laguntzarik jasoz gero, interesdunak entitate laguntza emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan idatziko da jaso den zenbatekoa.

2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ez du behin ere gaindituko ikastaroa egiteko onuradunak matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoa.

12. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta beharkizunak betetzen dituztela frogatzea.

b) Informazioa ematea eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatutako egiaztapenak egitea.

c) Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

13. Ez-betetzea.

Deialdi honetako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik hura noiz itzuli adosten den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

16. Ordezkoa araudia.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1905520