87. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

14/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Berako Argaitzeko Harrobiko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

2019ko apirilaren 4an, Berako Udalak eskaera aurkeztu du Erregistroan, Berako Argaitzeko Harrobiko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko prozedura abiatzeko. Toki honek Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatua izateko baldintzak betetzen ditu.

Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du Argaitzeko Harrobia Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzea eta Nafarroako Memoriaren Tokien Erregistroan inskribatzea. Herriko sarreran dagoen harrobi bat da, errepide nagusitik hurbilekoa. Han, gutxienez, 130 disidente politiko hil zituzten, gehienak Donostiako Ondarretako kartzelatik ateratakoak 1936ko irailetik azarora bitartean. Kopuru hori Gobernu Zibilaren txosten ofizial batean finkatu zen gorpuak Erorien Haranera eramateko egindako exhumazioak zirela-eta. Gorpuzki gehienak desagertu dira. Aranzadi Zientzia Elkarteak exhumazio bat egin zuen Berako hilerrian, eta bertan sei lagunen gorpuzkiak aurkitu ziren, nahiz eta desagertutakoen kopurua askoz handiagoa izan.

2018ko azaroaren 18an, Berako Udalak horma-irudi bat jarri zuen bertan, han izandako fusilamenduen oroigarri, eta informazio panel bat ere paratu zuen.

Erailketa masiboak izan diren beste toki batzuetan bezala, Argaitzeko Harrobiko memoriaguneak galderak egiten dizkio bisitariari, Nafarroak 1936ko estatu kolpearen ondoren bizi izan zuen terrorezko iraganari buruz eta modu diferentean pentsatzea delitu bakar zuten ehunka lagunen kontra egindako garbiketa politikoari buruz.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Berako Argaitzeko Harrobiko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0014 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Prozedura abiatzeak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.

4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.

5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

8. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari eta Berako Udalari, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.

Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Argaitzeko Harrobia.

Katastroko erreferentzia: 310000000002292301FF.

Kokatze kodea: 9-960-B.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Horma-irudia eta panela, eta haien dauden lurra.

Mugatze kartografikoa (IDENA):

1.6879083891358935,43.271310858685496,40.103.

1.6878743646111296,43.27131722173181,39.931.

1.6876840669422721,43.27099762921206,40.581.

1.687786236732237,43.2709740390568,38.051.

1.6879084374907225,43.271308608111376,40.103.

Balioen identifikazioa:

Argaitzeko Harrobian hilketa kolektiboak gertatu ziren lekuetako bat da. Kasu honetan, Donostiako Ondarretako kartzelatik ateratako presoak hil zituzten. Berako Udalak horma-irudi bat eta panel bat jarrita, terrorezko leku hau memoriarako eta erreparaziorako gune bihurtu da, baita 1936ko kolpe militarraren ondorioz gure herriak izandako iragan dramatikoari buruzko gogoetarako ere.

Titulartasuna.

Orubearen jabea:

Nafarroako Gobernua.

NANa/IFK: S3100000C.

Muralaren eta panelaren jabea:

Berako Udala.

NANa/IFK: P3125000D.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Zainketak murala eta panela hartzen ditu barne.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jasoko da.

Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F1905926