1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
9/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Eloko Tejeriako hilobiaren memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.
Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du prozedura abiatzea Eloko hilobiaren memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko. Aipatu tokia memoriaren tokien behin-behineko inbentarioan dago, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako horretan, alegia. Batzordeak berak lehentasunezko deklaratu zuen 2019ko otsailaren 1eko bilkuran.
Proposatzen da Eloko Tejeriako hilobiaren memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzea, Nafarroako hilobi nagusietako bat delako, bertan, 1936ko abuztutik azarora bitartean, ehun bat pertsona hil baitzituzten. Urrotz eta Arrizabalaga elkartzen dituen NA-234 errepidearen 10. kilometroaren ondoan dago, Nafarroako Ubidearen urtegiaren atzealdean. Bertan, Agoizko, Aosko, Berbintzanako, Caparrosoko, Kasedako, Galipentzuko, Murillo el Cuendeko, Iruñeko, Azkoiengo, San Martin Unxeko, Tafallako eta Esako zenbait bizilagun erail eta lurperatu zituzten, gutxienez zazpi data ezberdinetan. Horien artean, nabarmena da Tafallako kartzelatik ateratako pertsonena, 1936ko urriaren 20tik 2erako goizaldean.
Hilobi horretan, 1978an, exhumazioa izan zen, “exhumazio goiztiarrak” izeneko prozesuaren barruan. Bertan eraildakoak beren ideologiarengatik edo militantzia politikoarengatik izan ziren erailak, 1936ko estatu kolpearen kontrakotzat hartu baitzituzten. Aspaldi, memoriaren toki bezala hartu izan da, “Respeten este lugar. Es cementerio de 1936” inskripzioarekin Eloko apezak kartel bat jarri zuenetik.
Nafarroako Ubidea testuinguruan eraiki zen urtegiaren atzealdeak hartzen duen espazio batean dago kokatua hilobia. Horregatik, bertan gertatutakoa ikusarazteko eta biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubideari modu hoberenean erantzuteko, ulertzen dugu aukerarik hoberena biktimak modu duinean gogora ekartzeko bidea ematen duen ondoko espazio bat babestea dela. Espazio hori, Teileriako Ahaztuak elkartearen nahia kontuan hartuta, Eloko udalaren herri-lurzati bat da, zeinaren katastroko erreferentzia eranskinean zehazten den.
Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Eloko Tejeriako hilobiaren memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0003 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.
2. Prozedura abiatzeak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.
4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.
5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.
6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.
Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
8. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari eta Eloko Udalari jakinaraztea, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.
Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.
ERANSKINA
Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):
Eloko Tejeriako Hilobia.
Katastroko erreferentzia: 310000000001292846HS.
Kokatze kodea: 1 105.
Ondasunaren ukitutako zatiak:
Lurzatia.
Mugatze kartografikoa (IDENA):
1.528497027906495, 42.72583064117782.
1.5284141617442615, 42.725719261584665.
1.5282229839657864, 42.725797852149874.
1.528312114764054, 42.725902558430064.
1.5284908694623762, 42.72583281336078.
Balioen identifikazioa:
Nafarroan exhumazioa egina duen hilobi nagusia da. Bertan, 1936ko abuztutik azarora bitartean, Nafarroako zenbait herritako ia ehun pertsona erail eta lurperatu zituzten kartzelatik atera ondoren, gutxienez zazpi data ezberdinetan. 1978an, ahaide eta lagunek bertan zeuden gorpuak hobitik atera zituzten. Ideologiarengatik eta militantzia hutsagatik etsai politikoen eliminazio sistematikoak eragin zuen izugarrikeria irudikatzen du.
Titulartasuna.
Orubearen jabea: Eloko Udala.
NANa/IFK: P3117200J.
Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:
Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.
Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jasoko da.
Kautelazko babes-neurriak:
Ez dira zehaztu.
Iragarkiaren kodea: F1905921