90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

276/2019 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zehazten duena zein eta zenbat langile behar diren, 2019ko apirilaren 4rako eta 5erako deitutako greba dela eta, erakunde autonomo honen gutxieneko zerbitzu funtsezkoen funtzionamendua bermatu eta horiek betetzeko.

Sindicato Médico de Navarrak (SMN) greba egiteko deialdia egin du. Greba horrek eragina izanen du osasun langile fakultatiboek egiten dituzten lan jarduera eta jarduera funtzionarial guztietan, baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan prestakuntzan ari diren langileek egiten dituztenetan ere. Greba 2019ko apirilaren 4an eta 5ean eginen da. Egunero, 00:00etan hasiko da, eta 24:00etan bukatuko.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, herritarrendako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatutako eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai eta konstituzionalak ere.

Grebarako deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideei eragiten dietelako, hala herritarren bizitzeko eskubideari nola osotasun fisikorako eskubideari.

Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkotzat hartzen dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, deitutako grebak dirauen bitartean.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian adierazten denez, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek hauxe du xede: 2019ko apirilaren 4rako eta 5erako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrendako behar bezalako arretari eusteko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak greba batzordean dagozkien jarduketak eginik, eta hari aditu ondoan, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak ezartzea.

Greba batzordeak alegazioak aurkeztu ditu larrialdikoak ez diren pazienteei buruz. Batzordearen ustez, paziente horien hitzordua bertan behera utzi behar da, eta beste egun batzuetara pasa, agendan tokia dagoenean. Alegazio horrek ez du zerikusirik gutxieneko zerbitzuak finkatzearekin. Aitzitik, greba egunetan lanera joatea libreki erabakitzen duten langileei buruzkoa da. Hartara, ezin da onartu.

Prestakuntzako langileek gutxieneko zerbitzuak emateko beharrari buruz, Sindicato Médico de Navarrak demanda aurkeztu du Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegian; hortaz, haren erabakiaren zain gaude.

Funtsezko zerbitzuak zehazteaz ari garenean, osasun arloko fakultatiboei buruz ari gara, prestakuntzan dauden langileak ere barne, langileen sektore hori baitago grebara deituta.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Sindicato Médico de Navarrak deiturik, 2019ko apirilaren 4an eta 5ean 00:00etatik 24:00etara eginen den grebak eragina izanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko fakultatiboak diren langile eta enplegatu publikoek, prestakuntzan daudenek ere barne, egiten dituzten lan jarduera eta jarduera funtzionarial guztietan. Greba horretan, gutxieneko zerbitzu funtsezko hauek beteko dira:

I.–Ospitaleak.

Oro har, lan araubidea jaiegunetarako ezarritako bera izanen da.

Gainera, zentroen jarduera garatzeko ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:

A) Ospitalizazioa: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.

B) Aldian behingo jarduera duten zerbitzuetako arreta bermatuko da:

–Hemodialisia.

–Tratamendu onkologikoak eguneko ospitalean.

–Tratamendu hematologikoak eguneko ospitalean.

–Minaren Unitatean tratamendu jarraitua duten pazienteendako arreta.

–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.

–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteendako arreta bermatuko da, baita lehentasunezko gaixoendakoa ere.

–Osasun Mentalaren sareko eguneko ospitaleak.

C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, eta, horiez gainera, larrialdietako, Zainketa Intentsiboetako Unitatearen, Erreanimazioaren eta Zainketa Berezien Unitatearen, Zainketa Etengabeko Unitatearen, Kritikoen Unitatearen, Erditzeen Arloaren eta parekagarriak diren beste unitate batzuen jarduera guztia ere bermatuko da.

D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia egiten direla bermatuko da.

E) Arlo hauetan, lehentasunezko arreta, ingresatutako pazienteendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz:

–Ebakuntza kirurgikoak.

–Zerbitzu Zentralak.

–Kontsultak.

–SUOAZak (Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroak).

F) Ospitaleko farmazia zerbitzuak: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta aldian behingoak dituzten eriendako arreta bermatuko da.

G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: hemoderibatuen erauzketak bermatuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleak hornitzeko, gaitasun logistikoaren %60ra bitarte jarriz.

II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.

Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan, hauxe izanen da lanaren araubidea:

Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan:

a) Ohiko lanaldian.

Oro har, osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, eta funtzionamendu ordutegi guztirako, lan txanda bakoitzean (goizekoa eta arratsaldekoa), familia mediku bat eta pediatra bat izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.

Etengabeko arreta emateko toki bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako zenbat toki edo talde dauden, horrenbeste familia mediku egonen dira, gutxienez ere.

b) Etengabeko arretarako ordutegian.

Osasun eskualde oinarrizko bakoitzean, lan araubidea oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da.

Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzuetan eta Larrialdietako Zerbitzu Arruntetan:

Oro har, ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan araubidea.

“San Frantzisko Xabierkoa” zentroko laguntza medikoa:

Mediku bat.

Aho-hortzen osasuna:

Odontologo bat arreta orokorrerako, eta PADI programako odontologo bat.

2. Gutxieneko zerbitzuetako langileek bete beharko dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Ebazpen hau greba batzordeari jakinaraztea.

5. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honakooetara igortzea, bere ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean langileriaren arloko eskumenak esleiturik dituzten zuzendaritza eta zerbitzuetara; Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusira, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren Lan Harremanen Atalera.

6. Ebazpenen honen aurka, ez baitu administrazio bidea bukatzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126 1.c) eta 126.3 artikuluekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2019ko martxoaren 27an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

Iragarkiaren kodea: F1904322