90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Lekualdatze lehiaketa, familia-langileen bi lanpostu huts betetzeko

Burlatako Alkatetzak azaroaren 26an emandako 938/2018 Ebazpenaren bidez (2018ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 14an), Burlatako Udalaren 2018ko lan publikoaren eskaintza onetsi zen. Bertan, familia-langileen 6.22 eta 6.23 zenbakietako lanpostuak, D mailakoak, sartu ziren.

Kontuan izanik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan eta Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoa, bidezkoa da lekualdatze lehiaketa bidez bete daitezela onestea.

Horrenbestez, eta esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Burlatako Udaleko familia-langileen 6.22 eta 6.23 zenbakietako lanpostu hutsak, lekualdatze lehiaketa bidez betetzea (324/2019 Ebazpena).

2. Onestea Burlatako Udaleko familia-langileen lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Burlatako Udaleko gizarte zerbitzuen departamentuari eta sindikatuen ordezkaritzari.

Burlatan, 2019ko apirilaren 17an.–Alkate udalburua, José María Noval Galarraga.

Familia-langileen D mailako bi lanpostu hutsen lekualdatze lehiaketarako oinarriak

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdia iragartzen da, familia-langileen lanpostu hutsak, D mailakoak, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko. Lanpostuek 6.22 eta 6.23 zenbakiak dauzkate plantillan. 6.22 lanposturako euskarak %10eko balioa du, merezimendu gisa, eta 6.23 lanposturako nahitaezkoa da euskara jakitea (B2).

Deialdi honen ondorioz izendatzen diren izangaiek beren mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizunak eta lanak egingo dituzte, zehatz-mehatz, honako hauek:

–Laguntza pertsonaleko lanak egitea, esaterako, ohean garbitzea, dutxan edo baineran bainatzea eta beste.

–Etxeko zereginetan laguntzeko lanak egitea, esaterako, erosketak egitea, etxebizitza garbitzea, arropa garbiketan laguntzea, etxetresna elektrikoak behar bezala erabiltzen laguntzea, etxeko konponketa txikiak egitea, eta abar.

–Laguntza psikosozialeko lanak egitea: zerbitzuaren erabiltzailearekin ezartzen den laguntza-harremanaren testuinguruan, autoestimua eta autonomia bultzatzen eta sustatzen da, galera prozesuetan (osasuna, gaitasunak, gertukoak, eta abar) laguntzen da, inguruabar pertsonaletan eta hurbileko ingurunean gertatzen diren aldaketetara egokitzeko prozesuetan laguntzen da, orientazioa ematen da aztura eta bizimodu osasungarriei buruz, eta abar.

–Familia zaintzaileari laguntzea (entzutea, laguntzea, orientatzea, motibatzea, eta abar).

–Orientazioa eta laguntza ematea familia zaintzaileei, mendekotasun maila handiko pertsonak modu egokian artatzeko lagungarriak diren abilezia, teknika eta trebetasunak har ditzaten (teknikak ohean bainatzeko, mobilizazioetarako, baliabide teknikoak erabiltzeko, esaterako, garabiak, pertsonen mugikortasun galera prebenitzeko neurriak, eta abar).

–Zerbitzuaren erabiltzaileei eta haien familiei informazioa eta orientazioa ematea etxean istripuak prebenitzeko neurriei eta/edo gailuei buruz (alfonbrak edo bestelako objektuak kentzea, etxebizitza egokitzea erabiltzailearen gaitasun fisiko eta mentaletara, heldulekuak jartzea, sistema elektrikoen, butanoaren, berogailuaren eta abarren funtzionamendu egokiari buruzko oinarrizko ikuskapena egitea, e.a.).

–Beste edozein, lanpostuaren helburuarekin bat datorrena, lanpostuari dagokion mailarekin eta eskumenekin bat.

2.–Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko beharkizunak bete behar dira, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta adjudikatutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Burlatako Udalaren edo haren erakunde autonomoen lan-kontratudun finko izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) D maila edo taldekoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea.

d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako titulu hauetakoren bat izatea, edo hori eskuratzeko moduan egotea (eskubideak ordaindu izanaren gordekina):

–Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0208 kodea).

–Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria (SSCS0108 kodea).

–Etxez laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria (SSCS30 kodea).

–Hemen jasotakoen baliokideak diren beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiriak.

Profesionaltasun ziurtagiria duten izangaien kasuan, gainera, Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea, edo deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egon beharko dute.

Era berean, onartuko dira honako titulu hauetakoren bat daukatenak:

–Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

–Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Euskara jakitea nahitaezkoa den lanpostua eskuratzeko euskarazko B2 titulua edo haren baliokidearen frogagiria eduki beharko da. Titulazioa edo mailakatze proba egiteko eskaera azaldu beharko da eskabidean (III. eranskinean).

Euskara merezimendu gisa daukaten lanpostuetan 10 puntu emango dira gehienez ere, B2 titulua (edo maila handiagokoa) frogatzen bada; gainerako mailak proportzioan puntuatuko dira. Titulazioa edo mailakatze proba egiteko eskaera azaldu beharko da eskabidean (III. eranskinean).

g) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

h) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden langile finkoek zilegi izango dute deialdian parte hartzea baldin eta arestian eskatutako baldintzak betetzeaz gain, gutxienez urtebetez egon badira egoera administratibo horretan. Lanpostua hautatzen dutenak berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta lanpostu bat behin betiko adjudikatuko zaie.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

3.–Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek, plantilla organikoan ezarritako lansariak jasoko dituzte, indarra duten xedapenen arabera.

4.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko, hamabost egun naturaleko epea izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahalko dira Erregistro telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.burlada.es/eu/), NAN-e edo ziurtagiri digitala edukiz gero; bertara joanda, Burlatako Udalaren Erregistro orokorrean, Herritarren Arretarako Bulegoan (Larrainetako plaza, z.g.) edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduetako batean.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean, eskabideak Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, eskatzaileak eskabidearen kopia eta parte hartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak igorri beharko ditu oac@burlada.es helbide elektronikora, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Eskabideak III. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izango dira, eta https://sedeelectronica.burlada.es/eu/ udal web-orrian eskuratu ahalko dira; era berean, udal bulegoetan ere eskuratu ahalko dira (Larrainetako plaza, z.g.).

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek zinpean deklaratu behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak. Lanean hasteko deitzen zaienean, ekarri behar dute jatorrizko dokumentazioa, edo haren kopia konpultsatua edo behar bezala kautotua, titulazioa barne, indarreko legediarekin bat. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen ez badu, izangai hori kanporatua izango da.

Parte hartzeko eskabidearekin batera (III. eranskina), izangaiek honako dokumentazioaren jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte:

a) 2.1 oinarrian eskatzen den titulazioaren jabe dela frogatzen duen jatorrizko agiria edo fotokopia.

b) Deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen jatorrizko agiriak edo fotokopia behar bezala konpultsatuak.

c) Euskararen ezagutza baloratzea nahi dutenek, honako hau aurkeztu beharko dute: ziurtagiri ofiziala edo mailakatze froga egiteko eskaera. Balorazioa egingo da I. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoan ezarritakoaren arabera.

Izangaiek I. eranskineko merezimenduak, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak ebazpena emango du, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira I. eranskineko proba psikoteknikoa eta proba praktikoa egiteko tokia, eguna eta ordua; azken proba hori baztertzailea izango da.

6.–Epaimahaiko kideak.

Honako hauek izango dira epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Gizarte zerbitzuetako zinegotzi ordezkaria.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.

1. mahaikidea: Gizarte Zerbitzuen burua.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

2. mahaikidea: Etxeko laguntza zerbitzuko burua.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

3. mahaikidea: Burlatako Udaleko ordezkari sindikal bat.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

idazkaria: Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Merezimenduen kalifikazioa.

Deialdiaren 4. oinarrian xedatutakoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko dira, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia egiaztatuak erabiliz.

Alegatu eta frogaturiko merezimenduak, bai eta proba psikoteknikoa eta proba praktikoa ere, deialdi honen I. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Epaimahaiak ezin izango du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta apartatu bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emango zaio lehentasuna.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emango du Udalaren iragarki-taulan lehiatzaile bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

8.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, izangaien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan, eta lehiatzaileen zerrenda alkateari igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark behar den ebazpena eman dezan.

9.–Adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, lanpostua adjudikatuko dio puntuazioaren arabera hala dagokion lehiatzaileari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Izangaiak adjudikazioaren ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko du adjudikatutako lanpostuaz, eta deia egiten duen organoak jabetza hartzeko data zehatz bat ezarri ahalko du ebazpen horretan.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkeztu ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Burlatako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, Burlatako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Merezimenduen balorazioa lotuko zaio Lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 8. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoari, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, hura garatu eta betearazteko asmoz.

Lekualdatze lehiaketa hau irekia dago D mailako lanpostuak betetzen dituzten langile finkoek parte har dezaten, lanpostu hutsa maila horretakoa baita; lekualdatze lehiaketa hauek gora egiteko lehiaketak arautzen dituzten arauei jarraikiz egiten dira (215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua), eta gehienez ere ehun puntuko eskala barnean, honela banaturik:

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (25 puntu gehienez).

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emango zaio, urte bakoitzeko, deialdia argitaratzen den egunean onartutako antzinatasunari.

Oharrak A) apartaturako:

1.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:

a) Bete diren lanpostuen maila, haietan eskatutako titulazioa eta lanpostuen izena.

b) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen iraupena, lanaldi partzialean egindakoei dagokien zatia kenduta.

Aurreko inguruabarrak ordeztu ahalko dira egindako zerbitzuei dagokienez, deialdia argitaratzen den egunean aitortutako antzinatasuna soilik kontuan hartuz.

2.–Beste zerbitzu batzuekin aldi berean emandako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik altuena dutenak bakarrik baloratuko dira.

3.–Dagokion deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4.–Langilea zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (20 puntu gehienez).

Prestakuntzaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren apartatuen balorazioak proportzioa izan beharko du dagokion deialdiko xede diren lanpostuen izaeraren eta ezaugarrien egokitzapenarekin.

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu).

Oharrak B.1.) apartaturako:

a) Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, ikastorduen zatikiak proportzioan kalkulatuko dira.

b) Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emango zaie.

c) Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emango zaie.

d) Erakunde antolatzaileari buruzko eginbeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza saioetan parte hartzeagatik puntuazio bera emango da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

e) Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2.–Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: puntu bat, gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek egina edo taldean egina den, eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den: tokikoa, eskualdekoa, Estatukoa edo nazioartekoa.

3.–Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: puntu bat, gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

C) Txosten psikoteknikoa (15 puntu gehienez).

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak kudeatuko du apartatu hau. Behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat egingo du lehiakide bakoitzari buruz, hura lanpostuaren izaerari eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratzeko. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izango da epaimahaiarentzat.

D) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa. Proba hau baztertzailea izango da (25 puntu gehienez. Gainditzeko, apartatu bakoitzean ezarritako puntuazioa gainditu beharra dago).

II. eranskineko gai-zerrendatik epaimahaiak proposatutako galdera edo kasu praktiko bat edo batzuk garatu eta ebatziko dira. Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu emango dira eta, ariketa gainditzeko, puntuazioaren erdia lortu beharko da gutxienez; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak.

E) 5 puntu emango dira D) apartatuko proban hizkera ez baztertzailea erabiltzeagatik. Puntuazio hori gehitu egingo zaio gainerako apartatuetako emaitzak batu ondoren, ateratzen den guztizko puntuazioari.

Ariketak hasi aurretik zehaztuko da haien iraupena.

F) Euskararen balorazioa merezimendu gisa (gehienez ere 10 puntu).

Euskararen ezagutza baloratzeko, ziurtagiri ofiziala aurkeztu, edo borondatezko proba ez baztertzailea egin ahalko da. Gehienez ere 10 puntu jasoko dira (merezimendu-lehiaketako guztizko puntuazioaren %10aren balioa) eta ahozko eta idatzizko B2 maila edo hori baino handiagoa frogatzen dutenek eskuratuko dute. Handik beherako mailak (B1, A2 eta A1) proportzioan baloratuko dira. Euskarazko proba egin nahi edo titulazioa aurkeztu nahi duten izangaiek, eskabidean azaldu behar dute. Eskabidean titulazioa aurkezteko aukera markatzen bada, titulazioaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua erantsiko da harekin batera. Izangaiak titulazioa aurkezteko aukera edo proba egiteko eskaera egingo du eskabidean, baina ezin ditu bi aukerak hautatu.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2.–Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta laguntza emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legea.

3.–Burlatako Gizarte Zerbitzuak. Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza.

4.–Beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonei laguntzeko programa, oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan. Etxeko laguntza zerbitzua. Definizioa. Norentzat. Laguntza zer egoeratan behar den. Gizartean nahiz familian gertatzen diren aldaketen azterketa eta haien eragina etxeko laguntzan.

5.–Familia-langileak Etxeko laguntza zerbitzuan: lanaren egitekoak eta ezaugarriak. Etika profesionala oinarrizko gizarte zerbitzuen esparruan, informazio konfidentzialaren erabilera beste zerbitzu batzuekiko harremanetan.

6.–Zahartzearen ezaugarri eta zeinu fisikoak, psikikoak eta sozialak.

7.–Etxeko laguntzaren xede diren egoera sozio-familiarrak eta osasun arlokoak. Deskripzioa, balorazioa eta haiei heltzeko moduak, familia-langilearen ikuspegitik.

8.–Depresioa eta dementzia zaharrengan. Zeinu nagusiak, eta familia-langileak haiei aurre egiteko dituen moduak.

9.–Adindunen osasuna sustatzea eta mantentzea: elikadura, loa, ariketa fisikoa eta medikazioa, etxeko laguntzaren prebentzio neurri gisa.

10.–Higienea, janztea eta mobilizazioak Etxeko laguntza zerbitzuaren arretan. Behar higienikoak eta posturalak. Laguntza teknikoak.

11.–Lehen laguntza ematea larrialdi egoeretan. Istripuei aurrea hartzea eta lehen laguntza. Larrialdietan aritzeko arauak.

12.–Komunikazioa eta gizarte trebetasunak. Gatazka egoeretan moldatzea. Talde-lana. Koordinazioa beste profesional batzuekin.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1905596