9. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3021/2018 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez onesten dira Gizarte Segurantzako enpresa kuota eta soldatetarako diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuan ezarritako Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresetarako. DDBN identifikazioa: 427252.

Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren helburua da laneratze enpresen araubide juridikoa arautzea gizarte-bazterketaren kontrako politika publikoetan, laneratzeko eta gizarteratzeko eragile aktibo diren aldetik, lan merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituztenentzat.

Laneratze enpresek babesteko, jarraipena egiteko eta gizarte-laguntzako esku-hartzeak egiten dituzte, eta, horiei esker, errazten dute gizarterako eta lanerako ohiturak hartzea, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzen dutenak, eta lan merkatuan sartzeko ezinbesteko direnak.

Ebazpen honen helburua da enpresa mota horri babes formulak eskaintzea, horien ezaugarri eta beharretara egokituak, eta, horretarako, haientzat berariaz diseinatutako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dira.

Nafarroako Gobernuak, 2018ko urriaren 17an, erabaki zuen Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea Gizarte Segurantzako enpresa kuota eta soldatetarako diru-laguntzak emateko gizarteratze eta laneratze enpresei, banakako ebaluazioaren bidez.

Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1.–Onestea ebazpen honen eranskinean jasotako oinarri arautzaileak eta deialdia, gizarteratze eta laneratze enpresei diru-laguntzak emateko gizarte-bazterketa bizi duten pertsonak kontratatzeagatik, haiekin gizartean eta lanean txertatzeko ibilbideak eta esku-hartze eta lagun egiteko zerbitzuak gara ditzaten, helburua izanik enpresa arruntean txertatzea.

2.–2.300.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Zailtasun gehiago dituzten kolektiboen gizarteratze eta laneratze programetarako laguntzak. Konferentzia sektoriala eta EGF” izeneko 950001 96100 4819 241104 aurrekontuko partidaren kargura, edo bestela, 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarte gaitzen den antzeko partidaren kargura.

3.–Indarrik gabe uztea, 2018ko abenduaren 31tik aurrera, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen 3017/2016 Ebazpena. Haren bidez onetsi ziren Gizarte Segurantzako enpresa kuota eta soldatetarako diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak.

4.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.

Iruñean, 2018ko azaroaren 28an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauek xede dute baldintzak eta beharkizunak arautzea Nafarroako Foru Komunitatean gizarteratze eta laneratze enpresaren katalogazioa duten enpresei diru-laguntzak emateko gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonak kontratatzeagatik, haiekin gizartean eta lanean txertatzeko ibilbideak eta esku-hartze eta lagun egiteko zerbitzuak gara ditzaten, helburua izanik enpresa arruntean txertatzea.

2018ko azaroaren 1etik aurrera aplikatuko dira oinarri arautzaile horiek.

2.–Enpresa onuradunak.

2.1. Honako hauek izan daitezke oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun:

a) Gizarteratze eta laneratze zentroak, ofiziozko behin behineko kalifikazioa “Gizarteratze eta Laneratze Enpresa”rena dutenak.

b) Gizarteratze eta laneratze zentroak, behin betiko kalifikazioa “Gizarteratze eta Laneratze Enpresa”rena dutenak.

c) Gizarteratze eta laneratze enpresak, behin-behineko kalifikazioa jaso zutenetik gutxienez ere 2 urtez jardunean izan direnak.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden entitateak.

3.–Hartzaileak.

Txertatze enpresek gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonak kontrata ditzakete, hain zuzen ere abenduaren 13ko 44/2007 Legean (txertatze enpresen araubidea arautzen duena) ezarritako kolektibo batean daudenak, baldin gizarteratzeko eta laneratzeko akordio bat sinatzen badute, kontratatuak direnetik hilabeteko epean.

Gizarteratze eta laneratze enpresetako langileek, enpresan alta ematen zaien egunean, langabezian egon beharko dute Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak lan-bizitzari buruz luzatutako txostenaren arabera, eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NL-NEZ) agentzietako batean.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak ziurtatuko du norbait gizartetik baztertuta dagoela.

Sortzen diren lanpostuak, diru-laguntzaren xede badira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzu batetik bideratutako pertsonek bete beharko dituzte, edo NL-NEZren enplegu agentzia batetik bideratuek.

4.–Txertatze enpresetan kontratatzea gizarteratzeko eta laneratzeko.

4.1. Lan kontratua gutxienez ere 6 hilabetekoa izan beharko da, eta, lanaldia %50ekoa gutxienez.

Hiru urtez emanen da gehienez diru-laguntza kontratudun bakoitzeko, zein den ere hura kontratatzen duen txertatze enpresa.

4.2. Txertatze kontratua idatzita formalizatu beharko da eta NL-NEZn erregistratuko da. Kontratuarekin batera, aldeko irizpena erantsiko da, gizarte zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuak emana.

4.3. Hiru urteko epe horretan, laneratze eta gizarteratze prozesuan den langileak, baldin enpresa arrunt batean sartu delako, bere gain jarri delako edo Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen dituen beste egoera batzuk direla eta, txertatze enpresarekin duen kontratua bukatzen badu, eta gero berriz langabe bihurtzen bada, berriz kontratatzen ahalko dute txertatze enpresek hiru urteko gehieneko epea agortu arte. Kasu horietan ez da eskatuko bete daitezela 3. oinarrian ezarritako baldintzak, salbu gizarteratzeko eta laneratzeko akordio berri bat sinatzea.

4.4. Txertatze prozesuan dauden langiletzat joko dira haiengatik diru-laguntza jaso ala ez, babesa, jarraipena eta gizarte-laguntza emateko esku-hartzeak jasotzen dituzten horiek, kontratatzen diren egunean deialdi honen 3. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

Oinarri hauen ondorioetarako, langile bat hiru urtez baino ezin izanen da egon txertatze prozesu batean, kontratatzen duen txertatze enpresa zein den ere.

5.–Gizarteratze eta laneratze enpresek bete beharreko beharkizunak.

Oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun diren gizarteratze eta laneratze enpresek honako betebehar hauek bete beharko dituzte, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako beharkizunez gain:

a) Gizartean eta lan munduan sartzeko akordio bat prestatzea 3. oinarrian adierazitako langile bakoitzarentzat, pertsona kontratatzen denetik hilabeteko epean, eta beharrezkoa den dokumentazioa gordetzea, gerora egiten diren kontrol-saioetan egiaztatu ahal izateko zein izan den gauzatutako jardueren garapena finkatutako xedeak lortzeko.

b) Gizarteratze eta laneratze enpresek diruz laguntzen den aldi bakoitzean txertatze prozesuetan dituzten langileen %10, gutxienez ere, enpresa arruntean sartzea lortu beharko dute; bestela, txertatzea bilatzeko ekintzak gauzatu direla frogatu beharko diote Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Txertatzea bilatzeko ekintzatzat hartzen da enpresetan hiru prospekzio gutxienez egitea urtebetean.

Txertatzetzat hartzen da gutxienez 6 hilabetez lan egin izana, txertatze enpresarekin izandako kontratua bukatu ondoko 12 hilabeteetan.

c) Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren arabera behar den teknikari kopurua izatea, gutxienez ere.

d) Ekitaldi bakoitzean prest dauden edo lortu diren emaitza edo soberakinen %80, gutxienez ere, aplikatzea produkzio eta gizarteratze eta laneratze egiturak hobetzeko edo handitzeko. Orobat, betebehar hori betetzat joko da baldin entitateak mozkinak bideratu baditu aurreko ekitaldietako galerak konpentsatzera.

e) NL-NEZri aurkeztea, urte bakoitzeko maiatzean, diruz lagundutako aurreko aldiko jardueraren memoria bat, gizarteratze eta laneratze enpresari buruz, honako hauek behintzat jasoko dituena:

–Enpresaren titulartasuna.

–Kokalekua.

–Jarduera nagusia eta osagarria.

–Plantillaren osaera, adieraziz zer langile dauden laneratze prozesuan.

–Egoeraren balantzea.

–Ustiapen kontua.

–Zehaztea nola erabili diren mozkinak, bidezkoa denean, d) atalean ezarritakoarekin bat, kontabilitateko liburu ofizialak aurkeztuta.

–Kontabilitate bereizirako erabiltzen duten sistemari buruzko txostena.

–Jardueraren aurreikuspena eta hurrengo ekitaldiko aurrekontuaren proiektua.

–Txostena: alta hartutako langileak txertatzeko kontratuekin lotutako akordioak zer mailatan gauzatu diren.

–Honako hauei buruzko informazioa: egindako txertatze lanak eta lan merkatu arruntean zer mailatan lortu diren txertatzeak. Ezarritako %10eko txertatzea betetzen ez bada, justifikatuko da gutxienez ere hiru prospekzio egin direla enpresetan urtebeteko epean.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta diru-laguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Laguntza lortu edo aldaketa egin eta hilabeteko epean komunikatu beharko da.

g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan oro har ezarritakoak.

h) Egiten diren jardueretan eta zerbitzuetan, baita diru-laguntza jasotzen duten jardueren publizitatean, dokumentuetan edo zabalkundean ere, behar bezala identifikatu eta adieraztea NL-NEZren finantzaketa izan duela.

i) Jatorrizko agiriak eta kopia ziurtatuak 4 urtez gordetzea, oro har onartzen diren euskarrietan, diru-laguntzaren justifikaziotik hasita. Jarduera bukatu edo ixten baldin bada, NL-NEZri igorri beharko zaio dokumentazioa, gorde dezan.

j) Laguntzen jarraipena egiteko behar den informazio guztia NL-NEZri eta kontrolerako beste edozein organismo eskuduni ematea, behar diren kontrolak onartzea eta auditoreari laguntzea.

k) 5/2018 Foru Legearen 3.c) eta 12. artikuluetan eta indarrean dagoen beste edozein arautan diru-laguntzen onuradun diren entitate pribatuei ezarritako gardentasun betebeharrak betetzea (5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa).

6.–Jarduketa diruz lagungarriak.

6.1. Diru-laguntzaren xede izan daitezke gizarteratze eta laneratze enpresen honako jarduketa hauek:

A) Soldatak.

Gizarteratze eta laneratze enpresetako langileentzako soldatengatiko diru-laguntzetan portzentaje hauek aplikatuko dira:

a) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %75eko diru-laguntza, egindako lanaldiaren proportzioan.

b) Lanbide arteko gutxieneko soldataren %50eko diru-laguntza, langileak egindako lanaldiaren proportzioan, laugarren egunetik hamabosgarren egunera bitarte, biak barne, gaixotasun arruntaren edo lanekoa ez den istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatik baja ematen denetik aurrera.

B) Gizarte Segurantzako enpresa-kuoten kalkulua.

Gizarte Segurantzako enpresa-kuoten %100eko diru-laguntza emanen da, barnean direla lan istripuen eta lanbide gaixotasunen aldiak, lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera egoki direnak, kontratuaren indarraldian, lanaldiaren proportzioan.

6.2. Diru-laguntza jaso ahal izateko, langileak 6 hilabete pasatu beharko ditu gutxienez enpresan, gutxienez ere %50eko lanaldia duela. Baldintza hori ez da bete beharko baldin eta langilea ezarritako sei hilabete horiek baino lehenago txertatzen bada.

6.3. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko orduan, ez da aintzat hartuko gozatu ez diren opor-egunen ordainketa, ezta kontratua bukatzeagatiko kalte-ordainak ere.

7.–Eskabideak eta aurkezteko epea eta modua.

7.1. Langileengatiko diru-laguntza eta haren ordainketa eskatzeko epea hilabetekoa da, soldatak eta Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzen direnetik hasita, betiere ordainketarako beharrezkoa den gastu-baimena argitaratu bada.

Deialdiaren aurreko urteko azaroaren eta argitaratzearen aurreko hilabetearen arteko aldirako eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdiaren argitalpen ofiziala egin eta biharamunetik aurrera.

Aurrekoa gorabehera, 2018ko azaroaren 1etik oinarri hauek argitaratu aurreko hilabetera bitarteko aldiari dagozkion eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da argitalpen hori egin eta biharamunetik hasita.

7.2. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar oinarriak onartzea.

7.3. Eskaera aurkezteak berarekin dakar onartzea NL-NEZk erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, entitateak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.

Orobat, berarekin dakar baimena ematea beste administrazio publiko batzuek kontsulta eta egiazta ditzaten entitate eskatzailea ordezkatzen duen pertsonaren nortasun datuak (NANa). Kontsulta hori egiteko baimena eman ezean, aipatutako pertsonaren NANaren fotokopia erantsi beharko da.

7.4. Diru-laguntza aurreikusitako epean eskatzen ez bada, ulertuko da enpresak uko egin diola dagokion hilabetearen ordainketari. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

7.5. Eskaerak 9. oinarrian adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

7.6. Eskabideak aurkezteko, Nafarroako Gobernuaren enplegu atarian horretarako gaituko den lotura erabiliko da.

8.–Instrukzioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

8.1. Prozeduraren instrukzioa egiteko organoa NL-NEZko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

8.2. Oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta aurkeztu ahala ebatziko dira, horretarako aurrekontuan kreditua dagoen bitartean.

9.–Diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko justifikazioa.

9.1. Hilero eman eta ordainduko dira soldatengatiko diru-laguntzak, gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzak aurkeztutako justifikazioaren arabera, dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Soldaten hilabetekako laburpena, horretarako gaituko den dokumentuan, txertatze prozesuetan dauden langileen zerrenda gehituta.

b) Nominen eta ordainketa agirien kopia. Kasua bada, aurrerakinen frogagiriak eta medikuaren partea aldi baterako ezintasunagatiko baja eta altekin.

c) Plantillan izandako aldaketen inprimakia (halakorik baldin badago), horretarako gaituko dena, eta inprimaki horretan zehazten den dokumentazioa.

9.2. Gizarte Segurantzaren kuotetarako diru-laguntzak hilabetean behin eman eta ordainduko dira, txertatze enpresa bakoitzak aurkeztutako justifikazioaren arabera, dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Gizarte Segurantzaren kuoten hilabetekako laburpena, horretarako gaituko den dokumentuan, txertatze prozesuetan dauden langileen zerrenda gehituta.

b) Gizarte Aseguruen eta horien ordainketa agirien kopia. Hala bada, hobariak.

9.3. Soldatengatik nahiz Gizarte Segurantzaren kuotengatik diru-laguntza eskatzeko, diru-laguntzaren hileko lehen eskaerarekin batera, jarraian adierazten diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, edo kasua bada, erantzukizunpeko adierazpena, adieraziz:

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

–Diru-laguntza hauen xede bererako beste laguntzarik ez duela hartzen, edo hartuz gero, guztien artean ez dela jardueraren kostua gainditzen.

–Baimena ematen duela datu pertsonalen tratamendurako eta fitxategi publikoetako datuen kontsultarako.

–5. oinarriaren k) atalean gardentasunari buruz ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Ez da beharrezkoa izanen informazio hau berrestea gerora diru-laguntzarako hilero egiten den eskaera bakoitzean, ez bada hasieran emandako datuak aldatu direla.

10.–Prozeduraren ebazpena.

10.1. NL-NEZko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen du bidezko ebazpena, zeinaren bidez eman edo ukatuko baitzaie interesdunei eskatutako diru-laguntza.

Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

10.2. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

11.–Bateragarritasuna.

Oinarri hauen xedeko diru-laguntzak bateragarriak izanen dira beste laguntza batzuekin, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako batzuekin. Aurrekoa gorabehera, diru-laguntza horiek, bakarrik zein beste diru-laguntza batzuei gehituta, ez dute inoiz gaindituko proiektua gauzatzeko sortzen den kostu osoaren %100.

12.–Jarraipena eta kontrola.

12.1. NL-NEZk beharrezko zeregin guztiak eginen ditu diruz lagundutako jarduketak kontrolatzeko eta haiei jarraipena egiteko. Gizarteratze eta laneratze enpresek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, jarraitzeko eta kontrolatzeko.

12.2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, diru-laguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenei egokitzen ote zaizkion egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak eginen ditu diru-laguntza jasotzen duten jarduerak egiten diren tokietara.

13.–Publizitatea.

NL-NEZk emandako diru-laguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

14.–Diru-laguntzen aldaketak.

14.1. Diru-laguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, horren berri eman beharko zaio NL-NEZri, haietarako baimena eman dezan.

14.2. Funtsezkotzat hartzen diren aldaketen kasuan, NL-NEZk behar den ebazpena emanen du. Aldaketa ez funtsezkotzat jotzen bada, organo kudeatzaileak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.

15.–Betebeharrak ez betetzea eta diru-laguntzak itzultzea.

15.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

15.2. Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta aldaketa hori NL-NEZri komunikatzen ez bazaio, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

15.3. Txertatze prozesuan den langileak ez badu irauten ezarritako 6 hilabeteko epea, kontratazio horregatik jasotako diru-laguntza itzuliko da, gehi kasuan kasuko berandutze-interesak. Behar horretatik at geldituko da txertatzeagatiko bajaren kasua, 6.2 oinarrian adierazi bezala.

15.4. Enpresak ez badu betetzen teknikari kopuru gutxienekoari eusteko betebeharra, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 19.1 artikuluak ezarri bezala, ordezteko daukan hilabeteaz haratago, ez du diru-laguntza jasoko beharkizuna betetzen ez duen denboran. Gainera, ordeztu gabeko teknikariaren bajatik jasotako kopuruak itzuli beharko ditu enpresak, egoki diren berandutze-interesekin. Kasu honetan, organo kudeatzaileak behar den ebazpena emanen du.

15.5. 5. oinarriaren e) atalean adierazitako memoria aurkezten ez bada, eten eginen da ordaindu gabe gelditzen diren diru-laguntzen ordainketa, harik eta memoria aurkeztu arte. Dokumentazio hori ez bada urriaren 31 baino lehen aurkezten, ulertuko da enpresak urte horretako ekainaren 1etik aurrera aurkeztutako eskaerei uko egin diela, eta txertatze enpresa gisa duen kalifikazioa kenduko zaio.

15.6. Bi urtez segidan txertatzeko betebeharra betetzen ez bada, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako moduan, ez betetze horretatik aurrerako hurrengo deialdiko diru-laguntzak lortzeko beharkizunak ez direla bete ulertuko da.

15.7. Kontratatutako langilearekin hilabeteko epean gizarteratze eta laneratze akordio bat sinatzeko betebeharra betetzen ez bada, 5. oinarriarekin bat, ulertuko da langile horregatik jaso beharreko diru-laguntza hartzeko beharkizunak ez direla bete, eta sinaduraren aurretik jasotako kopuruak itzultzeko arrazoia izanen da.

16.–Datu pertsonalak babesteko araubidea.

16.1. Entitate onuradunaren konpromisoa eta agindua da deialdi honekin lotuta erabiltzen den izaera pertsonaleko edozein datu eta informazio modu konfidentzialean tratatzea, eta betetzea 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, bai eta arlo horretan indarrean diren nahiz gerora aldarrika daitezkeenetan ezarritakoa ere.

16.2. Era berean, entitate onuradunak langileen adostasuna lortuko du beren datu pertsonalak tratatzeko, eta aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazio guztia emanen die.

17.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

18.–Arau osagarria.

Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta urriaren 26ko 94/2016 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F1814824