90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalentzako dirulaguntzen deialdia 2019rako”. DDBN identifikazioa: 449987.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du onets daitezela arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalei dirulaguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak 2019rako, baimendu dadila 59.400,00 euroko gastua eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela; eta kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalentzako dirulaguntzen deialdia 2019rako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4816-334103: Arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalentzako dirulaguntza.

2019

59.400,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko apirilaren 11n.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

ARTE ESZENIKOEN ETA IKUS-ENTZUNEZKOEN ELKARTE PROFESIONALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK 2019RAKO

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da oinarri arautzaileak ezartzea Nafarroako arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen elkarte profesionalen funtzionamendu- eta jarduera-gastuei eusteko.

Deialdiaren helburua da arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen arloko elkartegintza profesionalaren funtzionamendua eta jarduna sustatzea, bai eta prestakuntza, berrikuntza eta hobekuntza proiektuak ere, hain zuzen ere 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko azaroaren 30era bitarte egindakoak.

Ez dira deialdi honen xede izanen ikuskizunen edo ikus-entzunezko obren ekoizpena, ezta jaialdien programazioa edo programazio zirkuituak ere.

2. Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oro har, hemen araututako laguntzak eskatzen ahalko dituzte aurreko artikuluan aipatutako elkarteek, baldin eskaerak aurkezteko epean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eraturik egotea, gutxienez 2019ko urtarriletik.

b) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

c) Arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen sektoreko pertsona fisikoen eta juridikoen elkartegintzari lotutako helburu sozialak.

d) Jarduteko eremua Nafarroako Foru Komunitate osoa izatea.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

3. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (59.400,00 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2019ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Gainera, entitate eskatzaile bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 29.700,00 eurokoa izanen da gehienez ere.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake, hain zuzen ere elkartearen urteko jarduera plana, non jasoko baitira sektorearen interesak defendatzearekin eta ordezkatzearekin lotutako ekintzak. 2019ko urtarrilaren 1aren eta 2019ko azaroaren 30aren artean garatuko da plana, eta honako hauek jasotzen ahal ditu, besteak beste:

–Arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak sustatzearen eta hedatzearen arloko jarduketak.

–Arte eszenikoetako eta ikus-entzunezkoetako profesionalen sektorearen errealitatea ezagutzeko eta lehiakortasuna hobetzeko behar diren azterketak, kontsultak eta txostenak.

–Elkartekideentzako prestakuntza jarduerak.

–Aholkularitza profesionala eta intereseko informazioa elkartekideentzat.

–Espainiako estatuan eta Europan dauden antzeko beste elkarte batzuekin elkarlanean aritzeko lagungarri diren proiektuak egitea edo horietan parte hartzea.

4.2. Proiektuan honako hauek jasoko dira:

–Garatu beharreko jardueren deskribapen zehatza: atal honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira.

–Zabalkunde plana: atal honetan, proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak sartuko dira.

–Proiektuaren aurrekontu osoa, non argi gelditu beharko baita honako hauen arteko koherentzia: entitateak proiektua aurrera eramateko dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak eta kontratatutako langileak) eta baliabide materialak (azpiegiturak). Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

5. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri: (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Eskaneatuta aurkeztuko dira agiri hauek, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, gehienez ere 20 foliotan idatzia; horren barrenean, zabalkunde planaren deskribapenak 4 folio hartuko ditu gehienez, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

e) Proiektuaren datu ekonomikoak laguntza-fitxan eskuragarri dagoen III. eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza izanen da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.5. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Ikasketak, prestakuntza jarduerak eta jarduera esperimentalak egitekoak, betiere helburua izanik arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen sektorearen jarduera eta baldintza sozioekonomikoak sustatzea eta hobetzea.

b) Helburu dutenak beren elkartekideen jarduera sustatzea eta arte eszenikoetako eta ikus-entzunezkoetako azokak eta beste ekitaldi batzuk antolatzea eta/edo horietan parte hartzea, dela autonomia erkidegoen mailan, dela estatukoetan edo nazioartekoetan.

c) Elkartearen jarduerak eta bi sektoreekin lotutako albisteak sustatzeko eta hedatzeko elementuetarako direnak.

d) Jarduera plana egiteak berekin ekarritako honako gastu orokor hauek; betiere, guztirako gastuaren %70 izanen dira gehienez:

–Entitateak kontratatutako langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak (alde batera utzita kaleratzeagatiko kalte-ordainak eta erretiro aurreratuak).

–Elkarteko langileen bidaia, ostatu eta dieta gastuak, proiektua egiteko beharrezkoak direnak (Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartu eta 2012ko 244. NAOn, abenduaren 17koan, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatuak).

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondoriozko gastuak, hala nola tokiak, ekipoak eta baliabide materialak alokatzea.

–Zerbitzu profesional independenteak, entitate eskatzaileko organoetako kide ez direnenak.

–Aseguruak eta hornidurak.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

–Bulegoko materiala, fotokopiak eta inprenta.

–Beste entitate batzuetakoak izateko kuotak.

Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (282/1997 Foru Dekretua).

6.2. Elkarteek beste jarduera batzuk egiten badituzte, elkartearen jarduera planean ez daudenak, horiei egotzitako gastu-portzentajea ez da dirulaguntzen xede izanen.

6.3. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 oinarrian ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Entitatearen nominapeko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

7. Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak tramitatuko ditu eskaerak, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Ebaluazio batzordearen izendapena Nafarroako nafarroa.eus web-orrian argitaratuko da, eta honako hauek izanen dira batzordekideak:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, eta, bera izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat, hitzarekin eta botoarekin.

c) Batzordekideak: Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua, eta bera izan ezean, Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua eta Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

a) Batzordekideek proiektuei buruzko dokumentazioak jasoko dituzte horiek baloratzeko.

b) Batzordeak, edozein unetan, entitate eskatzaileen agerraldia eska dezake, aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

c) Onetsitako aurrekontuak ezarrita daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

d) Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

e) 8. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen diren proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, betiere kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako diru-muga:

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen badu, entitate onuradunen artean hainbanatuko da (lortutako puntuazioaren arabera).

Horretarako, gutxienez 60 puntu lortu dituzten entitate guztien puntuak batuko dira.

Erabilgarri dagoen kreditua zenbateko horretaz zatituko da, eta, hala, puntu baten balioa lortuko da. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuez biderkatuko da.

7.4. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak, ebaluazio batzordearen irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian aurkeztuko da.

Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek 60 puntu eskuratu beharko dituzte gutxienez; horietatik 30 puntu, gutxienez, “Elkartegintzaren arloan proposatutako jardueren interesa” atalean lortu behar dira.

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

8.1. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

a) Elkartegintzaren arloan proposatutako jardueren interesa. Horretarako, kontuan hartuko dira, besteak beste, ikastaroen, ikasketen, jardunaldien eta azoka eta lehiaketetan izandako parte-hartzeen kopurua eta horien garrantzia (50 puntu gehienez).

b) Sektorea sustatu eta garatzeko ekintzak (10 puntu gehienez).

c) Elkartekideei ematen zaizkien zerbitzuak (5 puntu gehienez).

d) Euskara erabiltzea proiektuan (5 puntu gehienez).

e) Entitatearen jarduera programan eta/edo funtzionamenduan plan edo programa sozialak, ingurumenekoak eta genero berdintasunekoak izatea (10 puntu gehienez).

f) Elkartearen ibilbidea (5 puntu arte).

–Entitateak jardunean emandako urte osoak (2,5 puntu gehienez).

  • 5 urtetik aurrera. 2,5 puntu.
  • 3 urtetik 5 urtera bitarte. 1,5 puntu.
  • Urte 1etik 3 urtera bitarte. Puntu bat.

–Elkartearen ordezkagarritasuna (2,5 puntu gehienez):

  • Bere sektorean kide gehien duen elkartea (arte eszenikoak edo ikus-entzunezkoak) (puntu 1).
  • Gainerako 1,5 puntuak zati berdinetan banatuko dira sektore bakoitzeko elkarteen artean.

g) Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (15 puntu gehienez).

9. Dirulaguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, hiru hilabeteko gehieneko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran egiten diren ebazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Gainera, eskabidean adierazitako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki-taulan ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, seccion.creacion.artistica@navarra.es helbide elektronikoaren bidez edo 848424743 telefonoaren bidez.

10. Diruz lagundutako proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babesletza-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

10.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta elkarte onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, bereziki, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte, alegia, ziurtagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

10.3. Dirulaguntza eskatzen duten elkarteek erantzukizunpeko adierazpena bete beharko dute kultur mezenasgoari dagokionez (oinarri hauen IV. eranskinean ageri da).

10.4. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten elkarte onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

11. Elkarte onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen elkarte onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa ere bai, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.3. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalean justifikatu beharko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Elkarte onuradunak laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko du proiektu horiek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso dutela.

11.5. Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari jakinarazi beharko diote proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, hura gertatu eta berehala, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Finantzatzen du, Laguntzen du:...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/, eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartuko da Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri emanen zaio Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan. Halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak eduki beharko dira.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

11.11. Elkarte onuradunak memoria bat aurkeztu beharko du proiektua bukatzen duenean. Honako hau sartuko da aipatu memorian:

–Proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena, eskabidearekin batera aurkeztutako deskripzio-memoria jasotakoarekin alderatuta.

–Generoen araberako banaketa (emakumezko eta gizonezko bazkideen kopurua): masa sozialarena, entitateko zuzendaritza-taldearena eta arte eta kudeaketa taldearena.

11.12. Deialdi honen dirulaguntzaren xedeko jarduerek, bai eta horien zabalkundeak ere, aintzat hartu beharko dituzte Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutakoa: https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

12. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har.

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ahala.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

f) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori eskabidearekin batera aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori eskabidearekin batera aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztu (egoeraren balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko eta kobratzeko dituen diru-kopuruen zerrenda, hilabetez hilabete aurkeztua).

13. Justifikatzeko epeak eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, dirulaguntzaren likidaziorako, elkarte onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2019ko abenduaren 1a baino lehen, egun hori barne:

–12.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa.

–Proiektuaren azken memoria, 11.11 oinarrian zehazten den moduan.

–Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, konturako ordainketaren bat egin bada, elkarte onuradunek frogagiriak hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte, diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea bukatzen denetik hasita, betiere horietan agertzen bada gauzatze epe horren barnean dauden gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak). Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina duten proiektuen kasuan, laguntza eman zaiela jakinarazi eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazio hori.

13.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean aipatu portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, ordainketaren frogagiriak badituzte, betiere.

14. Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Dena dela, bateraezina izanen da Nafarroako Gobernuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.

14.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15. Dirua itzultzea.

Onuradunak proiektua gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16. Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo), ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

18. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Aurrekontua.

IV. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1905516