1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
12/2019 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hilobiaren memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta horiei buruzko hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.
2019ko otsailaren 15ean, Oltza Zendeako Udalak eskaera aurkeztu du, Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hilobiaren memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta. Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko prozedura abiatzeko. Aipatu tokia memoriaren tokien behin-behineko inbentarioan dago, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako horretan, alegia, eta Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatua izateko baldintzak betetzen ditu.
Eskaera ikusita, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatu du Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hilobiaren memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzea eta Nafarroako Memoriaren Tokien Erregistroan inskribatzea. Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hilobia Oltza Zendean biktima gehien erregistratu zituen hilobia da, non espazio batzuk fusilamenduetarako eta erailketetarako erabili ziren, 1936ko kolpe militarraren ondoren Iruñean jarritako kartzelatze eta atxilotze zentrotiko hurbiltasunagatik. Gaur arte, bederatzi hobi topatu dira, eta haietan, besteak beste, Berbintzanako, Burlatako, Caparrosoko, Larragako, Mélidako, Obanosko, Ondarroako, Iruñeko, Uharte Arakilgo eta Atarrabiako 73 pertsona erail zituzten. 39 pertsonaren gorpuak berreskuratu dira frankismoan zehar gauzatu ziren exhumazioetan, 1978ko exhumazioetan eta azken urteetakoetan.
Zurbau talde memorialistaren laguntzarekin, izu hori guztia ezagutarazteko eta pertsona horien memoria errekuperatzeko hainbat ekintza martxan jarri ditu Oltza Zendeako Udalak. Metalezko monolito batekin, plaka batekin eta QR kode batekin seinalatu da hilobi bakoitza, bertan erail zituzten pertsonen inguruko informazioa emateko; eta memoriaren parke bat sortu da biktima gehien dituen hilobian, Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hilobian hain zuzen.
Erailketa masiboak izan diren beste toki batzuetan bezala, Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hilobiaren memoriaguneak galderak egiten dizkio bisitariari, Nafarroak 1936ko estatu kolpearen ondoren bizi izan zuen terrorezko iraganari buruz eta modu diferentean pentsatzea delitu bakar zuten ehunka lagunen kontra egindako garbiketa politikoari buruz.
Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren bidez onartutako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hilobiaren memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan aurreneurriz idaztea, LM-2019-0011 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.
2. Prozedura abiatzeak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
3. Kautelaz eteten dira zatikatzeko edo bertan eraiki edo eraisteko udal lizentziak eta tokiaren gainean emanak leudekeenen ondorioak.
4. Kautelaz eteten da ondasunaren balioak arriskuan jartzen dituen esku-hartze oro.
5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan ken dezake etete hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.
6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen da ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.
7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, jendaurrean jarriz hilabetez, argitaratzen denetik hasita.
Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio egin ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
8. Ebazpen hau Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari, Oltza Zendeako Udalari eta Iberoko Kontzejuari jakinaraztea, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita, beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.
Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.
Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Álvaro Baraibar Etxeberria.
ERANSKINA
Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):
Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hilobiaren memoriagunea.
Katastroko erreferentzia: 310000000001314512QA.
Kokatze kodea: 4-29-A.
Ondasunaren ukitutako zatiak:
Monolitoa, atrila (izenekin) eta panela.
Mugatze kartografikoa (IDENA):
1.7682560853260127, 42.80834496009441,389.911.
1.7682172379847252, 42.808299516012355,389.7.
1.7681464808872898, 42.808321267830934,390.18.
1.7681822265435498, 42.80836892987416,389.799.
1.7682560853260127, 42.80834496009441,389.911.
Balioen identifikazioa:
Iberoko Hiru Gurutzeen Gaineko hilobiaren memoriagunea Oltza Zendeako hilobi nagusia da, eta han gutxienez Nafarroako 10 herritako 73 pertsona erail zituzten. Monolito baten instalazioak eta parke baten sorrerak izuaren espazio bat memoriarako, erreparaziorako eta 1936ko kolpe militarraren ondoren Nafarroak jasan zuen iragan traumatikoaren inguruko hausnarketarako gune bihurtu dute.
Titulartasuna.
Orubearen jabea:
Iberoko Kontzejua.
IFK: P3148900H.
Eskulturen jabea:
Oltza Zendeako Udala.
IFZ: P3137000J.
Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:
Orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.
Zainketak eskulturak eta elementu informatiboak hartzen ditu barne.
Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da, eta Nafarroako Memoriaren Tokien Mapan jaso.
Kautelazko babes-neurriak:
Ez dira zehaztu.
Iragarkiaren kodea: F1905924