90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

386/2019 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira profesionalei laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egiteko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, 2019. urtean. DDBN identifikazioa: 450374.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitzeko, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatzeko eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Espedientean txosten teknikoa eta dagokion txosten juridikoa biltzen dira, bai eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du honako laguntza hauen deialdia eta bere oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla: “profesionalentzako laguntzak, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egiteko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, 2019. urtean”.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Profesionalei laguntzak emateko deialdia onestea, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egiteko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, 2019. urtean.

2. Aipatu laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean xedatuarekin bat.

3. Eskuragarri dagoen gastua baimentzea, gehienez ere 50.000,00 euro, Nafarroako 2019rako Aurrekontu Orokorretako “Ikasketetan sakontzeko bekak” izeneko 512001 51310 4809 311200 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, Prestakuntza Atalari, Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2019ko apirilaren 12an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Luis Gabilondo Pujol.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

Oinarriak, honako deialdi honenak: “Profesionalentzako laguntzak, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egiteko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, 2019. urtean”.

1.–Xedea eta onuradunak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da profesionalei laguntzak emateko arauak ezartzea, unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egin daitezela sustatzeko, Osasun Departamentuaren intereseko arloetakoak, honako ezaugarri hauek izanen dituztenak:

1.1.1. Graduatu ondoko ikastaroak edo graduatu ondoko ikastaroetako moduluak, 15 ECTS kreditu (Kredituak Transferitu eta Metatzeko Europako Sistema) edo gehiago dituztenak, unibertsitateek antolatuak, Graduatu Ondoko Unibertsitateko Titulu gisa aitortuak, berekia edo ofiziala izan.

1.1.2. Gaitasun aurreratuak hartzera bideratuak, honako eremu hauetan:

Drogak eta osasun arloko adikzioak tratatzea.

Osasun mentaleko arazoak Oinarrizko Osasun Laguntzatik tratatzea.

Paziente kroniko eta konplexuak tratatzea.

Arreta soziosanitarioa.

Bioetika.

Zainketa aringarriak.

Erabaki klinikoak hartzeko ekografia.

Gaixotasun osteomuskularrak OOLn.

Gaixotasun arraroak.

Osasun teknologien ebaluazioa.

Generoa eta osasuna.

Osasun arloko kudeaketa.

Humanizazioa eta pazientearen arreta.

Osasun-prestakuntzari aplikatzeko metodologia.

Ikerketaren metodologia.

Zahartzaro aktibo eta osasungarria sustatzea.

Sexu eta ugalketa osasuna.

1.1.3. Ikastaroko irakaskuntza programa 2019an gauzatuko da, osorik edo partez.

1.1.4. Dirulaguntzaren xede izanen dira 2018ko ekainaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra bitartean matrikulatutako kredituak, 2019ko abenduaren 31ra arte garatzen direnak.

1.2. Onuradunak.

Laguntzak Osasun Departamentuari eta erakunde autonomoei atxikitako zentroetan aritzen direnek eskatzen ahalko dituzte.

Ezin izanen dute deialdi honetan parte hartu egoiliar sisteman prestakuntzan diren langileek.

2.–Eskaerak aurkeztea.

2.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatutako ereduari jarraituz; Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen atalean egonen da eskura eredu hori.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, lehentasunez, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

Osasun Departamentuko Erregistroan ere aurkezten ahalko dira (Katalina Foixkoaren etorbidea 2, Iruña) edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ekoan), bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz ere.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskaera igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

2.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1.–Interesdunak berak sinaturiko eskabidea.

2.–Eskatutako prestakuntza jarduera behar izatearen justifikazioa, eskatzaileak beteta. Hartan baloratuko da zer erlazio duen lanbide jarduerarekin eta deialdi honen 1.1.2 oinarrian zehaztutako arloekin.

3.–Jardueraren programa ofiziala, edukiak eta gauzatze egunak adierazten dituena.

4.–Zentro edo erakundearen ziurtagiria, agerrarazten dituena profesionalak eskaeraren unean berarekin duen lotura eta lanpostua. Finkoak ez diren langileen kasuan, ziurtagirian agertu beharko da lan harremanaren denborari eta ezaugarriei buruzko informazioa.

5.–Zentroko edo esparruko zuzendaritzaren txostena, bertan justifikatzeko eta baloratzeko noraino egokitzen den garatu beharreko jarduera eskatzailearen lan jarduerara, eta kalifikatu eginen du: asko, hala-hola edo gutxi.

6.–Matrikulazioaren frogagiria, ECTS kredituen kopurua, matrikulazio-eguna eta zenbatekoa agertzen dituena.

7.–Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena pertsona ez dagoela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, eta egunean dituela Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga betebeharrak eta dirua itzultzekoak.

Dokumentazioa aurkezteak berekin dakar baimena ematea Osasun Departamentuari Nafarroako Ogasun Publikoan informazioa bildu dezan jakiteko ea eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta dirua itzultzekoak bete dituen.

Onuradun berek zenbait eskaera egin badituzte titulu bererako, aurreko deialdietan laguntza eskuratu badute eta jarduera gauzatzeko egutegia dela-eta osorik babestu ezin izan badira, ez dituzte 2. eta 5. dokumentuak berriro aurkeztu beharko.

2.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera 2.2 oinarrian ezarritako edukiarekin eta formarekin bat ez badator, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du eta dagokionari jakinaraziko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

3.–Gastu diruz lagungarriak.

Deialdiaren xedearekin zalantzarik gabe bat datozen gastuek jaso dezakete laguntza.

Aintzat hartuko dira berariaz inskripzioaren zenbatekoa (2019ko abenduaren 31ra arte egiteko matrikulatutako kredituen kostua barne) eta horri dagozkion tasak.

4.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari esleitu zaizkio. Instrukzio organoak Ebaluazio Batzordearen irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena, 5. oinarriarekin bat. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Prestakuntza Atal horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

5.–Eskaerak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.

Ebaluazio batzordearen ardura izanen da aurkeztutako eskaerak baloratzea eta dirulaguntzak emateko proposamena egitea. Honako kide hauek osatuko dute:

–María Jesús Guembe Suescun, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Ataleko burua.

–Victoria Garisoain Lerendegui, aipatutako zerbitzuko Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua.

–Margarita Echauri Ozcoidi, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko burua.

–Carlos Martirena Irureta, Hezkuntza Departamentuko Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua.

Batzordeak Prestakuntza Ataleko administrari baten laguntza izanen du.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitzak eskatzen ahalko ditu, eskaerak egoki baloratzeko.

Batzordearen funtzionamendua kide anitzeko organoei buruz indarra duen araudiaren araberakoa izanen da, eta desegintzat joko da laguntzak emateko proposamenak igorri eta gero. Batzordearen lehenbiziko bileran erabakiko da zein batzordekide arituko diren batzordeburu eta idazkari.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

6.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

6.2. Ondoren zehazten diren balorazio irizpide hauen arabera emandako puntuazioari jarraituz antolatuko dira eskaerak.

–Deialdiaren 1.1 atalean zehaztutako interes arloetara egokitzea prestakuntza jarduera, 40 puntu gehienez ere; 40, 25 eta 0 punturekin baloratuko da segun eta egokitzea handia, ertaina edo txikia den, hurrenez hurren, kontuan izanik programaren edukia eta haren aplikagarritasuna osasun sisteman, zehaztutako arloetan. Handitzat joko da, programaren edukia oro har 1.1 oinarrian zerrendatutako arloekin bat datorrenean. Ertaintzat joko da, programaren 15 kreditu edo matrikulatutako kredituen %50 gutxienez arlo horiekin bat datozenean. Txikitzat joko da, aurreko baldintzak betetzen ez direnean.

–Prestakuntza jarduera noraino egokitzen zaion eskatzailearen lan jarduerari, 40 puntu arte; 40, 25 eta 0 puntuz baloratuko da egokitzapena handia, ertaina edo txikia denean, hurrenez hurren, zentroko edo esparruko zuzendaritzak egindako txostenaren arabera.

–Eskatzailearen lan egoera, 20 puntu gehienez ere, honela baloraturik: langile finkoak, 20 puntu; behin-behineko langileak, 2 urte jarraitu baino gehiago daramatenak Osasun Departamentuaren edo haren erakunde autonomoen zentroetan, 5 puntu; gainerakoetan, 0 puntu.

6.3. Dirulaguntzaren xede izateko gutxienez ere 70 puntu beharko dira.

6.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Hauxe izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa: 2019ko abenduaren 31ra arte egiteko matrikulatutako kredituen inskripzioaren zenbatekoaren %60, eta gehienez ere 7.200 euro Graduatu Ondoko Unibertsitateko Titulu bereki edo ofizial bakoitzeko.

Puntu berdinketarik bada bi eskatzaile edo gehiagoren artean, eta, aurrekontu mugarengatik, ezin bazaie puntuazio bera duten eskaerei erantzun, horiek ordenatu eginen dira, irizpide hauen arabera: lehenik, jarduera gauzatzeko egutegia dela-eta aurreko deialdian laguntza partziala eskuratuko zuten eskaerak lehenetsiko dira; bigarrenik, eskatzailearen lan egoera hartuko da kontuan, lehentasuna emanez langile finkoei besteen aurretik; eta, hirugarrenik, lanpostuan izandako antzinatasuna.

Orobat, aurrekontuko arrazoiengatik ezin bazaio erantzun azkenik sailkatutako espedienteari dagozkion tasen %60ri, eskura dagoen zenbatekoa emanen da.

Oinarri hauen 1.1 eta 6.3 ataletako beharkizunak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzunik, baldin gerakinik badago deialdi honetarako baimendutako zenbatekoan, 6.4 oinarriko lehenbiziko paragrafoan aipatutako ehunekoa handitzen ahalko da (%80 gehienez), aipatu den baimendutako zenbatekoa agortu arte; hori dena, tituluko ezarritako gehienekoa errespetatuta.

7.–Ebazpena.

Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoaren proposamenarekin bat.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

8.–Mugak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasotzeko honako muga hauek ezartzen dira:

a) Eskatzaile bakoitzari jarduera bat soilik lagunduko zaio diruz.

b) Profesional berari, gehienez ere, 7.200 euroko dirulaguntza emanen zaio Graduatu Ondoko Unibertsitateko Titulu bereki edo ofizial bakoitzeko, matrikulazio-eguna edozein izanik ere.

c) Onuradun bakoitzeko diruz lagunduko den gehieneko zenbatekoa 7.200 eurokoa izanen da 3 urteko aldian matrikulatutako kredituetarako.

9.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak jarduera bera garatzeko lor daitezkeen beste dirulaguntza batzuekin bateragarriak dira. Hori gertatuz gero, aditzera eman beharko da deialdiaren 11. oinarrian azaldutakoaren arabera.

Hala ere, dirulaguntzak, bakarrik edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek programa bererako ematen dituzten beste batzuekin baturik, ez du inoiz ere gaindituko jardueraren kostua.

10.–Dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa eta frogagiriak.

10.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Emandako laguntzaren guztirako zenbatekoa da onuradunak jaso dezakeen gehienekoa.

10.2. Laguntzen ordainketa eta frogagiriak.

Prestakuntza Atalak proposatuta ordainduko dira laguntzak, eta Osasuneko zuzendari nagusiak ebazpena eman beharko du, 30 eguneko gehieneko epean, behin justifikaturik laguntzari aplikatu beharreko gastuak.

Inskripzioak ekarritako gastuak inskripzioari eta joan-etorriei dagozkien fakturen bidez edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuen bidez frogatu beharko dira, 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurreko paragrafoko gastuen justifikazioa aurkezteko azken eguna 2019ko urriaren 1a izanen da.

Ematen diren laguntzak justifikatzeko, laguntzen onuradunak beharturik daude, jarduera bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, Prestakuntza Atalera laburpen-txosten bat bidaltzera, gehienez ere 5 orrikoa, eta diruz lagundutako jarduera burutu dela frogatzen duen agiria.

11.–Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera.

b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

e) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

12.–Baldintzak aldatzea.

Onuradunek, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzetan aldaketak izaten badira jarduera garatzean, horien berri eman beharko diote Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari.

Salbuespen gisa, onuradunek diruz lagundutako jardueraren edo jardueren edukia aldatzeko eskatzen ahalko dute, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, diruz lagundutako jardueraren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalak aldaketak onartzen ahalko ditu baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du eta, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzea.

13.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduera egiten ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez dira berandutze-interesak eskatuko, baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta instrukzio organoak onartzen baditu.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarritako erantzukizunen eta arau-hauste administratiboei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

15.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

17.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta horiek garatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedaturikoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F1905403