89. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

86E/2019 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena bi etxebizitzatarako gas kanalizazioa eta biltegia jartzeko proiekturako, Baztango 37. poligonoko 90. eta 94. lurzatietan, Amaiurren, Baztango udal-mugartean. Sustatzailea CEPSA Gas Licuado SA da.

2018ko abenduaren 12an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartuta daudenetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Petronavarra SLk proiektatutako jarduketaren xedea da aireko gas biltegi bat, Baztango 37. poligonoko 94. lurzatian dagoena, kentzea, eta beste bat jartzea, gas likuatuarena, aurrekoaren neurri, kolore, kokapen eta bolumen bera (2.450 litrokoa) dituena, eta kanalizazioa egokitzea, Baztango 37. poligonoko 90. eta 94. lurzatietan dauden etxebizitzak hornitzeko, hau da, Mendialdea eta Makitenea etxeak, hurrenez hurren. Kanalizazioa aipatutako lurzatietan barna doa, eta bertan, nagusiki, baserri horiek eta atxikitako guneak daude.

Espedientean Baztango Udalak 2018ko abenduaren 17an emandako adostasun txostena dago, eskaerarekin batera igorritakoa. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du 2019ko martxoaren 7an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea bi etxebizitzatarako gas kanalizazioa eta biltegia jartzeko proiekturako, Baztango 37. poligonoko 90. eta 94. lurzatietan, Amaiurren, Baztango udal-mugartean. Sustatzailea CEPSA Gas Licuado SA da.

2. Betebehar hauek betetzearen baldintzapean ematen da baimena:

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren beste jarduera jakin batzuk propano gasaren sarearekin konektatzea edo horretarako harguneak jartzea.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren baimena eskuratu beharko du (Mutuerrekako errekaren polizia-eremua).

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduketa baimena eman eta bi urteko gehieneko epean egin beharko da, edo abian jarri. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduketa uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak eskatuko dio sustatzaileari konpromisoa har dezala, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Baztango Udalera, Basozaintzara (1. barrutia: Bidasoa), Petronavarra SLra eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 20an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1903931