1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
951/2018 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak emana. Honen bidez, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uzten da eskumena ikastetxe bakoitzaren funtzionamendurako beharrezkoak gertatzen diren gastu txikietarako obra, hornidura eta zerbitzu kontratuak egiteko, eta eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen da.
2018ko maiatzaren 8an indarrean jarri zen Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea. Ikastetxe publikoek behar duten autonomia bermatzeko eta, aldi berean, kontratazio publikoari buruzko araudia gorde eta betetzeko, berriz ere arlo honetako eskumena aipatu ikastetxeei ematen zaie eskuordetzan, apirilaren 30eko 124/2008 Ebazpenaren bidez egin zen bezala.
Horrenbestez, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuaren txostena ikusita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1.–Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uztea Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 8. xedapen gehigarriak zuzendari nagusiei ematen dien eskumena, hau da, zuzendaritza nagusiaren administrazio unitateen funtzionamendurako beharrezko gertatzen diren gastu txikiak baimentzekoa, haren kargurako baliabide finantzario eta materialak kudeatzeko aukera izan dezan.
2.–Eskuordetzan emandako eskumena erabiltzeko prozedura:
2.1. Ikastetxearen gastu finkoak (energia elektrikoa, berokuntza, ura, garbiketa, kontserbazioa...) eta ikastetxearen funtzionamendu arrunterako bestelakoak ordaindu ondoren, ikastetxeak kudeaketa-funtsetako gerakinak erabiltzen ahalko ditu behar dituen obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzeko, baldin eta kontratazio zentralizatuaren programetan ez badaude.
2.2. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe bateko zuzendariak ikastetxearen funtzionamendurako behar diren obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatzen ahalko ditu, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, salbu gastua zentralizatuta badago edo hornidura- edo laguntza-enpresarekin atxikipen akordioa bada.
Hala ere, ikastetxeetako ekipamendu informatiko eta sareen kudeaketa eta mantentzea hobetu eta ikastetxeen premiak hobeki ezagutzearren, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pantaila interaktiboak, Chromebook izenekoak, inprimagailuak eta proiektagailuak erosteko eskaeren kasuan, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien eta Proiektuen Atalak oniritzi teknikoa eman beharko du, diru-kopurua edozein delarik ere.
2.3. Kontratuak aurreko atalean ezarritako zenbatekoa gainditu bai baina 15.000,00 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak berariazko baimena eman beharko du.
Horretarako, ikastetxeko zuzendariak datu hauek biltzen dituen agiria eginen du:
a) Kontratuaren xedearen deskribapena, gutxieneko betekizun teknikoak argi eta garbi adierazita.
b) Kontratua adjudikatzeko balorazio irizpideak, eta haien haztapena.
–Agiria kontratua egiteko gaitasuna duten hiru enpresa edo profesionali bidaliko zaie, gutxienez, epe jakin batean eskaintza aurkez dezaten. Ondasunaren izaeragatik nahiko hornitzailerik ez badago, baldintza hau ez da bete beharko.
–Aurkeztutako eskaintzak ikusirik, eta aipatu agirian finkatutako irizpideen arabera baloraturik, ikastetxeko zuzendariak adjudikaziorako proposamen-txostena egin eta eskola kontseilura bidaliko du, hark onets dezan.
–Onespen hori lortuta, ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentuarena eskuratu beharko du; horretarako, eskabidea eta espedienteko agiriak (aurreko tramiteen betearazpena frogatzeko agiri guztiak) aurkeztuko ditu.
Kontratuaren gaia kontuan hartuta, zerbitzu eskudunari bidaliko zaio eskaera, txosten teknikoa egin dezan kontratazioaren premiari buruz; Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera bidaliko du txostena, atalak txostena egin dezan ikastetxeak kontratazioa egiteko duen bideragarritasun ekonomikoari buruz.
3.–Ikastetxeen kontratazio guztiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioaren arloan duen araudia bete beharko dute.
Hezkuntza Departamentuak erabakitzen ahalko du berak egitea kontratazioa, komenigarritzat jotzen badu.
4.–Ikasliburuak doan jasotzeko planaren kasuan, liburuen erosketak ez ditu aipatutako mugak izanen, eta araudi aplikagarrian xedatutakoa beteko du.
5.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea ebazpen honen ondorio juridikoak argitalpen-egunaren biharamunean hasiko direla.
6.–Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuari, Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Atalari, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Hornidura Bulegoari, Erosketa Bulegoari eta Ikastetxe Publikoak Finantzatzeko Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko abenduaren 19an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.
Iragarkiaren kodea: F1815908