89. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

186/2019 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, irakasleentzako banakako laguntzak onesten dituena euskara ikasteko edo hobetzeko.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legediari jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen prestakuntza sustatzea, euskara ikas edo hobe dezaten.

Izan ere, 2016-2019 aldirako Euskararen I. Plan Estrategikoaren arabera, beharrezkotzat jotzen da euskararen arloan irakasleentzako aukerak sortzea hezkuntza maila guztietan. D eredua (euskarazko irakaskuntza) Nafarroa osora hedatzeko, hizkuntza horretan gaitasuna duten profesional gehiago beharko dira, eta, horregatik, destinoko ikastetxean jarraitzeari uko egin gabe eredu horretan sartu nahi dutenen ikaskuntza erraztu beharko da, bai eta Nafarroa osoko irakasleen etengabeko ikaskuntza eta hobekuntza ere.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleei banakako laguntzak emateko deialdia onets dadin, euskara ikasteko ikastaroak egiteko, 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitarte, eta euskara hobetzeko ikastaroak egiteko eskolarik gabeko aldietan eta oporraldietan. Ikastaroak, bai ikastekoak bai hobetzekoak, egin ahalko dira helduei euskara irakasten dieten zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialetan eta unibertsitateetan) eta helduek euskara ikasteko ikastegi pribatuetan.

Hezkuntza Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdia eta bere oinarriak (ebazpen honen I. eranskinean jasoak) onestea Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleei euskara ikasteko edo hobetzeko banakako laguntzak emateko. Helduei euskara irakasten dieten zentro publiko (Hizkuntza Eskola Ofizialak eta unibertsitateak) eta helduek euskara ikasteko ikastegi pribatuetan jaso behar da prestakuntza, 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitarte.

2. Gehienez 8.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko aurrekontuko “Irakasleen euskarazko prestakuntzarako laguntzak” izeneko 420001 42410 4809 321200 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (Berriak-Gaur-gaurkoa) eta http://www.navarra.es/home_eu/ (Tramiteak) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Euskara Atalari eta Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko apirilaren 9an.–Hezkuntzako Zuzendari Nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Oinarriak, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako “irakasleendako euskara ikasteko edo hobetzeko banakako laguntzen deialdia” arautzen dutena

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Hezkuntza Departamentuak banakako laguntzetarako deia egiten du Nafarroako ikastetxeetako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleentzat, euskara ikasteko ikastaroak egiteko, 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitarte, eta euskara hobetzeko ikastaroak egiteko, epe horretako eskolarik gabeko aldietan eta oporraldietan. Ikastaroak, bai ikastekoak bai hobetzekoak, egin ahalko dira helduei euskara irakasten dieten zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialetan eta unibertsitateetan) eta helduek euskara ikasteko ikastegi pribatuetan.

Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako eta itunduetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntzak, betiere matrikula egiten duten unean jarduneko zerbitzuan badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute, ikastetxe publikoen kasuan, edo lan kontratu bat, ikastetxe pribatu itunduen kasuan.

2.2. Prestakuntza jasotzen duten irakasleek eskubidea izanen dute 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitartean egindako ikastaroen matrikularen zati bat ordain diezaieten, betiere laguntzaren xede den ikastaroan (edo ikastaroetan) eskolen %80tara gutxienez bertaratu badira. Gutxieneko bertaratze hori ez badute, deialdian parte hartzeko eskubidea galduko dute.

Hirugarren oinarria.–Banakako laguntzen deskribapena eta zenbatekoa.

3.1. Ikastaroen ezaugarriak.

Diruz lagunduko dira bai aurrez aurreko ikastaro estentsiboak bai trinkoak, barnetegiak eta on-line ikastaroak, bai euskara ikasteko bai hobetzeko. Hobetzeko ikastaroek xede izanen dute irakasleen beraien hizkuntza-gaitasuna lantzea edo irakasle lana hobetzeko metodologia.

Ez dira onartuko 2018ko urriaren 1etik 2019ko maiatzaren 31ra bitartean egindako euskara hobetzeko on-line ikastaroak eta metodologiaren gainekoak, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak-EIBZk eta Irakasleen Laguntza Zentroek garai horretan eskaintzen dituztelako dohainik irakasleentzat.

3.2. Zenbatekoa.

Diru-laguntza, printzipioz, ordaindutako matrikularen %50 izanen da.

3.2.1. Ezarritako irizpideak aplikatu ondoren, proposamen guztiak aintzat hartzeko bezainbeste dirurik ez badago aurrekontuan, hainbanaketa aplikatuko da guztietan, behar den portzentaje murrizketarekin.

3.2.2. Eskaera guztiak aintzat hartu ondoren, aurrekontuan dirua sobera badago, hainbanaketa aplikatuko da guztietan, behar den portzentaje igoerarekin.

3.2.3. Jasotzen den laguntzak ez dio inolako onura ekonomiko pertsonalik ekarriko esleipen hartzaileari.

3.3. Laguntzen banaketa.

Laguntzen %75 sare publikoko irakasleentzat izanen da, eta %25 sare itundukoentzat.

Sare batean erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabeak beste sarean emanen dira.

Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2019ko irailaren 2tik 13ra bitartekoa izanen da.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta dokumentazioa.

5.1. Eskaerak aurkeztea.

a) Eskaera, ahal izanez gero, web formulario baten bidez eginen da eta bere URL-a emanen da eskaerak egiteko epea hasten denean (irailaren 2an). Eranskin honen 5.2 puntuan aipatzen den dokumentazioa eskaneatuta aurkeztu beharko da. Hautaketa Batzordeak eskubidea du jatorrizko dokumentuak eskatzeko, beharrezkotzat iritzitako egiaztapenak egiteko.

b) Bestela, ebazpen honen 2. eranskineko eskabidea eta dagokion dokumentazioa Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira.

Nolanahi ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

Deialdiaren prozesu osoa (eskaera, dokumentazioaren aurkezpena, etab.) telematika bidez egin daiteke, hurrengo web orriaren bitartez:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1

Tramitazio elektronikoa egin ahal izateko, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala izan beharko da.

Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.2. Dokumentazioa.

–Web formularioa edo Ebazpen honen 2.eranskineko eskabidea.

–Ikastaroa antolatzen duen erakundeak izenpeturiko agiria, ondorengo datuekin: parte-hartzailearen izen-deiturak, egindako ikastaroaren izena, maila, mota (Hirugarren Oinarriaren 1. puntua), prezioa, ikastaroaren hasiera eta bukaera datak, ordu kopuru osoa eta eskatzaileak egindako ordu kopurua, honek suposatzen duen asistentzia-portzentajea zehaztuz. Datu horiek guztiak nahitaezkoak dira laguntza pagatzeko.

–Matrikularen ordainagiria.

5.3. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE).

Laguntzen irakasle onuradunek “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” (3. eranskina) bidali beharko dute, beste inoiz egin ez badute, dagokion banketxeak betea eta zigilatua, ordaintzeko eskaera egiteko inprimakiaren orrialde oinean agertzen den helbidera, laguntza eman zaiela jakinarazi eta 10 eguneko epean. Agiri hori helbide honetan ere eskura daiteke:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Seigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

Beste administrazio publiko batzuek euskara ikasteko edo hobetzeko prestakuntza ikastaroak 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra bitartean egiteko laguntzak jasoz gero, zenbatekoa egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, laguntza ematen duen administrazioak egina. Hezkuntzako Departamentuaren laguntzaren eta gainerako laguntzen baturak ezin du inola ere gainditu matrikularen zenbatekoa. Edonola ere, eskatzaileak eskatutako eta jasotako diru-laguntza guztien berri emanen dio Eleaniztasunaren eta Arte ikasketen Zerbitzuari.

Zazpigarren oinarria.–Hautapen batzordea.

Kide hauek osatuko dute hautapen batzordea:

–Euskara Ataleko burua.

–Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoko burua.

–Euskara Ataleko teknikari bat.

Hautapen batzordeak eskaera guztiak baloratu eta esleituko ditu, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak esleipen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu web-orri hauetan (“Berriak”-”Gaur-gaurkoa”):

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/actualidad (gaztelaniaz).

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actualidad (euskaraz).

–Nafarroako Atarian (www.navarra.es/home_eu/).

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinekoz esleitu diren eskaeren zerrenda.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

Hautagaiek erreklamazioak aurkez ditzakete hautapen batzordearen aurrean, behin-behineko zerrenda argitaratu eta 3 egun balioduneko epean. Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du batzordeak eta esleipendunei Ebazpenaren berri emanen zaie.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau Hezkuntzako zuzendari nagusiak, batzordearen proposamenarekin bat.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Esleitutako laguntza guztia pagatzeko, deialdiaren bosgarren oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu behar dira aurretik.

Laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarriko du berarekin.

Laguntza hauen onuradunak behartuak daude Hezkuntza Departamentuak eskatzen dien informazio guztia ematera, eta behar diren finantza-kontrolerako lanen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Hamargarren oinarria.–Ziurtapena.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak metodologiaren gaineko euskarazko ikastaroren batera joan izanaren ziurtagirian zehazten den ordu kopuru bereko prestakuntzaldia aitortuko die irakasleei, eta jarduerari izaera ofiziala emateko ziurtagiria eginen du.

Hamaikagarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdia aplikatzearen ondoriozko egintzen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko Kontseilariari zuzendua, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabidea (PDFa).

3. Eranskina

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1905751