1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
10/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Valcarderako Hilobiaren memoriagunea (Cadreita) Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.
Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du prozedura abiatzea Valcarderako Hilobiaren memoriagunea (Cadreita) Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko. Aipatu tokia memoriaren tokien behin-behineko inbentarioan dago, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako horretan, alegia. Batzordeak berak lehentasunezko deklaratu zuen 2019ko otsailaren 1eko bilkuran.
Proposatzen da Valcarderako Hilobiaren memoriagunea (Cadreita) Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzea, bertan esanahi memorialista berezi bat ematen dioten zenbait baldintzak bat egiten dutelako. Bardeako toki horretara 1936ko abuztuaren 23an 53 preso eraman zituzten Iruñeko Presondegi Probintzialetik, itxuraz aske uzteko. Preso gehienek Iruñean zuten jatorria eta hiriko taldeko errepublikano nagusiko kide ziren. Baina eraildako presoen artean baziren beste herri batzuetakoak ere, Auritzekoak, Larragakoak, Obanoskoak eta Alesbeskoak. Haietako bakar batek lortu zuen borreroengandik ihes egitea, Honorino Artetak alegia. Ikerketa historikoek ateratzearen izaera sinbolikoa jarri dute agerian; altxamendu militarrean inplikaturik egon ziren indarren bategitea lortu nahi izan zuen prozesio erlijioso handi bat egin zen...
Valcarderako hilobia 1959an ireki zen, ahaideei horren berri eman gabe eta beraien baimenik gabe, gorpuzkiak Erorien Haranera eramateko helburuarekin. Halaber, hara eraman zituzten Nafarroako beste herri batzuetako pertsona erailen gorpuzkiak. Franco hil eta gero, ahaideak antolatu egin ziren beraienak ziren gorpuzkiak eskatzeko, eta, 1979an, Nafarroara eramateko baimena lortu zuten Cuelgamurosen gaur arte egin den exhumazio bakarrean. Halere, oraindik ez da jakin itzuleran non hobiratu zituzten azkenean eta horrek errepresaliatu talde hau bortxazko desagerpenen ondorioen ikur bihurtu du. Egun, hilobiaren kokalekuak bertaratzeko bide zaila du; beraz, AFFNA36NAFSE elkarteak egindako eskaerari erantzunez, memoriagunea metro batzuk mugitzea proposatzen da herritarrak bertara daitezen errazteko.
Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Valcarderako Hobiaren memoriagunea (Cadreita) Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0004 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.
2. Prozedura abiatzeak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.
4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.
5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.
6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.
Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
8. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari, Cadreitako Udalari eta Delfin Pejenaute Fernández jaunari jakinaraztea, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.
Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.
ERANSKINA
Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):
Valcarderako Hilobia (Cadreita).
Katastroko erreferentzia: 310000000002315558PQ.
Kokatze kodea: 5 60-A.
Ondasunaren ukitutako zatiak:
Lursail mugatua.
Mugatze kartografikoa (IDENA):
1.6573138119581394, 42.24000110954675,373.197.
1.657440611364611, 42.24002285765634,373.308.
1.6573798240160218, 42.239960229431986,373.377.
1.6573108304279531, 42.23999882312703,373.197.
Balioen identifikazioa:
Hobi komun nagusietako bat, 1936ko abuztuaren 23ko sarraskiak 52 biktima utzi baitzituen. 1959an ireki zen hilobia gorpuzkiak Erorien Haranera eramateko. Handik Nafarroara eraman ziren, baina ez dakigu nora. Izugarrikeriaren irudi da, pentsaera eta militantzia hutsagatik arerio politikoak modu sistematikoan desagerraraztearen ondorio. Gainera, bortxazko desagerpenen ondorioen ikur ere bada.
Titulartasuna.
Orubearen jabea: Delfín Pejenaute Fernández jn.
Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak.
Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.
Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jasoko da.
Kautelazko babes-neurriak:
Ez dira zehaztu.
Iragarkiaren kodea: F1905922