87. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

11/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, GR-225 Ibilbide Luzea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du prozedura abiatzea GR-225 Ibilbide Luzea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko. Aipatu tokia memoriaren tokien behin-behineko inbentarioan dago, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako horretan, alegia. Batzordeak berak lehentasunezko deklaratu zuen 2019ko otsailaren 1eko bilkuran.

Proposatzen da GR-225 Ibilbide Luzea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzea, 1938ko maiatzaren 22ko arratsaldean Ezkabako gotorlekutik ihes egin zuten presoen ibilbidea gogorarazten baitu. Haiek atzetik harrapatu nahian ateratakoek jazarririk eta bazter haiek ezagutu gabe, iparraldera abiatu ziren Frantziako mugara ailegatu nahian. Hiruk baizik ez zuten erdietsi. GR-225 ibilbideak Jovino Fernándezek egindako bidea oroitarazten digu, muga pasatu eta Urepelera ailegatzea erdietsi baitzuen. Nafarroako Gobernuak, 2017an, boluntarioen laguntzari esker, bidea seinaleztatu eta balizatu zuen, eta, harrezkeroztik, jende aunitzek egin du bidea. Bestalde, memoria belaunalditik belaunaldira pasatzeko toki bihurtu da “Memoria duten eskolak” programaren barreneko “Askatasunaren botilak” izeneko esperientziaren bidez, jarduera horretan Bigarren Hezkuntzako ehunka ikaslek bide hori egin bidenabar ihes egindakoen senitartekoen eta ikertzaileen testigantzak aditzen baitituzte.

Ibilbidea lau etapatan dago antolatua: Ezkabako gotorlekua-Olabe, Olabe-Saigots, Saigots-Sorogain eta Sorogain-Urepel. Haietan, memoriagune batzuk bisitatzen ahal dira, Olabeko hilobia kasu, hau ere Nafarroako Memoria Historikoaren toki proposatua.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. GR-225 Mendiko Ibilbide Luzea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0009 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Prozedura abiatzeak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.

4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.

5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

8. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari, Ondare Zerbitzuari, Berriobeitiko Udalari, Ezkabarteko Udalari, Olaibarko Udalari, Anueko Udalari, Esteribarko Udalari, Erroko Udalari, Juan Esteban Paternain Oroz jaunari eta Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeari jakinaraztea, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.

Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

GR-225 Mendiko Ibilbide Luzea (53 km).

Katastroko erreferentzia: Lurzatien zedula asko.

Eskuragarri egoitza fisikoan (Nafarroako Memoriaren Institutua, Arrieta kalea 12, 5., 31002 Iruña).

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Ibilbidea eta seinaleak.

Mugatze kartografikoa (IDENA):

Eskuragarri egoitza fisikoan (Nafarroako Memoriaren Institutua, Arrieta kalea 12, 5., 31002 Iruña) eta Gobernu Irekiaren Atarian.

Balioen identifikazioa:

GR-225 Ibilbideak Ezkabako gotorlekutik ihes eginda Frantziako mugara ailegatu nahian presoek egindako bidea ekartzen du gogora. Bi jarduera batu nahi ditu: batetik, bidezaletasuna, eta, bestetik, gure historiako gertakari tragiko eta odoltsu hura gogoratu, eta gure herriak iraganean bizi izandako indarkeriari buruzko gogoeta.

Titulartasuna.

Orubearen jabeak:

Berriobeitiko Udala.

IFZ: P3190200J.

Ezkabarteko Udala.

IFZ: P3110000A.

Olaibarko Udala.

IFZ: P3118800F.

Anueko Udala.

IFZ: P3101700G.

Esteribarko Udala.

IFZ: P3109700I.

Erroibarko Udala.

IFZ: P3109100B.

Juan Esteban Paternain Oroz Jn.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Zainketak seinaleak eta informazio elementuak hartzen ditu barne.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da, eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jaso.

Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F1905923