90. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

188/2019 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko 2018-2019 ikasturtean. Aipatu foru dekretuak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aldatu zuen, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri baitziren. DDBN identifikazioa: 449720.

Uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuak lehen xedapen gehigarrian xedatzen du Hezkuntza Departamentuaren parte-hartzea lankidetza hitzarmena izenpetu ohi duten udal titulartasuneko ikastetxeen kudeaketa gastuak finantzatzeko, dirulaguntzen araubide berariazko baten bitartez, betiere martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren eranskineko hezkuntza edukiak ematen badituzte eta adingabeei zuzeneko hezkuntza arreta ematen dieten profesionalek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eta horren garapeneko araudiak eskatzen dituzten titulazioak badituzte.

Alde horretatik, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 2.2. artikuluan xedapen gehigarri hartan jasotako ikastetxeentzako dirulaguntzetarako deialdia eginen dela jasotzen da. Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezarri ziren, udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko.

Dirulaguntzak emateko deialdia eta arauak onestea du xede ebazpen honek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, uztailaren 25eko 72/2018 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko 2018-2019 ikasturtean, ebazpen honi I. eranskin gisa gehitu zaizkion oinarri arautzaileei jarraituz. Aipatu foru dekretuak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aldatu zuen, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri baitziren.

2. 716.110,44 euroko gastua baimentzea, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorreko 420002 42120 4609 322100 “Udalekiko hitzarmenak 0 eta 3 urte bitarteko haurrak eskolatzeko” partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuan Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentua duen kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari igortzea.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko apirilaren 9an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatutako ikastetxeen titular diren toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2018-2019 ikasturterako

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da toki entitateei dirulaguntzak emateko arauak ezartzea, uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko 2018-2019 ikasturtean. Aipatu foru dekretuak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aldatu zuen, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri baitziren.

Deialdi honen helburua da toki entitateei laguntzea 0-3 urteko haurrei hezkuntza arloko arreta emateko zerbitzuetan, eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko erraztasunak ematea.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

Ikastetxeen titular diren toki entitateek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak, baldintza hauek betez gero:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako kasuetako bakar batean ere ez egotea.

2. Uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren eranskineko hezkuntza arloko edukiak eman beharko dituzte, eta adingabeei zuzeneko hezkuntza arreta ematen dieten profesionalek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eta horren garapeneko araudiak eskatzen dituzten titulazioak izan beharko dituzte.

3.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi hau dela-eta ematen diren dirulaguntzak 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorreko 420002 42120 4609 322100 “Udalekiko hitzarmenak 0 eta 3 urte bitarteko haurrak eskolatzeko” partidaren kargura ordainduko dira, eta ordainduko den zenbatekoa 716.110,44 euro izanen da, gehienez.

Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduan aurreikusitako irizpide eta moduluen arabera zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa; foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezarri ziren Haur Hezkuntzako lehen zikloko udal titulartasuneko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko. Muga hauek aplikatuko dira:

a) Aurreko irizpideak aplikatuz onuradun diren toki entitateei dagozkien dirulaguntzen zenbateko metatuak deialdi honetarako baimendutako gastua gainditzen badu, bidezko hainbanaketa eginen da, laguntzen kopurua aurrekontu erabilgarriari egokitzeko.

Betiere, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleez arduratzen diren langileak finantzatzeko ekarpena hainbanaketa horretatik aparte izanen da.

b) Betiere, 2019. urtean, Hezkuntza Departamentuak funts gehigarriak baditu deialdi honetarako aurrekontua handitzeko, ematen diren laguntzen zenbatekoa handitzen ahalko da, harik eta Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduan ezarritako irizpideak aplikatuz onuradunei legokiekeen zenbatekoa jo arte.

Kopuru gehigarria eraginkorra izanen da lehen aipatu inguruabarraren ondorioz kreditu erabilgarririk adierazten bada; betiere, bidezko aurrekontu aldaketa onetsi beharko da dirulaguntza ematen duen ebazpena baino lehen.

4.–Eskabideak aurkezteko epea eta erantsi beharreko dokumentazioa.

4.1. Interesdunek II. eranskinaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun balioduneko epean.

4.2. Eskabidea, horretarako ahalordea duenak sinatua, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko da (San Domingo kalea, 8, 31001 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezartzen diren tokietako edozeinetan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez araututako Erregistro Elektronikoan.

4.3. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Legezko ordezkariaren ahalordea frogatzen duen agiria.

–Ikastetxe bakoitzean 2018-2019 ikasturtean sortutako diru-sarreren eta gastuen egiaztagiria.

–Ikastetxe bakoitzean 2018-2019 ikasturtean matrikulatutako haurren zerrenda, eta haietako bakoitzak ordaindutako tarifak, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 28ko 113/2017 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.

–Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria.

–Dirulaguntzaren xedeko jarduera osorik edo haren zati bat azpikontratatzen duten toki entitateek kontratazio horren efizientzia eta ekonomia frogatu beharko dute idazkariaren ziurtagiri baten bidez; bertan, kopuruari edo inguruabarrei dagokien prozeduraren arabera kontratatu dela adieraziko da, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen arabera.

4.4. Eskaera osorik betetzen ez bada edo eskaera baloratzeko garrantzitsuak diren datuak behar bezala frogatzen ez badira, akatsa zuzen dezala eskatzen ahalko zaio toki entitateari. Horretarako hamar egun balioduneko epea emanen zaio gehienez ere, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasita. Eskatutako dokumentazioa zuzentzen ez bada, toki entitateak eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da; hala jakinaraziko zaio.

5.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalak txostena egin ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak bi hilabeteko epean, gehienez ere, ebatziko du deialdi hau, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aurrera. Ebazpen hori toki entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

6.–Entitate titular onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak dira entitate titular onuradunen betebeharrak.

7.–Dirulaguntzaren ordainketa eta gastuen justifikazioa.

7.1. Lehenbiziko ordainketan deialdi honen hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera kalkulatutako dirulaguntza osoaren %80ra arte pagatuko da, dirulaguntza emateko ebazpena sinatzen denean, ikastetxeak 2019ko martxoaren 31ra arte izandako diru-sarrerak eta gastuak frogatu ondoren; horretarako, toki entitate titularreko idazkariaren ziurtagiri bat bidali beharko da Hezkuntza Departamentura, deialdiaren eskaerarekin batera.

7.2. Bigarren ordainketa, gainerako %20ra arte, 2019ko azken hiruhilekoan eginen da, toki entitate titularrak 2018-2019 ikasturteko diru-sarrera eta gastu guztiak justifikatu ondoren. Justifikazio hori 2019ko irailaren 1a baino lehen bidali beharko da.

8.–Bateragarritasuna hirugarrenen dirulaguntzekin.

Toki entitateek beste dirulaguntza edo laguntza batzuk hartzen ahalko dituzte deialdi honen xederako, edozein administrazio publikotatik edo beste ente publiko edo pribatu batzuetatik.

Toki entitateak beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso eta ikastetxearen diru-sarrerak guztirako gastuak baino handiagoak badira, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko da Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntzatik.

9.–Toki entitate onuradunen betebeharrak, dirulaguntzaren xedeko jarduera finantzatzeko publizitateari buruz.

Dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, eskura dituzten hedabideen bitartez edo, horrelakorik ezean, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren edo prentsaren bidez, Hezkuntza Departamentuak dirulaguntza eman izanaren berri eman beharko dute.

10.–Azpikontratazioak.

Toki entitate onuradunek eskaeraren xedeko ikastetxe guztien edo batzuen kudeaketa azpikontratatzen ahalko dute, eta ez dago portzentaje mugarik azpikontratatzen den zenbatekorako.

11.–Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra, toki entitate interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

12.–Ematen diren dirulaguntzen eta haien entitate onuradunen zerrendaren araubidea eta publizitate maila.

Hezkuntza Departamentuak ematen diren dirulaguntzak eta haien entitate onuradunen zerrenda argitaratuko ditu bere web orrian.

II. ERANSKINA

Eskabide-eredua, toki entitateentzako dirulaguntzen deialdirako. 2018-2019 ikasturterako.

III. ERANSKINA

Diru-sarreren eta gastuen ziurtagiria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1905129