90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

169E/2019 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita “Gesalazko arau subsidiarioen egiturazko aldaketari” dagokionez. Jesús Azanza Cobos da aldaketaren sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Udalak, 2011ko urriaren 24an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aipatu aldaketa (2011ko 230. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 21ekoa).

Arau subsidiarioen aldaketaren xedea da Iturgoiengo 15. poligonoko 133A, 970A eta 3127 A eta B lurzatien lurzoru urbanizaezinaren kategoria aldatzea, baso-lurzoru urbanizaezina izatetik, natura aldetik ustiatzeko balio ertaina duen lurzorua izatera. Aldaketaren azken xedea da sustatzaileak gaur egun egiten duen abeltzaintzako jarduera hobetzea, eta toki egokia bilatzea lastoa eta bazka biltegiratzeko nekazaritzako nabea ezartzeko.

Indarrean diren arau subsidiarioek baso-lurzorutzat jotzen dituzte aldaketaren eremuak, eta horietan ezin dira baimendu eraikuntzako jarduerak. Azpikategoriaren aldaketa hori lurzatien gaur egungo erabileran oinarrituta dago.

Aurkeztutako proposamena azterturik, aditzera ematen da nekazaritzarako erabilera duten 3127 A eta B azpilurzatietarako proposamenak ez duela ingurumen-efekturik eta arau subsidiarioen zuzenketa bati erantzuten diola. 970A eta 113A azpilurzatiak, ordea, ez dira egokiak eraikuntzako jarduerak ezartzeko, %30 baino gehiagoko malda duten larreak baitira, eta ukipen topografikoak eta paisaiaren gainekoak eragiten ahal dira. Beraz, egokia da indarrean den baso-lurzoru urbanizaezinaren sailkapena.

Ingurune Naturalaren Zerbitzuari galdetu zaio, eta 2019ko otsailaren 12ko txostenean adierazten du ez dela egokia 970A lurzatiaren erabilera aldatzea, %30 baino gehiagoko malda izateagatik eta ibaian gora aldapa handiko erreka-zulo bat egoteagatik.

Espedientearen dokumentazio guztia aztertuta, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak dio aldaketa txiki bat dela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluan zehaztuta dagoena; hortaz, lege horren 6. artikuluko aplikazio-eremuan xedatzen denaren arabera, ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari jarraitu behar zaio. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazi du ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela, eta ingurumen-txosten estrategikoa eman du, zenbait baldintzarekin.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozeduraren menpe ez jartzea Jesús Azanza Cobosek sustatutako Gesalazko arau subsidiarioen egiturazko aldaketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Gesalazko arau subsidiarioen egiturazko aldaketari buruz, baldintza hauekin:

–3127 A eta B azpilurzatietan, zerealak laboratzeko nekazaritzako lurzatiak diren horietan, egokia da aldaketa egiteko proposamena, bai eta natura aldetik ustiatzeko azpikategoriaren esleipena ere; horrek Gesalazko arau subsidiarioetan indarrean den lurzoru urbanizaezinaren sailkapenaren zuzenketa bati erantzuten dio.

–Baso-lurzoru gisa mantentzea 970A eta 113A azpilurzatiak.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, ingurumen-txosten estrategikoaren aurka ezinen da errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe plan orokorraren egiturazko aldaketa onetsi zuen xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeen errekurtsoak, edota Gesalazko arau subsidiarioen egiturazko aldaketa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Gesalazko Udalari, Iturgoiengo Kontzejuari eta Planeamendu Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 21ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1904186