90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 17koa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko sistema informatikoetako erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak, 2019ko apirilaren 17an, honako ebazpen hau eman zuen:

Ikusirik Nafarroako Kontuen Ganberaren idazkari nagusiaren eta administratzailearen txostenak, sistema informatikoetako erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat betetzeari buruzkoak, zeina aurreikusirik baitago Nafarroako Kontuen Ganberaren 2019rako plantilla organikoan, eta Zerbitzu Juridikoaren eta Kontu-hartzailetza Zerbitzuaren aldeko txostenak baititu. Horri buruz egoki den txostena eman zaio erakundeko langileen batzordeari. Horrenbestez, lehendakaritza honek, bere ahalmenak eta eskumenak erabiliz,

EBATZI DU:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko sistema informatikoetako erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea. Deialdia eranskineko oinarriekin bat etorriko da.

Bigarrena.–Deialdi hau Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Lehendakaria, Asunción Olaechea Estanga.

DEIALDIA, NAFARROAKO KONTUEN GANBERAREN ZERBITZUKO SISTEMA INFORMATIKOETAKO ERDI MAILAKO TEKNIKARI IZATEKO LANPOSTU HUTS BAT LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKOA

Hona hemen deialdi honetako oinarriak:

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da Nafarroako Kontuen Ganberaren zerbitzuko sistema informatikoetako erdi mailako teknikari izateko lanpostu huts bat betetzea lekualdatze lehiaketa bidez.

1.2. Lekualdatze lehiaketa honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua, 1991ko martxoaren 21ekoa, eta Nafarroako Parlamentuan lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko Erregelamendua, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak 2007ko otsailaren 26an onetsia.

Horien osagarri aplikatuko dira Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta Lanpostuak Betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua.

1.3. Deialdiaren bidez izendatutako pertsonak Nafarroako Kontuen Ganberako funtzionarioentzat ezarritako eginkizunak beteko ditu eta horien eskubide eta betebeharrak izanen ditu, eta, bereziki, sistema informatikoetako erdi mailako teknikari lanpostuari dagozkionak.

Bere eginkizunak Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamenduaren (2019ko 8. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa) 7 ter artikuluan ezarritakoak dira, eta sistema informatikoetako goi mailako teknikariaren zuzendaritzapean eginen dira. Hona hemen eginkizun horietako batzuk: a) Ganberako auditoretza taldeei laguntza informatikoa ematea haien fiskalizazio lanetan; b) Ganberako auditoreei aholkularitza eta laguntza ematea funtzio eta sistema informatikoen gaineko auditoretzak egitean; c) Ganberako sistema informatikoetako goi mailako teknikariari laguntzea tresna informatikoak garatzen eta ezartzen; d) erabiltzaileak prestatzea eta horiei laguntza teknikoa ematea teknologia berrien erabileran eta aplikazio aukeretan; e) Ganberako lanpostu zehatzei aplikazioen eta horien garapenen produktibitatean hobekuntzak proposatzea; f) oro har, Kontuen Ganberako sistema informatikoetako goi mailako teknikariak edo beste langileek agintzen dizkioten guztiak, bere tituluari eta jakintza arloari dagozkionak.

1.4. Lanpostua B mailakoa izanen da, lanpostuen egungo sailkapenaren arabera, eta horri dagozkion ordainsariak izanen ditu, baita Nafarroako Kontuen Ganberaren indarreko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak ere.

1.5. Deialdi honen xede den lanpostu eskaintza aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak organo deitzaileari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, lanpostu huts hori lekualdatze lehiaketaren bidez beteko da. Lehiaketa horretan parte hartzen ahalko dute jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian dauden Nafarroako Parlamentuko eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioek, baldin eta eskaerak aurkezteko epea amaitzean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) B mailako funtzionarioa izatea.

b) Unibertsitateko diploma, ingeniaritza edo arkitektura teknikoko titulua, gradua edo ofizialki horien baliokidetzat jotzen diren tituluak edukitzea, edo ofizialki onarturiko fakultate edo goi mailako eskola tekniko batean hiru ikasturtetako ikasgai guztiak gaindituak izatea lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura batean edo ofizialki horien baliokidetzat jotzen den tituluren batean.

c) Sistema informatikoetako erdi mailako teknikari lanpostu baterako izendatua izatea, lanpostu horren eginkizun nagusien artean baldin badaude deialdi honen 1. oinarriko 3. atalean aipatzen direnak edo parekoak.

Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

2.2. Aurreko baldintzak deialdiaren 3. oinarrian ezarritako epean eta eran frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete behar direla ulertuko da. Era berean, izangaiek hautapen prozesuak iraun bitartean bete beharko dituzte 2. oinarri honen 1. atalean aipatzen diren baldintza guztiak. Hautapen prozesua izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.

3. oinarria.–Eskaerak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Lekualdatze lehiaketan parte hartu nahi dutenek behar den eskaera aurkeztu beharko dute, eskabide baten bidez, eredu ofizialarekin bat (deialdiaren II. eranskina). Bertan jarriko dituzte izen-deiturak, adina, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa.

Eskaerak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Kontuen Ganberaren Erregistro Orokorrean, bai eta erakundearen web-orrian ere (http://camaradecomptos.navarra.es/begira.htm), langileak hartzeko deialdien atalean.

3.2. Honako hauek erantsi behar zaizkio eskaerari:

–Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen duten ziurtagiriak.

–Alegatutako merezimenduen zerrenda ordenatua, I. eranskinean aipatzen den baremoari jarraikiz sailkatuak, eta berauen frogagiriak, behar bezala kautotuak.

3.3. Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzenduko zaizkio, eta erakunde horren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Ansoleaga kalea 10), egun eta ordu baliodunetan (09:00etatik 14:00etara bitarte, astelehenetik ostiralera), hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideak erabiliz. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Desgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, probak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskaeran adieraztea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzen duen agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

4. oinarria.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Kontuen Ganberako iragarki-taulan eta http://camaradecomptos.navarra.es/begira.html web-orrian argitaratuko da.

4.2. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka, eta, akatsik izan bada, haiek zuzentzen ahalko dituzte, zerrenda hori Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epearen barruan.

4.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko da.

4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.5. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Ganberako iragarki-taulan eta http://camaradecomptos.navarra.es/begira.htm web-orrian argitaratuko da. Izangai bakar bat ere onartuko ez balitz, lehiaketa bete gabe deklaratuko litzateke.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Hona hemen merezimendu-lehiaketaren epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua:

–José Antonio Garbayo Sánchez, Nafarroako Kontuen Ganberako sistema informatikoetako goi mailako teknikaria.

Ordezkoa: Carmen Azcona Diez de Ulzurrun, Nafarroako Kontuen Ganberako auditorea.

Epaimahaikideak:

–Marta Sabalza Navallas, Nafarroako Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, erakundeko langileen batzordeak izendatua.

Ordezkoa: Nuria Sarasa Amatriain, Kontuen Ganberako auditoretzako teknikaria, erakundeko langileen batzordeak izendatua.

–José Contreras López, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria, epaimahaiko idazkari lanetan arituko dena.

Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma, Nafarroako Kontuen Ganberako legelaria.

5.2. Kalifikazio epaimahaia izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoko bost eguneko epearen barruan eratu beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jarduerak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiaren ebazpenak gehiengoz emanen dira, eta epaimahaiburuak kalitatezko botoa erabiltzen ahalko du.

5.3. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak ebatziko ditu.

5.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6. oinarria.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak, eta gehienez ere 45 puntu izanen dira.

6.2. Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera aurkeztean.

Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu.

6.3. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

6.4. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian, eta bost eguneko epea ezarriko du, merezimenduen balorazioaren gainean eskubidekotzat jotzen duten guztia alega dezaten.

6.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta epaimahaiak haiek ebatzita, Ganberako iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da berriz ere, izangaiek merezimenduen kalifikazio fasean lortutako behin betiko puntuazioekin. Iragarki horretan, proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua emanen dira aditzera.

7. oinarria.–Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzkoa eta Nafarroako Kontuen Ganberaren gaineko ezagutzari buruzkoa.

7.1. Bi ariketa egin beharko dira idatziz, gehienez ere bost ordutan; gehieneko puntuazioa 20 puntu izanen da.

Lehenbiziko ariketan, gehienez 3 punturekin baloratuko da, hainbat galderaren bidez, Nafarroako Kontuen Ganberari buruzko ezagutza, eta, zehazki, honako hauei buruzkoa: Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, Nafarroako Kontuen Ganbera arautzen duen abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legea, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua, Nafarroako Kontuen Ganberaren Antolaketarako Erregelamendua, eta Nafarroako Kontuen Ganberaren Ekonomia eta Finantzen Erregelamendua.

Bigarren ariketan 17 puntu emanen dira gehienez; hainbat galdera praktiko izanen dira lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz, deialdi honen 1. oinarriaren 3. atalean deskribatu baitira. Honako hauek dira, funtsean, eginkizun horiek: aholkularitza eta laguntza ematea sistema informatikoen gaineko auditoretzak egitean, laguntza informatikoa ematea finantza auditoretza lanetan, eta Ganberako erabiltzaileei laguntza ematea sistema informatikoen arloan, haien eginkizunak egoki bete ditzaten.

Zehatz-mehatz, galderak honako arlo hauei buruzko jakintza orokorra frogatzen duten hainbat gairi buruzkoak izaten ahalko dira:

1.–Datu-baseen kudeaketa sistemak. Oracle. SQL Server. DB2. SQL lengoaia.

2.–Bulegotikako eta posta elektronikoko tresnak. Testu-prozesadorea. Aurkezpenak.

3.–Ziurtagiri digitalak eta sinadura elektronikoa erabiltzea agirietan, fitxategietan eta postan.

4.–Zerbitzariko eta lanpostuko sistema eragileak.

5.–Osagaien eta zerbitzuen garapena. “.net” plataforma. Java plataforma.

6.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: administrazio elektronikoa eta haren aplikazio nagusiak.

7.–Segurtasunaren Eskema Nazionala.

8.–Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala.

9.–Datu pertsonalen babesari buruzko Europako erregelamendua.

10.–Segurtasun informatikoa. ISO 27002.

11.–Erabiltzaileentzako laguntza: gorabeherak eta zerbitzu-eskaerak.

12.–Informazioaren teknologien auditoretza.

13.–CAAT tresnak (Computer Audit Assisted Techniques). ETL tresnak (Extract, Transform and Load).

14.–Informazioaren analisirako tresnak. Microsoft Access, Excel, Power Pivot, Power Query.

Proba hau baztertzailea izanen da, eta, gainditzeko, beharrezkoa izanen da, bi ariketak kontuan harturik, gutxienez ere 10 puntu lortzea.

7.2. Plika itxien sistema erabiliko da ariketa hauek zuzentzeko. Horretarako, izangaiek, proba bukatutakoan, folioak gutun-azal handi batean sartuko dituzte, izenik jarri gabe. Ondoren, izen-deiturak gutun-azal txikiago batean idatziko dituzte, eta gutun-azal hori bestearekin batera aurkeztuko dute. Bi gutun-azalak itxita aurkeztu beharko dituzte. Proba bukatzean, bi gutun-azaletan epaimahaiak zenbaki bera jarriko du. Ariketak zuzendu ondoren eta kasuan kasuko plika zenbakiari puntuak eman ondoren, gutun-azal txikia jendaurrean irekiko da, egilea zehazteko.

Gutun-azalak jendaurrean irekitzeko eguna proba egiten ari den bitartean jakinaraziko zaie izangaiei.

Proba honetan lortutako puntuazioa erakundearen iragarki-taulan eta Nafarroako Kontuen Ganberaren web-orrian argitaratuko da.

7.3. Proba egiteko orduan, minusbaliotasunen bat izanik halaxe eskatzen duten pertsonek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.

8. oinarria.–Izangaien zerrenda ordenatua eta lanpostuaren esleipena.

8.1. Epaimahaiak lehiatzaile guztien puntuazioa prestatu eta izangaien zerrenda igorriko dio, lortutako puntuazioaren araberakoa, Kontuen Ganberako lehendakariari, eta hark deialdiaren hasieran zen lanpostu kopurua handitzeko ebazpena eman lezake, hori egitea egokia balitz. Halaber, lehendakariak zerrenda hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

8.2. Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hori eginagatik ere, berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, lehiatzaile zaharrenaren alde eginen da.

8.3. Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiari esleituko dio lanpostua, eta izendapena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9. oinarria.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

9.1. Izendapen erabakia jakinarazi ondoko hamar egun naturaleko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza izendatzen den izangaiak.

9.2. Aipatu epean eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duen lehiatzaileak lehiaketaren jardunetatik sortutako eskubideei uko egiten diela ulertuko da, eta, hala izanik, aurreko oinarrian adierazi zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da lanpostua.

10. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.

10.1. Izangaiek aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe berariaz eskatuz gero, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik aurkeztu ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.

10.2. Aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak hartzeko eskaerarik egin gabe, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

10.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, bere oinarrien, izendatzeko erabakiaren eta Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariak deialdia dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi hau aurrera eramateko epaimahaiak hartzen dituen gainerako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Kontuen Ganberako lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak. 25 puntu arte.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen balorazioa egiteko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasun urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntukoa izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa. 15 puntu arte.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka jasotako edo saritutako zientzia edo ikerketa lanak egitea, aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea, baita itzulpenak argitaratzea ere: 4 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak toki, eskualde, estatu edo nazioarteko maila duen.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: 4 puntu gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak, haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) letra osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak lanpostuarekin zerikusia dutenean baizik ez dira baloratuko.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 15 puntukoa izanen da gehienez.

c) Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak. Gehienez ere 5 puntu.

1. Deialdian eskatutakoez bestelako goi mailako tituluak: gehienez ere puntu bat titulu bakoitzeko.

2. Erdi mailako tituluak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 0,50 puntu titulu bakoitzeko.

3. Doktore maila, deialdian eskatutako tituluari buruz: gehienez ere puntu bat.

4. Euskara eta Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea:

Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea honela baloratuko da: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, 0,40 puntu jasoko dira; A2 maila izanez gero, 0,80 puntu; B1 izanez gero, 1,00 puntu; B2 izanez gero, 1,50 puntu; eta C1 edo baliokidea izanez gero, 2 puntu.

Euskara jakitea honela baloratuko da: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, 0,60 puntu jasoko dira; A2 maila izanez gero, 1,00 puntu; B1 izanez gero, 1,40 puntu; B2 izanez gero, 2,00 puntu; eta C1 edo baliokidea izanez gero, 2,70 puntu.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean hainbat tituluren eta egiaztagiriren artean ezarritako baliozkotzeak. 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ebazpen hori, irailaren 27an.

Oharrak c) letrarako:

1. Hizkuntzen ezagutza hizkuntza eskola ofizial baten ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, edo erakunde publiko akreditatu batek emandako ziurtagiriaren bidez. Hartan, lortutako titulua edo maila adieraziko da.

2. Titulu ofizialik ahalbidetu ez arren hizkuntza ikasmaila osoak edo unibertsitate ikasketak gainditu badira, horiei puntuazioa ematea erabaki dezake epaimahaiak, dagokion tituluaren proportzioan.

II. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1905506