Iragarkia
87. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 7a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IZARBEIBARKO ZERBITZU ADMINISTRATIBOEN MANKOMUNITATEA
Udal ordenantza, Administrazio elektronikoa arautzen duena. Behin betiko onespena
Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitateak, 2018ko abenduaren 21ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitateko administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia 2019ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
Obanosen, 2019ko martxoaren 21ean.–Mankomunitateko burua, Juan Ignacio Elorz Torrecilla.
ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA: IZARBEIBARKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Atarikoa
Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen bidez, herritarrei eskubide berri bat aitortu zitzaien, aukera izan dezaten administrazio publikoekin dituzten harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzeko. Halaber, 2009. urtera arteko epea eman zien administrazio publikoei eskubide hori bermatzeko beharrezko baliabideak ezar zitzaten, arauan xedatua betetzeko.
Horrenbestez, Herritarrek zerbitzu publikoetan elektronikoki sartzea arautzen duen ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuak xedatuari jarraikiz, mankomunitate honek administrazio elektronikoko sistema oso bat garatu eta abiarazi du, barnean hartzen duena, batetik, herritarrekiko harremana eta, bestetik, prozeduren tramitazioa udal administrazioan. Horrek aldaketa ugari dakartza berekin, eta tradizionalki erabili diren beren baliokide elektronikoekin ordezteko beharrezko kontzeptu eta arau berriak ahalik eta zehatzen eta argien ezartzea eskatzen du.
Horretaz gainera, beharrezkoa da herritarren eskura jartzea arau bat, testu bakarrean biltzen dituena eskubide eta betebehar guztiak, bai eta mankomunitate honekiko harremanetarako baliabide elektronikoen erabilerari lotutako alderdi instrumentalak ere. Ordenantza honek bi eskakizunok betetzen ditu, administrazio elektronikoa osoki hartzen baitu.
Hori dela eta, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz mankomunitate honi dagozkion eskumenak eta toki autonomiaren printzipioa betez, beharrezkoa ikusten du administrazio elektronikoa arautzeko ordenantza hau.
Horrek guztiak justifikatzen du araua egokitzen dela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.1 artikuluan ezarritako erregulazio onaren printzipioetara eta, beraz, betetzen dela administrazio publikoek premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera jarduteko duten betebeharra.
I. KAPITULUA
Xedea eta aplikazio eremua
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da udal administrazioaren alde elektronikoak arautzea, eta egoitza elektronikoaren, erregistro elektronikoaren eta administrazioko kudeaketa elektronikoaren araubide juridikoa sortu eta zehaztea. Horren bidez gauzatzen da herritarrek duten Udalaren zerbitzu publikoen sarbide elektronikoa erabiltzeko eskubidea.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Ordenantza hau aplikatuko zaio Mankomunitateari eta horren mendeko edo horri lotutako zuzenbide publikoko entitateei, bai eta herritarrei ere, udal administrazioarekin dituzten harremanetan.
II. KAPITULUA
Identifikazio eta autentifikazio sistemak
3. artikulua. Identifikazio eta autentifikazio sistemak.
Erabiliko diren identifikazio eta autentifikazio sistemak ezarrita daude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapituluan.
Udal administrazioaren aurrean elektronikoki identifikatzeko garaian, interesdunek edozein sistema erabili ahalko dute, aldez aurreko erregistrokoa bada eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko aukera ematen badu. Zehazki, honako sistema hauek erabiltzen ahalko dira:
a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.
b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak Ziurtapen zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira.
c) Gako itunduko sistemak eta udal administrazioak ontzat eman dezakeen edozein sistema, ezartzen diren modu eta balditzetan.
Interesdunek edozein bitarteko erabili ahal izango dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren egiazkotasuna, bai eta dokumentuaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.
Interesdunek udaleko administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, honako bitarteko hauek onetsiko dira izenpetzea baliozkoa izan dadin:
a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.
b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak «Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrenda»ko emaileek emanak badira.
c) Udal administrazioak ontzat ematen ahal duen beste edozein sistema, ezartzen diren modu eta baldintzetan.
Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, nahikoa izango da interesdunek aldez aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein identifikazio bitartekoren bidez.
Administrazio publikoek honako prozedura hauetarako baino ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:
a) Eskaerak egiteko.
b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.
c) Errekurtsoak jartzeko.
d) Akzioetan atzera egiteko.
e) Eskubideei uko egiteko.
III. KAPITULUA
Egoitza elektronikoa
4. artikulua. Egoitza elektronikoa.
Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitatearen egoitza elektronikoa sortu da, eta honako URL helbide honetan dago eskuragarri: https://mancomunidad-valdizarbe.sedelectronica.es/FichaTramite.aspx?idioma=2.
Egoitza elektronikoaren titulartasuna udal-administrazioarena izango da.
Egoitza elektronikoak printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.
Egoitza elektronikoa erabiliko da norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunearen autentifikaziorako ziurtagiri aitortua edo kalifikatua, edo horren baliokidea erabiliz.
Egoitza elektronikoa erabilgarri egonen da herritarrentzat urteko egun guztietan eta egunaren hogeita lau orduetan. Mantentze-lan tekniko edo operatiboarekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzaren erabilgarritasuna, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aldez aurretik iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan bertan, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.
5. artikulua. Prozeduren katalogoa.
Aipatu 39/2015 Legearen 53.1.f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko indarreko xedapenen arabera egin nahi dituen proiektuek, jarduketek edo eskabideek bete beharreko baldintza juridiko edo teknikoei buruz.
Zentzu berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.
Ondorio horietarako, Mankomunitateak publikoki jakitera emango du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izango du katalogo hori.
6. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.
Egoitza elektronikoak aplikatzekoa den legedian ezarritako edukia izango du eta, edozein kasutan, honako hauek adieraziko dira:
a) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.
b) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz.
c) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.
d) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.
e) Udal administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.
f) Erregistro elektronikorako sarbide bat eta egoitzaren bidez eskuragarriak diren erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko ebazpenerako sarbidea.
g) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.
h) Informazio administratiboaren inbentarioa, Mankomunitateak emandako prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.
i) Herritarrak udal administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda.
j) Iradokizunak eta kexak egiteko erabil daitezkeen bitartekoak.
k) Espedientearen tramitazio-egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, interesdunak bere burua identifikatu ondoren.
l) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen kode seguruarekin autentifikatutako agirien egiazkotasuna eta osotasuna egiaztatzea.
m) Data eta ordu ofiziala.
n) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.
o) Adierazi egingo da zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.
p) Eguneratutako direktorio geografikoa, interesdunari bere etxetik gertuen dagoen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoa identifikatzen lagunduko diona.
q) Administrazio-organoen, administrazio-zentroen edo administrazio-unitateen indarreko identifikazio-kodeak.
7. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.
Egoitza elektronikoak ediktuen taula elektroniko bat izango du. Bertan legearen eta araudien arabera zehazten diren egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.
Mankomunitateak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, epeak zenbatzeko ondorioetarako data horien egiaztapena ziurtatzeko.
8. artikulua. Publizitate aktiboa.
Mankomunitateak aldian behin emango du argitara jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturiko jardueren gardentasuna bermatzeko beharrezkoa den informazio eguneratua, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, edo hura aldatzen edo ordezten duen araudian xedatutakoaren arabera.
Alde horretatik, Mankomunitateak honako hauek emango ditu argitara:
–Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.
–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioak, hala ordenantzak edo araudiak nola zerga araudiak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.
–Informazio ekonomikoari eta aurrekontuari buruzkoa, bai eta estatistikoa ere.
9. artikulua. Kontratatzailearen profila.
Egoitza elektronikotik Mankomunitatearen kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egongo da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatuarekin.
IV. KAPITULUA
Erregistro elektronikoa
10. artikulua. Erregistro elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua.
Ordenantza honen bidez Mankomunitatearen eta haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeen erregistro elektronikoa sortu da, funtzionamendu-araubidea zehaztu da eta ezarri dira bitarteko elektronikoen bidez egiten diren eskabide, idatzi eta komunikazioak aurkeztu eta bidaltzean bete beharreko baldintzak eta betekizunak.
Erregistro elektronikoaren funtzionamendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) eta ordenantza honetan ezarritakoaren arabera egingo da eta, horietan arautu ez diren alderdietan, aplikatzekoa den zuzenbide administratiboko araudian jasotakoaren arabera.
11. artikulua. Erregistro elektronikoaren izaera eta eraginkortasuna.
Mankomunitate honek erregistro orokor bat izango du eta, bertan, Mankomunitatean aurkeztutako edo jasotako dokumentu guztien idazpena egingo da.
Administrazio guzti-guztien erregistro elektronikoak guztiz elkarreragingarriak izango dira, horien bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa bermatuz, bai eta erregistroko idazpenak eta edozein erregistrotan aurkezten diren dokumentuak modu telematikoan bidaltzeko aukera ere emanez.
12. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.
Mankomunitatearen erregistro elektronikoak honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Idazkiak, eskabideak eta komunikazioak jasotzea, bai eta horien sarrerako idazpena egitea ere.
b) Eskabide, idazki eta komunikazioak aurkeztu izanaren ziurtagiri elektronikoak ematea.
c) Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak bidaltzea, bai eta horien irteerako idazpena egitea ere.
d) Legez edo arauz ematen zaien beste edozein.
13. artikulua. Erregistro elektronikoaren arduraduna.
Mankomunitateko burutza arduratuko da erregistroa kudeatu, antolatu, zuzendu, bultzatu eta ikuskatzeaz, bai eta sortzen diren lege-aldaketetara eta etorkizuneko teknologia berrietara egokitzeaz ere. Eskudantzia horien barnean sartzen da erregistroaren bidez tramitatu beharreko prozedurak eta dokumentuak ezartzea, beharrezko aginduak emanez indarrean sartzeari buruz. Idazkaritza Nagusiak erregistroaren eguneroko funtzionamendua bermatzeko beharrezko neurriak hartu ahalko ditu, bai eta zerbitzu administratiboak koordinatu ere, informazio-sistema hori ahalik eta eraginkorren izatea lortzeko.
14. artikulua. Erregistro elektronikoan sartzea.
Erregistro elektronikorako sarbidea https://mancomunidad-valdizarbe.sedelectronica.es/FichaTramite.aspx?idioma=2 URL helbidean dagoen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez egingo da.
15. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.
Administrazio honen aurrean modu presentzialean aurkeztutako dokumentuak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen alorreko laguntza-bulegoak, 39/2015 Legearen 27. artikuluan xedatuaren arabera, horiek administrazio-espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitaliza ezin daitezkeen formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.
Erregistro elektronikoak aukera emango du eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko, eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan.
Erregistro elektronikoan egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialak erabiliko dira.
Erregistro elektronikoak modu automatikoan sortuko du egindako aurkezpenaren ziurtagiri bat, pdf formatuan eta onartutako identifikazio-sistemetako baten bitartez. Bertan azaldu beharko dira aurkezpenaren data eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia eta aurkezpen-formularioari atxikitako eranskinen zerrenda. Aurkezpenaren ziurtagiria ez ematea dokumentua ez jasotzearen baliokidea da, eta horren berri eman beharko zaio erabiltzaileari.
16. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak errefusatzea.
Udal administrazioak errefusatu ahal izango ditu baldintza hauetan aurkezten diren dokumentu elektronikoak:
a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jar lezaketen gailuak dituztenak.
b) Dokumentu normalizatuak erabiltzen direnean, nahitaezko eremuak betetzen ez direnean edo dokumentuaren tratamendua ezinezko egiten duten inkongruentziak edo ez-egiteak daudenean.
Erregistro elektronikoan aurkezten diren idazki eta komunikazioen eranskinak irakurgarriak eta ez-akastunak izango dira. Normalean onartzen diren formatuak erabili ahal izango dira (Mankomunitatearen egoitza elektronikoan publiko egingo dira horiek).
Kasu horietan, egoera horren berri emango zaio dokumentua bidali duenari, dokumentua errefusatzeko arrazoiak jakinaraziz eta, posible denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak adieraziz. Interesdunak eskatzen duenean, dokumentua aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emango da, eta errefusatzeko arrazoiak adieraziko dira.
17. artikulua. Epeen kontaketa.
Interesdunek zein administrazio publikoek bete beharreko epeen kontaketari dagokionez, erregistro elektronikoa egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialek gobernatuko dute; horrek behar diren segurtasun-neurriak izango ditu bere segurtasuna bermatzeko.
Erregistro elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egongo da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoak direla-eta beharrezkoak diren etenak direnean.
Epeen kontaketari dagokionez, honako hauek bete beharko dira:
–Epeak ordutan zehazturik badaude, ordu horiek baliodunak direla ulertu behar da. Baliodunak izango dira egun baliodun bat osatzen duten ordu guztiak.
Ordutan adierazitako epeak orduz ordu eta minutuz minutu zenbatuko dira dagokion ekintza egiten den ordu eta minututik, eta ezin izango dute hogeita lau ordutik gorakoak izan; horrelakoetan, egunetan adieraziko dira epeak.
–Epeak egunetan adierazten direnean, egun baliodunak direla ulertuko da; beraz, larunbatak, igandeak eta jaiegunak ez dira zenbatuko.
–Delako eskaera, idazki eta/edo oharra egun baliogabe batean sartzen bada, hurrengo egun balioduneko lehen orduan sartu dela ulertuko da. Horretarako, sarrerako idazpenean aurkezteko egun eta ordu hauek idatziko dira: dokumentua benetan jaso zen eguna eta ordua, baina hurrengo egun balioduneko lehen ordua adieraziko da sarrera-egun eta -ordu bezala.
–Eskabideen sarrera ezarritako epean egin dela ulertuko da, dagokion egunean hasten bada eta arrakastaz amaitzen bada. Epeen kontaketari dagokionez, baliagarria izango da eta ondorio juridikoak izango ditu erregistro-unitateak emandako ziurtagirian agertzen den sarrera-datak.
–Erregistro elektronikotik ez da irtengo inolako idazki edo komunikaziorik egun baliogabeetan.
–Udal administrazioaren erregistro elektronikoari dagokionez, egun baliogabeak dira larunbatak, igandeak eta Estatuko, Nafarroako eta udalerriko hiriburuko laneko jaiegunen egutegi ofizialean zehaztutakoak. Ondorio horretarako, erabiltzaileek aukera izango dute egoitza elektronikoan argitaratutako egutegia kontsultatzeko.
V. KAPITULUA
Jakinarazpen elektronikoak
18. artikulua. Jakinarazpenen baldintza orokorrak.
Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira lehentasunez, eta beti interesdunak horiek bide horretatik jasotzeko betebeharra duenean.
Aurrekoa gora-behera, administrazioek jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte honako kasu hauetan:
a) Interesduna edo bere ordezkaria bat-batean agertzen denean erregistroaren alorreko laguntza-bulegoan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.
b) Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa denean jakinarazpena zuzenean ematea jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek.
Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izango dira baliodunak baldin eta honako hauek idatziz jasotzeko aukera ematen badute: jakinarazpena bidali dela edo erabiltzeko moduan jarri dela, interesdunak edo haren ordezkariak jaso duela edo bertan sartu dela eduki guztia, eta bidaltzailearen eta hartzailearen nortasun fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.
Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko betebeharra ez duten interesdunek edozein unetan erabaki eta jakinarazten ahal diote administrazio publikoari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, ondorengo jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko edo bide horien bidez egiteari uzteko.
Interesdunek adostasun orokorra eman dezakete udal administrazioko tramite guztietarako, edo tramite baterako edo batzuetarako, adierazten dutenaren arabera.
Interesdunak, halaber, prozeduraren tramitazioan, udal administrazioarekin komunikatzeko modua aldatu ahal izango du, hasieran hautatutakoa ez beste bitarteko bat aukeratuz, hala une horretatik aurrera jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko eskatuz nola jakinarazpen elektronikorako baimena atzera botaz eta jakinarazpenak postaz jasotzeko eskatuz. Kasu horretan, organo eskudunari jakinarazi beharko dio, eta ondorengo jakinarazpenak jasotzeko helbide postal bat adieraziko.
Aldaketa horrek ondorioak izango ditu organo eskudunaren erregistroan jaso eta hurrengo egunetik aurrera egiten diren jakinarazpenetarako.
19. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea.
Jakinarazpen elektronikoa agerraldi elektronikoaren bidez egingo da.
Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazioaren jarduketaren edukira sartzen da udal administrazioaren egoitza elektronikoaren bidez.
Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, baldintza hauek bete beharko ditu:
–Edukira sartu aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, bertara sartzean administrazioaren jarduketaren jakinarazpena jasoko duela adieraziko duena.
–Dagokion informazio-sistemak edukira sartzeko ordua jasoko du, data eta ordua adierazita, eta une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da, legezko ondorio guztietarako.
Jakinarazpen-sistemak aukera emango du honako hauek egiaztatzeko: jakinarazpenaren xede den ekintza interesdunaren esku jarri den eguna eta ordua, bai eta horren edukira sartzekoa ere.
Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da, haren edukia ez bada eskuratu hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskura jarri zenetik kontatzen hasita.
Lehenengo xedapen gehigarria.–Egoitza elektronikoa abian jartzea.
Egoitza elektronikoa abian jarriko da ordenantza hau indarrean sartzen den eguneko 00:00ak eta segundo batean.
Bigarren xedapen gehigarria.–Erregistro elektronikoa abian jartzea.
Erregistro elektronikoa abian jarriko da ordenantza hau indarrean sartzen den eguneko 00:00ak eta segundo batean.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Segurtasuna.
Egoitza eta erregistro elektronikoen segurtasuna, bai eta herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidearena ere, Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoaren arabera arautuko da.
Mankomunitatearen osoko bilkurak bere segurtasun-politika onartu beharko du, administrazio elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin.
Egoitza elektronikoetan publizitatea eman beharko zaie dagozkien adostasun-adierazpenei eta segurtasun-bereizgarriei.
Ohiko auditoretza orokor bat egin beharko da gutxienez bi urtean behin. Informazio-sisteman aldaketa esanguratsuak egiten diren bakoitzean, horiek beharrezko segurtasun-neurrietan eraginik izan badezakete, ezohiko auditoretza bat egingo da, eta horren arabera ezarriko da bi urteko epea kontatzeko data. Auditoretza-txostenak Segurtasun Eskema Nazionalaren 34.5 artikuluan ezarritako edukia izango du.
Laugarren xedapen gehigarria.–Datuak babestea.
Telekomunikazio-sareen bidez ematen diren zerbitzuek eta harreman juridikoek bete egin beharko dituzte Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa, bai eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizarteko zerbitzuak arautzen dituzten xedapen espezifikoetan jasotakoa ere.
Bosgarren xedapen gehigarria.–Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra.
Mankomunitateak bermatu egingo du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu emaileek beren jardueran sartzeko eta jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak jasotzen ahalko dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (http://eugo.es/vuds_Home.html?idioma=eu), bai eta agintari eskudunek beren eskariei dagokienez eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere. Xede horretarako, Mankomunitateak koordinazioa sustatuko du jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko inprimakiak normalizatzeko.
Seigarren xedapen gehigarria.–Garapena gaitzea.
Mankomunitateko burutza gaitu da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.
Zazpigarren xedapen gehigarria.–Ordenantza honen xedapenak aplikatzea.
Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatu egingo dira Mankomunitatearen tresna teknologikoen garapen maila kontuan izanik; Mankomunitatea saiatuko da bere aplikazioak une bakoitzean erabilgarri dauden konponbideetara egokitzen, beharrezko egokitzapen aldien kalterik gabe. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emango da egoitza elektronikoan.
Azken xedapena.–Indarra hartzea.
Ordenantza hau Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitateak onetsi zuen hasiera batez, 2018ko abenduaren 21ean egin bilkuran, eta 2019ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 5ean. Jendaurreko epea alegaziorik egin gabe iraganda, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ez da indarrean sartuko bere testua osorik argitaratu arte eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea igaro arte. Indarrean izango da espresuki aldatu edo indargabetu arte.
Iragarkiaren kodea: L1904217
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
