1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
13/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Etxauriko Memoriaren Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.
2019ko martxoaren 18an, Etxauriko Udalak eskaera aurkeztu du Erregistroan, Etxauriko Memoriaren Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko prozedura abiatzeko. Parke honek Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatua izateko baldintzak betetzen ditu.
Eskaera ikusita, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du Etxauriko Memoriaren Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzea eta Nafarroako Memoriaren Tokien Erregistroan inskribatzea. Iruña ondoko herrietako bat da Etxauri, eta han erailketa ugari egin ziren. Gehienak, Presondegi Probintzialeko presoak, 1936. eta 1937. urteetan erregistratu ziren preso-ateratze ezberdinetan, biktimagileek herri horretara eraman baitzituzten. Haien erailketaren ondoren, herriko hilerri zaharrean lurperatu zituzten. Kanposantua XX. mendetik abandonatua dago, eta gaur egun jada desagertua. Toki horretan erail zituzten 51 biktimen identifikazioak daude jasota, nahiz eta garatzen ari diren ikerketek zifra hori altuagoa dela adierazten duten.
Francoren heriotzaren ondoren, exhumazio goiztiarren testuinguruan, Lerindik, Faltzestik eta Caparrosotik etorritako beren senitartekoek erailen gorpuak errekuperatu zituzten. Hala eta guztiz ere, tokian bertan biktima askoren gorpuzkiak gelditzen dira oraindik, gehienak Iruñeko bizilagunenak, oraindik berreskuratuak izan ez direnak.
2007ko abuztuaren 8an, Etxauriko Udalak monolito bat altxatzea onartu zuen, Peio Iraizoz eskultorearena, hilerri zaharra zegoen tokian. Ondoren, 2018an, tokian bertan “Memoriaren lorategi” bat jarri zuten martxan.
Erailketa masiboak izan diren beste toki batzuetan bezala, Etxauriko Memoriaren Parkeak galderak egiten dizkio bisitariari, Nafarroak 1936ko estatu kolpearen ondoren bizi izan zuen terrorezko iraganari buruz eta diferente pentsatzea delitu bakar zuten ehunka lagunen kontra egindako garbiketa politikoari buruz.
Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Etxauriko Memoriaren Parkea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0012 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.
2. Prozedura abiatzeak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.
4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.
5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.
6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.
Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
8. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari eta Etxauriko Udalari, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.
Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
Iruñean, 2019ko apirilaren 17.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.
ERANSKINA
Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):
Etxauriko Memoriaren Parkea.
Katastroko erreferentzia: 310000000001625332UI.
Kokatze kodea: 2-633-1-1.
Ondasunaren ukitutako zatiak:
Monolitoa eta informazio-panela (izenekin).
Mugatze kartografikoa (IDENA):
1.7948867509334017,42.792817954640746,399.54.
1.794913668021163,42.792769834663446,399.407.
1.7946626422156833,42.792709783859834,398.971.
1.7946435839865926,42.79274672993382,398.954.
1.7948882790544827,42.79281797072424,399.54.
Balioen identifikazioa:
Etxauriko Memoriaren Parkea herriko hilerri zaharraren ondoan dago, eta han, gutxienez, Nafarroako hainbat herritako 51 pertsona erail zituzten. Monolito baten, panel baten eta lorategi baten instalazioak izuaren espazio bat memoriarako, erreparaziorako eta 1936ko kolpe militarraren ondoren Nafarroaren iragan traumatikoaren inguruan hausnartzeko gune bihurtu dute.
Titulartasuna.
Orubearen jabea:
Etxauriko Udala.
IFZ: P3108400G.
Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:
Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.
Zainketak monolitoa eta informazio-panela hartzen ditu barne.
Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da, eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jaso.
Kautelazko babes-neurriak:
Ez dira zehaztu.
Iragarkiaren kodea: F1905925